Frailea haitza, ehun urte geroago

1924ko martxoaren 16an, Angel Sopeñak Txarlazo ondoko monolito ikusgarria eskalatu zuen, bakar-bakarrik. Euskal Herriko lehen eskalada izan zen, mugarri bat euskal mendizaletasunaren historian.

Frailea haitza
Frailea haitzaren ikuspegia. XABIER MUJIKA
Xabier Mujika - Ramon Olasagasti
2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

Gorobel mendilerroa Arabako ipar-mendebaldean dago, Araba eta Burgos arteko mugan. Arrastaria ibarretik 600 metroko amildegia osatuz altxatzen da, horma menderaezinaren itxura hartuz. Hegoaldean, berriz, Burgosko baso eta zelaiekin uztartzen da, aldapa leunean. Eta ingurune hartan, nabarmen, monolito bertikal bat bereizten da mendilerrotik: Frailea haitza. Izan ere, erlijioak gaur egun baino indar gehiago zuen garaietan, herri iruditeriak fraide baten ingerada ikusi zuen harkaitz hartan.

1920ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko gailurrak igoak zeuden, oinez igo zitezkeenak bederen, baina inor ez zen artean Frailearen buruaren gainera igo; zailegia zen erronka. Hego Euskal Herriko mendietan inork ez zuen artean sokarik eta iltzerik erabili. Pirinioetan, 30 urte lehenago eskalatu zuten Gaubeko couloirra, eta Alpeetan gailur nagusi gehienak igoak zeuden, baina gure mugetan artean ez zen eskaladarik egin, eta Bilboko Club Deportivo mendi taldekoak irrikatzen zeuden monolito horren kaskora igotzeko. 

1924ko martxoaren 16an, bakar-bakarrik, bere asmoaren berri inori eman gabe, Angel Sopeña (Bilbo, 1891-1982) goizeko lehen trenean jaitsi zen Urduñako geltokian. Meza entzun ondoren, esfingearen oinarrira jo zuen, eta lepoxkan atseden hartu, urduritasunak eta hara bitarteko aldapak berotutako hauspoa bere onera ekarri nahian. Hurritz baten ondoan utzi motxila, eta eskaladari ekiteko tresneria aukeratu zuen: mailu bat, iltze batzuk, altzairuzko hagaxka batekin berak egindako palankatxo bat... Hala idatzita laga zuen igoeraren kontakizuna Pyrenaica aldizkarian: «Irtengune bertikal batera iritsi naiz, baina ez dut hanka jartzeko lekurik ikusten. Iltzeen bila jaitsi naiz, eta berriro aurrez iritsitako puntura igo. Sartu dudan iltzeetako bat hautsi egin da, eta bestea hala moduz finkatu ahal izan dut. Moldatu naiz, eta lortu dut eskailera maila igotzea».

Angel Sopeña mendizalea
Angel Sopeña mendizalea. FUNTSA J.DE LA FUENTE. BILDUMA: A. SOPEÑA

Tximinia «zail bat» etorri zen gero. «Oinetakoak kendu eta ekin diot. Hainbat saiakera antzu egin ditut». Orduantxe konturatu zen ez zegoela bakarrik, mendilerroaren erlaitzean jendea zuela begira. «Haien ikusminak bihotz eman dit jarraitzeko. Hanka bermatzeko harkaitz prekarioei zikina kendu diet. Harriak amildegian behera erori dira; arriskua handia da, eta edozein zuhurtziagabekeriak ondorio lazgarriak izan ditzake». Belar korridoretxo bat ikusi zuen gero, eta handik gora jarraitu zuen eskalatzen. Halaxe iritsi zen fraidearen kaputxa bereizten duen ebaki bertikalera. «Kontu handiz gainditu dut buruaren oskol soildua, eta erraldoiaren lepondoa gainditzea lortu dut. Hiru gora! ozen oihukatu ditut, eta nire ikusleen aupa suharrekin nahastu dira». Ez zen gutxiagorako: Hego Euskal Herriko lehen eskalada egin berri zuen Sopeñak.

Hamar minutu egon zen gailurrean, eta Club Deportivo de Bilbao taldearen mendi lehiaketako txartela utzi zuen zinkezko kutxatxo batean, hauxe idatzita: «Harkaitz oldartsu hau igo duen alpinista horrek, bukatu ezak obra, bihotza Jaunarengana goratuta. Loria Jainkoari goietan. Bakea lurrean asmo oneko gizonei. Frailea haitza, 1924ko martxoaren 16a». Jaitsiera geratzen zitzaion artean. Belar zatia nahiko erraz jaitsi zuen. Harkaitzean, ordea, ederki kostata eta erdi arrastaka heldu zen tximiniara, eta, ondoren, oinetakoak utzitako lekura. «Trabarik ez sortzeko, beherantz bota zituen, eta ikusleek jaso zituzten. Eskalada honen arrakastaren sekretua nire mugimendu bakoitza gidatu duen hausnarketa zuhurra izan da, eta, Jainkoari eskerrak, hutsik egin ez didan indar jarioa».

«Fraileak bere lepogaina makurtu du»

Hurrengo astelehenean, Bilbo aldean ez zen beste konturik. Arratsaldean, heroiaren pareko harrera egin zioten Deportivoren egoitzan, eta uztailean elkartearen urrezko domina eman zioten. Egunkariek ere titulu arranditsuak idatzi zituzten: «Frailea haitzak bere lepogaina makurtu du». Sopeñaren eskaladak zirrara eta eragin nabarmena sortu zituen. Hilabete igaro baino lehen, apirilaren 13an, Enrike Etxebarrieta 22 urteko gazte bakiotarrak bigarren aldiz eskalatu zuen Frailea haitza, eta Sopeñak utzitako txartela jaso zuen. Geroztik, udazkeneko ihintza zelaietan zabaltzen den moduan hedatu zen eskaladarekiko lilura Euskal Herrian. Angel Sopeñak berak Picu Urriellu eskalatu zuen 1925ean, eta zortzi urte geroago, 1933an, Cervino igo zuen Zmutt gandor ikusgarri eta zailetik.

Angel Sopeña eskalatzaileak 1924ko martxoaren 16an Frailea haitza tontorrean utzitako txartela
Angel Sopeña eskalatzaileak 1924ko martxoaren 16an Frailea haitzaren tontorrean utzitako txartela. BILDUMA: C.D. BILBAO

Hainbat urtetan, zaila izan zen, eta gaur egun ere halaxe da, Frailea haitzeko eskaladaren krokisik edo azalpenik topatzea, Sopeñak 1924an emandakotik aparte. 1953an, Juan San Martinek Frailea haitzaren inguruan idatzitako kronika eta krokisa argitaratu zituen Pyrenaica aldizkariak. Urteetan hori izan zen Frailearen gailurra zapaldu zutenek jarraitutako azalpen bakarra.

25 urte geroago, 1955ean, Frailea haitzeko zailtasun handiko lehen eskalada egin zuten Pedro Udaondok eta Arturo Fernandezek haitzaren hego-ekialdeko horman: Frailearen buruak osatzen duen sabaia A3 zailtasuneko luze batean gainditu, eta frailearen aurpegi berberatik egin zuten eskalada, gailurreraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.