'Finisher' bakarra Mariren Kobak Trail proban

Pablo Angulo berangarra (Bizkaia) izan da orduaren barruan helmugara heldu den korrikalari bakarra. Orozkotik abiatu da proba, eta Zegaman bukatu, tartean hiru parke natural zeharkatu eta 83 kilometro eginda.

2023ko azaroaren 15a
10:00
Entzun

Hiru parke natural, hiru kobazulo (Gorbeiako Supelegor, Urkiolako Ezkilar eta Aketegikoa –kobazuloa gailurrarekin aldatu behar izan zuten–), 83 kilometro eta 21 partaide. Horixe joan den larunbatean, azaroaren 11n, Mariren Kobak Trail probak zekarren plana. Orozkoko Urigoiti auzoa (Bizkaia) abiapuntu, Zegamako plaza helmuga eta hamabi ordu proba bukatzeko. Eta korrikalari bakarra orduaren barruan iritsitakoa, Pablo Angulo berangarra, finisher lehen eta bakarra.

Mariren Kobak Trail
Pablo Angulo berangarra, Zegamako plazako helmugan, larunbat iluntzean. BIEL RAFOLS

Goizean, 07:00etan puntuan, Gorbeiako magalean dagoen Urigoiti auzoan abiatu zen Mariren Kobak Trail lasterketaren lehen edizioa, atsedenik ematen ez zuen euriaren azpian. «Euskal Herriko berezko klimatologiak, abentura euskal mitologiarekin eta mistizismoarekin lotzeko jolastoki ezin hobea sortu zuen», adierazi dute antolatzaileek.

Mari eta Basajaun Supelegorren

Irteera hartu zuten 21 partaideak berehala iritsi ziren Supelegor kobazulora. Han Mari eta Basajaun zituzten zain. Eta baimendutako lehen laguntza puntuan, Barazar mendatean, buruan zihoan hiru partaideko taldetxoa iritsi zen: Pablo Angulo berangarra, Ruben Marc Cano castellotarra eta Iker Karrera amezketarra (Gipuzkoa).

Mariren Kobak Trail
Supelegor kobazuloan, Mari eta Basajaun zituzten zain partaideek. BIEL RAFOLS

Handik bost minutu eskasera, bigarren taldea iritsi zen: Uxue Fraile donostiar beteranoa eta Olatz Azazeta altsasuarra (Nafarroa) eta Jon Artetxe zeanuritarra (Bizkaia), abenturako gazteenak horiek biak. «Hori izan zen abenturaren dinamika, parte-hartzaileek abentura eta barreak partekatu zituzten taldetxo ugaritan».

Ezkilarreko kobazulotik Aketegira

Bigarren kobazuloan, Urkiolako parke naturalean, Anbotoren magalean, Ezkilarreko kobazuloan, bigarren harriarekin Galtzagorriak zain zituzten, bidean ziren 18 partaideei emateko. Seik bakarrik lortu zuten azken laguntza puntua igarotzea, haiek baitzuten soilik nahikoa denbora azken igoera handiari eta helmugarako jaitsierari aurre egiteko.

Mariren Kobak Trail
Uxue Fraile Anbotoko maldetan. BIEL RAFOLS

Haizeak eta eguraldi txarrak eraginda, antolatzaileek Aketegiko koba (sarbide zaila duena) Aketegiko tontorrarekin aldatu zuten. Hiru korrikalariko lehen taldea iritsi zen tontor horretara, baina bakoitzak bide bat hartu zuen jaisteko. Pablo Angulo Berangoko korrikalaria izan zen jaitsieran gehien arriskatu zuena, eta Zegamako plazan zegoen helmugara 11 ordu eta 30 minutuan iristea lortu zuen. Antolatzaileek jarritako 12 orduko langaren barruan sartu zen bakarra izan zen.

Korrikalarien erreakzioak

Behin helmugan, bizkaitarrak esan zuen «orientazioa eta mendiko lasterketak uztartzen zituen proba bat izan» dela eta horrek «lasterketari puntu ezberdina» eman diola.

Helmugan bigarrenak, Castelloko Ruben Marc Cano korrikalariak, 12 ordu eta 9 minutu behar izan zituen eta, guztira, 85 km egin zituen.

Amezketako korrikalariak, berriz, Iker Karrerak, minutu batzuk gehiago behar izan zituen, eta «justu-justu nentorrela ikusten nuen eta ipurdia estutzen saiatu naiz, baina ezin izan dut. Baina berdin dio, hiru kobazuloetako hiru harriak etxerako dira, eta ibilbidean gozatu dudanarekin geratzen naiz». Karrerak Transgrancanaria 360 lasterketan parte hartuko du asteazkenean, erreleboka, Zigor Iturrietarekin. Formatua oso interesgarria zela eta etorkizun ona izango zuela iragarri zuen.

Mariren Kobak Trail
Iker Karrera Ezkilarreko kobazulotik irteten. BIEL RAFOLS

19:30ak jo baino lehen, Uxue Fraile eta Olatz Azazeta oso irribarretsu iritsi ziren helmugara, abentura osoa elkarrekin egin ondoren. Korrikalari donostiarrak esan zuen oso pozik zegoela helmugara iritsi zelako eta abentura Olatzekin eta, hasieran ,Jonekin partekatu zuelako (hirugarren laguntza puntuan erretiratu zen). Marirekin topo egin duenean, «begietara ez begiratzen saiatu naiz, eta leizetik atzeraka ateratzen», Euskal Herriko antzinako legeak agintzen duen bezala.

Abenturako gazteena, 25 urte besterik ez dituen Olatz Azazeta altsasuarra, oso eskertuta zegoen antolakuntzarekin eta abentura partekatu duen kideekin, eta datorren urtean ere ahalegintzea espero du. «Niretzat esperientzia izugarria izan da, erabateko abentura. Gure etxeko lekurik enblematikoenetatik egindako ibilbide basatia, oso polita».

Mariren Kobak Trail
Partaideek kobazulo bakoitzean hartu beharreko harriak. BIEL RAFOLS

Bigarren edizioa, airean

Helmuga igarotzen azkena Joseba Kaltzada bizkaitarra izan zen, Raidetako korrikalaria. Parte hartzaile guztientzat, bai Zegamara iritsi zirenentzat eta bai bidean geratu zirenentzat, abentura ikaragarria izan zen, eta lehen kobazuloko harria bakarrik lortu zuen korrikalari batek «bere bizitzako esperientziarik onenetakoa» izan zela adierazi zuen.

Antolatzaileek ez dute baieztatu bigarren ediziorik izango den. Mezu hauxe utzi dute: «Datorren urtean abentura berriro antolatuko den ikusi beharko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.