Atxondon (Bizkaia) jaioa da, Anbotoren altzoan, eta mendiarekiko lotura hori kasik organikoa ere bada Ainhize Belarrentzat (2006). 8 urte zituela hasi zen eskalatzen, eskolaz kanpoko jarduera gisa, lagunekin. «Aitak ere betidanik eskalatu izan du, eta asteburuetan harekin joaten nintzen arrokan eskalatzera, eta pixkanaka kirol honetara katigatuz joan nintzen». Hasiera hartan batez ere rokodromoan eskalatzea zuen gustuko. «Arrokan eta sokarekin aritzeak beldurra ematen zidan, baina eskalatu eta eskalatu, jausi eta jausi, beldur hori kenduz joan nintzen».
Beldurra kendu zuenean, «sekulako jauzia» eman zuen, eta 13 urterekin eskalatu zuen zortzigarren graduko bere lehen bidea: ConanDax Librarian (8a), Araotzen (Oñati, Gipuzkoa). 2020. urtearen hasieran izan zen hori, eta urte berean, udazkenean, 8c zailtasuneko bide bat eskalatu zuen. Sekulako jauzia, baiki. Gezurren erresuma izan zen bide hori, Gaubean (Araba), eta Euskal Herrian zailtasun hori inoiz egin zuen neskarik gazteena bihurtu zen. Hala da oraindik.
«Oraintxe bertan, batez ere oso harro nago nire ibilbideaz: inoiz imajinatuko ez nukeen lekuetan behin ere imajinatuko ez nituzkeen bideak eskalatu ditut eta. Eboluzio hori ederra da»
AINHIZE BELAREskalatzailea
2020ko uda hartako «oso oroitzapen polita» dauka Belarrek. «Asko joan ginen Gaubeara. Autokarabana jarri genuen han aparkalekuan, eta, urratsez urrats, 8a+, 8b, 8b+ zailtasuneko bideak gaindituz joan nintzen. 8c koxka gehixeago kosta zitzaidan, batez ere mentalki. Uda hartan konfiantza handia hartu nuen arrokan».
Bederatzigarren graduan jarri zuen hurrengo langa. Gaubea, Margalef (Katalunia) eta bere «konfort eremuko» eskolak eta bideak utzi eta Etxaurira jo zuen. Begi puntuan (9a) bidea jo zuen begiz, Ekaitz Maizek ekipatutako harribitxia. «Etxaurikoa oso estilo desberdina da. Zintak nahiko urrun daude bata bestetik, plakak dira, eta horrek errespetua sortzen du. Bidearen izenak, historiak, nork zabaldu zuen, geroztik nork eskalatu duen bide hori... horrek denak asko motibatzen ninduen. Eskalatu zuten guztiak mutilak izatea ere bultzada gehigarri bat zen». Izan ere, Euskal Herriko eskaladako izen handiak ziren, ordura arte, bide hori kateatu zutenak: Patxi Usobiaga, Iker Pou, Iban Larrion, Ekaitz Maiz bera, Gorka Karapeto, Ander Lasagabaster, Mikel Linazisoro...
Iazko maiatzean kateatu zuen Begi puntuan. «Kristoren poztasuna izan zen ikustea hasieran beldurra nuela, ez nintzela mugitzen, baina pixkanaka moldatuz joan nintzela eta gai izan nintzela bidea kateatzeko. Inflexio puntua izan zen. Hor egin nuen berba nire entrenatzaileekin, eta harkaitzean zentratzea erabaki genuen».
Josune Bereziarturen legatua
Etxauritik Araotzeko Korea sektorera egin zuen jauzi iazko udan. Han dira Euskal Herriko eskaladako hainbat bide enblematiko, besteak beste Honky Tonky eta Honky Mix, Josune Bereziartu handiak kirol eskaladaren historian ezarri zituen bi mugarriak: munduan emakumezko batek eskalatutako lehen 8c bidea izan zen Honky Tonky, 1998an, eta lehen 8c+ bidea Honky Mix, 2000. urtean. Magnesioaren zurian hatz puntetako zaurien odolez idatzitako historia.
«Egia esan, Koreara joateko uzkur nengoen. Uste nuen ez nintzela ondo moldatuko. Hasieran zaila izan zen, ohitu egin behar izan nuen belaunak sartzeko mugimenduetara, baina pixkanaka martxa hartuz joan nintzen, eta katigatu egin ninduen Koreak». Eta, arian ari, berak ere lortu zuen Bereziarturen legatua jaso eta bi bide historikoak kateatzea. Belarrek nabarmendu du eskaladaren kate horretan katebegi garrantzitsuena izan dela Bereziartu, eta aitortza hori egin nahiko lioke: «Josunek sekulako bidea zabaldu du nesken eskaladan eta eskaladan oro har, eta neska guztiontzako erreferentzia eta eredu bat da. Gainera, duela 20-25 urte 8c+ edo 9a/+ egitea edo orain egitea ez da gauza bera».
Euskal Herriko historiaren kate horretan hurrengo maila Ainhize Belarrek berak jarri du irailean. Plus bat erantsi dio 9a graduari, Baltzolako kobazuloan (Dima, Bizkaia) Iñi Ameriketan bidea kateatuta. Aspaldikoa eta historia handikoa da bide hori ere: Iñigo Basterrak ekipatu zuen 1995ean, eta «etorkizuneko eskalatzaileentzako erronka» zela iragarri zuen Basterrak, baita ondo asmatu ere. Rikar Otegi izan zen bidea lehen aldiz eskalatu zuena, 2002an, eta haren ondotik, Patxi Usobiaga, Adam Ondra eta Iban Larrion baino ez ziren bide horren katera iritsi.
Ainhize Belar iazko azaroan hasi zen Baltzolako kobazuloan barneratzen. «Hasieran White Zombie (8c) eta beste bide batzuk eskalatu nituen, eta ondoren, Il domani (9a) eskalatu nahi izan nuen, baina niretzat oso pauso luze bat zeukan, eta bertakoek esan zidaten: ‘Zergatik ez duzu probatzen Iñi Ameriketan? Urteak dira inork ez duela eskalatzen. Helduleku txikitxoak dira eta ondo joango zaizu’. Pentsatu nuen: probatu beharko dut ba». Aurtengo otsailean hasi zen bidea lantzen, mugimenduak bere erara egiten. Orduan Batxilergoko 2. mailan zegoenez, ona egiten zuen asteburuetan bakarrik joaten zen Baltzolara. «Apirilean eta maiatzean eroriko bakar batekin uzten nuen bidea. Blokeko pauso horretan jausten nintzen, baina hortxe neukan».
Kateatzearen ondoren, «hustuta»
Udaberriko hilabete haiek «gogorrak» izan zirela dio, batez ere psikologikoki. Sputnik taldean entrenatzaile dituen Ekhiotz Alsasua eta Pedro Berguarekin asko landu zuen alderdi hori. «Haiek ere eskalatzaileak dira, esperientzia handikoak, eta asko irakatsi zidaten frustrazioa nola kudeatu. Horrelako bideetan, indartsu egon behar duzu, jakina, baina buruak ezetz esaten badu, ez zara igoko. Buruak sekulako garrantzia dauka».
Udako oporraldia Frantziako Ceuse mendigunean igaro zuen, eskalatzen nola ez. «Oso eskola gogorra da hura, aseguruak urrun daude batetik bestera, eta hasiera apur bat zaila izan zen, baina joan nintzen neurria hartzen, eta iruditu zait asko ikasi dudala Ceusen». Horren seinale, oporretatik bueltan, abuztuko azken egunetan, llarduiako (Araba) Leze ahotzarraren inguruan egindakoa: lehenik, Txirrin Txarran bidea (8b+) eskalatu zuen bistaz, landu gabe alegia, eta egun berean Bongo X bidea (8c). «Nire bizitzako eskalada egunik onenetakoa izan zen. Bistaz zailtasun hori gainditzeak sekulako ilusioa egin zidan. Ikustea gai naizela landu gabe gradu hori gainditzeko, jabetzea eboluzio bat egon dela, kristorena izan zen». Munduan oso bakanak dira 8b+ zailtasuna bistaz egin duten neskak. Josune Bereziartu izan zen horretan ere lehena, 2006an.
Iraileko lehen astean berriro Baltzolan zen, Iñi Ameriketan saiatzen. «Urduri nengoen. Pentsatzen nuen: igual bat-batean dena galdu dut, ez naiz mugituko bidean eta hutsetik hasi beharko dut. Baina lehen saiakera hartan nahiko ondo ikusi nuen neure burua. Uda aurreko saialdietan bezala, blokeko mugimenduan jausi nintzen».
Biharamunean, irailak 7, berriro han zen, baina ez egun hartan egiteko asmoarekin, lantzen jarraitzeko asmoarekin baizik, urri aldera itzuli eta bete-betean saiatzeko. «Aldi berean, ordea, esperantza txiki bat banuen, eta, egia esan, borrokatzeko asmoz nindoan. Beroketak egin eta bidean sartu nintzenean, ez zen izan, ezta gutxiagorik ere, bidean hobekien sentitu nintzen eguna. Arraroa izan zen: ez nindoan oso zentratuta, baina bat-batean blokera heldu nintzen, eta gainditu egin nuen, eta esan nuen, 'ai ama, blokea gainditu dudala'. Inoiz baino urduriago jarri nintzen. Gero, ordea, asmatu nuen lasaitzen, eta oso inportantea izan zen hori, gora jarraitzeko. Azken metroetan, ja zailtasun nagusiak gaindituak nituenean, ez nuen sinisten. Aita zegoen aseguratzen, bera ere oso urduri. Egin nuenean esan zidan: saiakera bat egiteko gogoa kendu didazu, pasatu dudan tentsio guztiarekin orain ezin dut eskalatu».
«Arraroa izan zen: ez nindoan oso zentratuta, baina bat-batean blokera heldu nintzen, eta gainditu egin nuen. Ai ama. Inoiz baino urduriago jarri nintzen. Gero, ordea, asmatu nuen lasaitzen»
AINHIZE BELAREskalatzailea
Aita ez ezik, bera ere «hustuta» sentitu zen jaitsi zenean. «Etxera heldu eta zuzenean ohera joan nintzen. Une hartan ez neukan ezta emoziorik ere. Halako tentsioaren ostean, uste dut fisikoki ere lehertu egin nintzela. Hurrengo egunean hasi nintzen pixka bat hausnartzen, eskalatzen hasi nintzeneko txikitako argazkiak ikusten, eta konturatu nintzen zer bilakaera egon den, eta pentsatu nuen: begira, hauxe zen nire ametsa».
Euskal Herrian 9a+ zailtasuna gainditu duen lehen neska da Ainhize, eta mugarri hori ezartzea, noski, oso pozgarria izan da harentzat, baina «hori bezain pozgarria izan da» eskalatzaile osoagoa dela jabetzea; arestian Gaubea, gero Etxauri, hurrena Araotz, orain Baltzola… eskola eta bide mota ugaritan ondo molda daitekeela ikustea. «Oraintxe bertan, batez ere oso harro nago nire ibilbideaz: inoiz imajinatuko ez nukeen lekuetan behin ere imajinatuko ez nituzkeen bideak eskalatu ditut eta. Eboluzio hori ederra da».
Harkaitz eskaladan, oraintxe bertan, munduko onenen artean dago, 18 urterekin. Mundu osoan, dozena erdi emakume baino ez dira gai izan zailtasun hori eskalatzeko, eta horietatik lauk 9b zailtasuneko lerroak eskalatzea lortu dute. Hortxe dago sabaia. Eta Belarrek ere, dagoeneko, hortxe jarria du begia: «Ez dut zailtasun horretako biderik oraindik probatu. Badakit gradu honetan gero eta zailagoa dela hobetzea, baina ez dut mugarik jartzen, oso gogotsu nago, eta etorkizun ez oso urrunean, bai: probatu nahi dut 9b bat».
Angela Eiterrek 2017an eskalatu zuen emakumezkoen lehen 9b zailtasuneko bidea, La planta de Shiva, Villanueva del Rosario herrian (Malaga, Espainia), eta bide hori bera ere gustatuko litzaioke probatzea Belarri: «Jende askok esan dit, eta probatu beharko da. Orain, Euskal Herrian bertan, badut proiektu bat esku artean, eta udazkenean Katalunia aldera jo nahi dut. Gaur egun eskaladaren zentroa da Katalunia: Margalef, Siurana, Oliana... pila bat leku daude, eta uste dut han aukera gehiago izan dezakedala eskalatzaile moduan hazteko».
«Euskal Herrian eta Espainian egoera ez da batere ona, Europako hainbat herrialderen aldean. Europan, eskalatzaile asko, gizonezkoak nahiz emakumezkoak, profesionalak dira»
AINHIZE BELAREskalatzailea
Lehiatzen jarraitzeko asmoa ere badu, tarteka bederen, bere egutegian ondo egokitzen diren probetan, baina ez dira bere helburu nagusia izango. Los Angelesko hurrengo Olinpiar Jokoak, berriz, urruti ikusten ditu. «Txapelketetan lehiatzeko denbora askoz gehiago eskaini behar diozu barruan eskalatzeari, eta oraintxe bertan arrokak motibatzen nau, eta nahiago dut harkaitzean inbertitu nire denbora». Urre olinpikoa edo 9b bat aukeran jarrita, adibidez, «oraintxe bertan 9b bat» aukeratuko luke.
Profesionalizazioaren bidea ere ez dela samurra dio Belarrek: «Gehien laguntzen didana Sputnik taldea da. Entrenamendu guztiekin laguntzeaz gain, laguntza ekonomiko bat ere ematen dit, eta asko eskertzen dut. Trangok arropa ematen dit, Tenayak katu-oinak... baina Euskal Herrian eta Espainian egoera ez da batere ona, Europako hainbat herrialderen aldean. Europan, eskalatzaile asko, gizonezkoak nahiz emakumezkoak, profesionalak dira. Olinpiar Jokoekin ematen du kirol honek boom bat izan duela, jende gehiago dabil eskalatzen, markak ere hasi direla konturatzen, eta ea ba, apurka-apurka egoera hobetuz doan».