Mendi duatloilaria

Eneko Gurrutxaga: «Garaipenak gozatu egin zuen Amasako probaren agurra»

Eneko Gurrutxagak hirugarren txapela lortu du aurten Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituan. Etxeko proba kutunak agurrekoa izan du arten, eta irabaziz esan dio agur.

Eneko Gurrutxaga pozik, Aiako duatloiaren ondoren. FERNAN PURAS PHOTO
Eneko Gurrutxaga pozik, Aiako duatloiaren ondoren. FERNAN PURAS PHOTO
ramon olasagasti
2024ko azaroaren 30a
05:00
Entzun
Urte asko dira mendi duatloietan zabiltzala, partaide, antolatzaile... Nola joan da aurtengoa?

Bai, Amasakoan, adibidez, hamargarren aldia nuen parte hartzen eta antolakuntzan. Aurten, Kirolzalek sare sozialetan emandako bultzadari esker, jende gehiago animatu da, eta azken urteetako gainbeheraren ondoren aurten berriro susperraldi bat izan da. Sei proba-edo bakarrik izateak ere lagundu du; urteren batean hamabi ere izan dira, eta hamabi, agian, gehitxo ziren.

Durangoko aurrenekoan ez zenuen parte hartu. Horrek zenbateraino baldintzatu du aurtengoa?

Durangoko duatloiaren asteburu berean mendiko bizikletako Tierra Estella Epic proba izan zen Aiegin (Nafarroa), asko gustatzen zait proba hori, eta biak ezin ba egin. Aurten helburua nuen sailkapen orokorra ahaztea, hainbat urtez ibili naiz hor, batzuetan aurrerago, bestetan atzerago, kalkulagailuarekin, eta aurten ez nuen horrela ibili nahi. Durangora ez nintzen joan, eta Ibarrara joateko asmorik ere ez nuen hasieran. Kontua da Kanpezun proba ona egin nuela eta Josuk [Urrestarazu], ordura arteko liderrak, ez zuela egun ona izan. Gero, Amasan, garaipena lortu nuen, Aian bigarren egin nuen, eta nire artean pentsatu nuen Ibarrara joan beharra neukala, ikusten bainuen aukerak izan nitzakeela azken garaipena lortzeko.

Hasiera ikusita, espero zenuen txapela lortzea?

Egia esan, ez. Kanpezun gustura aritu nintzen, baina Josurena [Urrestarazu] egun txar bat izan zitekeen, besterik ez. Ni gustura sentitu nintzen: aurrez Gorbeia Suzienen korri egin nuen, Tierra Estellan ere bai, eta bi proba horietan sasoi puntu ona hartu nuen, baina txapela urruti ikusten nuen. Amasan garaipena lortuta baieztatu nuen indartsu nengoela, baina Josuk bigarren egin zuen. Aian, ordea, ni garaipenerako borrokan ibili nintzen, eta Josuk berriro ez zuen egun ona eduki. Eta hor hasi nintzen pentsatzen agian aukeraren bat izan nezakeela.

Jende gaztea ere badator atzetik. Azken txanpan Iker Eskibel oso indartsu aritu da, Ibai Ormaetxea ere bai...

Iker Eskibel Kanpezun atera zen, eta ez genuen ikusi ere egin. Oso aurretik zihoan, ikaragarri indartsu, baina zulatua izan zuen, eta gurpila puskatu; beraz, kanpoan geratu zen. Amasan ere zulatua izan zuen, baina bestela ere ez zuen hain egun ona izan, nik uste, makina hutsa baita. Eta Ibarran eta Adunan Iker Eskibel eta Ibai Ormaetxea ikaragarri ondo ibili ziren. Ibai erori egin zen Adunan, eta, ondorioz, atzeraxeago sartu zen, baina biak oso ondo dabiltza. Denboraldi osoa egitea erabakitzen dutenean, uste dut haien artean izango dela borroka, eta besteok oso zail izango dugula.

Amasako duatloiaren agurrekoa izan da aurten. Etxekoan irabazle izan zinen, baina garaipen gazi-gozoa izango zen hura, ezta?

Gozoa esango nuke gazia baino gehiago. Azkena dela jakinda, garaipenak gozo puntua eman zion agurrekoari; gazia lehenago etorri zen. Urtetik urtera, gero eta neke handiagoa sumatzen zen herrian eta antolakuntzan, eta niri min handiagoa emango zidakeen urte batean normal antolatu, hurrengo urtea etorri eta ez antolatzeak; abiatzeko indarrik ez edukitzeak. Horrek emango zidakeen benetako mina: agurrik gabe agurtzeak. Aurten jada ikusten genuen indar gutxi genuela antolaketan, eta irailean erabaki genuen aurtengoa egitea, baina hurrengo urtekoa ez. Kito. Beraz, gazi puntu hori aurrez barneratua nuen. Datorren urtean, garaitsu honetan, etorriko da berriro tristura, baina aurtengo garaipena, herrian, azkena izanda, gozoa izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.