Mount Kinabalu International Climbathona izan da skyrunning Munduko Kopako azken sailkapena erabaki duen proba. Kilian Jornet eta Emelie Forsberg izan dira lasterketaren garaileak, eta puntuak batuta, Munduko Kopako txapeldun bihurtu dira biak.
Kataluniarrak laugarren urtez jarraian bereganatu du Munduko Kopa, eta berretsi du egun ez dagoela aurre egingo dionik. Suediarrarena, ordea, lehenengo kopa da. Ez da ezustekoa izan, ordea. Zegamako mendi maratoian indartsu zegoela erakutsi zuen, eta Munduko Kopako Pikes Peak eta Dolomites Skyrace probak irabazi ostean, lider iritsi zen Malaysiako azken probara.
Ohiko ibilbidea aldatzera behartuta zeuden antolakuntzakoak, agintariek debekatu egin baitzieten Kinabaluko gailur inguruan 250 pertsona baino gehiago elkartzea. Hortaz, asfalto gaineko kilometro gehiago zituen ibilbideak, eta Kinabaluren gailurretik pasatzen ez zen bide baten aldeko apustua egin zuten.
«Asfalto gaineko kilometro asko zituen; niri gehiago gustatzen zait aurreko urteetako ibilbidea, gailurrera doana; teknikoagoa da. Espero dut datorren urtean ibilbide originala berreskuratzea», adierazi zuen Jornetek lasterketa amaieran.
Euskal ordezkariek ere emaitza onak lortu dituzte. Jokin Lizeagak laugarren postua eskuratu du, eta Aitziber Ibarbiak, bederatzigarrena.
Luis Alberto Hernando espainiarrak eta Tom Owens estatubatuarrak bete zituzten podiumaren bigarren eta hirugarren postuak, gizonezkoetan. Eta Nuria Picas kataluniarrak eta Silvia Serafini italiarrak, emakumezkoetan.
Mendia. Mendi lasterketak
Forsberg eta Jornet txapeldun Munduko Kopan, Kinabalun irabazita
Lau urtez jarraian izan da Munduko Kopako txapeldun Kilian Jornet; Forsbergen lehen urtea izan da aurtengoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu