Ainhoa Sanz. Mendi korrikalaria

«Ez daukat dortsal bat jarri beharrik mendiaz gozatzeko»

Azken bi urteetan, ia ez da mendi lasterketetan lehiatu Ainhoa Sanz. Lesioak izan dira haren gurutze bidea azken boladan, eta haiek ahaztu nahian dabil duela sei hilabetetik. Gogoz dago 2019an egin zuen denboraldiaren gisako bat berriz egiteko.

UNAI UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
Zumarraga
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Kroseko denboraldi bete-betean dabil Ainhoa Sanz mendi korrikalaria (Urretxu, Gipuzkoa, 1989) azken hilabete eta erdian, eta tunelaren amaieran argi izpiak ikusten hasia da. Mendi lasterketez hitz egiten hastean, garai bateko oroitzapenak etortzen zaizkio burura Sanzi. Etorkizunera begira, oraindik ez du azken hitza esan.

Lesioek ez dizute asko lagundu azken urteetan. Gaur egun zer moduz zaude?

Konfinamenduaz geroztik, ez dut bururik altxatu! Lehenik, gerriko arazo batzuengatik, ez nuen ondo zapaltzen, eta horrek oin zolako fasziitis bat sortu zidan. Gero, iskioko arazo batzuekin hasi nintzen, eta, ondoren, Bakerren kiste bat izan nuen belaun atzean. Traumatologoak esaten zidan horrekin bizitzen ikasi behar nuela! Oinez ibiltzeko ere arazoak nituen. Denetik probatu nuen: fisio eta tratamendu ezberdinak, barne zola berriak... Azkenean, Mikel Sanchezengana jo behar izan nuen, Gasteizera. Xiringa batekin bertan neukan likidoa atera zidan. Hor amaitu ziren amesgaiztoak. Denera sei hilabete eman nituen geldirik.

Oraindik ere oinazeekin jarraitzenal duzu?

Egunak ditut. Batzuetan, ondo jaikitzen naiz, baina, beste batzuetan, ederki gogoratzen naiz bezperan egindako entrenamenduaz. Nabaritzen dut gorputza ez duela ondo errekuperatzen. Gaur egun, ordu eta erdiko lan batetik pasatzen banaiz, asko igartzen dut: ez noa ondo. Handik aurrera egindako lanagatik hustutaamaitzen dut. Lehen, aldiz, bi edo hiru ordu igaro nitzakeen ezer jan eta edan gabe. Orain gutxi, nutrizionista batekin hasteko hautua egin dut, ea zerbait hobetu dezakedan alde horretatik. Gorputza bere onera ekarri nahi dut, eta horretarako urte bat, bi edo hiru behar baditut, ez da ezer pasatuko. Aurtengo urtea trantsizio moduan hartu nahi dut.

Kroseko denboraldian lehiatzen hasi zara, behintzat.

Bai, lasterketa egunerako gordetzen ditut nire indar guztiak! Oraingoz, Amorebietakoa [Bizkaia], Lasartekoa [Gipuzkoa], Arratekoa [Eibar, Gipuzkoa] eta Atapuercakoa [Burgos, Espainia] korritu ditut. Ez naiz denetan ondo sentitu, baina erretiratu ere ez naiz egin. Abiaduraz apal nabil, baina indarrak salbatzen nau. Hori bai, hurrengo egunetan lanak izaten ditut! Abduktoreak asko kargatzen zaizkit, eta oraindik ez dakit zergatik den. Osasun proba asko egiten ari naiz azkenaldian, horrelako arazoren batengatik den jakiteko. COVID-19a ere pasatu nuen, eta hartatik osatzea ere asko kostatu zait.

Gauzei buelta asko eman al dizkiezu denbora honetan?

Lehen lesio haiekin, bai. Korrika egin nahi nuen,baita besteko gauzak ere... Baina ondorengo lesio hauek banekien denbora beharko zutela. Ondo errekuperatu behar nuela argi neukan; bestela, beti azaltzen dira berriro, eta hori psikologikoki gogorragoa izaten da. Gauzak lasaixeago hartzen saiatu naiz, eta gauza ezberdinak egin ditut: esaterako, bizikletan ibili eta igeri egin.

Gaur egun nola ari zara entrenatzen?

Astean bi egunez mendira joaten naiz korrika egitera; baina, horrez gain, gauza ezberdin asko egiten ari naiz: esaterako, lasterketarako teknika. Lehen inoiz ez nuen lantzen, denbora galtzea zela pentsatzen nuelako. Alde horretatik asko hobetu dut. Besoak ondo erabiltzen ikasten ari naiz, koordinazioa lantzen... Txikitan egin gabeko gauza guztiak egiten ari naiz orain. Ez naiz amore azkar ematen duten horietakoa.

Azken urteetan zure babesle nagusi izan den Salomon taldea uzterazoaz. Zergatik?

Azken urtean ez dut emaitza onik izan, eta badakigu denok horrek zer ekartzen duen. Horrez gain, aurten ez dakit ziur zer egingo dudan oraindik, eta nik ez jarraitzeko hautua egin dute haiek. Ni ere antzeko zerbait pentsatzen hasita nengoen, alegia, taldea utzi nahi nuela. Iaz taldean jarraitzeko aukera eman zidaten, baina ezin izan dut korrikarik egin urte guztian zehar. Salomon bezalako talde batean jarraitzeko, ia ezinezkoa da bi urte korrikarik egin gabe egotea.

Lau urteko ibilbidea egin duzu taldean.

Bai, 2019an hasi nintzen haiekin lehiatzen. Halere, haiek antolatzen duten Golden Trail Series zirkuituan ez naiz inoiz lehiatu. Nire kasara ibili izan naiz urte hauetan guztietan. Nik argi izan dut beti, lehenik, nik egin nahi nituen lasterketak jokatuko nituela, eta, ondoren aukerarik balego, haien zirkuituko lasterketaren bat jokatuko nuela. Garbi izan dut beti zirkuitu guztia ez nuela egingo. Niretzat ez zen bideragarria osorik egitea.

Horretarako, apustu garbia egin behar al da arreta osoa mendi lasterketetara bideratzeko?

Lan batean baldin bazabiltza, behintzat, oso zaila da haien zirkuitu guztia jokatzea. Lan askotan ez dituzte horretarako egunak ematen, bidaia asko dira, egun libreak behar dira...

Gaur egun, mendi lasterketetatik bizitzeko, korrika egiteaz gain beste hainbeste gauza ere egin behar dira; esaterako, jarraipena sare sozialetan.

Ez naizzerbait egin eta sare sozialetara igotzen duten horietakoa. Ezagutzen nautenek badakite benetan nolakoa naizen. Sare sozialak erabiltzen ditut, sarritan, leku berriak jendeari ezagutarazteko, eta materialaren propaganda egiteko.

Salomonera itzultzeko aukerarik izango duzu etorkizunean?

Iruditzen zait taldera itzultzeko aukera izango dudala. Hasiera batean bi aldeen artean hartutako erabakia izan da. Nire aldetik, behintzat, ez ditut ateak itxi. Pena ematen dit taldea uzteak.

Oso korrikalari ezaguna zaren arren, urte gutxi daramatzazu mendi lasterketetan. Nola gogoratzen dituzu lehen mendi lasterketak?

2018an hasi nintzen mendi lasterketetan. Goierriko Kopako zirkuituko bi probekin hasi nintzela oroitzen dut; Segura-Zerain eta Leharrei Mendi Lasterketa [Gabiria, Gipuzkoa]. Ondoren, maiatzean, laugarren sailkatu nintzen Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalean, eta Atletismo Federazioko Espainiako Txapelketan bigarren sailkatu nintzen. Betidanik mendian ibilitakoa nintzen, eta korrika ere zerbait aritzen nintzen. Atletismotik nentorren, eta ez zitzaidan asko kostatu mendiko lasterketei tamaina hartzea. Aurretik nirekin lan oso ona egin zutela erakusten du horrek, nire ustez.

Lehiatzen hastearekin batera hasi zinen lasterketak irabazten, ezta?

Bai. Aipatu bezala, lehen bi lasterketak irabazteko aukera izan nuen lehen urte hartan. Ondoren, 2019an, jokatutako hamar lasterketetatik zortzi irabazi nituen; tartean, Berako [Nafarroa] mendi lasterketa, Zegamako Kilometro Bertikala, Ultra Pirineu [Baga, Herrialde Katalanak], eta Otañesen [Kantabria, Espainia] jokatutako Espainiako Txapelketa. Izugarrizko urtea izan zen! Horrez gain, hirugarren izan nintzen Italiako Europako txapelketan, eta seigarren amaitu nuen Argentinan jokatutako Atletismoko Munduko txapelketan. Ezin nuen gehiago eskatu.

Zer oroitzapen dituzu lasterketa haietaz?

Oso-oso lasai ateratzen nintzela gogoratzen dut. Jolas bat besterik ez zen hura, eta gaur egun ere horrela da. Oso solte korritzen nuen, eta oso gustura ibili nintzen urte haietan. Igotzen bikain moldatzen nintzen. Hasi nintzenean, asmo bakarra neukan:egun batean Zegama-Aizkorriko maratoia lehiatzea. Gaur egun oso urruti ikusten dut Zegama-Aizkorri, baina ez dut esperantza galdu egunen batean han lehiatzeko.

Europako Txapelketa ere irabaztear egon zinen 2019an.

Bai, La Veia Skyrace [Italia] lasterketan izan zen. 30 kilometro inguruko lasterketa zen hura, eta oso ondo prestatzeko aukera izan nuen. Oso kontzentratuta pasatu nituen egun batzuk: ondo entrenatu, atseden hartu... Oso indartsu nengoen garai hartan, eta hirugarren amaitu nuen. Ondoren, Argentinako mundialera ere joan nintzen. Maratoi distantziako lasterketa izan zen hura, nire lehen maratoia eta azkena. Oso-oso gaizki pasatu nuen, eta ia ez nuen jan eta edan. Izugarrizko txakalaldiarekin amaitu nuen, eta inoiz baino okerrago iritsi nintzen helmugara.

Iruditzen zaizu jendea zutaz ahaztudela azken bi urteetako etenaldiaren ondoren? Nola sentitzen zara?

Baietz esango nuke. Mendi lasterketen munduan ere interes asko dago, eta horrelakoetan konturatzen zara zein diren benetako lagunak. Oso jende gutxi dago benetan laguntzeko prest. Horrelako gauzetatik ere izugarri ikasten da.

Erronkak oso ondo finkatzen dituzten horietakoa omen zara. Hainbesterako?

Bai. Beti horrela egin izan dut, eta oraindik ere horrela jarraitzen dut. Egutegi motzak gustatzen zaizkit, eta,aldi berean, helburuak ondo betetzea. Lasterketak egiteagatik egitea ez dut batere gustuko. Ez naiz dortsalak askotan jarri zalea. Agian, atletismotik datorkidan zerbait da.

Zein izango da 2023rako asmoa?

Gorputza bere onera ekartzea eta lehiakorra izatea da lehen helburua, gorputzari kasu eginez. Argi daukadana zera da: ez naizela maratoi distantziako lasterketetan arituko. Distantzia motzagoetan lehiatuko naiz. Hasiera batean, kilometro bertikaletan eta 25 kilometrorainoko distantzian ibiliko naiz. Maratoi distantziak astindu handia ematen dio gorputzari, eta gauzak ere ez ditut oso ondo egiten, gainera. Gaur-gaurkoz ez daukat gorputza estutzeko moduan. Kroseko denboraldia amaituko dut lehenbizi, eta gero gerokoak. Espainiako Txapelketara joateko sailkatzen bagara, bertan izango naiz. Ondoren, Atletismoko Federazioko Espainiako Kilometro Bertikala jokatzeko asmoa daukat Ojosen [Murtzia, Espainia], otsailaren 18an.

Kilometro Bertikalen zirkuitua osatzea izan daiteke aurtengo erronketako bat?

Izan daiteke, bai. Zegamakoa berriro egitea ere gustatuko litzaidake. Halere, ez dizkiet buelta asko eman nahi lasterketei. Mendiaz gozatzeko, ez daukat dortsal bat jarri beharrik, gainera. Entrenatzera joateko ere ez daukat helburu jakin bat izan beharrik: gozatu egiten dut entrenatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.