Ez zegoen faborito argirik aurtengo Ehunmiliak mendi lasterketan, azken urteetan nabarmendu diren korrikalariak ez baitira aritu aurten. Gizonezkoetan, iaz garaile izan zen Jesus Bailo aipatzen zen, baita bigarren izan zen Igon Mantzisidor ere. Baina Fidel Fernandez espainiarra izan da lasterketako garaileen zerrendan izena idatzi duena. Hura izan da bizkorrena Beasaingo helmugan: 23.26.07ko denbora egin du.
Mandubiako eta Zumarragako kontrolguneetatik seigarren eta bigarren igaro da, hurrenez hurren. Baina hortik aurrera, lehen tokia hartu, eta hurrengoetatik buruan pasatu da. Fernandez bigarren izan zen iaz Goierriko Bi Handiak lasterketan, eta duela bi urte Ehunmiliak lasterketako taldekako garaipena lortu zuen. Nekatuta mintzatu da helmugan: «Momentu honetan, ez daukat berriz ere etortzeko gogorik. Bihar edo etzi, agian bai», esan du. 2022an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten.
Ia hogei minutara ailegatu da Mantzisidor debarra (Gipuzkoa), 23.45.48ko denbora eginda. Lehia estua izan du David Calerorekin, podiumeko bigarren eta hirugarren tokiak eskuratzeko. Azken-hirugarren kontrolgunean, Oazurtzakoan, Calero aurretik zen, sei minuturen aldearekin. Baina ordu arteko ahalegina ordaindu du, eta Mutiloan aldea bi minuturena baino ez zen. Atzetik aurrera eginda, beraz, Mantzisidor bigarren izan da azkenean. Calerok hirugarren postuari eutsi dio (23.54.47).
Emakumezkoetan, Chelo Velasco espainiarrak irabazi du aurtengo Ehunmiliak mendiko lasterketa. Ostiralean 18:00etan abiatu ziren korrikalariak, Beasaindik, eta Velascok 29.19.53ko denbora behar izan du helmugara iristeko. Gertu izan ditu bigarren emakumezkoa eta hirugarrena, Eva Maria Rico (33.41.17) eta Maria Semerjian (36.07.52), hurrenez hurren, Goierriko Hitza-k jaso duenez.
Taldekako lehia Club Ciclista taldeko Luis Bailorentzat izan da, Juan, Jesus eta Alfredo Bailo anaiek osatutako taldearentzat. 28.27.09ko denboran osatu dute ultratraila. Agoteam madrildarrak izan dira bigarrenak —Javier Manuel Peña, Miguel Mendez eta Jose Luis Martinez: 29.52.21—, eta Bealak beasaindarrak hirugarren —Asier Zubeldia, Koldo Agirre eta Elena Calvillo: 30.20.08—.
Eskudero eta Mujika G2H proban
Goierriko Bi Handiak (G2H) lasterketa ere jokatu da asteburuan. Herenegun, 21:00etan ekin zioten bostehun korrikalariek lasterketari. 90 kilometroko ibilbidea zuten aurretik, 5.500 metroko desnibel positiboarekin. Goierriko bi korrikalari gailendu dira: Ioseba Eskudero eta Mayi Mujika. 10.01.30 eta 12.00.40 izan dira haien denborak, hurrenez hurren.
Eskuderok bigarren garaipena du segidan, iaz ere hura gailendu baitzen. Aurten, gainera, 11 minutu hobetu du marka. Lehena izan da kontrolgune guztietatik pasatzen. Ander Iñarra sailkatu da bigarren (10.15.30), eta Urko Arizeta hirugarren (10.19.35).
Mujikak, berriz, indarrak neurtzen jakin du. Izan ere, Etzegarate arte bigarren joan da, baina Aizkorrira bidean jada lasterketaren burua hartu du, eta eutsi egin dio helmugara arte. Probaren orain arteko markarik onena ia hamar minutu hobetu du. Uxue Frailek egin zuen marka hori, 2019an: 12.11.21. Mujikaren atzetik heldu dira Olatz Azazeta (12.39.13) eta Maryam Berthaut (13.05.41). Garaipen horrekin Mujika Euskal Herriko ultra txapelduna da.
Intxaustik Marimurumendiko marka
Marimurumendi maratoia (42 km, 2.300 m+), berriz, Ainhoa Intxausti segurarrak (Gipuzkoa) eta Samuel Davila venezuelarrak irabazi dute. Ainhoa Intxaustik lehen Marimurumendi eta iraupen luzeko lehen lasterketa zuen, eta alde handi samarrez lortu du garaipena (4.18.28), bigarrenari hogei minutu baino gehiagoren aldea aterata. Intxaustik, gainera, bost minutu hobetu du iaz Irati Zubizarretak ezarritako marka (4.23.08). Bigarren Henar Lazaro (Toledo, Espainia) izan da, 4.38.39ko denborarekin, eta hirugarren, Lorea Totorika (Mallabia, Bizkaia), 4.51.07ko denborarekin.
Gizonezkoetan, oso lasterketa erregularra egin du Davilak, eta bigarrenez jantzi du Marimurumendi maratoiko txapela; lehenengoa 2019an izan zen. Orduko hartan maratoiko errekorra ezarri zuen Davilak: 3.29.18. Aurten, minutu batzuk gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko: 3.39.09.
Bigarren postuan Aitor Zunzunegi legorretarra (Gipuzkoa) helmugaratu da, Davilarengandik 46 segundo eskasera. Agortako azken jaitsieratik aurrera erabaki da bigarren postu hori, Aitor Zunzunegiren eta Endika de las Heras beasaindarraren (Gipuzkoa) arteko lehia estuan. Legorretakoak bigarren postuan egin du lasterketa ia osoa, azken kilometroetan atzetik zihoan de las Herasek harrapatu duen arte. Azkenean, bien arteko lehian, Zunzunegik aurrea hartu zion De las Herasi.