Mendia. Mendiko lasterketak. Jabi Olabarria. Mendiko lasterkaria

«Ez dut ikusten lasterketak uzteko eguna»

Euskal Mendizale Federazioak berriki eman dio, Oihana Kortazarrekin batera, 2011ko mendiko lasterkari onenaren saria. Aurten ere, gora eta behera ibiliko da korrika Jabi Olabarria.

2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Beteranoetako bat da Jabi Olabarria (Orozko, Bizkaia, 1971). Txiki-txikitatik hasi zen mendian korrika, Alzuaga baserrian zituzten behien atzetik. Ganadua Gorbeiako larreetara eramaten ere bizi-bizi joaten zen, eta ondoren kateatu zen mendi lasterketetara. Hamar urtetik gorako ibilian ehundik gora lasterketatan parte hartu du, eta milaka kilometro pilatu dituzte Olabarriaren zangoek. 2011. urtea berezia izan zuen: Munduko Kopan 3. sailkatu zen. Hori gogoan, aitortza egin dio berriki Euskal Mendizale Federazioak, mendi lasterketen 2011ko saria Oihana Kortazarri eta biei emanda.

Zer garrantzia ematen diozu EMFk egin dizun aitortzari?

Saria jasoko nuela jakin bezain pronto deitu nion federazioko teknikari Antxon Burciori, nirekin gogoratu izanagatik eskerrak emateko. Beste inork ez zuen nire iazko denboraldia aintzakotzat hartu, eta oso urte ona izan zela uste dut, hobetzeko oso zaila. Azken finean, lasterkari herrikoi bat naiz, eta harrotasunez eta esker onez jaso nuen saria.

Zure gisako beterano batekin akordatu dira, beraz.

Hamar urtetik gora daramatzat mendian korrika, eta Orozkon badira nire gisan dabiltzan beste hainbat ere. Halako aitortza ofizial bat polita da, baina ilusio gehiago egiten didate bestelako sariek. Iaz, adibidez, Pablo Gorostiagak Herrera de la Manchako espetxetik idatzi zidan postal bat. Nire berri egunkarietan izan zuela, eta zorionak emateko idatzi zidan. Laudioko alkate izan zen Gorostiaga, eta haren baserriaren ingurutik korrika nola pasatzen ginen gogoratzen zuela zioen gutunean. Hunkitu egin ninduen.

Besteak beste, iazko Munduko Kopan 3. sailkatu izana goraipatu zuten EMFren galan. 2011. urtea izan al zen zure ibilbideko osoena?

Lasterketa gehiago irabazi ditudan urteak badira, baina lasterketa bateko postuak ez du beti zauden maila adierazten. Zegama-Aizkorrin, esaterako, 5. eta 6. postuetan bukatu izan dut, baina 2005ean 9. helmugaratu nintzenekoa dut gogoan. Maila handiagoko lasterkariak zeuden urte hartan.

Espero al zenuen Munduko Kopako podiumera igotzea?

Espero nuela esango dut. Gogoz entrenatu nintzen, eta lagunek esaten zidaten Kilian Jornet eta Tofol Castañer, besteak beste, ez zirela kopan lehiatuko eta banituela aukerak. Horiek aurretik izango nituen lehiatu izan balira, baina haiek gabe besteok aukera izan dezakegu aurreko postuetan sailkatzeko.

Iazko urteari erreparatuz gero, zer lasterketak gogobete zintuen?

Europako Txapelketak, Suitzako Valmalenco-Valporchiavok. Zegama-Aizkorri jokatu eta bi astera izan zen; 31 kilometroko lasterketa zen. Espainiako selekzioko kideak han ziren, eta gu euskal selekzioarekin joan ginen, nahiz eta taldeka ez genuen parte hartzerik. Helmugara 7. postuan iritsi nintzen, eta Oier Ariznabarreta 9. sailkatu zen. Gure aurretik Espainiako selekzioko bi kide baino ez ziren iritsi, eta hori oso emaitza ona izan zen. Satisfazio handia hartu genuen Oierrek eta biok. Harreman ona dugu Espainiako selekzioko kideekin, baina baita nolabaiteko lehia bat ere.

Noiz hasi zinen mendi lasterketetan?

Badira hamabi bat urte. Orozkoko Josu Perurenaren eskutik hasi nintzen, hark kateatu ninduen mendiko lasterketetara. Pixkanaka joan ginen herrian talde bat osatzen, eta zortzi-hamar bat lagun bagabiltza orain Orozkon. Igandetan elkarrekin joaten gara entrenatzera, taldean, eta lasterketetara ere halaxe goaz askotan.

Gogoratzen al duzu lehenengo lasterketa zein izan zenuen?

Galarleiz mendi maratoia. Entrenatu gabe atera nintzen, eta lau orduan bukatu nahi nuen. Koitadua ni. Hasi eta bi ordura erretiratu egin nintzen, lesio bat nuela itxurak eginda [kar-kar]. Baserritarra naiz, eta mendizalea; prestatu gabe korrika ongi ibil nintekeela uste nuen, baina nekeak jota utzi nuen lasterketa. Ikasgaia izan nuen, eta jabetu nintzen entrenatzea ezinbestekoa dela. Hurrengo urtean itzuli, eta 8. sailkatu nintzen Galarleizen.

Ordutik zenbat kilometro, zenbat malda, zenbat lasterketa...

Ehundik gora lasterketa izango dira, eta milaka kilometro. Ez dut ikusten uzteko eguna. Kateatu egiten du honek, eta ezin dut utzi. Urteren batean konpromiso eta eginkizun gehiago izan ditut, lanean edo familiarekin, eta denbora gutxiago korrika egiteko. Baina batetik edo bestetik atera dut denbora. Ez dut gertu ikusten korrika egiteari uzteko eguna.

2012ari begira, zer asmo dituzu?

Jokoz kanpo gaude oraintxe. Euskal Mendizale Federazioan zuzendaritza aldatu dute, eta ez dakigu mendiko lasterketen taldeak zer laguntza izango dituen. Martxoan gaude, eta zalantza askorekin gaude.

Badira mendian lasterketak eta lehia gustuko ez dituztenak. Zer iritzi duzu?

Mendian guztiok dugula lekua. Ez dut ulertzen mendiko lasterketen aurka batzuk duten iritzia. Oker daudela uste dut, mendian guztiontzat dagoelako lekua. Ni neu naiz adibidea: baserriko semea naiz, abeltzaina izan nintzen, mendizale amorratua ere bai, eta azken urteetan korrika ari naiz. Mendi martxak daude, lasterketak daude... aukeratzekomodua dugu mendizaleok, eta urtetik urtera geroz eta gehiago dira korrika ari direnak. Federazioak hori kontuan hartu behar lukeela uste dut.

Igandean hasiko da lasterketen egutegi ofiziala, Azpeitiko Zuzenien bertikalarekin. Joatekoa al zara?

Lana daukat igandean, eta lana da lehenengoa, jatekoa ematen didana. Bertikaletan nahiko ongi moldatzen naizela uste dut, eta iaz Arlesen, Munduko Kopako lehenengoa, igoera bertikala jokatu zen, eta oso ongi aritu nintzen. Anboton ere Euskal Herriko txapeldunordea izan nintzen. Baina igandean lanera joan behar dut.

Lana aipatu duzula, nola moldatzen zara familia, entrenamendua eta lana uztartzeko?

Lasterketetan parte hartzen dugun askok ditugu bikotekidea, seme-alabak, lana... eta entrenatzeko denbora gutxi. Daukagun denbora horri zukua ateratzea da kontua. Nik hiru txandatara lan egiten dut, Amurrioko Tubacexen. Emazteak lan egiten du, eta bi seme ditugu, Lander eta Eneko. Batzuetan, gauez joaten naiz, kopetako argiarekin; beste batzuetan, umeak eskolan utzi ondoren. Egunero ordu eta laurden ateratzen saiatzen naiz, eta igande goizetan saio luzeagoa egiten. Afizioak merezi du ahalegin bat.

Zer ezaugarritako lasterkaria zara?

Lasterkari asko aurreratu nituen iaz maldan behera. Aurreko postuetan ibili nahi duenak eremu guztietan moldatu behar du ongi; goraka, beheraka, ordekan... baina denbora jaitsieretan irabazten da igoeretan bainoago. Zapatilak lurrera ongi eusten badira, eta tontorrera indarrarekin iritsiz gero, maldan behera ziztu batean eta dena ematera abiatu behar da.

Mendi lasterketak modan jarri dira. Zerk eragin du hori?

Gorbeian izan naiz gaur goizean entrenatzen, eta elurretan korrika ibili naiz. Gozatu egin dut, gozamena delako mendian korrika egitea, asfaltoan aritzea baino erakargarriagoa. Ez dut ezagutzen mendian korrika hasi eta kateatu ez den inor.

Euskal Herrian lasterketa asko eta asko daude. Zein duzu kuttunena?

Zegama-Aizkorri. Urte batean izan ezik, gainerako guztietan parte hartu dut; uztailera aurreratu zutenekoan egin nuen kale, Galarleizekin bat egiten zuelako. Gogoan dut lehenengo Zegama-Aizkorri koinatarekin egin nuela. Lasterketa polit asko ezagutu ditut Euskal Herrian —Galarleiz, Aloñako igoera...—, baina oraindik denak ez ditut ezagutzen. Behin bada ere, etxeko lasterketa guztiak korritu nahi nituzke.

Akaso indar hartzen ari diren ultra trailen bat probatzea falta duzu...

Aurten, Cavalls del Vent probatzeko gogoa dut. Adinean gora eginda, gauza desberdinak probatu nahi ditut, eta erakargarriak egiten zaizkit halakoak ere.

Prestaketa berezirik ba al duzu?

Urretxuko Santi Perezekin aritu nintzen duela urte batzuk, baina 41 urterekin nire progresiorako tartea bukatu da. Dudan sasoiari eustea dut kontua, eta urtetako eskarmentua dut lagungarri. Ez nituzke ahaztu nahi EMFtik laguntza ematen diguten Eneko, Kepa eta Jokin; gu ikusten gaituzte korrika, haien lana ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.