Ez gora, ez behera

Euskal Herriak alpinista onak izan ditu, baditu eta gero ere izango ditu. Hala ere, gero eta alpinista gutxiagok begiratzen diote Himalaiako tontorrei. Baliabide faltagatik bai, baina baita alpinista gazte gutxiago daudelako ere.

Alex Txikon Kangchenjungara bidean, maiatzean. ALEX TXIKON.
Ainhoa Lendinez
2014ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Urrun daude 1970eko eta 1980ko Himalaiako espedizioak; muturreko baldintzei aurre eginez abentura gogorretan murgiltzen ziren mendizale haien ibileren oihartzuna hedabideetara ozta-ozta iristen ziren garaiak. Zortzimilako zenbaitetan jende-ilarak sortzen dira orain, zaborra pilatzen ari da eta ordulariaren kontrako lasterketak mendi garaienetara ere iristen ari dira. Euskal Herriko alpinista zenbaitek himalaismoaren iraganaz, orainaz eta geroaz hitz egin dute.

1 Azkartasuna eta arintasuna, ipar hormak, negua, mendi ezezagun teknikoak... Zein da himalaismoaren etorkizuna?

2 Eta Euskal Herriko himalaismoarena? Ba al dago harrobirik? Zergatik ez da horrenbeste espedizio egiten egun?

3 Azkenaldiko gertaerak direla eta, (Everesteko elur-jausiaren ostekoak), gaiztotzen ari al da xerpen eta mendizaleen arteko harremana? Nolako rola jokatu behar dute eta izan dute xerpek himalaismoan?

4 Oinarrizko kanpalekuetako bizimoduari dagokionez, segurtasuna gutxitu egin da? (Nanga Parbaten 2011n izan zen erasoa)

5 Everesteko zabortegia: alpinisten zabarkeria ordaintzen ari al gara orain?

6 Espedizio komertzialek kalte egiten al diote himalaismoari?

JUANITO OIARZABAL

 

«Dena eginda daukagu, mendizale berritzaileak falta zaizkigu»

 

1

Himalaismoa ez dago amaituta, baina proiektu berritzaileak falta zaizkio. Azken urteetan himalaismo erraz, eroso eta segurua ikusten ari gara, ekarpenik ia egiten ez duena. 70-80ko espedizioak, poloniarrenak, eslovakiarrenak eta geureak hutsesten ditut nik, proiektu berritzaileak dauzkan jendea. Hala ere, baikor nago etorkizunari begira.

2

Bai badago, ikusi besterik ez dago alpinista gazteek Nepalen zabaldu berri duten bidea, Pura Vida. Maila bikaina daukagu. Dena den, Euskal Herrian dena egina daukagu himalaismoan, eta mendizale berritzaileak falta zaizkigu. Horrez gain, zaila da dirua eta bitartekoak lortzea, eta zaildu egiten du gazteek bide honi heltzea.

3

Espedizio askok xerpen lanari esker izan dute arrakasta. Guk geuk askotan aukeratu dugu garaierako xerpekin aritzea eta oso lan garrantzitsua egiten dute, haien esku dago gu igotzea. Haiekiko harremana adeitsua izan da orain arte; baina, azken urteetan, xerpek asko hobetu dute; bigarren mailan zeuden lehen, eta protagonismoa hartu dute orain. Asegurua eta soldata duina eskatzen dituzte, eta bidezkoa da hori.

4

Nanga Parbatekoa Afganistandik gertu dagoelako gertatu zen, ez besterik. Oinarrizko kanpalekuetan ez da arazorik izaten.

5

 Oxigeno botila hutsena salbu, ez dut uste horrenbeste zaborrik dagoenik. Mendebaldekook beti izan dugu zaborraren kontzientzia, eta guk beti jaitsi izan dugu gure zaborra. Bertakoak kontzientziatzea falta da. Bestalde, zaborrak jaisteagatik gehigarri bat kobratzea ondo eta gaizki iruditzen zait. Denagatik kobratzen dute Everesten, eta aberatsentzako mendi bihurtzen ari dira.

6

Espedizio batzuek himalaismoaren berezko estetika eta xarma hautsi dituzte, mendia negozio bihurtu dutelako. Everesten gertatzen ari da, eta K2ra zabalduko da aurki, agentzia asko igoerak eskaintzen hasiko direlako. Ez zait gustatzen masifikazioa eta show bihurtzea, baina hori ez dago neure esku.

ANDONI ORMAZABAL

 

«Ikuspegia aldatu behar da, garrantzia eman garaierako zailtasunari»

 

1

Bide guztiak dira zilegi, baina uste dut himalaismoak alpinismoaren eboluzio berbera izango duela: gailurrak lehenengo, neguko espedizioak eta bide zailak gero, eta errekorrak azkenik. Alpinismoa eta, oro har, himalaismoa, arte bat da eta artista bakoitzak bere estiloa dauka.

2

Euskal Herriko himalaismoan ez atzera ez aurrera gaude. Egoera ekonomikoa izan daiteke arrazoietako bat, baina ez bakarra. Himalaiara joatea garestia da, eta krisi ekonomikoarengatik espedizio kopuruak nabarmen egin du behera. Gazteak behar dira himalaismoa bultzatzeko, eta, oraingoz, ez dago lekukorik. Mendia modan dago, mendian korrika egitea esaterako, baina ez himalaismoa. Ikuspegia aldatu behar da, arreta zortzimilakoetatik kendu eta garaierako zailtasunari garrantzia eman. Hori erein behar dugu etorkizunean puntan ibiltzeko, baina, horretarako, inbertitu egin behar da. Jarduera horiek balioa badute, baina eman egin behar zaie, zabal daitezen. Hedabideen laguntza ere ezinbestekoa da.

3

Xerpen egitekoa ezinbestekoa izan da, da eta izango da himalaismoan. Esnatzen ari den herri bat da. Herri zapaldua zen eta balio dutenaz konturatzen hasi dira; horrek liskarrak sor ditzake agian, baina ez dut uste gehiagora iritsiko denik.

4

Nanga Parbatekoa ez da ohikoa, oinarrizko kanpalekuak seguruak dira, oro har.

5

Mendia bizi garen gizartearen ispilu da, ez besterik.

6

Zaila da bi mendizaletasun horien arteko elkarbizitza, dirua tarteko denean giroa gaiztotu egiten delako.

EDURNE PASABAN

 

«Erreferentzia gara munduan, baina baliabideak falta dira»

 

1

Estilo guztiak dira zilegi, baina bide berriak eta mendi ezezagunak aurkitzea da zailena. Abentura ikuspegi horri garrantzi handia ematen diot nik.

2

Euskal Herrian zaletasuna handia da, eta goi mailako jende asko dago. Horregatik, euskal himalaismoak etorkizun oparoa izan beharko luke. Alde horretatik, erreferentzia gara munduan; baliabide falta da arazoa. Gutxiengoan dagoen kirola da oraindik, eta zaila da babesleak eta finantzaketa lortzea.

3

Xerpa eta espediziokide askorekin hitz egin dut honetaz, eta jendeak jakin gabe hitz egiten du. Mendizaleen eta xerpen artean errespetu handia dagoela uste dut. Everesteko kontua ezberdina da, interes asko daude jokoan eta horrek korapilatu egiten du dena, baina errespetua egon badago.

4

Nanga Parbat oso eremu gatazkatsuan dago, eta beti izan dira arazoak. 2011koa oso gertakari zehatza da, eta egun ez dut uste halakorik berriro gerta daitekeenik, dena oso kontrolatuta dagoelako. Pakistango gainerako mendietan ez dago arazorik, eta are gutxiago Nepalen, oso herrialde lasaia baita.

5

Mendizale guztiek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote mendiak garbi edukitzeari, mendebaldekook eta xerpek. Bertakoak kontzientziatzea da gakoetako bat, uste baino zailagoa, gainera. Hala ere, gu gara hara joan eta zaborra sortzen dugunak, eta gure ardura da hura garbi uztea. Azken urteetan, Everesten batez ere, lan handia egin da eta emaitzak agerian geratzen ari dira.

6

Bien elkarbizitza posible da bai, baina elkar errespetatuz. Espedizio komertzialak garai jakin batzuetan izaten dira Himalaian, eta haiekin bat egin nahi ez badugu, aski da beste data batzuetan jotzea mendira.

ALEX TXIKON

 

«Gazte askok ez dauka gogorik hotza, gosea eta miseriak pasatzeko»

 

1

Etorkizun hurbila neguan igo gabe dauden bi zortzimilakoetan zentratuko da; hau da, K2-n eta Nanga Parbaten. Azkartasuna eta zailtasun bideak ere modan daude, baina,gerora begira, mendi ez horren garai eta teknikoek hartuko dute lehentasuna.

2

Euskal Herrian oso jende ona dago, eta maila handia daukagu. Alpinista gazteak, esaterako, oraintxe etorri dira Nepaldik eta bide berri bat zabaldu dute 6.000 metrotik gorako mendi batean. Alberto Iñurrategik eta taldekideek ere proiektu handiak dauzkate esku artean (Jannu, etab.) Dena den, egungo gazteek bestelako modalitateetara jotzen dute, zailtasun eskaladara, batez ere. Baliabide faltak eragina dauka, baina batez ere lehentasun kontua da; himalaismoa gogorra da, eta gazte askok ez daukate gogorik hotza, gosea eta miseriak pasatzeko.

3

Harremana aldatu egin da, bai. Garai batean, xerpak mendian jaio eta bizi ziren gizakiak ziren. Orain, ordea, askoz harreman estuagoa daukate kalearekin, trebatu egiten dira, gidari titulua ere ateratzen dute askok eta orduan espedizioetan ere beste protagonismo bat hartzen dute. Xerpa batzuk hasi dira hamalau zortzimilakoen erronka betetzen eta abiadura igoerak egiten. Hala ere, horrek ez dauka zertan harremana gaiztotu.

4

Nanga Parbateko erasoa mugarria izan zen, baina ez du esan nahi segurtasuna gutxitu denik.

5

Ondo iruditzen zait zaborrena arautzea, baina ez da erraza arauak betetzen diren kontrolatzea. Norberak hartu beharko luke bere zaborraren ardura. Nik neuk eta nire espedizioko kideek beti egiten diogu kontu.

6

Espedizio bat komertziala izateak edo ez, ez du esan nahi besteak baino hobea edo txarragoa denik, ezta lehentasuna daukanik ere. Ez dut arazorik ikusten bi mendizaletasun motak uztartzeko. Espedizio komertzialak mendi batzuetako bide jakin batzuetan eta garai jakin batzuetan zentratzen dira. Jendetzari ihes egin nahi dionak konponbide erraza dauka: beste bide batzuk edo urteko beste sasoi batzuk aukeratzea. Masifikazioak handitzen segituko du; ez dago geure esku hori geldiaraztea.

FELIPE URIARTE

 

«Ez dugu puntako himalaismorik egin, atzetik ibili gara beti»

 

1

Mendizaletasunak sekula ez du norabide bakarra izan, eta are gutxiago egun, espezializazio betean gaudela. Norabide guztiak asmo bakar batean biltzen dira orain: Annapurnaren hego horma, azkartasuna, bide berria, teknikoa eta 8.000 metroan.

2

Euskal Herria txikia da, eta ez dugu puntako himalaismorik egin, zertxobait atzetik ibili gara beti. Bestalde, gazteei erakargarriago egiten zaizkie mendi lasterketak; arrisku txikiagoa dakarte eta errazago da egunkarietan agertzea. Horrez gain, himalaismoa garestia da, eta horrek ere ekarri du espedizio kopurua gutxitzea.

3

Xerpen artean aspaldikoa da ezinegona. Xerpa gazteek beti salatu izan dute ospea atzerriko mendizaleek eramaten zutela. Are gehiago, mendizale kanpotarren jakak itsasgarriz josita ikustean euren lanari esker diru asko irabazten dutela ere pentsatu dute. Mendizale finak ondo ulertzen du xerpen egonezina. Xerpen lana oso handia izan da himalaismoan. Haien lanik gabe himalaismoa askoz polikiago garatuko zen, 1950-1990 arteko himalaismoa arriskutsuagoa eta motelagoa izango zen.

4

Ez inolaz ere, gertakari hura bakana izan zen.

5

Zaborra ez da soilik Sagarmathan ikusten, Txindokin ere ikusten da. Mendizaleak gizarte honen seme-alabak gara, eta, orain arte, gizarteak ez du zaborraren ardurarik hartu. Gu aspalditik ari gara ekoespedizioak egiten, atez ateko moduko sistema batekin.

6

Ez dut inolako arazorik ikusten horretan. Elkarbizitza orotan errespetua da gakoa. Bestalde, espedizio komertzial definizioa ez dut gustuko. Sailkapena zabaldu egin beharko genuke agian: espedizio komertzialak, antolatuak eta gidatuak.

JUAN VALLEJO

 

«Jende gehiago dago mendiko kiroletan, ez benetako alpinismoan»

 

1

Alpinismoaren modalitate horietan guztietan egiten dira goi mailako jarduerak, zein bere ezaugarriekin. Ueli Steck horren erakusgarri da [Annapurna hego aurpegitik, bakarrik eta 28 orduan igo zuen iaz]. Hala ere, bide klasiko handi asko daude estilo hobean igotzeko, eta horrek maila handiko eskalada ekarriko luke.

2

Espedizio jakin batzuk salbu, euskal herritarrek ez dute aparteko jarduerarik egin Himalaian, eta ez dut uste etorkizunean ere hori aldatuko denik. Gurean gero eta jende gehiago ikusten dut mendiko kiroletan, baina ez benetako alpinismoan. Espezializazioa dela eta, jendeak modalitate erosoagoak aukeratzen ditu.

3

Nik neuk ez dut harreman hori bertatik bertara eduki izan, baina ez nau harritzen goi mailako zamaketarien eta bezeroen arteko harremana zaila izatea. Bezeroek kosta ahala kosta igo nahi dute gailurrera, eta diru asko ordaintzen dute. Xerpen mende dago haien arrakasta, baina, aldi berean, zamaketariak astoak balira bezala erabiltzen dituzte. Egoera horretan oso erraza da haserrea lehertzea.

4

Nanga Parbateko erasoaren ondotik, Pakistanen bederen erabat aldatu da dena. Ez dut uste halakorik berriro gertatuko denik, baina zer pentsatua ematen du.

5

Zaborraren auzian interes asko daude: agentzia handiak, Khumbuko bizilagunak eta Nepalgo Gobernua bera ere bai, Everestetik dirutza lortzen baitu.

6

Everesten, Cho Oyu-n eta beste mendi batzuetako bide arruntetan gertatzen ari denak kalte egiten dio, bai. Ezin zaio inori inora joatea galarazi, baina espedizio komertzial askok eragin izugarria dute ingurumenean, eta, behintzat, gogoeta sakon bat egin beharko litzateke horren inguruan.

MIKEL ZABALZA

 

«Harrobia eta kalitatea badaude, baliabideak falta dira»

 

1

Ez dut uste etorkizuna neguko espedizioetan egongo denik, ezta Ueli Stecken estiloan ere. K2 eta Nanga Parbat baino ez dira falta neguan igotzeko, eta horiek igotzen direnean ez du inork neguko espediziorik egingo. Ueli Stecken estiloa, berriz, goi mailako mendizale gutxiren esku dago. Asko dago egiteko, esploratzeko, bide historiko asko daude estilo alpinoan eskalatzeko. Seimilako eta zazpimilakoetan esploratzea eta zailtasun eskalada egitea izango da etorkizuna. Oraina ere bada.

2

Harrobia eta kalitatea badaude, noski, baina baliabideak falta dira. Joxe Takolo beka eta Basque Team hor daude, baina ez da erraza horiek lortzea. Mendi ezezagun eta txikiagoak eskalatzeko laguntzak behar dira.

3

Sekula ez dut garaierako zamaketaririk kontratatu, eta ez dakit harremana aldatu den. Dena den, bide arruntetan gidari lana eta bidea prestatu ere egiten dute. Xerpek dena egiten dute.

4

Sekula ez dut segurtasun falta sentitu oinarrizko kanpaleku batean.

5

Ez dakit zenbat zabor dagoen Everesten, ezta Nepalen ere. Baina 2009an, Txinan, zabor asko aurkitu genuen oinarrizko goi kanpalekuan, eta penagarria da.

6

Espedizio komertzialek ez diote onik egiten alpinismoari. Gero eta hedatuago daude, eta gero eta mendi gehiagotara iristen dira. Gero eta bide gehiago daude gailurreraino ekipatuta. Mendiaren merkantilismo hutsarengatik galdu ditugun bideak dira, eta ni neu horietatik urrun ibiltzen saiatzen naiz.

ALBERTO ZERAIN

 

«Esperientzia duten mendizale helduak ari dira urratsak egiten»

 

1

Etorkizuna iritsi da jada, neguan egin diren eta egiteke geratu diren erronkak lekuko. Ueli Steckek Annapurnan egindakoa, esaterako, bertatik bertara ikusi dugu. Alpinista batzuek erronka berriei aurre egiteko erabili duten estiloa da etorkizuna. Zerrenda ez da luzea, eta pare bat izen baino ez ditut aipatuko: Reinhold Messner eta Walter Bonatti.

2

Pixkanaka Euskal Herrian urratsak ari dira egiten, baina ez alpinista gazteak, esperientzia duten mendizale helduak baizik. Oso gazte gutxi ari direlako himalaismoan eta, goi mendietan trebatzeko, beharrezkoak direlako esperientzia eta ezagutza. Nagusiki, krisiak eta Pakistango ezegonkortasunak eragin dute egun gero eta espedizio gutxiago egotea.

3

 Ez dut uste xerpen eta mendizaleen arteko harremana gaiztotzen ari denik. Gero eta jende gehiago joaten da Himalaiara eta xerpek, langileak eta zaindariak direnez —alpinistak baino gehiago—, oso ondo antolatu behar dute, beren lana txukun egiteko. Hori lortzea oso zaila da goi mendietan.

4

Uste dut hitzak sobera daudela Nanga Parbateko erasoaz eta hilketaz.

5

Zaborra espedizio komertzialek uzten dute batez ere, zoritxarrez. Xerparik ez duten espedizioek behar-beharrezko materiala baizik ez dute eramaten, eta jendea oso kontzientziatuta dago zaborraren kontuarekin.

6

Espedizio komertzialek ez diote kalterik egiten himalaismoari; uste baino gehiago dira, gainera. Espedizio batzuk espedizio komertzialekin elkartzen dira, haien bidea egiten dute eta haien xerpek jarritako sokak erabiltzen dituzte. Ez naiz portaera hori salatzen ari, denok egin izan dugu-eta hori noizbait, goi mendia denontzat baita gogorra. Baina ez dezatela esan kea asmatu dutenik…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.