Mendia. Hilberria. Mikel Ziarrusta

Euskal eskaladan egun beltza

2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gaztea zela eman zituen Mikel Ziarrustak lehen pausoak paretetan gora, goi mailako espezialista bihurtu zen arte. Hasieratik erakutsi zuen gasteiztarrak dohain berezi bat zuela eskaladarako, oso azkar erdietsi baitzituen azpimarratzeko moduko lorpenak. Urriaren 6an galdu zuen bizia, ohean zela, bihotzekoak jota.

12 urterekin Zutikan Gasteizko Teknifikazio Zentroan sartu zen, Gorka Hernaez entrenatzaile zuela. Zazpi urte egin zituen bertan, eta tarte horretan, lehen irtenaldiak egin zituen inguruko eskalada eremuetara. 16 urte zituela kateatu zuen bere lehenengo 7b zailtasuneko bidea, Baltzolan. Urte berean, 8a zailtasuneko lehen bidea egin zuen, bere dohainen erakusgarri. Ordutik aurrera etengabeko garapena izan zuen Ziarrustak.

Hatz bateko lesioa zela medio, pare bat urtez utzi behar izan zion paretak igotzeari; laster berreskuratu zituen gogo eta erritmoa, ordea. 23 urte zituela Ander Gardeazabalen eskuetan jarri zen helburu jakin batzuk lortzeko asmoz. Baita lortu ere. Azkar poltsikoratu zituen 8c+ zailtasuneko Honky Mix eta Na-Nai. Pixkanaka bederatzigarren mailako bideak gertuago zituen, baina, beste koska bat gainditu behar zuen aurretik. Celedon Txiki eta Tas-Tas bideek ireki zioten bederatzigarren dimentsiorako atea. Il domani eta Psicoterapia bideekin saiatu zen lehenik, baina bi horiek ez zioten aukerarik eman Ziarrustari. Nafarroako Aizpunen kokaturiko harribitxiak izan zuen Ziarrusta bederatzigarren dimentsiora eramateko ohorea: Sistematik Ihes bideak.

Alaia, aurpegitik irribarrea kentzen ez zuen horietakoa zen Ziarrusta. Ilusioa eta motibazioa zituen bizitzaren ardatz.

Euskal eskaladak bete ezineko beste hutsune bat du orain, Mikel Ziarrustarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.