Everesti besarkatuta betiko

1924ko ekainaren 8an, orain 100 urte, George Mallory eta Andrew Irvine 8.600 metrotan ikusi zituzten azkenekoz, Everest gailurrerako bidean. Iritsi ote ziren? Enigmak hor dirau. Irvineren gorpua eta Kodak kamera agertu artean nekez argituko da misterioa.

 George Mallory eta Andrew Irvineren azken argazkia, 1924ko ekainaren 6koa, biak Ipar Lepotik abiatzeko unean. NOEL ODELL / ROYAL GOGRAPHICAL SOCIETY
George Mallory eta Andrew Irvineren azken argazkia, 1924ko ekainaren 6koa, biak Ipar Lepotik abiatzeko unean. NOEL ODELL / ROYAL GOGRAPHICAL SOCIETY
ramon olasagasti
2024ko ekainaren 5a
05:00
Entzun

Conrad Anker alpinista estatubatuarra harri eta zur geratu zen 1999ko udaberrian, orain 25 urte justu, begien aurrean ikusi zuenarekin: Everesten ipar aurpegian, 8.200 inguruan, orban zuri bat begiztatu zuen, «inguruko harriak baino zuriagoa». Hurbildu ahala, gorpu bat zela jabetu zen, baina «hilotz hark denbora asko zeraman han», haren hitzetan: momifikatuta zegoen. Eta bota iltzedunak zeramatzan, Bigarren Mundu Gerran kranpoiak asmatu aurrekoak. Eta Everesten ipar aurpegian, bi pertsona baino ez ziren hil 1924 eta 1938 artean: George Leigh Mallory eta Andrew Irvine Sandy. Beraz, bietako bat zen ezinbestean: Mallory edo Irvine.

Mallory & Irvine Research espedizioko kidea zen Anker, haien gorpuak bilatzeko berariaz antolatutako espedizioko kidea. Berehala hurbildu zitzaizkion Jake Norton eta Dave Hahn taldekideak. «75 urtez mendiari besarkatuta egon zela zirudien. Marmolezko estatua greziar edo erromatar bati begira nengoela iruditu zitzaidan», adierazi zuen Hahnek. Haren bakea urratzeak erreparo handia sortu zien, baina azken batean, hartara joanak ziren, Mallory eta Irvine aurkitzera, eta, hori baino gehiago, 1924ko espedizio hartan Everest tontorrera iritsi ziren jakitera. Horretarako modu bakarra zegoen: Irvine eta Malloryk zeramaten Kodak Vest Pocket kamera aurkitzea. Alpinismoaren Grial Santua. Kodak etxeko teknikariek esan zieten filma, hainbat hamarkadatan izoztua, berreskura zitekeela, baldin eta kamerak berak ez bazuen kalterik jasan. Irudiak errebelatzea lortuz gero, agian haien artean egongo zen gailurreko argazkia.

1924ko espedizio britainiarra
1924ko espedizio britainiarra. Zutik, ezker-eskuin: Andrew Irvine, George Mallory, Edward Norton, Noel Odell eta John MacDonald. Eserita, ezker-eskuin: Edward Shebbeare, Geoffrey Bruce, Howard Somervell eta Bentley Beetham. Argazkian ez dira ageri Charles Bruce jenerala, John Noel, John de Vere Hazard eta Richard Hingston. JOHN NOEL PHOTOGRAPHIC COLLECTION

1924ko ekainaren 8an, oraintxe ehun urte, Mallory eta Irvine VI. kanpalekutik (8.230 m) abiatu ziren Everest gailurrerantz. Azken saiakera horretarako, Malloryk (37 urte) Irvine gaztea (21 urte) aukeratu zuen sokalagun, hura baitzen oxigeno ekipoak maneiatzen hobekien moldatzen zena. Egun berean, Noel Odell, geologoa bera, kanpaleku bat beheragotik abiatu zen gorantz, zenbait azterketa egiteko eta goiko biei babesa emateko asmoz. Terralak biltzen zuen mendiaren gailur aldea. 12:50ean, ordea, argiune bat sortu zen, eta begitazio bat nola, ertz osoa eta Everest tontorra agerian geratu ziren. Hala deskribatu zuen Odellek une hartan, urrunera, ikusi ahal izan zuena: «Nire begiek orban beltz bati erreparatu zioten; elur gandor txiki bat ebakitzen zuen orbanak, harkaitz eskailera baten azpian. Puntu beltz hura mugitu egin zen. Atzetik, beste puntu beltz batek elurretan gora egin zuen, eta bat egin zuen bestearekin gandorrean. Lehenak harkaitz eskailera handian gora egin zuen gero, eta bigarrenak ere gauza bera egin zuen. Une horretan, ikuspegi liluragarri hura desagertu egin zen, lainoak bilduta, beste behin». Hitz horiexekin hauspotu zuen Odellek Himalaiaren historiako inoizko enigmarik handiena.

«Gaur egun hiperinformazioaren munduan bizi gara, baina orduan ez zekiten nolako mendia zen, zer zailtasun zituen, nondik igoko ziren...».

JUAN RAMON MADARIAGAAlpinista eta idazlea

«Mallory da!»

Mallory eta Irvine 8.600 metro inguruan zeuden Odellek ikusi zituenean, eta gorantz zihoazen. Gailurrerantz. Inork ez zituen berriz ikusi, bizirik ez behintzat. Hortik aurrerakoak, egiak bainoago, zalantzaz josiriko itzulinguruen hegiak dira. Hamaika hipotesiren ertz labainkorrak. Askoren iritziz, Malloryk eta Irvinek, garai hartako materialarekin, nekez gaindi zezaketen ipar-ekialdeko ertzeko bigarren eskailera maila. Beste hainbatek dio, ordea, litekeena dela gailurrera iritsi eta beherakoan amildu izana. Juan Ramon Madariaga alpinista eta idazleak (Bilbo, 1962), esaterako, ez du aukera hori baztertzen. Madariagak ondo ezagutzen du Everest –97an han izan zen, eta 2008an jo zuen gailurra–, baita Irvine eta Malloryren historia ere –Espedizioa liburuan haiei buruzko lerro ederrak idatzi zituen–, eta, esaterako, balio handia ematen dio Odellen testigantzari: «Hark ikusi zituen azkeneko aldiz, eta esan zuen irits zitezkeela tontorrera. Bera han zegoen, bazekien zein ziren taldekideak, bazekien zer prestakuntza eta ahalmen zuten, bazekien nola ibili ziren espedizio osoan zehar, zer energia zeukaten, zerk bultzatzen zituen... eta han gorantz zihoazela ikusirik ‘nik uste iritsiko direla’ esatea, niretzat hori da daturik sinesgarriena».

Conrad Ankerrek eta Mallory & Irvine Research espedizioko gainerako kideek hasieran uste izan zuten 1999an aurkitutako gorpua Irvine gaztearena zela. Izan ere, 1933ko espedizio batean, Percy Wyn-Harris alpinistak Irvineren pioleta aurkitu zuen lekuaren bertikal berean zegoen, metro batzuk beherago. Baina gorpua aztertzen hasi orduko, alkandoraren etiketan, Malloryren izena irakurri zuten. Mallory bera zen. 75 urte zeramatzan mendiari besarkatuta. Hil aurreko urteak ere munduko mendirik altuenari besarkatuta eman zituen Malloryk: 1924koa britainiarren hirugarren espedizioa zen Everestera, 1921ekoaren eta 1922koaren ondoren, eta hiruretan parte hartu zuen bakarra izan zen Mallory. Gorpuari buelta emanda, Anker eta konpainia harrituta geratu ziren haren hazpegiak zein erraz identifika zitezkeen. Hainbat altxor aurkitu zituzten Malloryren patriketan: eskumuturreko erlojua, eguzkitako betaurrekoak, apurtutako altimetro bat, pospolo kaxa bat, arkatz bat, labana bat... Baina Kodak argazki kameraren arrastorik ez, eta Ruth emaztearen argazkirik ere ez. Emaztearen argazkia gailurrean uzteko asmoa zuen Malloryk.

GEORGE MALLORYREN GORPUAN AURKITUTAKOAK
George Malloryren gorpuan aurkitutakoak. MALLORY & IRVINE RESEARCH EXPEDITION

Gailurretik behera jaisten ari zirela iluna gainera etorri eta horregatik gorde ote zituen Malloryk eguzkitako betaurrekoak jakan? Emaztearen argazkia tontorrean utzi zuen eta horregatik ez ote zegoen haren patrikan? Erantzunik gabeko galderak dira, enigmaren eta mitoaren hondo sakonean haztaka dabiltzan itaunak. Bernadette McDonald (Biggar, Kanada, 1951), mendiko literaturako eta mendiko kulturako aditurik handienetako bat da, hainbat urtez Banffeko mendi zinemaldiaren zuzendari izandakoa eta dozenatik gora mendi liburu idatzitakoa, besteak beste Freedom Climbers eta Alpine Warriors entzutetsuak. BERRIAren galderei erantzunez, McDonald bat dator iritzi zabalduenarekin: «Misterioa argitzeko egin diren espedizio, ikerketa eta hipotesi guztiak aintzat hartuta, ez da ezinezkoa gailurra jo izana, baina uste dut ez dela oso probablea».

Jabi Baraiazarra (Bilbo, 1961) Mendi Film jaialdiko zuzendariak, «umiltasun guztiarekin», ez du irizpide argirik esateko igo ziren ala ez. «Nik atea zabalik uzten dut; horretan bat nator, adibidez, Sebastian Alvaro Al filo de lo imposible saioko zuzendariarekin. Hark esaten du gaur egun ditugun baliabideekin eta daukagun informazio eta esperientzia guztiarekin ezin dugula ezeztatu gailurrera iritsi zirenik».

Juan Ramon Madariaga, Jabi Baraiazarra eta Bernadette McDonald
Juan Ramon Madariaga, Jabi Baraiazarra eta Bernadette McDonald. MENDI FILM FESTIVAL

Irvine eta Malloryren misterioari buruzko hainbat film gogoangarri ikusi ditu Baraizarrak, baina guztietan zirrararik handiena eragin diona 1924. urtean bertan John Noel taldekideak zuzendutako pelikula da, Epic of Everest. «British Film Institutek berregindako bertsioa ikusi nuen, zuzeneko musikarekin, eta, egia esateko, inoiz ikusi dudan dokumental onenetakoa da. Badira xehetasun harrigarriak: Noelek garai hartako 8.000 libra jarri zituen espedizioa finantzatzeko, dokumentala egiteko primiziaren truke, eta filmak milioi bat ikusle izan zituen estreinatu eta urtebetera. Dokumental hutsa izan gabe, Noelek fikzioarekin jokatu zuen, tentsioa eman zion kontakizunari, eta film bikaina ondu zuen».

«Umiltasun guztiarekin, ez dut irizpide argirik esateko igo ziren ala ez. Nik atea zabalik uzten dut».

JABI BARAIAZARRAMendi Film jaialdiko zuzendaria
Mallory-Irvine
Mallory eta Irvineren enigmari loturiko zenbait mugarri.

Kamera eta menturazaleen sasoia

Irvineren gorpua edo Kodak kamera agertzen ez diren artean, enigmak beste ehun, berrehun, mila urtez iraungo du. «Eta horrek ere badu bere xarma», Bernadette McDonalden iritziz: «Nik nahiago nuke aurkituko ez balute. Misterioak erakargarriago egiten du historia, eta galderak irauten duen artean, jarraituko dugu gerta zitekeenari buruz gogoetatzen. Gustuko dut hori». Madariagaren irudiko, berriz, «korapiloa askatzea ere ederra litzateke». Eta Baraizarrari ere «izugarri» gustatuko litzaioke kamera aurkitzea eta argazkiak errebelatzeko moduan egotea. «Kamera aurkitzen den lekuak jada azalpen batzuk emango lizkiguke, eta kameraren barneko negatiboak, errebelatzeko aukerarik izango balitz, erakutsiko liguke zein izan ziren hartutako azken irudiak. Imajinatu tontorreko irudiak direla; hala balitz, misterioa argituko litzateke eta historia berridatzi beharko litzateke, baina jo dezagun bigarren eskailera mailaren gainetik hartutako irudiak direla; horrek esan nahiko luke ez zirela heldu?», utzi du galdera airean Baraiazarrak.

«Abenturaren zentzua, esplorazio egarria, inor iritsi ez den goietara iristeko desira eta erabat ezezaguna den horren aurreko esposizioa, hori guztia inor gutxik sentitu ahal izango du berriro Everesten. Zentzu askotan, lehen esploratzaile haiek zortedunak izan ziren, baina baita oso ausartak ere».

BERNADETTE MCDONALD Idazlea

Izan ere, Baraiazarraren iritziz, ederra litzateke egunen batean kamera aurkitzea, enigma argitzea eta galderari baietz edo ezetz erantzungo liokeen behin betiko dokumentala filmatzea, «baina historia berez da handia, tontorrera iritsi ala ez iritsi; ez dakit, egiaz, gailurra jo zuten ala ez jakiteak datuaz aparte balio gehigarririk emango liokeen historiari berari edo balizko dokumental horri». Hari beretik, Madariagak ere gailurrera iritsi izanari baino garrantzi handiagoa ematen dio abiatzeko kuraia izateari. «Garai hartan, Himalaiako mendiak igo gabe zeuden, eta pentsatzea, adorez edo ezjakintasunez, altuena igotzeko gai izan zitezkeela, niretzat hori da harrigarriena. Gaur egun hiperinformazioaren munduan bizi gara, baina orduan ez zekiten nolako mendia zen, zer zailtasun zituen, nondik igoko ziren... Hortaz, konbentzimendu horrekin abiatzea, eta azkeneko kanpalekuan esatea 'bai, bagoaz gailurrerantz', ausardia hori, niretzat izugarria da. Gaur egun, aukera hori izatea zoragarria litzateke, baina, zoritxarrez, himalaismoa bukatu da. Begiratu zer bihurtu den Everest!».

1924ko Everesteko espedizio britainiarra
Malloryren gorpua 1999an aurkitu zuten, momifikatuta. Ondoan, haren bota iltzeduna. JAKE NORTON / MALLORY & IRVINE RESEARCH EXPEDITION

Ezinezko bati besarkatuta bizi ziren menturazale haien sasoia bukatu da, poetak idatzi eta abeslariak kantatu zuen bezala. McDonald ados da: «Abenturaren zentzua, esplorazio egarria, inor iritsi ez den goietara iristeko desira eta erabat ezezaguna den horren aurreko esposizioa, hori guztia inor gutxik sentitu ahal izango du berriro Everesten. Zentzu askotan, lehen esploratzaile haiek zortedunak izan ziren, baina baita oso ausartak ere».

Idazlea den aldetik, enigma horri edo Irvine eta Malloryren historiari amaiera bat eman beharko balio, Madariagak garbi du epikaren bidetik joko lukeela: «Idatziko nuke, agian, iritsi zirela gailurrera, baina jabetu zirela bizitza osoa Everest tontorrera iristeko ahaleginean eman ondoren, erabat lehertuta, haien bizitzan ez zela izango goragoko unerik: ‘kito, guretzat dena amaitu da, iritsi gara nahi genuen tokira, eta zertarako itzuli bizitza arruntera, gurea abentura hutsa izan bada. Gera gaitezen hemen’». Mendiari besarkatuta, Conrad Ankerrek Mallory aurkitu zuen bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.