Aritz Egea. Mendiko korrikalaria

«Ez nuen espero txapelketa irabaztea»

Denboraldia bikain hasi du Egeak. Espainiako Atletismo Federazioak antolatutako lehen ultra lasterketan Espainiako txapeldun izan zen. «Asko ari naiz gozatzen», azaldu du.

Aritz Egea txapelketa irabazi zuela ospatzen. MIM PENYAGOLOSA.
Unai Ugartemendia.
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun

Espainiako Atletismo Federazioaren mendiko lehen ultra txapelketak badu garailea: Aritz Egea (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). MIM Penyagolosa (Castello, Herrialde Katalanak) lasterketan bigarren amaitu zuen, Kevin Vermeulen frantziarraren atzetik. Baina Egea izan zen Espainiako txapeldun ibilbideak zituen 60 kilometroak (+3.300 metro) osatu eta gero. Lortutako garaipenarekin, azaroaren 3tik 6ra Thailandian jokatuko diren munduko txapelketetan egoteko sailkatzea lortu du. Bikain hasi du denboraldia urretxuarrak.

Nolako lasterketa izan zen larunbatekoa?

Ez nuen batere ezagutzen ibilbidea, baina, jendeak kontatzen zuenarengatik, bi zatiko lasterketa zen. Lehen erdia oso korritzekoa da, eta, bigarrena, berriz, igoera gehiagokoa. Aldapa asko zegoen bigarren zatian, baina ez dira igoera handiak. Dena korrika egin daitekeen horietakoa zen. Hasi bezain laster, bi korrikalarik alde egin zuten, baina denak indarrak gordez gindoazen sentsazioa neraman. Ez ginen poliki joan, baina ni, esaterako, une batzuetan baten batekin hitz egiten ere joan nintzen. Banekien lasterketa luzea izango zela, eta sufritu ere egingo nuela. Halaxe izan zen.

Lehia oso estua izan zenuten lehen hiruen artean azken unera arte.

Bai. Lehenik, Anders Kjaerevikek egin zuen ihes. Talde batean egin genituen kilometro asko, baina ondoren Kevin Vermeulenek alde egin zigun. 31. kilometroan zegoen anoa postuan erritmoa azkartu zuen, eta nik ere alde egin nuen beste korrikalari batekin. Sasoiko nindoan, indartsu, eta igoera batean Kjaerevik pasatu nuen. Ondoren, Vermeulen harrapatu nuen hurrengo igoeran, baina atzean jarri zitzaidan. Ezin nuen hura atzean utzi. Azken hamar kilometroetan bata bestea uzten saiatu ginen. Erritmo bizia zeraman, eta lanak izan nituen hari jarraitzeko.

Non erabaki zen lehia?

Azken bost kilometroetan nekea nabaritzen hasi nintzen. Hanketako min handia neukan, eta nahi eta ezin batean nindoan. Ez nindoan hustuta, baina erritmoz atera ninduen. Oso leku harritsua zen, eta behar baino ahalegin handiagoa egitearen ondorioz nuen mina. Azken igoeran [56,8 kilometroa] oso tarte txikia ateratzen nion, eta jaitsieran berak aurreratu ninduen. Helmugan 24 segundo atera zizkidan bakarrik azkenerako, eta nik ere irabaz nezakeen sentsazioarekin amaitu nuen.

Marka da gero 60 kilometro egin ondoren 24 segundoren tartea izatea bakarrik helmugan.

Bai, hala da, bai! Halere, ez dit penarik ematen. Izugarrizko lasterketa egin genuen, eta jendeak ere asko gozatu zuela esan zidan. Ez da ohikoa ultra batean dena azken kilometroan erabakitzea. Zorte txarra izan nuen amaieran, baina oso gustura amaitu nuen.

Lasterketa ez irabazteak arantza utzi dizu?

Gehienek oso argi geneukan lasterketa irabazteko hautagai nagusia Manuel Merillas zela. Ni konbentzituta nengoen hark irabaziko zuela, eta jokoan bigarren eta hirugarren postuak bakarrik egongo zirela. Baina gauzak ez ziren Merillasek espero bezala atera, eta, konturatzerako, ni nengoen lehen postuan. Ibilbide osoan beldurrez joan nintzen. Edonoiz aurreratuko ninduela pentsatzen nuen askotan, baina ez zen horrela izan. Egia esan, ez zuen espero txapelketa irabaztea.

Faboritoa ez izateak lasaitasuna eman zizun?

Bai, argi eta garbi! Aurten lehiatu naizen bi lasterketetan ez nintzen faborito, eta horrek lasaitasuna eman dit. Transgrancanaria Advanceden [62,5 kilometro, +2765 metro] Tom Evans ingelesa zen faborito argia; hark irabazi zuen, eta ni bigarren izan nintzen. Penyagolosan ere antzeko zerbait izatea espero nuen, baina oraingoan, gailentzea lortu nuen. Faborito argien zerrendan sartzeak ez du batere laguntzen horrelakoetan.

Txapelketa hau urteko helburuetako bat al zen?

Ez. Egia esan, lasterketa honetan izena eman nuenean, oraindik ez zuten esana Espainiako Txapelketa izango zenik. Espainiako Atletismo Federazioan izena eman nuela ikusi zutenean, deitu egin zidaten esanez ez nengoela federatuta, eta ea badaezpada federatu nahi nuen. Halaxe egin nuen, eta txapelketa irabazteko aukera izan dut.

Iaz egin zenuen lehen denboraldia ultra distantzian. Gauza asko aldatu al dituzu iaztik?

Batez ere, burua. Beste lasaitasun batekin ari naiz hartzen gauzak. Iaz, esaterako, entrenamendu guztietan saiatzen nintzen jaten eta edaten; aurten, aldiz, bi ordutik gorako entrenamenduetan bakarrik eramaten dut jatekoa. Agian gehien aldatu dudana entrenamenduen ordu kopurua izan da. Orain, iaz ez bezala, askotan egiten ditut sei orduko entrenamenduak. Ikaragarri ari naiz gozatzen aurtengoan. Denboraldi hasiera ere ona izaten ari da, eta horrek ere asko laguntzen du.

Hurrengo hilabete eta erdia gogorra izango da. Hasteko, maiatzaren 14an Domusa Teknik lasterketan (Azpeitia, Gipuzkoa, 65 kilometro eta +3.700 metro) izango zara berriro, beste ultra batean.

Aurtengo helburu nagusia hori zen; alegia, denboraldi hasieran hiru ultra egitea, urdaila entrenatzeko. Nahiz eta entrenatzen bost edo sei orduz ibili, beste erritmo bat da, eta orduan edozer gauza onartzen du gorputzak. Probak egiteko baliatuko dugu Azpeitiko lasterketa ere. Egia esan, ez nekien Euskal Herriko txapelketa izango zenik, baina han izango gara. Ondoren, Zegama-Aizkorrin izango naiz. Dena eman didan lasterketa bat da, ete bertan egon ahal izatea ederra da. Nahiz eta aurten ez den helburuetako bat izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.