Izen handiak biak ere: bata nafarra, Daniel Agirre; bestea bizkaitarra, Silvia Trigueros. Biek ala biek garaipen garrantzitsuak lortu dituzte Euskal Herrian. Agirrek, esaterako, Euskal Herria Mendi Erronka (Leitza) eta Goierriko Bi Handiak (Beasain); Triguerosek, berriz, Ehunmiliak (Beasain). Eta biak izan ziren garaile ostiraletik larunbata bitartean jokatu zen BUTS Basque Ultra Trail Serieseko lehen etapan, Bilbotik Gasteizera. Estreinakoz jokatu zen lasterketak 147 lasterkari izan zituen irteera puntuan, ibilbidearen 110 kilometroei eta 5.400 metroko desnibel positiboari aurre egiteko.
Otsailetik urrira bitartean jokatuko diren lau lasterketatik lehena zen ostiralekoa. Irteera Bilbon izan zuen. Tartean, Pagasarri, Ganekogorta, Austigarmin, Gorbeia eta Zaldiaran mendiak. Helmuga, berriz, Gasteizen. Irteeran, 156 korrikalarien artean, irabazleez gain, izen ezagunak: Imanol Aleson, Nerea Martinez, Agurtzane Argiarro eta Nuno Silva portugaldarra. Eguraldia lagun, ikusle asko izan ziren Bilbon irteeran.
Ez zen ezustekorik izan, baina gertatzear egon zen. Izan ere, agerian geratu zen maratoiaren distantziatik gorako lasterketetan gauzak denbora gutxian alda daitezkeela. Gizonetan, esaterako, hiru edo lau aldiz aldatu zen lasterketaren burua; emakumeetan, ordea, Trigueros nagusitu zen hasieratik bukaerara arte, aurreko egunetan lesio batek deseroso sentiarazi bazuen ere.
Lasterketaren gakoa Gorbeiako gaina (1.481 metro) izan zen. Jon Erdaide, eguneko ezusteko nagusia, pasatu zen handik aurrena. Korrikalari bizkaitarrak kontrol handiko lasterketa egin zuen, eta ia-ia aurreikuspen guztiak hankaz gora bota zituen. Zaldiarango gailurretik (102. kilometroa), berriz, Agirre igaro zen aurrena. Helmugan, Agirreren erregulartasunak irabazi zuen, 12 ordu eta 42 minutuko denborarekin. Erdaide izan zen bigarren, hamabi minutura, eta Nuno Silva portugaldarra hirugarren, ia ordubetera.
Triguerosen kontrola
Emakumeetan Silvia Trigueros izan zen protagonista nagusia. Azken denboraldian lesio batek bakean uzten ez duen arren, erakutsi zuen gustuko dituela maratoia baino distantzia handiagoko lasterketak. Oso erritmo kontrolatuarekin ekin zion lasterketari. Ez zuen ezustekorik nahi, eta ez zuen arazorik izan ibilbide guztian. Aurkariek ezin izan zioten eutsi Triguerosek jarri zuen erritmoari. Helmugan 17 ordu eta 18 minutu behar izan zituen garaipena lortzeko
Triguerosen garaipenak zalantzarik izan ez bazuen, Nerea Martinezen bigarren postuak ere ez. Sufrimendurako dituen dohainak agerian utzi zituen beste behin. Irabazteko aukera txikiazuela ikusita, ez zuen arazorik izan bigarren postuan lasaitasunez joan ahal izateko. Triguerosengandik hemeretzi minutura sartu zen Gasteizen. Hirugarren postua Agurtzane Argiarro bermeotarrarentzat izan zen, Triguerosengandik hiru ordu eta erdira.
Hurrengoa, Gasteiz-Iruñea
Basque Ultra Trail Seriesek Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotuko ditu, lau ultraren bidez. Bigarren proba maiatzaren 5 eta 7 bitartean jokatuko da, Gasteiztik Iruñera. Guztira 130 kilometro izango dira, 5.700 metroko desnibel positiboarekin. Igaro beharreko mendien artean aipagarriena Beriaingoa (1.493 metro) izango da.
Ezusterik ez: Trigueros eta Agirre garaile BUTSen lehenean
Jon Erdaidek estu hartu du Daniel Agirre Bilbotik Gasteizera jokatutako ultratrailean; Triguerosek hasi eta buka kontrolatu du proba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu