Hurrengo igandean jokatuko da Euskal Herria Mendi Erronka mendi lasterketa. ESAITek antolatutako lasterketan parte hartzeko dortsalak agortu egin dira, beraz, parte hartzea ziurtatuta dago; 542 lasterkari arituko dira. Ezohiko formatua du lasterketak, ez baita ez maratoi ezta ultra trail bat ere; 65 kilometroko luzera eta 3.500 metroko desnibel positiboa duen ibilbideari egin beharko diote aurre parte hartzaileek.
ESAITek egiten duen aldarrikapenaren barnean antolatutako beste ekitaldi bat da Euskal Herria Mendi Erronka. «Euskal Herriko selekzioek nazioartean ofizialtasuna lortzea da helburu nagusiena eta helmuga; bide horretan, ezinbestekoa ikusten dugu kirol modalitate guztietan txapelketak antolatzea; mendi lasterketak indar handia hartzen ari dira, eta horretan ere, egin behar da lan», adierazi du Iñaki Pazos antolatzaileak.
Euskal Mendi Federazioak urtero antolatzen du mendi lasterketen Euskal Herriko Txapelketa, baina, Espainiako Federazioaren dinamikatik kanpo, Nafarroako eta Iparraldeko korrikalariek ere beren lekua izango duten lasterketa antolatu nahi izan du ESAITek.
Hiru helburu nagusi bete nahi ditu Euskal Herria Mendi Erronkak antolatzaileen arabera: batetik, ofizialtasunaren aldarrikapenarekin bat egitea; bestetik, lasterketa bera eta inguratzen duten ekitaldiak arrakastatsuak izatea. Aldarrikapen politikoez gain, lasterketa deigarri bat ere badela azpimarratu nahi dute antolatzaileek; Espainiako korrikalariak ere izango dira parte hartzaileen artean. Eta azkenik, Plazaola eskualdea turistikoki bultzatzea. «Korrikalari eta ikusleek asko gozatzea nahi genuke, antolatu dugun ibilbidea, ingurunea eta giroa primerakoak izango direlako», azaldu du Pazosek. Bide batez, beteranoen eta emakumezkoen parte hartzea bultzatzen ahaleginduko direla adierazi du antolatzaileak.
Ibilbideari dagokionean, Leitza izango da irteera eta helmuga, tartean, Arraitz, Aralar-Larraungo harana eta Lekunberri zeharkatuko dituelarik. «Hirumugarrietako kilometro bertikala izango da gune erakargarrienetako bat, baina, oro har, ibilbidea oso polita eta logikoa da», adierazi du antolatzaileak.
Ibilbide osoa kronometratuko dute, baina, hirumugarrietara iritsitakoan, beste behin piztuko da kronometroa kilometro bertikalean egindako denbora kalkulatzeko. «Hirumugarrietako kilometro bertikalean sufrituko dute gehien korrikalariek; gune ederrena da, baina, baita gogorrena ere», onartu du Pazosek.
Lasterketaz gain, beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte: ostiralean arratsaldean, Alex Txikonek ikus-entzunezko proiekzio bat eskainiko du Himalaya egindako azken lorpenen inguruan. Larunbatean, berriz, goizetik haurrentzako jolasak izango dira; ondoren, herri bazkaria; eta bukatzeko, erromeria. «Euskal Herria Mendi Erronka ez da lasterketa hutsa izango, asteburu osoko aldarrikapen jaia baizik, eta horrela ospatzea nahi genuke», azaldu du Pasozek.
Mendia
Euskal Herria Mendi Erronka hasteko prest
Parte hartu ahal izateko dortsalak amaitu egin dira; 542 korrikalarik parte hartuko dute 65 kilometroko lasterketan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu