Betidanik, betiko, horixe izan da Euskal Herriko Mendi Federazioaren 100. urteurrena –mendeurrena, mendiurrena– ospatzeko aukeratutako goiburua. Eta larunbatean Elgetan sentimendu hori zen nagusi: aspalditik gatoz eta urrutira goaz antzeko zerbait; betidanik, betiko. 1924ko maiatzaren 18an sortu zen federazioa, larunbatean ehun urte, eta ospakizun beteko eguna izan zen larunbatekoa. Ez ziren, duela ehun urteko hartan bezala, 4.000 lagun bildu Elgetako mendizaleen plazan, baina duela mende bat artean hezurretan zegoen euskal mendizaletasuna, eta Elgetan hezurdura hori ematera bildu ziren handik eta hemendik bildutako mendizaleak eta taldeak. Gaur egun, aldiz, euskal mendizaletasuna gorputz sendo bat da, hainbat gorputz adar dituena, eta, seguru asko, larunbat goizean bertan, Elgetan bildutakoez gain, 4.000 euskal herritar baino gehiago ibiliko zen mendian, Txindokiko kilometro bertikalean, hango eta hemengo hormetan eskalatzen, ehunka mendi txangotan...
Mendeurrena ospatzeko, ehun urte hauetan mendizaletasuna sustatzeko lanean aritu diren federazioetako presidenteei omen egiteko eta ehun urte bete dituzten mendi taldeei aitortza egiteko eguna izan zen larunbatekoa. Iraganera begiratu bai, baina batez ere etorkizunera begira jartzeko. Eta aurrerantzean ere elkarturik jarraitzeko borondatea aldarrikatzeko. Hala, Euskal Herriko Mendi Biltzarraren sorreraren berri eman zuten Zigor Egia EMFko presidenteak eta Martin Montañes Nafarroakoak. «Batera jaio ginen eta 1986ko lege autonomikoek bereiztera behartu gintuzten. Mendeurrena elkarrekin ospatzeko ekitaldien harira, aurreko urteetan elkarrekin aritu gara, eta aurrerantzean ere horrela jarraitzeko asmoarekin, Euskal Herriko Mendi Biltzarra eratu dugu», jakinarazi zuten Egiak eta Montañesek Biltzarraren sorrerako agiria sinatu eta elkarri bostekoa emanda.
Bi federazioek eutsiko diote beren nortasun juridikoari eta kudeaketa organoei, baina administrazio egituren gainetik, lotura historikoaren eta elkarrekin jarraitzeko borondatearen oinarrian, organo horrek batuko ditu bi federazioak. Hala, aurrerantzean, Mendi Biltzarrak antolatuko ditu, besteak beste, Mendiko lasterketen Euskal Herriko Kopa, Euskal Herriko mendi ibilaldien Zirkuitua, Mendiko eskiko Euskal Herriko Txapelketa eta Kopa, Kirol eskaladako Euskal Herriko Txapelketa eta Kopa, Euskal Herriaren erdigune geografikorako ibilaldia, Euskal Mendizaletasunaren Gala... Biltzarrak mantenduko ditu Euskal Herria –Iparraldea barne– zeharkatzen duten GRak eta GRTak, beharrezko bitartekoak egingo ditu Hego Euskal Herriko federatu guztiek –Nafarroakoek barne– Pyrenaica aldizkaria jaso dezaten eta izan dezaten komunikaziorako bide...
Datozen erronkak
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskal mendizaletasunaren «ondare bizia» nabarmendu zuen, eta etorkizuneko erronkak aipatu zituen: «Pyrenaica aldizkariaren azken zenbakian, editorialean, Ioritz Gonzalez Lertxundik dio mendeurrena ospatzeko motiboak badirela, baina hausnarketarako arrazoi sendoak ere badaudela. Datozen urteetan gure gizarteak erronka asko ditu. Nik bi aipatuko ditut, bi horietan mendizaletasunak zeresan handia duelako. Bat ongizatea da, eta horri begira, ariketa fisikoa funtsezkoa da, eta horretan zeresan handia du mendizaletasunak. Bigarren erronka, krisi klimatikoa da, eta mendizaletasunak ingurumena maitatzen, errespetatzen, zaintzen eta kontserbatzen erakusten digun heinean, mendizale guztiok beste eginkizun bat dugu datozen ehun urteetarako».
Nafarroako Gobernuaren izenean, Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak nabarmendu zuen mendian eta bizitzan «urrun iristeko pauso laburra eta ikuspegi luzea» eduki behar direla, eta batasunerako deia egin zuen: «Mendiak ez du ulertzen ate, hesi eta mugez, eta horren froga da Euskadiko eta Nafarroako federazioak senidetuta ikustea gaur, hemen, Elgetan, berriro ere, inoiz senidetuta egoteari utzi badiote». Eta gazteei ere egin zien deia, «lekukoa har dezaten, eta gaur elkartzen gaituen sugar horri bizirik eutsi diezaioten».
Iparraldeko mendi taldeen izenean, Rafa Valdivielso Baionako Auñamendi mendi elkartearen sortzailea mintzatu zen. «Federazioak 50 urte bete zituenean, hemen nintzen, Iparraldeko zortzi lagunekin; 75 urteurrenean ere hemen nintzen, eta ehun bete dituen honetan ere plazer handia da niretzat zuekin egotea hemen Elgetan. Anaia artean gaude. Euskal Herrian mendizale izatea da gure kulturarekin eta hizkuntzarekin osmosian egotea». Eta beretzat mendia zer den halaxe laburtu zuen: «mendia da poza, zoriona, natura, harridura, irribarrea, ongizatea, osasuna».
Larunbateko ekitaldien artean, aurten ehun urte bete dituzten Donostiako Fortuna, Basauriko Baskonia, Bilboko Club Alpino Bilbao eta CD Bilbao, eta Eibarko Klub Deportiboa taldeei aitortza egin zitzaien. Baskonia Mendi Taldearen izenean Jesus Abrisketa, Bilbao Alpino Cluben ordezkari Juan Antonio Jaen Santibañez, Club Deportivo Bilbaoko Cesar Estornes, Fortuna Kirol Elkarteko Enrique Cifuentes eta Eibarko Klub Deportiboren izenean Iñaki Osoro eta Jone Uria oso eskertuta agertu ziren federazioaren aitortzarekin eta aurrerantzean ere euren mendi taldeek mendizaletasuna bultzatzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu zuten.
Goizeko unerik hunkigarrienetakoa federazioetako presidente izandakoei eginiko omenaldia izan zen. Han elkartu ziren besteak beste, Txomin Uriarte, Alvaro Arregi, Batis Maiz, Arantza Jausoro, Joseba Ugalde, Joserra Alonso, Marijo Lasa —Antxon Bandresen alarguna—, Idoia Iriondo —Pako Iriondoren alaba—, Cari Velez, Joan Mari Feliu eta Txema Iriarte. Haien guztien izenean, Txomin Uriartek bereziki gogora ekarri nahi izan zituen falta ziren «bi presidente karismatiko», Pako Iriondo eta Antxon Bandres Zaragueta. Jendea txalo zaparrada batean lehertu zen haien izenak entzun orduko. Uriartek federazioen eta mendi eta taldeen lana goraipatu zuen, «haien ardura, sakrifizioak, nahigabeak eta pozak». Eta, azkenik, aldarri bat egin zuen Euskal Mendizaletasunaren Museoa (EMMOA) Fundazioaren alde. «Museo hori zen Antxon Bandresen ametsa 1924an, eta denon artean lortuko dugu eta mendizaleek nahi dutena izango da».
Erakundeetako ordezkarien hitzaldien ondoren, Cari Velezek, 1992tik 1996ra Nafarroako Mendizale Federazioko lehendakari izandakoak, aginte-makila eman zien Karmele Biurrun FNDMEko lehendakariordeari eta Miren Eizmendi Nafarroako Federazioko presidentegaiari, «emakumeek federazioetan eta mendi taldeetan ere izan duten garrantziaren adierazle».
Ibon Unzetabarrenetxeak, Elgetako alkateak, itxi zuen ekitaldia: «Duela ehun urte Elgetako plaza honetan ameslari talde bat elkartu zen, amets partekatu batekin: gure lurretan mendizaletasuna sustatzea eta antolatzea. Eta gaur, amets horri eusten diogu. Gaur, egun hartako irudia berpiztea lortu dugu. Ziur nago gure arbasoak, bere garaian plaza hau bete zuten haiek, begira ditugula, eta harro daudela beraien ametsak bizirik dirauelako. Urteurren hau ez da soilik gure iraganaren ospakizun bat, baizik eta kemen eta asmo berrituekin aurrera jarraitzeko motibazio bat. Jarrai dezagun gailur berriak eskalatzen, zerumuga berriak esploratzen eta, batez ere, hainbeste maite ditugun mendiez une oro gozatzen. Egun hau izan dadila arrakasta eta abentura partekatuen beste mende baten hasiera. Zorionak denoi!».
Eta hitz horien ondotik, irrintzi ozen batek dardara eta zirrara berezia eragin zuen Elgetan, Mendizaleen plazan.