Ultra distantzian aritzen diren emakume ezagunenetako bat da Courtney Dauwalter estatubatuarra. 2016an ekin zion distantzia luzean korritzeari, eta, geroztik, 2017an Moab 240 (AEB, 384 kilometro), 2018an Western State (AEB, 170 kilometro), eta 2019an eta 2021ean, Chamonixko Ultratraila (170 kilometro) irabazi ditu. Gaur egun distantzia luzean dabilen korrikalaririk onena da.
Zuretzako distantzia motza den arren, zer-nolako lasterketa jokatu duzu?
Oso ondo sentitu naizen arren, niretzat oso lasterketa azkarra izan da. Zorte handia izan dut lasterketa hau ezagutzeko aukera izan dudalako, eta bertako giroa ezagutu dudalako.
Gustura gelditu al zara egindako lasterketarekin?
Ez neukan aurreikuspen handiegirik Zegama-Aizkorrirekin, ez denbora aldetik, ezta postu aldetik ere. Egun batzuk pasatzeko aitzakiarekin etorri naiz, baina lasterketa gogorra egin zait.
Zer iruditu zaizu aurkitu duzun giroa?
Estatu Batuetan ez gaude hain ohituta lasterketetan hainbeste ikuslerekin korrika egitera. Egia esan, izugarria izan da gailurretan hainbeste jende ikustea. Ez nuen hainbeste jende espero.
Gustura ibili al zara Euskal Herrian igarotako egunetan?
Oso gustura ibili naiz, bai. Asko maite dut Euskal Herria! Hurrengo astean ere hemen geratuko naiz oraindik, eta sagardotegi batera joan nahiko nuke.
Non ikusiko zaitugu hurrengo hilabeteetan?
Hardrock 100 [AEB, 170 kilometro] eta Diagonal des Fous [Reunion, 170 kilometro] egingo ditut. Chamonixko Ultratrailarekin zalantzak ditut. Ez dut baztertzen han ere parte hartzea.
Courtney Dauwalter. Mendi korrikalaria
«Ez nuen hainbeste jende espero gailurretan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu