Zuriñe Frutos. Mendi korrikalaria eta txirrindularia

«Ez nuen uste hain denboraldi ona egingo nuenik»

Mendi lasterketak eta mendi duatloiak uztartzen ditu. Euskal Herrian mendi duatloietan lehiatzen diren emakume bakanetakoa da. Garaipenak lortzen ditu batean zein bestean.

Unai Ugartemendia.
2016ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Iaz lehendabiziko aldiz egin zuen Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitua Zuriñe Frutosek (Artziniega, Araba, 1986). Bigarren amaitu zuen, Amaia Artetxeren atzetik; aurten, ordea, ez dio txapelari alde egiten utzi nahi: sailkapenaren buruan dago, 480 punturekin, eta Laura Perez da bigarrena, 263rekin. Duatloietan hasterako mendi lasterketetan murgilduta zegoen. Azkenaldian asteburuei orduak falta zaizkie bere kirolerako eta lehiarako gogo guztiak betetzeko. Esaterako, iragan larunbatean, goizean Gorbeia Suzien mendi lasterketan parte hartu zuen —bosgarren emakumea izan zen—; arratsaldean, Arriarango mendi duatloian—bigarren izan zen—. Horrez gain, orain bi aste Espainiako, Andorrako eta Portugalgo Skyrunners zirkuitua irabazi zuen artziniegarrak: azkeneko proban (La Sagra Skymarathon) parte hartu gabe gailendu da. Haren erregulartasunaren erakusgarri.

Mendian korrika egiten duzu, eta mendiko bizikletan ere ibiltzen zara. Zein beste kiroletan aritu zara gaztetan?

Txikitan, ohikoa den moduan,eskolaz kanpoko kirol asko egindakoa naiz: saskibaloia, pilota, karatea... baina futbolean eta areto futbolean ibili naiz beti. Futbolean mutilekin hasi nintzen, ez baitzegoen nesken talderik. Hurrengo urtean, baina, areto futboleko talde bat osatu genuen lagunok.

Zu ere, beraz, beste asko bezala, futboletik iritsi zara beste kirol batzuetara.

Areto futboletik, zehatzago esanda. 7 urte nituenetik 25 urtera arte aritu nintzen areto futbolean. Artziniegako talde batean egin nituen urterik gehienak, eta, ondoren, Gasteizko talde batean jokatu nuen. Azkeneko bi urteetan Euskal Herriko selekzioan ere aritu nintzen.

Futbola utzi zenuen, eta aurrena mendi lasterketetan hasi zinen; gero, berriz, mendiko duatloietan. Nola iritsi zinen mendiko lehiaketetara?

Orain urtebete izan zen, Urduñako duatloian. Lagun batek, DavidGonzalezek, animatuta hasi nintzen. Probatu behar nuela esaten zidan, eta halaxe egin nuen. Bizikletarik ere ez neukan, eta mutil-lagunari eskatu behar izan nion. Duatloiaren astean etxe ondoan dudan mendi batera joan ginen, probatzera. Bederatzi kilometro egin nituen ibilbide erraz batean. Baina arazoa zera zen: duatloian hogei kilometro egin behar nituela.

Nolakoak dira zure entrenamenduak?

Mendiko lasterketetako kirolaria naizenez, nire entrenamenduak mendian korrika egitera bideratuta daude. Astearen arabera, bi edo hiru egunetan egiten dut korrika, eta sarritan egun horietako batean errepidean egiten dut korrika. Igeri egiten dut beste egun batean, eta bizikleta egun batean edo bitan. Askotan errepideko bizikletarekin. Ez zait gustatzen bakarrik joatea mendira bizikletarekin. Asteburuan lasterketarik ez badaukat mendira joaten naiz korrika egitera, eta, asteburuan lasterketa baldin badaukat, astean osoan lasai ibiltzen naiz, indarberritzeko eta ez entrenatzeko gehiegi.

Gaur egun ohikoa da kirolariek entrenatzailea izatea. Zuk ba al duzu?

Bai. Juan Carlos Llamas, Santanderkoa [Espainia]. Ez diot kasu egiten hari gustatuko litzaiokeen adina, baina ondo elkar ulertzen dugu. Dieta ez dut zorrotz betetzen, eta askotan gaizki ikusiak dauden gauzak jaten ditut [barreak]. Horrez gain, agindutako serieak ere ez dira nire lagunak [barreak].

Non ibiltzen zara gusturago, korrika ala bizikletan?

Korrika. Askoz gehiago gozatzen dut, bai bakarrik bai lagunartean. Hala ere, esan beharra daukat bizikletan gutxiago sufritzen dudala. Asko daukat oraindik ikasteko. Mendiko bizikleta aspergarria iruditzen zait bakarrik ibiltzeko, horregatik ibiltzen naiz gehiago errepideko bizikletarekin.

Esfortzu handia al da bi kirol ezberdinetan entrenatu beharrak?

Bai. Ez dugu hainbeste denborarik egunean. Nire kasuan, askotan gogo handiegia izaten dut ordu asko entrenatzeko, eta uste dut erdizka gelditzen naizela bi kiroletan ondo ibiltzeko.

Bi diziplinetan gauza orokorrak badiren arren, ezberdintasunak ere badira. Zein aipatuko zenituzke?

Mendiko bizikletan denbora gehiago behar da entrenamendu on bat egiteko. Gainera, eguraldiaren arabera bizikletarekin ezin da entrenatu. Bizikletak badu abantaila bat korrikaren aldean: lesio gutxiago izaten direla.

Errepideko lasterketetan emakumeak ugaritu egin dira; mendiko lasterketetan, aldiz, askoz emakume gutxiago ikusten dira, are gutxiago mendiko duatloietan. Zein iruditzen zaizu dela arrazoia?

Ez dakit. Arrazoi asko egon daitezke. Agian aspertu egin direla? Lesioak? Bizikletan ibiltzea zailagoa dela mendian? Egia esan, aurten oso emakume gutxi ikusten ari gara.

Euskal Herrian, hala ere, badago mendiko duatloien zirkuitu bat. Zer iritzi duzu zirkuituari buruz?

Ona. Dagoen giroa gustatzen zait, eta leku berriak ezagutzen ditut. Iaz hasi nintzen, eta aurten errepikatzen ari naiz. Baina gauza batzuk hobetu ahal dira. Pena ematen dit. Niri asko gustatzen zait lasterketetan lehiakide kopuru handia eta lehiakortasuna ikustea.

Proba horien gogortasuna izan daiteke agian hain emakume gutxi izatearen arrazoia?

Ez dakit. Korrikalariak badira, baita bizikletan ibiltzen direnak ere, baina biak uztartzeko garaian etortzen da arazoa.

Parte hartzaileen kopuruak ere behera egin du azken urteekin alderatuz. Zergatik uste duzu dela?

Kirola egiteko boom handia dagoelako, eta asteburu bakoitzean lasterketa asko daudelako, horietako asko etxetik oso gertu. Gustu guztietarako martxak, mendiko lasterketak, errepidekoak, mendiko bizikleta martxak... Ez da erraza izaten nora joan erabakitzea. Gainera, duatloi zirkuitu honetan mutilen maila oso handia da, eta, ondorioz, herriko jendea ez da animatzen parte hartzera; ez zaie gustatzen nonbait ia-ia azkenak izatea.

Etorkizunera begira, nola ikusten duzu mendiko duatloien etorkizuna?

Ez hain ondo. Begira aurten zer gertatzen ari den lehiakide kopuruarekin. Hurrengo urterako zerbait pentsatu behar dugu jendea animatzeko eta zirkuitua hobetzeko.

Azkeneko bi urtean lasterketetan aurrean ikusi zaitugu, eta asko irabazi dituzu. Zerk bultzatzen zaitu oraindik aurrean jarraitzeko?

Ez dakit ezetz esaten [barreak]. Animatu egiten naiz, eta, beraz, proposatzen dizkidaten gauzaia guztiak egiten ditut. Neure burua gainditzea gustatzen zait, hobetzea. Urrats txikiak baina ziurrak egiten ditut. Gauza berriak probatzea gustatzen zait, eta egin behar ditudala sentitzen dut. Dinamika txar batean sartzen banaiz, ez dut izaten gogorik.

Ez dakit aholkuak eman zalea zaren, baina zer esango zenieke mendi duatloietan hasi nahi dutenei?

Aholkua ez dakit, baina probatzera animatuko nituzke. Ziur errepikatuko dutela. Beldurragatik bizikleta arazoa dela pentsatzen dutenei ideia hori burutik kentzeko eskatuko nieke. Lasterketetan askotan jaisten gara bizikletatik aldapa piko bat igo edo jaitsi behar dugunean.

Orain aste gutxi mendi lasterketetako Espainiako, Portugalgo eta Andorrako Skyrunners zirkuitua irabazi berri duzu. Zer esan nahi du horrelako lorpen batek zuretzat?

Asko, izugarri. Hori ez da egun bateko kontua, eta jende askok ezin du esan Espainiako, Portugalgo eta Andorrako Sky serieak irabazi dituela. Urte osoko lana eta sakrifizioak islatzen ditu garaipen horrek.

Denboraldia bukatuta, gustura gelditu al zara aurten egin duzun lanarekin?

Bai. Ez nuen pentsatzen hain denboraldi ona egingo nuenik. Lasterketa ugari egin ditut, bai korrika bai bizikletan, eta ia-ia gehienak irabazi ditut. Irabazi ez ditudanetan ere oso postu onak lortu ditut.

Mendian maratoia arteko distantzian lehiatzen zara gehienetan. Ba al duzu etorkizunean ultra distantziarik egiteko asmorik?

Ez, ez, horiek hitz handiegiak dira oraindik niretzat. Oraingoz 30 kilometroko lasterketa bat gehiegi iruditzen zait [barreak], pentsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.