Euskal alpinisten lau jarduera 2024ko Urrezko Pioleterako hautagaien artean

Koldo Zubimendik Kharut II-an eginiko lehen igoera; Ekaitz Maiz eta Joseba Iztuetaren Amaiur Peakeko eskalada; Julen Berrueko, Jon Inoriza eta Tasio Martinek Georgiako Gulban eskalatutako bidea eta Pou anaien Ranrapalcako (Peru) jarduera dira hautagaiak.

Kharut 2 mendiaren ikuspegia eta zabaldutako bidea. KOLDO ZUBIMENDI
Koldo Zubimendik Kharut 2 mendian eginiko igoeraren lerroa.
ramon olasagasti
2024ko irailaren 19a
14:00
Entzun

Iragarri dituzte jada 2024ko Urrezko Pioleta irabazteko hautagaiak, big list edo zerrenda handia osatzen duten iazko mendi jarduerarik aipagarrienak. Mendian den garaikur nagusia da urrezko pioleta, eta zerrendan egote hutsa bada jada nahiko aitortza. Zerrenda osatzen duten 68 jarduera horien artean lau euskal alpinistek eginiko eskaladak dira. Nabarmena, oso nabarmena da ordezkaritza.

Zerrenda horretan dago, esaterako, Koldo Zubimendi (Erandio, Bizkaia, 1982) alpinistak Karakorum mendiguneko (Pakistan) Kharut II (6.703 m) mendi birjinean eginiko igoera. Zubimendik bide berri batetik egin zuen eskalada, ipar-mendebaldeko ertzetik hain zuzen, bakarka eta estilo erabat alpinoan. Vicente Barcena herrikidea izan zuen lagun espedizioan, baina azken saiakera bakarrik egin zuen Zubimendik. Vía Pollos izena jarri zioten bideari (1.200 m/65º/M4), halabeharrez etxean geratu behar izan zuen Unai Pollos taldekidearen omenez. Zubimendik berak xehetasun osoz kontatu zion BERRIAri nolakoa izan zen igoera erreportaje honetan.

Ekaitz Maiz (Etxauri, Nafarroa, 1979) eta Joseba Iztueta (Gabiria, Gipuzkoa, 1991) eskalatzaileek Himalaiako Ladakh eskualdean eginiko jarduera ere hautagaien artean da. Maizek eta Iztuetak artean inor igo gabeko Amaiur Peak orratz dotorea (5.760 m) eskalatu zuten mendiaren ipar-ekialdeko ertzetik (750 m, V+, M6). Bi eskalatzaileek ezin zuten sinetsi halako erpin ikusgarri bat eskalatu gabe egon zitekeenik, eta, erleak loretara nola, halaxe jo zuten orratz hartara. Espedizio hartan, guztira 17 bide berri zabaldu zituzten Ladakheko Shafat ibarrean. Hauek izan ziren taldekideak: Ekaitz Maiz eta Joseba Iztueta, Urko Zabala (Izkue, Nafarroa, 2003), Ibon Mendia (Iruñea, 2002) eta Mikel Ezkurdia (Arazuri, Nafarroa, 1999).

Amaiur bat Ladakhen.
Amaiur Peak mendian zabaldutako bidearen krokisa.

Artean izenik ere ez zuenez, Amaiur Peak izena eman zioten mendiari. Honela azaldu zuen Ekaitz Maizek arrazoia: «Bideei esanahia duten izenak jartzea gustatzen zait, eta, nik uste, Himalaian euskal talde batek, hitz batean jar zezakeen esanahirik eta sentipenik handiena duen izena jarri diogula. Nafarroako erreinuko erresistentziaren eta borrokaren azken gotorlekua ekarri nahi izan dugu gogora, historia zabaldu eta gure omenaldi xumea egin. Bertakoei ere asko gustatu zitzaien izena; haiek L'Amaiur ahoskatzen zuten, menditik gertu dagoen monasterio budistaren izenaren antza hartzen ziotelako: Lamayuru».

Amaia Agirre eta Iker Bilbao gogoan

Hautagaien artean dira Julen Berrueko, Jon Inoriza eta Tasio Martin ere. Hiru alpinistek Georgiako Kaukasoko Gulba mendian (3.725 m) bide berri bat zabaldu zuten iazko uztailean, hego-mendebaldeko aurpegian hain zuzen. Amaia eta Iker (650 m, 7b) izena eman zioten bideari, 2023ko urtarrilean Patagonian hil ziren Amaia Agirre eta Iker Bilbao lagunen oroimenez.

Azkenik, Eneko eta Iker Pou anaia gasteiztarrak ere hautagaien artean dira beste behin. Beste behin, bai, seigarren aldia baita jada. Oraingo honetan, Micher Quito lagun perutarrak eta hirurek Peruko Mendilerro Zuriko Ranrapalca mendiaren (6.162 m) ipar-mendebaldeko aurpegian eginiko lehen igoeragatik izendatu dituzte. Ya Pe’ Cholo (900 m, 6b, 80º) izena eman zioten bideari. Honela nabarmendu zuen Eneko Pouk BERRIAn eginiko erreportajean: «[Ranrapalca] Mendia oso altua da. Orain artean ez genuen halako biderik ireki seimilako batean. Alde horretatik, igoera gogorra izan da. Teknikoki, zailagoa, agian, iazkoa izan zen: One push Pumahuacanca mendian [5.563 m]. Bata zein bestea alpinismoan egin ditugun jarduerarik onenak izan direla esango nuke».

Iker Pou eskalatzailea, ahalegin betean, bigarren egunean. POU ANAIAK.
Iker Pou, ahalegin betean, Ranrapalcako eskaladaren bigarren egunean. POU ANAIAK.

Urrezko Pioletak abenduaren 8tik 11ra banatuko dira, San Martino di Castrozza herrian (Italia). Epaimahaian ere izango da euskal ordezkaritzarik, Mikel Zabalza alpinista nafarra, hain zuzen. Zabalzarekin batera beste hauek izango dira epaimahaikide: Jack Tackle estatubatuarra, Lise Billon frantsesa, Enrico Rosso italiarra, Genki Narumi japoniarra, Ales Cesen esloveniarra eta Toni Gutsch alemaniarra.

Aurten, Urrezko Pioletaren garaikur hau lortu duten bost alpinista handi ere omenduko dira: Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima japoniarrak, Archil Badriashvili georgiarra eta Sergey Nilov eta Dmitry Golovtxenko errusiarrak. Azken urtebetean hil dira bostak mendiko istripuetan. Hiraide eta Nakajima hautagaien artean ziren aurten ere, iaz Hindu Kusheko Tirich Mir mendiaren (7.708 m) ipar aurpegian zabaldutako The Secret Line (2.200 m) bideagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.