Mendia. Mendiko eskia

Euskal Herria, eski gainean

Kanpora joan gabe, etxe ondoan ere eskiatu daiteke zuritzen duenean. Euskal Herrian txoko asko daude mendiko eskirako. Euskal Selekzioa ere lanean da jada: Espainiako Kopako bi probatan bikain aritu dira.

Euskal Herria, eski gainean.
Ainhoa Lendinez
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Eskizale eta mendizale asko daude Euskal Herrian, baita mendiko eskiatzaile asko ere. Negua hasteaz batera, inguruko gailur eta eski estazioetara jotzen dute askok. Belagua, Astun, Candanchu eta Pirinioetako hainbat leku euskal herritarrez gainezka egoten dira neguan, baina gero eta gehiago dira zuritzen direnean Euskal Herriko mendietan ibiltzen direnak ere. Leku lau eta erraz asko daude, baina badira kanal eta ertz teknikoagoak ere. Euskal Herriak mendiko eskirako gordetzen dituen altxorrak dira.

1. Gipuzkoa

Gipuzkoan bi mendigune dira eskiatzaileentzat ezagunenak: Aizkorri-Aloña, batetik, eta Aralar, bestetik. Aloñan, Butreaitz ingurura joaten dira asko. Arantzazutik ordu eta erdiko igoera da malda zabal batetik. Iñigo Lariz elgoibartar eskiatzaileak ondo baino hobeto ezagutzen du inguru hori, orduak egiten ditu han entrenatzen elurra dagoenean. «Butreaitz-Artzanburu aldera joaten naiz normalean. Inguru hori da Elgoibartik gertuen dagoen mendigunerik garaiena, eta bertan pilatzen da elur gehien. Horrez gain, garrantzitsua da azpiko geruza belardia izatea elur gutxirekin ere materiala hondatu gabe eskiatu ahal izateko. Mendiak malda nahikoa dauka, eta desnibela metatzeko ez denez distantzia handirik behar, oso leku egokia da entrenatzeko. Mallako basoa ere inguruan dago, eta eguraldi txarra egiten duenean han ibiltzen gara», azaldu du.

Handik gertu, Aizkorri mendilerroan ere eskiatzaile asko biltzen dira. Ibilbide erraz nahiz teknikoak egin daitezke bertan. Kanal Handiko jaitsiera oso ezaguna da espezialisten artean. 40 gradu inguruko aldapa pikoa da. Aizkorriko gaina hartu eta Aketegirako bidean, bi tontorren arteko lepotik hasten da jaitsiera. Mirari Aranburu elgoibartarra freeride estiloan aritzen da han. «Kanal Handiko sektoreak bide asko ditu, eta batzuk zailak eta teknikoak dira. Eguraldi ona denean, bide arruntekoa ez da oso jaitsiera zaila, baina komeni da ondo eskiatzen jakitea», esan du.

Aralarrera ere eskiatzaile asko joaten dira, Intzako dorre ingurura batez ere. Orientazio egokia dauka eta zuhaitzez inguratuta dagoenez, ondo babestuta egoten da haizetik. Azpiko zorua ere belardi zabala da, eta horrenbestez, oso aproposa da elur gutxi dagoenean ibiltzeko ere. Gaintzatik aterata 1.000 metro inguruko malda dago tontorreraino. Intzako dorre inguruan bertan, Guardetxen, iraupen eskiko pistak ere badaude.

24 bat kilometro daude egokituta eski modalitate horretan ibiltzeko. Mendigune berean eski teknikoagoa nahi dutenek Larrunarrin (Txindoki) dute aukera. Larraitzetik aterata bi edo hiru orduko igoera da tontorreraino, eta ondoren, jaitsiera sigi-sagatsu eta maldatsua egin daiteke. Hala ere, elur gutxi dagoenean, oso kontuz ibili behar da haitz asko geratzen delako bistan.

2. Bizkaia

Bizkaian Balgerri mendilerrora jotzen dute elurzaleek. Bizkai, Kantabria eta Burgosko mugan dago, eta han, eskiatzaile askoren topagune izaten da Zalama mendia. 1.336 metroko gainera iristeko hiru ordu eta erdi inguru behar dira. Jaitsiera igotako lekutik bertatik egin daiteke, baina hego-mendebaldera hartuta, Los Canales gainetik egokiagoa da eskiatzen jaisteko.

Urkiolara ere bat baino gehiago joaten da neguan eskiak hartuta. Anbotoren ingurunea oso harritsua da, ordea, eta elur geruza handia pilatu ezean ez da oso erosoa eskiatzeko. Eneko Pou eskalatzaileak, esaterako, muturreko hainbat jaitsiera egin izan ditu han, tontorretik Arrazola aldera.

3. Araba

Arabako mendi nagusia Gorbeia da, eta elurra botatzen duenean askok igotzen dute eski gainean Muruatik. Bi ordu eta erdiko igoera eta antzeko jaitsiera ditu. Gorbeia mendi bakarti eta haizetsua da, ordea, eta erraz gelditzen da elurrik gabe. Ondorioz, lehen malda laua igarota, kontu handiz egin behar da beherako bidea, harri asko geratzen delako agerian. Aratz mendia ere aproposa da eski gainean igotzeko. Araiatik aterata 800 metroko igoera da, lau bat orduan egitekoa.

4. Nafarroa

Nafarroan hainbat leku daude mendiko eskirako aproposak. Leitzan, esaterako, Eguzkizko muino tontorra. Usategieta gainetik igota, ordu eta erdiko igoera eta ordu erdiko jaitsiera egin liteke. Han entrenatzen dira, esaterako, Mendiko Eskiko Euskal Selekzioko kide asko. Iñigo Martinez de Albornoz donostiar gazteak ordu asko egiten ditu han arrebarekin. «Leitza leku aproposa da ez dagoelako haitzik eta elur gutxirekin ere eskiatu daitekeelako. Etxetik gertu daukagu, eta eski estaziorik ez dagoenez, libreago ibiltzen gara. Gainera, elurra dagoenean beti dago arrastoa eginda», esan du.

Selekzioko hautatzaileak ere, Aitor Muruak, ahal duen guztietan jotzen du hara. «Etxetik oso gertu daukagu, eta elurra botatzen duenean, inguru hau oso egokia da aukera asko dauzkalako. Basakabitik aterata, 250-300 metroko malda dago Eguzkizko muinora. Ez da asko baina hainbat igoera egiten ditugu eta entrenatzeko oso egokia da, laburra eta pikoa delako. Inguru honek beste ezaugarri on bat ere badu: belardi zabala da zorua, eta horregatik, elur gutxirekin ere eskiatzeko moduan egoten da. Hamar zentimetro eskasekin ere ibili gara gu eskiatzen han», azaldu du. Saioa ingurua ere aipatu du Muruak. Artesiaga gainetik Belateraino ordu eta erdi inguruko igoera dago, eta ondoren ordu erdian egiten da jaitsiera. «Paisaia zoragarria da, eta, gainera, ordu eta kilometro asko egin daitezke eski gainean. Basoa ere badu, eta han elur gehiago pilatzen da. Hala ere, oso leku haizetsua da, eta lainoa ere erraz sartzen denez, galtzeko arriskutsua da», azaldu du Muruak. Amets Maiztegi mendiko eskiatzaile hondarribiarra ere sarri joaten da hara. «Euskal Herrian txoko bat aipatzekotan, Saioa ingurua gomendatuko nuke. Hango malda belartsuak oso aproposak dira mendiko eskiaz gozatzeko. Inguruko basoetan ibilbide politak egin daitezke, baita zuhaitz artean jaitsiera apartaz gozatu ere. Saioako basoa leku berezia da niretzat», esan du. Nafarroa ipar-mendebaldean Urbasa ere oso ezaguna da iraupen eskian ibiltzeko. Lizarraga inguruan 46 kilometro daude egokituta. Nafarroa ipar-ekialdean, berriz, Zaraitzu haranean Abodik eski nordikorako 31 kilometro ditu.

5. Zuberoa

Irati da Zuberoan eskiatzeko eremu egokiena. 26 kilometro daude eski nordikorako egokituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.