Natur parkeak (I). Aiako Harria

Euskal Herriko lehen harria

Aiako Harria da Euskal Herriko lurralde zaharrena, ur azpitik lehenengo azaleratu zena; granitozko hiru tontorrek eta inguruko basoek osatzen dute parke naturala: paisaia naturala historiarekin nahasten den lekua.

Euskal Herriko lehen harria.
Oiartzun
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Euskal Herria itsasoaren azpian zegoen duela 300 milioi urte. Gaur egun ezagutzen eta hainbeste miresten ditugun paisaia berdea eta mendi tontorrak existitu ere ez ziren egiten orduan, hertziniar orogenia gertatu zen arte: plaka tektonikoek talka egin zuten, eta ur azpian zeuden sedimentu geruzak tolestu egin ziren. Sedimentu horien azpian, berriz, magmaz osatutako poltsa bat eratu zen. Mendeen poderioz, hoztuz joan zen poltsa magmatikoa, higatu egin ziren gaineko sedimentu geruzak, eta gaur egun geratzen dena granitozko mendi bat da. Euskal Herriko granitozko mendi bakarra, eta lehenengo sortu zen lurraldea: Aiako Harria.

Mendiak izena eman dio bere magalean dagoen parke naturalari. Inguruko herrietatik garbi ikusten dira elkarren ondoan dauden harrizko hiru tontorrak: Irumugarrieta tontorrari hiru herriren mugen artean egoteak eman dio izena —Irun, Oiartzun eta Lesaka—; Txurrumurru da erdikoa; Errolbide, berriz, tontorrik garaiena da, 832 metro baititu.

Aiako Harria da, noski, parkeko puntu garrantzitsuena, baina ez da bakarra. Gipuzkoako bost herritako lurretan dago (Oiartzun, Errenteria, Donostia, Hernani eta Irun), 6.913 hektareako eremu zabalean, eta ikusteko eta ikasteko asko dago Aiako Harria parke naturalean. Baita naturaz gozatuz paseatzen ibiltzeko aukera ere. «Tontorretara igotzea aukeratzen dute askok, baina parkean bertan ere badira hainbat ibilbide egiteko aukerak», adierazi du Miren Olivak, parkeko gidariak.

Natura historiarekin uztartzen da Aiako Harria parke naturalean; ingurune naturalean, giza aztarnak ere nonahi ikus daitezke. Oielekun (Oiartzun), esaterako, harrespilak ikusteko aukera dago. Gure arbasoak, Burdin Aroan, gorpuak erre eta errautsak lurperatzen hasi ziren. Eremu horiek, bereizteko, harriekin inguratzen zituzten. «Oielekuko harrespila berezia da, zortziaren forma duelako, eta denboran zehar oso ongi mantendu delako», dio Olivak. Pirinioetatik gertu baino ez dira agertzen harrespilak, 600 metrotik gora.

Pago motzak ere ugari daude Oielekun, basogintzak eta ikazkintzak eremu honetan izan duten garrantziaren erakusle. «Pagoa ondo ondotik moztu beharrean, bi edo hiru metrotara mozten zuten; horrela, zuhaitza ez hiltzea eta adar berriak ematea lortzen zuten, eta etekin handiagoa ateratzen zioten». Pagoak urtez urte ematen zituen adar horietatik ateratako egurrarekin, ikatza egiten zuten. Eta, forma aproposa zuten adarrak, ontziak egitekoerabiltzen zituzten.

Pagoak eta haritzak dira Aiako Harria parke naturaleko zuhaitz naturalak. Azken urteetan, ordea, pinu asko landatu dituzte, basogintzarako. «Orain berezko basoak berreskuratzeko lanetan ari dira», esan du Olivak. Oraindik ere badira pagadi eta harizti ederrak, ordea. Endarako hariztia eta Añarbeko harizti pagadia, adibidez.

Basogintzarako eta ikazkintzarako soilik ez; abeltzaintzarako ere asko erabili dituzte Aiako Harriaren inguruko baso eta zelaiak. Akolan, Hernanin, saroiak ikus daitezke oraindik, garai batean abeltzainek lurra mugatzeko erabiltzen zuten sistema. «Erdian mugarri bat jartzen zuten, eta, inguruan, harriak». Olivaren esanetan, ganaduak saroiak mugatutako lur sailean pasa behar zuen gaua. «Bestela, isuna jartzen zioten abeltzainari».

Parkeko aztarna zaharrenak, bestalde, Aizpitarteko haitzuloetan aurkitu dituzte, Errenterian; goi paleolitoko aztarnak aurkitu dituzte hor. Listorretako natur gunetik gora igota irits daiteke haitzuloetara, parkeko paisaia ederrez gozatuz. Listorretan, berriz, patxada ederrean pasa daiteke eguna, natur guneko mahaietan jarrita, adibidez.

Aiako Harria parke naturalean barrena, landaredia zabala ikus daiteke. Soldanella villosa da, beharbada, bereziena. Izan ere, Pirinioen mendebaldean eta Kantauri ekialdean baino ez da aurkitzen landare hori, erreka bazterretan eta leku hezeetan. Eta faunaren aldetik ere, noski, aberatsa da parkea; orain arte, 170 espezie ordun katalogatu dira. Tontorretako harkaitzetan, esaterako, sai arrea eta belatz handia aurki daitezke. Mendiaren magalean, berriz, arrabioek eta baso igel gorriek pizten dute ibiltarien arreta.

Gipuzkoako parke bisitatuena

Aiako Harria parke naturala 1995ean sortu zen, «natura babesteko eta mantentzeko helburuarekin». Ordutik, arauturik dago parkeko jarduera: besteren artean, ezin da autoarekin sartu, ezin da surik egin eta debekatuta dago kanpatzea. Parkean duten natur aberastasuna eta historia ezagutzera emateaz, berriz, Arditurriko interpretazio zentroa arduratzen da. Oiartzunen dago interpretazio zentroa, Arditurriko meategi zaharretan.

Parkeko informazioa ematen dute interpretazio zentroan. Zer ikus dezaketen esaten diote bisitariari, ibilbideak proposatzen dizkiete, eta, noizbehinka, irteerak ere antolatzen dituzte. «Irteeretan, natura eta historia nahasten ditugu». Olivaren esanetan, Gipuzkoako parkerik bisitatuena da. Interpretazio zentroan, 15.000 bisitari inguru izaten dituzte urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.