Marokotik etorri berria da Gorka Karapeto (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981). Ez da ibili museoak bisitatzen. Afizio eta ogibide ditu eskalada, eta hura du bidaiatzeko aitzakia ere.
Katu-oinak gazterik ipini zenituen lehen aldiz, baina beste kirolik egindakoa zara?
Futbolean ere ibilitakoa naiz, beste asko bezala, baina ez asko bezainbeste. Nahiago izaten nuen patinetea hartu eta aldapa batzuk jaistera joatea. Beti izan naiz oso egongaitza, eta txikitan gehienbat patinetea eta surfa nituen gogoko.
Katu-oinak jartzearen kontua noiz hasi zen?
Lehen aldiz, 12 urte nituela. Gabonetan jartzen dituzten parke horietako batean izan zen, Donostian, lehengusuekin. Guztiak kart-etara eta ohe elastikoetara joan ziren; nik, ordea, horma bat ikusi nuen, eta han gelditu nintzen. Ez dakit zenbat aldiz igo nuen horma hura, baina bakarrik gelditu nintzen [barreak].
Horma hark liluratu zintuen?
Bai. Handik bueltan, lagun baten aitak esan zigun berriro eramango gintuela, baina ikastaro bat egin behar genuela lehenik. Ikastaroa bertan behera gelditu zen, eta bi urte pasatu ziren berriro hasterako.
Etxean ba al zenuten eskaladarako zaletasunik?
Nik banuen. Edozein horma ikusten nuen aldiro edo telebistan dokumentalen bat eskaintzen zutenean, beti gelditzen nintzen begira. Etxean ez zuen inork eskalatzen, mendizaletasun handia zegoen arren. Asko joaten ginen Izarraitzera, Aralarrera... Eskaladarena nire kontua izan zen.
Gertukoek eskalatzen al zuten?
Lagun baten anaiak eskalatzen zuen, eta Azpeitian prestatua zuen boulder batera joan ginen behin. Gero, Azpeitiko harrobira joaten hasi ginen sokak hartuta. 14 urte izango nituen, eta ia-ia egunero joaten nintzen.
Nola hasi zinen txapelketetan?
Oso denbora gutxian gertatu zen guztia. Urtebete neraman eskalatzen, baina bazirudien bizitza osoa neramala. Denbora asko pasatzen nuen eskalatzen, eta aurrerapauso handiak eman nituen denbora gutxian. Donostian izan zen lehen txapelketa, gazte mailan. Txapelketa herrikoi bat zen, eta oso ondo ibili nintzen. Ondo pasatzen genuen. Behin, Espainiako txapelketa batera joan ginen, Manresara [Herrialde Katalanak], Plata eta Nogales zestoarrak eta ni.
Espainiako txapelketa batera?
Bai. Lotsatuta joan ginen. Jendeari begira jarri, eta «gu nora etorri gara?», galdetzen genion elkarri. Baina ondo atera zitzaigun, hirurok sartu ginen finalean. Nik hirugarren postua lortu nuen.
Norbait konturatu zen eskaladarako balio zenuela.
Helduagoek esaten zidaten lasai ibiliz gero are hobeto ibiliko nintzela. Oso urduria nintzen.
Txapelketa zalea al zinen?
Gustuko nituen, baina inoiz ez diot harkaitzera joateari utzi. Ondo pasatzera eta jendearekin elkartzera joaten ginen txapelketetara.
Baina, orokorrean, eskalatzaileak ez zarete txapelketa zale.
Denok izan gara momenturen batean txapelketa zaleak, oso ondo pasatzen delako. Beroketako nerbioak, hutsik ez egin beharra... Hala ere, txapelketak ez dira oso esker onekoak, minutu batean dena hankaz gora eror daiteke eta. Txapelketa batek ez du eskalatzaile baten maila erakusten.
Txapelketak utzi egin zenituen.
Geroago izan zen. Niretzat, txapelketak ez dira mugarriak izan. Sasoi onean egoteko baliatzen nituen. Ez nuen inoiz txapelketa bat bete-betean prestatu. Denborarekin konturatu nintzen txapelketetan ez nuela gozatzen. Askotan derrigortuta bezala joaten nintzen, eta hori ez zitzaidan batere gustatzen. Bolada txar bat izan nuen, eta ez nituen txapelketak bakarrik utzi, eskalada ere utzi nuen.
Zer gertatu zitzaizun? Nazkatu?
Sei hilabetez utzi nuen eskalada. Eskaladarekin zerikusirik ez zuten gauzen ondorioz izan zen. Egunerokotasunean nituen arazoak, eta eskalada erabili nahi nuen arazo horiez ahazteko, baina ez neukan gogorik eskalatzeko ere. Gelditu egin behar izan nuen, eta zera pentsatu: «Hi, gelditu beharra zegok; berriro ere itzuliko duk eskalatzeko gogoa». Buruak atseden hartu behar zuen. Banekien berriro ere gogoa etorriko zitzaidala, baina ez nekien noiz.
Eta bueltatu zen.
Bai, sei hilabetera. Batere behartu gabe, berriro hasi nintzen. Orain, gauzak beste era batera ikusten ditut, lasaiago. Esperientziak asko laguntzen du horrelakoetan. Ohartu naiz gauzak datozen bezala hartu behar direla.
Itzuli ere, indartsu itzuli zinen. Geroztik, bide gogorrak egin dituzu: iazko neguan, aste berean, Estado crítico (9a) Katalunian eta Spernowa (9a) Aragoin.
Estado crítico probatu nuen bi urte lehenago. Sasoiko eta burua prestatuta iritsi nintzen: Etxaurin aritu nintzen eskalatzen, eta boulderrean ere oso gustura nenbilen.Bidea ondo egin nuen. Handik bueltan, Supernowa egin nuen.
Hogei urte daramatzazu eskalada munduan. Zenbat aldatu da eskalada urte hauetan?
Dezente. Lehen, motxilak hartu, eta asteburua pasatzera joaten ginen. Txabola batean lo egiten genuen, eskalatu, ilargi beteko gauetan kopeteko argia hartu, eta hormara joaten ginen... Kirola egiten genuen, baina abentura kutsu handia zeukan. Ez genuen ezer programatzen. Gaur egun, ordea, informazio asko dago, eta jendea zuzenean hura egitera joaten da. Alde on asko ere baditu: jende gehiagok eskalatzen du.
Urte batzuk daramatzazu gazteekin lanean. Nola jaso zenuen Iruñera joateko gonbita?
Sortu egin zen Iruñeko gazteak prestatzeko aukera, eta une egokia iruditu zitzaidan nik ikasitakoa eurei erakusteko. Hiru urte daramatzat lanean, eta oso gustura nabil. Oso polita da norberaren esperientziak besteei erakustea.
Ez omen zara oso gogorra ikasleekin.
Ez, ez. Gauza bakarra nahi dut: eskalatzera datorrena gustura etortzea. Etorkizunean eskalatzen jarraitu nahi baduzu, gaur ere gustura ibili behar duzu. Gaztetan, askotan, derrigortuta sentitzen dira zerbait egitera, eta hori da okerrik handiena.
Zein helburu duzue gazteekin?
Nirea ez da ez txapelketarako ez arrokarako prestatzea. Nire helburu nagusia egin nahi dutena ondo egitera bideratzea da. Iritsi nintzenean, inor ez zen arrokara eskalatzera joaten. Harkaitzera eskalatzera joateko gomendatu nien, eta aukera ere eskaini. Haiekin hitz egin, eta joan nahi zutela esan zidaten. Bi gauzak egitea proposatu nien: arrokan eskalatzea eta txapelketetan murgiltzea. Garrantzitsuena da beraiek sasoiko jartzea eta nola hobetu dezaketen erakustea.
Zuk esana da txapelketak eta arrokako eskalada bide ezberdinetatik doazela.
Bai, eta horrela sentitzen dut. Lehen, denok hormara joaten ginen eskalatzera, eta, gero, txapelketetan elkartzen ginen. Gaur egun, horman ibiltzen den jendea ez da txapelketako bera, gazteetan batez ere. Bietan ibiltzen den jendea ere badago, baina gutxi batzuk dira.
Nolako maila dago Euskal Herrian?
Zaletasun handia dago. Hala ere, pena dut gazte gutxi ari direlako harkaitzean. 15-16 urteko gazteez ari naiz. Gure garaian, askoz gehiago eskalatzen genuen harkaitzean; gaur egungo gazteek nahiago dute eskalatzeko horma.
Euskal selekzioko lantaldean ere bazabiltza. Osasuntsu al dago?
Bai, bai. Oso osasuntsu, gainera. Oso talde jatorra dago, eta maila ona dute.
Gazteetan bi harribitxi ditugu Euskal Herrian: Mikel Linazisoro bergararra eta Muriel Ruiz de Larramendi uhartearra, zure ikaslea. Nolako etorkizuna du?
Oso etorkizun ona, berak nahi baldin badu. Edozer gauza gerta daiteke, baina esango nuke Murielek urte askoan jarraitu nahi duela. Gustura dabil, eta garrantzitsuena da berak nahi duelako eskalatzen duela. Berak izan nahi duena izateko aukera du, edozer gauza lortzeko gaitasuna duelako. Niri eta ingurukoei gehien harritu gaituen eskalatzailea da. Oso eskalatzaile fina, saiatua eta ona da. Hala ere, ez nituzke ahaztu nahi beste gazte asko: Murielen ahizpa Iris, Iker eta Aitor Cilveti anaiak... Nafarroako eskalada indartsu dago.
Gorka Karapeto. Eskalatzailea
«Gauza bakarra nahi dut: eskalatzera datorren gaztea gustura etortzea»
Euskal Herriko eskaladako erreferentzietako bat da azpeitiarra, bai iraganean lortutakoagatik, bai gaur egun egiten duenagatik, eta baita gazteei irakasten dienagatik ere. Haren eskuetan daude etorkizuneko harribitxietako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu