Alpeetako Mezzalama lasterketa irabazita bukatu zuen mendi eskiko denboraldia, maiatzaren 1ean. Atsedenerako tarterik gabe zapatilak jantzi, eta Australiako Blue Mountainsetan jokatutako ehun kilometroko traila irabazi zuen igandean. Euskal Herrira etorriko da datorren astean Kilian Jornet (Lles de Cerdanya, Herrialde Katalanak,1988), Zegama-Aizkorrin parte hartu eta Sopelan eta Donostian hitzaldia ematera.
Neguko denboraldia bukatu berri duzu. Hitz batean baloratzea eskatuko banizu...
Ezin hobea izan da, ametsetakoa.
Munduko Kopa, urrezko hiru domina munduko txapelketetan, Pierra Menta eta Mezzalama... Gehiago eskatzerik ba al dago?
Emaitzei erreparatuz gero, nire ibilbideko denboraldirik onena izaten ari da, eta, zenbakietatik haratago, emozio handiko eta esperientzia indartsuetako urtea. Lasterketetako batzuek oso bukaera estuak izan dituzte; emozio horrek are eta bereziago egin ditu.
Zer proba irabazteak gogobete zaitu gehien?
Pierra Mentak eta, batez ere, Mezzalamak. Taldeka jokatzen dira, eta horrek bereziagoak egiten ditu; nekeak, pozak, atsekabeak, une txarrak eta garaipenak taldekideekin partekatzen direlako eta emozioak biderkatzea dakarrelako horrek. Pierra Menta Didier Blancekin irabazi nuen, eta Mezzalama Blancekin berarekin eta Bon Mardionekin hirukotea osatuta. Azken hori 45 kilometroko lasterketa luzea da, eta azkeneko ehun metroetan erabaki zen gure alde. Bizitzan behin egin beharrekoa da Mezzalama —Alpeen bihotzean jokatzen da, Monte Rosa mendigunean—.
Pirinioetatik Alpeetara joan zara bizitzera aurtengo neguan. Zertan aldatu duzu prestaketa?
Prestaketari dagokionez, apenas egin dudan aldaketarik; entrenamendu bolumen handia denboraldi hasieran, eta intentsitateko saioak lasterketetara mugatu. Aldaketa nabarmenena negua Alpeetan pasatu izana da. Jaitsiera teknikoetan hobetzeko eta lasterketetara egin beharreko bidaiak laburtzeko modua izan dut.
Eskiak utzi eta zapatilak jantzi dituzu. Zerikusi gutxi izango zuten Alpeetako mendi elurtuek Australiako Blues Mountainseko mendiekin?
Zerikusi gutxi dute bai, baina Australiara pixkanaka negua ari da gerturatzen, eta han ere hotza egiten zuen. Aldaketa ez zen hain handia izan.
Mendiko eskitik trailetarako trantsizioa hain azkar egiteko nola prestatzen zara?
Aurtengoa ezohikoa izan da. Eskiak utzi eta hiru edo lau asteko prestaketa egiten nuen aurreko urteetan, eta Zegama-Aizkorri izaten nuen lehenengo mendi lasterketa. Australiara korrika lau egunetan eginda joan nintzen, eta prestaketa aldetik motz joan nintzela uste arren, nahikoa izan nuen. Gustura sentitu nintzen.
Datorren igandean jokatuko da Zegama-Aizkorri. Nola zaude?
Zegamara itzultzeko irrikan nago. Aurten, gainera, kirolari bikainek parte hartuko dute, eta gogo handiz joango naiz. Prestaketa aldetik akaso motz gera naiteke, baina mendiko lasterketen artean berezienetakoa da Zegama-Aizkorri, eta aurreko postuetan ibili nahi nuke.
Hiru aldiz irabazi duzu Zegaman, eta gertutik ezagutzen duzu proba. Zerk egiten du berezi?
Ibilbidea bera da ederra, baina batez ere mendian biltzen den jendetzak eta lasterkariak zenbat aupatzen dituzten da harrigarria. Beste inon ez dut halakorik ikusi, eta berezia horrek egiten du.
Sopelan eta Donostian hitzaldiak emango dituzu, ostegunean eta ostiralean. Zer izango duzu hizpide?
Pirinioetan iaz egin nuen zeharkaldiaz ariko naiz, eta mendira joateko dauden aukeren inguruan ere bai —Sopelako hitzaldia kultur aretoan izango da, 19:00etan, eta Donostiakoa, berriz, Fnac-en—.
2011rako zer duzu begiz joa?
Kilian`s Quest egitasmoaren harira bi erronka ditut: Greziako Olimpo mendian bata, eta Peruko Inken bidean bestea. Horietan joan-etorri azkarrenak osatzen saiatuko naiz, irudiak hartu eta ikus-entzunezkoekin inguru horien berri emateko. Lasterketei dagokienez, kontinente bakoitzean trail luze batean parte hartzekotan naiz: Australiakoaren ondotik, AEBetan Western State 100 probara joango naiz; Asian Japoniako Fuji mendiko igoeran eta Malaysiako lasterketa batean; Kilimanjarokoan Afrikan; eta Mont Blanceko trail luzea izango dut Europari dagokiona.
Kilian Jornet. Mendiko eskiatzailea eta lasterkaria
«Ezin hobea izan da negua, ametsetakoa»
Mendi eskiko denboraldia bukatu berritan, zapatilak jantzita etorriko da Euskal Herrira. Zegama-Aizkorrin parte hartuko du, hilaren 29an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu