MENDIA. Ekainaren 6tik aurrera, erronka berri bati helduko diote Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek Himalaian. Gasherbrum I (8.080 m) eta Gasherbrum II (8.034 m) mendiak lotu nahi dituzte, batzen dituen mendi lepoan zehar. Estilo alpinoan egin nahi dute, kanpaleku nagusira jaitsi gabe eta ohiko ibilbidetik kanpo. Zeharkaldi hori bi aldiz baino ez da egin orain arte.
Atzo aurkeztu zuten espedizioa, Bilbon, eta hiru mendizaleek adierazi zuten «gogo handiz» daudela. «Zeharkaldi hori estilo alpinoan egiten saiatzea motibazio handia da. Izan ere, gure ahalen mugan dagoen erronka da. Horrek dakarren ziurgabetasunak zirrara berezia eragiten digu».
8.000 metroko bi gailur bata bestearen atzetik lotzeak aparteko espedizioa antolatzea dakarrela ohartarazi dute. «Gainera, ohikoak ez diren ibilbideak erabiliz lotzen badugu, bide horietan bakar-bakarrik egongo gara, eta horrek are balio handiagoa emango dio erronkari». Ibilbideak zehaztu gabe dituzte oraindik. «Ideia batzuk baino ez ditugu».
Espedizio horrekin amaiera emango diote WOPeak proiektuari. 2010ean hasi zuten egitasmoa, Gorbeian. 8.000 metro zortzi etapatan egitea du xede.
G-I eta G-II dituzte jopuntuan Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzak
Bi mendiak lotu nahi dituzte, kanpaleku nagusira jaitsi gabe, estilo alpinoan eta ohiko ibilbideetatik kanpo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu