Iñigo Lariz Azkue. Mendiko Eskiko Euskal Selekzioko hautatzailea

«Garaipenak lortzeko moduko eskiatzaileak dauzkagu»

Ezagutzen ditu mendiko eskia, Euskal Selekzioa eta aurreko hautatzaileak, Aitor Muruak, egindako lana. Orain artekoari eustea eta, ahal badu, hobetzea izango du erronka. Lehiatzen segituko du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
2015eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Mendiko Eskiko Euskal Selekzioak badauka hautatzaile berria 2015-2016ko denboraldirako: Iñigo Lariz elgoibartarra. Ez da bakarrik egongo, hala ere. Aitor Igerategi izango du ondoan, laguntzaile. Eskarmentu handiko mendiko eskiatzailea da Lariz. Hemendik aurrera, bi zereginak uztartuko ditu. Ilusioz ekin dio bide berriari, eta lantaldeari eman nahi dio garrantzia gehien. Denboraldi-aurrea hasi berritan, tartetxo bat hartu du BERRIArekin egoteko.

Lehenik eta behin, zorionak. Urte askotan eskiatzaile eta orain, berriz, hautatzaile. Nola hartu duzu eskaintza? Espero al zenuen?

2008. urteaz geroztik nabil mendiko eski lasterketetan. Azken lau urteetan Euskal Selekzioko kidea izan naiz. Aitor Muruaren erreleboa hartu dudan arren, eskiatzaile moduan jarraitzea izango da helburua. Horrez gain, gazteen prestakuntza-teknifikazioaz ere arduratuko naiz.

Zein izango da lantaldea? Aldaketarik egingo al duzu?

Ardura nagusia nik hartu dudan arren, orain arteko lan egiteko moduari jarraipen bat ematea gustatuko litzaiguke

Beraz, ontzat jotzen duzu Aitor Muruak urte hautetan guztietan egindako lana.

Aitorrek orain arte egindako lana izugarria izan da, eta funtzionatzen duena ez aldatzearen aldekoa naiz. Beraz, helburua berak eginiko lana jarraitzea da, betiere hobekuntzak egiteko bidea zabalik utzita.

Euskal Mendi Federazioaren babesa ezinbestekoa izango da. Zer eskatzen dizue?

Federazioaren babesa ezinbestekoa izateaz gain, funtsezkoa da arlo honetan. Gure helburuak gazteen teknifikazioaz arduratzea eta Euskal Herriko zein estatuko lasterketa nagusienetan lehiatzea izango dira.

Eskiatzen ere ibiliko zara. Pentsatu al duzu bi lanak nola uztartuko dituzun?

Lehian ere arituko naiz, orain arte egin dudan moduan. Azken batean, lasterketa berdinetan lehiatzen gara gazteek eta helduok, eta irteerak elkarrekin egiten ditugu. Orain arte taldean funtzionatu dugu, eta horrek asko errazten du guztion lana.

Zein izango dira denboraldiko helburu nagusiak?

Selekzioaren helburu nagusia Espainiako eta Euskal Herriko txapelketak eta kopa lehiatzea izango da, orain arte izan den moduan. Horietan garaipenak lortzeko gaitasuna daukaten eskiatzaileak dauzkagu zenbait kategoriatan. Horretaz gain, eta prestakuntzari begira, gazteen teknifikazio lanarekin jarraitzea izango da beste helburuetako bat.

Zer-nolako maila dute gazteek?

Selekzioan dauden gazteen maila bikaina da, Espainiako txapelketetan puntako emaitzak lortzeko gai diren eskiatzaileak dauzkagu selekzioan. Horrek, munduko eta Europako txapelketetan Espainiako selekzioarekin lehiatzera eraman ditu, egiten ari diren lan onaren seinale.

Zer-nolako etorkizuna ikusten du Iñigo Larizek?

Mendiko eskia kirol minoritarioa da, are gehiago gazteen mailan. Geroz eta jende gehiagok egiten du mendiko eskia, baina txapelketak egitera ez da jende gehiegi animatzen, eta gazteak, are gutxiago. Orain selekzioan dauzkagun gazteek maila bikaina dutela esango nuke, eta etorkizun oparoa izango dutelakoan nago.

Orain arteko babesleek segituko dute?

Bai, ez dugu aldaketarik espero alde horretatik. Ternua eta Izadi Kirolen babesa daukagu material arlorako.

Mendi lasterketetan ere lehiatzen duzu. Eskiatzeko prestatzeko baliatzen al dituzu?

Neguko eski denboraldia prestatzeko hasi nintzen mendian korrika egiten. Gero eta gusturago nenbilela ikusi, eta, gaur egun,mendi eskiko denboraldia eta mendi lasterketako denboraldia uztartzen ditut. Azken urteetan,kilometro bertikaletan lehiatzen naiz batez ere. Nire gaitasunei hobekien egokitzen zaizkien probak dira, eta giharrak eta giltzadurak ez dituzte hainbeste behartzen. Hori da bi denboraldiak egin ahal izateko gakoetako bat.

Euskal Herriko mendi lasterketa bertikaletako txapelduna zara. Zer falta zaie lasterketa horiei jende gazte gehiago erakartzeko?

Azken urteetan kirol markek ultratrailen, distantzia luzeen, aldeko apustua egin dute. Horrek jendea mendi lasterketa luzeetarantz eraman du. Euskal Herrian bete egiten da distantzia luzeko edozein lasterketatako izen ematea; kilometro bertikalena osatzea kosta egiten da, ordea. Nire ustez,lasterketa bertikalek xarma berezia dute, herritik mendi tontorrera ahalik eta denbora gutxienean igo behar da. Egia da lasterketa horietako asko gogorrak direla. Hala ere, behin igotzen hasita, erritmoa hartzen da, eta bakoitzak ahal duen erritmoan igotzen du. Gazteek horrelako lasterketan gehiago lehiatu beharko lukete, distantzia luzeetara pasatu aurretik.

Oso kritiko agertu izan zara dopinaren inguruan. Zein da zure iritzia?

Dopinak, kirola gezur bihurtzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.