Mendia. Edurne Pasaban. Mendizalea

«Ez nuen espero zortzimilakoak horrela bukatzea»

14 zortzimilakoen erronka amaituta, zikloa itxi eta liburu bat idazteko beharra sentitu du Edurne Pasabanek. Mendiari eskaini dio bizitza mendizale tolosarrak, eta ez da damu hartutako erabakiaz. Erritmoa jaisteko garaia iritsi zaiola aitortu du.

Adrian Garcia.
Donostia
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako Elkar liburu dendan aurkeztu du Edurne Pasabanek (Tolosa, 1973) Catorce veces ocho mil liburua (Hamalau aldiz zortzi mila). Ez da zapaldutako 14 gailurren kronika soila. Mendia ardatz hartuta, Pasaban irakurleen aurrean biluzi da, eta oso liburu pertsonala argitaratu du. «Gehiago hitz egiten du Edurneren izaerari buruz, Edurne mendizaleari buruz baino», azaldu du Pasabanek berak liburuaren aurkezpenean. Liburua idazteko, Josep Maria Pintoren laguntza izan du. «Ez nuen uste kontatzen nion guztia idatziko zuenik». Liburua aurkeztu ostean, BERRIArekin hitz egin du, Himalayako esperientziari eta etorkizuneko proiektuei buruz.

Aurki joango zara Everestera. Nola doaz bidaiako prestaketak?

Apirilaren 4an goaz. Bi aste gelditzen zaizkit prestaketak egiteko. Zaila da, zeren hamaika gauza dauzkat egiteko. Gainera, liburuaren aurkezpenak denbora asko jaten dit. Eskerrak Asier [Izagirre] hor dagoela buru-belarri sartuta. Hurrengo astean, zama bidalita, lasaiago ibiliko gara.

Zergatik joan nahi duzu berriz Everestera?

Ziklo bat ixtera noa Everestera. 14 zortzimilakoak igo ditut. Everesten bakarrik erabili nuen oxigenoa gailurrera ailegatzeko. 2001ean izan zen, lehenengo zortzimilakoa zen, ez nekien nola funtzionatuko nuen zortzimilakoetan. Orain badakit nola egin dezakedan, eta horregatik bueltatzen naiz Everestera.

Zer beste proiektu duzu esku artean?

Mendiari buruz ez dut ezer baztertzen. Badira ideia asko gure artean. Everestetik bueltatuta gauza berriak aterako direla uste dut.

Azkeneko urteetan eraman duzun bizimoduarekin jarraituko duzu?

Erritmoa jaitsi behar da. Orain bakarrik Himalayan, zortzimilakoetan pentsatzen dut, hurrengoa zein izango den. Bizitza pertsonalari ere tarte bat egin behar diot, eta horrek beste aldetik pixka bat uztea ekarriko du. Zaila izango da, zeren erritmoa, gauzak egitea gustukoa dut. Erabaki hori hartuta daukat, baina aurrera eramatea kostatuko zait.

Zaila izango da mendizaletasuna era profesionalean eta bizitza pertsonala ezkontzea?

Bai, oso zaila da biak batera egitea. Bizitza pertsonalean gauzak ez dira erabat ondo ateratzen, zeren ez duzu hainbesteko inplikaziorik zortzimilakoak eta espedizioak buruan edukita.

Txikonen eta haren taldeak eginiko muturreko proiektuen antzerakoak aurrera eramateko asmorik ba al duzu?

Horrelako proiektuak badaude. Alexek aurten bere bidea egin du neguko espedizio batean. Guk argi geneukan lehenengo Everest oxigenorik gabe egin nahi genuela, eta gero ikusiko dugu. Badaude proiektuak, badaude bide berriak buruan, baina gauza bakoitza bere momentuan etorriko da.

Txikon azkenean ez da gailurrera iritsi. Zer sentitzen da horrenbesteko ahaleginak fruiturik ematen ez dutenean?

Badakigu horrelako lekuetan buelta ematea zaila izaten dela. Hainbeste esfortzu, dedikazio, denbora eta une txarren ostean. Neguan egon dira, eta oso gogorra izan da hori. Badakigu joaten garenean ezin dugula beti gailurrera iritsita etorri. Egindako lana baloratu behar da. Alexek- eta sekulako lana egin dute, asko sufritu dute, eta gauzak ez ziren errazak. Mendizaleok jakin behar dugu noiz bueltatu etxera. Hori da mendizale on bat, buelta garaiz ematen dakiena.

Zein zortzimilakotik aurrera konturatu zinen hamalauak igo zenitzakeela?

Erabakia bederatzigarrena egin nuenean [Broad Peak (8.047m)] hartu nuen. 2006an eta 2007. urte hasieran gaixo egon nintzen. 2007an Broad Peakera joan ginen, eta hamalau zortzimilakoak bukatzeko proiektuan hasi ginen pentsatzen.

Al filo de lo imposible egitasmoan sartzeak asko lagundu al zizun?

Bai. 2003an agertu zen proiektu hura, momentu garrantzitsu batean. G-I eta G-II ra joan ginenean. Ordura arte espedizioa norberak ordaindu behar zuen, eta lana egin behar zen horretarako. Al filo de lo imposible sartzeak finantzaketa ekartzen du, eta espedizioak ordainduak izaten ziren. Gero buru-belarri sartu ziren hamalauak igotzeko proiektu horretan, eta horrek asko lagundu dit.

Zein oroitzapenekin geratzen zara hamalauzortzimilakoetatik?

Oso oroitzapen onak ditut. Ez da izan erraza, momentu zailak egon dira, dena bertan behera uzteko gogoa eman didaten momentuak. Baina merezi izan du.

Kangchenjungatik jaistean oso momentu txarrak pasatu zenituen. Heriotzatik gertu zaudenean zer pasatzen zaizu burutik?

Egia esanda, momentu horietan indarrak edozein lekutatik ateratzen dira bizirik irauteko. Momentu txarretan ez duzu pentsatzen hor geratuko zarela, aterabidea bilatzen duzu. Gero, etxera bueltatuta, ikusten duzu hilzorian egon zarela, eta gauzak planteatzen hasten zara.

Zer garrantzi du hor talde lanak?

Nik beti esan dut eduki dudan hoberena taldekideak izan direla. K2ko eta Kangchenjungako jaitsieran nire lagunak hor egon ziren, eta haiek lagundu zidaten jaisten. Taldekideei esker nago gaur hemen.

Oh Eun-Sun korearrarekin izandako tirabirak min egin al diote mendiari?

Ez da izan erraza hamalau zortzimilakoak horrela bukatzea. Ez nuen horrela bukatzea espero. Lehia egon den edo ez eztabaida egon da, eta ez dio mesede handirik egin mendiari.

Gailurrera iritsi zaretela ziurtatzeko erak aldatu beharko al lituzkete?

Orain arte mendizalearen hitza entzun eta hark esandakoa sinesten zen. Maila profesionalean, igo zarela ziurtatu beharra dago,frogekin. Gertatu denaren ondorioz, Koreako federazioak akta bat egin du aurkeztu behar diren frogekin: argazki bat, GPSko puntu bat, et abar. Bizi garen garaian froga asko aurkez daitezke gailurrera iritsi zarela ziurtatzeko.

Hamalau zortzimilakoak igotzen lehen emakumea zara. Letra larriz idatzi duzu zure izena historian. Izar bat bezala sentitzen al zara?

Ez, ez. Pertsona normala naiz. Hamalau zortzimilakoak igo ditut bai, baina hankak lurrean ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.