Andia mendilerroan, Beriain tontorretik Goñiko gainetara bidean dago Olibesarioko saroia. Sakonune bat da, mila metrotik gora haizeak gogor zigortzen duen goi lautada baten erdian. Lekua, ordea, berezia eta indar sinboliko handikoa da: Euskal Herriko erdigune geografikoa da, lurraldearen konpasaren erpina. Felix Isasa ingeniariak, masa zentroaren propietatea erabiliz eta barizentroaren kontzeptuan oinarrituta, hainbat azterlan egin zituen, eta erdigune hori non den zehaztu zuen. Hala, 2004an, Isasak berak metro erdiko zutarri bat jarri zuen leku hartan, eta zirkulu zentrokide batzuk inguruan, harrespila modura. Geroztik ezagun da, geografia aldetik behintzat, huraxe dela Euskal Herriaren bihotza.
Duela hogei urte, Irurtzungo Iratxo elkartekoak harremanetan jarri ziren Isasarekin, eta erdigune horretara ibilaldi bat antolatzen hasi ziren, baita lekua ezagutzera ematen ere. «Hasieran, herrian antolatzen genuen txangoa; gero, eskualdean hasi ginen, Sakanako Mendizaleak eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeekin. Eta, gerora, hainbat talde eta erakunde batu zaizkigu», adierazi du Mikel Goldarazena Irurtzungo Iratxo elkarteko kideak. Aurten bederatzi elkarte edo erakunde aritu dira antolaketa lanetan: Iratxo mendi elkartea, Sakanako Mendizaleak, Altsasuko Mendizaleak, Atarratze mendi taldea, Euskal Mendi Federazioa, Nafarroako Mendi Federazioa, Gure Esku, Gu Ere Bai taldea eta Irañetako Udala.
Aurtengo ibilaldia berezia izango da, lurraldetasunaren aldarriaz gain, bi mendi federazioen mendeurrena ospatuko baita. 1924an Federacion Vasco-Navarra de Montañismo izenarekin baturik sortu ziren bi federazioek baturik jarraitu nahi dutela aldarrikatuko dute 100. urteurrenean. «Azken urteotan bi federazioen artean dinamika eta lan komun bat izan da, eta ekitaldi hau ere lan horren barnean sartzen da», azaldu du Goldarazenak. Batasun hori aldarrikatzeko, Olibesarioko saroian izango dira Martin Montañes Nafarroako Federazioko presidentea eta Zigor Egia Euskal Mendizale Federazioko presidentea, eta, haiekin batera, mendi talde antolatzaileetako eta Gure Esku mugimenduko ordezkariak eta Felix Isasa ingeniariaren semea ere bai.
Ibilaldiak bi lekutatik abiatuko dira: 08:45ean Senosiaindik (Nafarroa) eta 09:30ean Irañetako bordatik. Abiapuntu nagusiak bi horiek izango dira, baina beste hainbat lekutatik ere joango da jendea bere kabuz: Unanutik, Goñitik eta Treku aldetik, Ihabarretik... Eta guztiak han erdigunean elkartuko dira. 11:30ean izango da ekitaldi nagusia, federazioko presidenteen eta talde antolatzaileetako eta Gure Esku mugimenduko ordezkarien esku hartzearekin. Ekitaldia ixteko, ohitura denez, Ikusi mendizaleak abestuko dute.
Ehun Mendietako Anaidiaren Eguna
Ehun Mendietako Anaidiak bat egin du aurten mendi federazioaren mendeurreneko ekitaldiekin eta Euskal Herriko erdigune geografikora egingo den mendi martxarekin. Oraintxe bertan, 4.775 mendizale eta 7.298 ibilbide dira elkarte horretako kide, eta aurten lehiaketa amaitu duten beste 84 mendizale batuko zaizkie. Hain zuzen, diplomak banatuko dizkiete mendizale horiei, Irañetako Bordako ekitaldian.
Irañetako bordan elkartuko dira ekitaldian parte hartuko duten mendizaleak. Bordan, aurrena pintxo-potea eta ondoren bazkaria izango dira. Platerean, bertako jakirik goxoena: Lakuntzako baba txikiak. Ibilaldian parte hartzeko ez, baina bazkarirako izena eman behar da, telefono honetan: 620-19 02 77.
EGITARAUa
- 08:45. Irteera Senosiaindik (askan).
- 09:30. Irteera Irañetako bordatik.
- 11:30. Ekitaldia.
- 13:30. Pintxo-potea Irañetako bordan.
- 14:30. Bazkaria (15 euro) Irañetako bordan. Lakuntzako baba txikiak. Bazkariaren ondoren, Ehun Mendietako Anaidiko kide berriei diplomak banatuko dizkiete.