Mendia

Euskal Herriko harresiak

Mendian ibiltzea eta ertzak eskalatzea uztartu ditu Javier Iturritxak 'Aristas y crestas de Euskal Herria' gidaliburuan; kirol eskalada gidetatik nahiz ohiko mendi liburuetatik proposamen desberdina da.

2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Hutsune bati erantzutera dator Aristas y crestas de Euskal Herria gidaliburua. Halaxe dio Javier Iturritxak (Mendoza, Araba, 1981), argitalpenaren egileak. Euskal Herriko mendirik esanguratsuenetako hainbatetan dauden harresi tenteak gainditzeko eta ertzak eskalatzeko 42 proposamen bildu ditu liburuan. Zailtasun aldetik denetariko proposamenak dira, baina guztiek dute komunean ezaugarri bat: ohiko bideetatik kanpo, ibilia eta eskalada uztartzeko modua dira. «Proposamenetako gehienak Euskal Herriko mendi tontor enblematiko batean bukatzen direla aintzat hartuta, nola egin uko halako aukerari?», dio egileak.

Igoeratako batzuk ezagunak dira, klasikoak; Txindokiko ertza edo Anbotokoa, esaterako. Ezezagunagoak ere aurkituko ditu irakurleak liburuan. Euskal Herriko mendietan ertz dotoreak badirenaren erakusgarri dira guztiak ere: Costalerako ertza, Peña Altako zeharkaldia, Peña Karria, Lekandako ekialdeko ertza, Fraileburu, Mugarrako ertza, Urrestei klasikoa, Udalaitz eta Aizkorriko ertzak, Ziordiko esproia, Balerdiko ertza, Mortxe, Zirizako eskailerak, Ezkaurreko ipar-ekialdea, Iparla, Hargibele... Arabako mendietan hasi eta Zuberoako harresietan bukatzen da Iturritxak 112 orrialdetan egindako ibilbidea.

Zailtasunari erreparatuz gero, aniztasun hitza erabili behar da. Oinez osatzeko moduko ibilbideetatik hasi, eta eskalada bete-beteko proposamenetaraino. Guztiek dute lekua liburuan. Ez da, ordea, oinezkoentzat ibilbide liburu bat; ezinbestekoa da sokaren erabileran eta eskaladarako tekniken inguruan jakintza eta trebetasun oinarrizkoa edukitzea. Halakorik ez dutenek ikastaro batean izena ematea edo aditu baten eskutik joatea dute egokiena. «Errespetuarekin eta tentuz beti joan behar da mendira, baina areago halako ertzak eskalatzera goazenean. Mendia eta eskalada uztartzeko modua da, eta mendiko jarduera guztien artean gehien erakartzen nauena da. Ibiltzea gustatzen zaionarentzat, eta kirol eskaladaren zailtasuna bainoago, eskalada klasikoa gustuko dutenentzat mendiak igotzeko pizgarria dira liburuan bildutakoak», dio Iturritxak.

Formatu erabilgarria

Irteeratako bakoitza osatu ahal izateko informazio ezinbestekoa dakar gidak: abiapuntura iristeko modua, gerturatzea, ertzaren igoeraren eta jaitsieraren deskribapen zehatza, argazkiak, ibilbidearen grafikoa, eskalada luze bakoitzaren zailtasuna eta bertan eskalatzeko ezinbestekoa den materialari buruzko azalpenak... Eta erabilgarria izateko beste ezaugarri bat ere badu: formatu egokia. Azal gogorreko liburu mardul eta tamaina handikoa beharrean, neurri erdiko eta pisu arineko formatuan argitaratu du Sua argitaletxeak Aristas y crestas de Euskal Herria.

Gidaliburua iragan astetik eskura daiteke dendatan, 15 euroren trukean. Iturritxak jakinarazi duenez, argitalpenak eman ditzakeen etekinen erdiak Iñaki Otxoa de Olza zenarenfundazioari bideratuko dizkio. Liburua eskuratzeko motibo gehigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.