Felipe Uriarte
FUJI SAN-ETIK GOSAIKUND LAKUETARA

Fuji san

2024ko irailaren 11
05:00
Entzun

Egun mendiak lasterketa joko-malda bihurtu dira, erakusleiho paregabea kirol markentzat. Duela gutxi arte, mendi gailurrak errespetatuak ziren, miretsiak, sakratuak planeta osoan, gure Anboto edo Aizkorri kasurako, edo Japoniako Fuji mendia edo Langtang eskualdeko Gosaikund aintzira (Nepal), adibidez. Fuji-tik Gosaikund-era joango naiz datozen asteetan, eta bidean idatziko ditudan zutabe hauetan sentipen horien oihartzuna aurkituko duzu, irakurle adiskidea.

Eguna argitzen duenean Fuji san-en itzala lurrean pausatzen da (san atzizkiak Jauna edo Anderea errespetuzko esangura du Japonian). Eguzkia, gora egin ahala, zabalduz doa, bere abaroan basoak, herriak, etxeak, jendea, eta bere magaleko base militarra bilduz. Fujinomiya 5. estaziotik (2.400 m) abiatu ginen atzo. Ehunka pertsonarekin gurutzatu ginen. 9. estazioko azken aterpean (3.460 m), beste 248 lagunekin batera lo egin genuen. Hango komun zikinetan, gazte batek galdetu zidan nongoa nintzen, Basque Country esaterakoan:

– Ooo, Bilbao –hark.
– Hori da; eta zu?
– Taiwan.

Japoniarrez gain, mundu guztiko jendea ikusten da Fuji san-en. Goizeko ordu bietan hasi da jendea mugitzen, egunsentia gailurretik ikusteko asmoz. Beranduago gu. Horren ondorioz, behera zetorren jende andanarekin gurutzatu gara, konichiwaz konichiwa.

Japoniako Fuji mendiaren itzala gailurretik
Fuji mendiaren itzala, gailurretik. FELIPE URIARTE

Ezker-eskuin, 5. estaziotik gailurreraino, bide guztiak sokaz mugatuta daude, eta debekaturik dago muga horietatik at igarotzea. Fujira igotzeko irekita dauden bost bideetatik, 2.500 lagun igo gara, eta «zapaldu» dugu gailurra. Bide bakoitzaren amaieran, aterpe bat. Gailurrean, porlanezko eraikuntza, eta gailurra adierazten duen harrian, jende ilara luzea, selfieak egiteko zain. Ez da beste edozein gailurretan sentitzen den espiritualtasun izpirik sumatzen. Are gutxiago, Fuji san sakratuak sentiarazi beharko lukeenik. Gailurrerako bidean sakratuak dira pertsonok ematen ditugun pausoak. Ez ditugu gailurrak «zapaltzen». Heldu, eseri, zutik jartzen gara. Ez ditugu mendi gailurrak garaitzen. Alde egiterakoan, hutsik gelditzen dira, aske, garbi. Matsuo Basho poeta eta ibiltari japoniarrak Fuji san-en egoera ikusiko balu, horrelako haiku triste bat idatziko luke, agian.

Negar malkoak
Fujisan garaitua
Ikusterakoan

Kofu hiria, Minami Alpeak, Japonia
2024ko irailaren 9a

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.