Mendia. Pako Iriondo

Euskal mendizaleen gidari

Euskal Mendizale Federazioaren lehendakari eta Elgoibarko Morkaiko mendizale elkartearen sortzaile izan zen, besteak beste, Pako Iriondo. 87 urterekin, iragan larunbatean hil zen, bizia mendiari eman zion gizona.

Pako Iriondo mendizalea eta Euskal Mendizale Federazioko ohorezko presidentea, 2010eko urrian ateratako argazki batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Lendinez
Elgoibar
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Lanean hasi nintzenean, hamahiru urterekin, zorte handia eduki nuen. Mendizale jator bat neukan lankide, eta harekin joaten nintzen Izarraitzera eta Kalamua aldera... Eta horrela hasi nintzen». Pako Iriondo zenaren hitzak dira, 2010eko azaroan, Juan Martin Elexpuru bergarar idazleak eginiko elkarrizketa batean.

Iragan larunbatean hil zen Pako Iriondo mendizalea, hainbat hilabete erietxean igaro eta gero. Asteartean egin zituzten hileta elizkizunak, eta, Iriondoren nahia betez, Morkaiko mendizale elkartean bidelagun izan zuen Jose Ignacio Sarasuak antolatu zuen elizkizuna. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Alberto Iñurrategi, Josu Bereziartua, Iosu Iztueta, Joan Garrigos eta beste hainbat lagun eta mendizale. Mendizaleen martxa-ren doinura, piolet eta bastoiekin osatutako ohorezko arkutik igaro ziren Iriondoren errautsak.

1926ko urriaren 13an jaio zen Pako Iriondo Lizarralde, Sebitas, Elgoibarren. 13 urterekin eskola utzi eta arotzeriarako makinak egiten zituen lantegi batean hasi zen mandatari. Orduan sortu zitzaion mendizaletasuna elgoibartarrari. Lankide eta lagunekin Eup! taldea osatu, eta Euskal Herriko mendietara joaten hasi zen. Autobusez edo kamioietan joaten ziren orduan: Aizkorrira, Aralarrera, Gorbeiara...

Frankismoaren osteko lehen urteak ziren eta Eup! izena iraultzaileegia zela eta, 1943an Morkaiko mendizale elkartea sortu zuten Iriondok eta lagunek.

Soldaduskatik itzuli eta gutxira, 1953an, elkarteko hainbat kide laguntza eske joan zitzaizkion Iriondori. Presidente kargua hartzeko eskatu zioten. Sebastian Uribe lagun eta mendizaleak ondo gogoan du hastapen hura. «Bazkideen zerrenda etxez etxe zabaldu genuen, 1.500 bazkide lortu arte. Elgoibarren hamar mila lagun bizi ziren garai hartan, eta futbol taldeak baino bazkide gehiago lortu zituen Morkaikok. Euskal Herriko mendi elkarte handienen artean hirugarrena zen, Bilboko Club Alpino eta Gasteizko Manuel Iradier taldeen atzetik», azaldu du.

Eibarko Klub Deportiboarekin elkarlanean Europako Mendietara egin zuten lehen irteera, Pirinioetara ere bai gero. «Mendian gauzarik ederrena elkarri laguntzea izan da beti», esan ohi zuen Iriondok. Hark gidatutako irteeretan elkarrekin joaten ziren taldekide guztiak, eta estualdietan ez zuen inolako zalantzarik izaten atzera egiteko. Mendia ulertzeko zeukan modu horrekin jende asko erakarri zuen Iriondok, tartean Regina Arrieta mendizale eta laguna ere: «Egun niri mendia hainbeste gustatzea Pakoren errua da», aitortu du. «Haren erronka eta obsesioa izaten zen denontzako moduko planak egitea, eta denok lortzea helburua, betiere segurtasuna zainduta», esan du Arrietak.

Federazioan, presidente

Bi omen ziren Iriondoren helburu nagusiak: «Mendiaz disfrutatzea eta tontorrera igotzea», eta txangoaren bukaeran balantzea egitea gustatzen omen zitzaion: «Hamabost joan gara, eta hamabostak igo gara tontorrera!», esaten omen zuen. Horretarako, baina, taldeari ematen omen zion garrantzia. «Polikien zihoana jartzen zuen lehena, eta haren atzetik denok lagunarteaz eta inguruaz gozatzen joaten ginen. Mendian gozatzen erakutsi zigun Pakok», esan du Arrietak.

1959an utzi zuen Morkaikoko lehendakaritza Iriondok, baina beti egon da taldetik gertu, «edozertan laguntzeko prest». Hala azaldu du Andoitz Agirregomezkortak, Morkaiko mendizale elkartekoak: «Eskerrak eman besterik ez zaigu geratzen. Elkartean sartu ginenetik gure ondoan izan zen gomendioak ematen. Beti esaten zigun denok batera egin behar genuela aurrera, eta lana zela sekretu bakarra».

1971ko abenduaren 19an izendatu zuten Iriondo Euskal Mendizale Federazioko presidente. Bulegorik ez eta herriko harakinak utzitako lokal batean hasi zen lanean. Hastapenak, baina, ez ziren errazak izan.

Everesteko lehen espedizioa (Tximist, 1973) prestatzeko lanetan, zenbait euskal herritar Peruko Andeetara joan ziren 1967an. Frankismo garaia zen, ikurrina debekatuta zegoen, eta hango mendietan ateratako argazkietan ikurrina agertu izanak hautsak harrotu zituen. Ataka estuan zegoen Euskal Mendizale Federazioa eta orduko presidenteak, Pedro Otegik, Iriondoren laguntzaz lortu zuen agintarien haserrea baretzea. Pyrenaica aldizkaria ere orduan desagertu zen. Lau urte geroago bozketaz aukeratu zuten Iriondo lehendakari. Aurrekoek utzitako zorrak kitatu, Pyrenaica aldizkaria berriro martxan jarri eta Andeetako bidaiak eragindako zalaparta konpontzea izan ziren elgoibartarraren lehen zereginak.

Iriondo presidente izan zen garaian, Euskal Herriko mendizaleek berriz ere egin zuten jauzi mendi garaietara. Besteak beste, 1973an Tximist espedizioak Everesteko hego lepora iristea lortu zuen, 1979an Nafarroako espedizio batek Dhaulagiri (8.167 m) zapaldu zuen eta 1980an Martin Zabaletak Everest (8.848 m) igo zuen.

Euskal Herriko mendizaleengandik gertu egon da beti. «Anaia eta biok Himalaiatik etxera itzultzen ginenean, Pako han egoten zen beti, Aretxabaletan, ongietorria egiteko. Haren emazte zenak ere beti esaten zigun gure alde kandela bat piztu zuela», dio Alberto Iñurrategi mendizaleak.

Garai bereko oroitzapenak ditu Juanito Oiarzabal mendizaleak ere: «Oso harreman estua izan nuen Pakorekin. Gogoan daukat orain urte batzuk Annapurnako pasarte gogor hura izan nuenean, gutun bat bidali zidala, animoak emateko. Iñurrategi anaiak eta hirurok Iriondoren seme kutunak ginen, asko maite gintuen», azaldu du.

Zegama-Aizkorrin laguntzaile

Edurne Pasaban mendizaleak ere maitasunez gogoratu du Iriondo: «Lan handia egin zuen euskal mendizaletasunaren alde, eta beti eskertuko diot nigan sinetsi zuelako. Asko lagundu zidan», azaldu du mendizale tolosarrak. Ez dira bakarrak. Iriondok beti esan ohi zuen bere etxea «museo txiki bat» zela, mendi garaietan ibilitako euskal herritarrek oparitutako makina bat oroigarri baitzeuzkan gordeta. Bost urte egin zituen Euskal Mendizale Federazioan lehendakari, 1976ra arte.

1986an berriz eskatu zioten federazioko gidaritza hartzeko. Urte eta erdirako deitu zioten, baina 14 urte urte egin zituen karguan. 1974an Aragoiko Pirinioetan eraikitzen hasi ziren Piedrafitako aterpetxea amaitzen laguntzea izan zen egin zuen lehen gauza.

Iriondo izan da Euskal Mendizale Federazioan lehendakari karguan urte gehien egin duena, hemezortzi guztira, eta egindako lanaren aitortzan, ohorezko presidente izendatu zuten.

Egungo lehendakariak, Joseba Ugaldek, Iriondoren «zintzotasuna» goraipatu du. «Lan handia egin zuen euskal mendizaletasunaren alde, baita Espainian ere. Orain dela gutxi, azkenekoz hitz egin genuenean, zenbat bazkide geneuzkan galdetu zidan oraindik. Erreferente bat izan zen, eta asko ikasi nuen harengandik», azaldu du Ugaldek.

Espainiako federazioko presidenteorde ere izan zen Iriondo, eta azken urteetan Joan Garrigos presidentearen aholkulari aritu zen. «Pakok lan handia egin zuen federazioan eta, oro har, mendizaletasunean. Une zailetan beti jartzen zuen bakea. Horrez gain, lagun minak ginen, eta Euskal Mendizale Federazioko lehendakari kargua utzi zuenean neure aholkulari izendatu nuen, gertu eduki nahi nuelako nire ibilbidean», azaldu du Garrigosek.

Iriondo ez zen mendira erlojuari begira joatekoa, baina mendizaletasunak azken urteotan izandako aldaketa eta berritasunak gertu-gertutik jarraitu zituen.

Mendiko lasterketen hastapena ere bizi izan zuen elgoibartarrak, eta 2001ean, esaterako, Zegama-Aizkorri mendiko lasterketa entzutetsua sortzen lagundu zuen. «Pakok maite zuen Zegama-Aizkorri, eta horrela adierazten zuen joaten zen toki guztietan. Laguntza eskatzeko deitzen genion bakoitzean hauxe erantzuten zigun pozik: 'bai, noski; Zegamarengatik munduaren azkeneraino'. Bereziki azken urtean asko disfrutatu zuen, hunkituta ikusi nuen», azaldu du Ainhoa Txurruka lasterketaren antolatzaileak.

Mendiak «bizia» ematen ziola esaten zuen elgoibartarrak, eta haren ametsa betez, mendian botako dituzte Iriondoren errautsak; Elgoibar inguruan batzuk, eta horrenbeste maite zuen Aizkorri inguruan beste batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.