Mendia. Zigor Iturrieta. Mendiko lasterkaria

«Euritan nabil ni gustura»

Mont Blanceko ultra trail ezagunean hirugarren bukatu zuen iaz, eta The North Face etxeak Europarako antolatu duen taldean sartzeko proportzioa eman zion horrek. Asteburuan Transgrancanaria irabazita hasi du denboraldia Zigor Iturrietak.

TRANSGRANCANARIA.
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Orain hamar urte egin zuen Euba jaioterritik Hernani bizilekurako jauzia Zigor Iturrietak (1974). Duela lau urte, berriz, triatloietatik mendiko lasterketetarako urratsa. Bilakaera azkarra izan du ordutik. Mendi lasterketen Euskadiko Kopa irabazi zuen 2009an, eta iraupen luzeko Mont Blanceko trail ezagunean 3. sailkatu zen iaz. The North Face taldean sartzeko proportzioa eman zion horrek, eta beste hainbat lasterketatan parte hartzeko modua. Hondartza eta eguzkiarekin lotzen zituen Kanariak, baina euri eta lokatz artean irabazi du asteburuan Transgrancanaria, 123 kilometroko proba. Lana, familia, entrenamenduak... dena behar bezala antolatzea tetris jokoaren modukoa duela dio Iturrietak.

Denboraldiari Transgrancanaria irabazita ekitea pizgarria izan al duzu?

Lasaitua hartu dut. Mont Blancekoaren ondoren eta The North Face taldean sartuta presio pixkabat nuen; ordukoa kasualitatea ez zela izan erakutsi behar bat. Udazkenean Cavalls del Vent lasterketara joan eta erretiratu egin nintzen, tripetako arazoekin, eta presioarekin joan naiz Kanarietara. Beste lasaitasun bat dut orain.

Nolako proba da Transgrancanaria?

Hondartza eta eguzkiarekin lotzen dugu Kanaria Handia,baina uhartea menditsua da oso; kostaldea labartsua da, eta mendiak harritsuak eta bidezidorrez jositakoak. Txundituta itzuli naiz.

Lasterketan, hain zuzen, euria izan zenuten bidelagun...

Antolatzaile eta ikusleengatik sentitzen dut, baina euriarekin eta lur irristakorrarekin ibiltzen naiz ni gustura. Ez naiz azkarrago joaten, baina gainerakoak polikiago eta tentu handiagoz ibiltzen dira. Euria eta behe lainoa izan genituen gauean, eta ibilbideko markak ikusteko, tentu handiz joan behar izan genuen.

Nola joan zen lasterketa?

Hasieratik hamar bat lagun elkarrekin atera ginen, eta hala egin genuen lehenengo pista zatia. Nemeth Csaba hungariarrak aurrera jo zuen; ez genuen ezagutzen, eta ero bat izango zela pentsatu genuen, asko falta zelako. Mendian Iker Karrera, bi frantziar eta ni geratu ginen, baina Karrera erretiratu egin zen, ondoezik. Pixkanaka Csabari tartea jan genion, eta 80. kilometroko anoa postuan bat egin genuen. Handik aurrera bakarrik joan nintzen, eta 16 minutuko aldea atera nion hungariarrari.

Azken zatian bakarrik joan al zinen?

Bitxikeria polita gertatu zitzaidan. Lau distantziako lasterketak daude Transgrancanarian, eta azkeneko zatian ibilbide bera dute guztiek. Proba motzean ari zen eibartar gazte batekin elkartu eta harekin osatu nituen azken kilometroak. Kanarietan ikasten ari da, eta polita izan zen euskaraz hitz egiten ari ginela elkarrekin helmugaratzea.

Nolako lasterkaria zara?

Aldapa behera moldatzen naiz ongien; baina urteekin, gorantz hobetu egin dut. Dena dela, aldeak beherakoan ateratzen ditut normalean, jaitsiera tekniko eta bihurrietan, batez ere.

Mont Blancen 3. sailkatu izanak zer garrantzi izan du zure ibilian?

Munduko txapelketarik ez dago ultra trailetan, baina proba ikurra da Mont Blancekoa. Frantziako Tourra hirugarren bukatzen duen ziklistari ate asko irekitzen zaizkio, eta niri ere halako zerbait gertatu zait. Aukera profitatu eta emaitza saltzen jakin dut. Euskal Herrian ni bezainbeste eta hobeto dabiltzanak mordoxka bat dira, baina saltzen ere jakin behar da. Ez da entrenatzea eta kito; txostenak egin, jendearekin hitz egin... ahalegin bat eskatzen du.

Profesionala izaterik ba al dago?

Kirol honetatik ez da dirurik ateratzen, baina gasturik ez edukitzea handia da; profesionalen pare sentitzen naiz. Izen ematea, materiala, bidaia, hotela... dirutza da, eta laguntzarik ezean ezin zaio aurre egin. Orain artean ez nuen kanpora joateko modurik eta halako talde batean egoteak aukera hori ematen du. Transgrancanaria irabazita, beste ate batzuk ere jotzen ari naiz orain.

Zer asmo dituzu 2011rako?

Apirilean Arratzu-Urdaibain parte hartuko dut, Euskal Herrian antolatzen den proba ederrenetako bat da. Zegama-Aizkorrin aterako naizen ez dakit, egun horietan beste trail baterako gonbidatu nautelako. Ekainerako, berriz, bikoteka eta bi egunez jokatuko den proba batera goaz Unai Santamaria hernaniarra eta biok; Bidarrain jokatuko da, eta eguneko 65 kilometroko etapak dira. Bada egutegian gorriz markatu dudan beste bat: Lavaredoko ultra traila, Dolomitetan, uztaileko lehenengo asteburuan.

Entzutearekin nekatzen da bat...

Bidarraikoaren gisako lasterketak normalagoak iruditzen zaizkit. Mont Blanceko traila, adibidez, astakeria da; 160 kilometro, 24 ordu korrika... Naturalagoa da esfortzua bi egunetan banatzea, errekuperatzeko modua dago eta gehiago gozatzen da.

Nola moldatzen zara sukaldari lana, familia eta prestaketa uztartzeko?

Tetrisean jolastea modukoa da. Aste barruan ongi moldatzen naiz; 06:00etatik 14:00etara lan egiten dut, eta umeak 16:30ean jaso arte bi ordu pasatxo ditut. Asteburuetan saio luzeagoak egiten ditut, lau-bost ordukoak. Gero familiarekin egon ahal izateko, goizeko ordu txikietan joaten naiz.

Indarra hartu dute mendiko lasterketa eta trailek. Zer erakargarritasun dute?

Oro har, kirola egitea dago modan; gimnasioetara zenbat jende doan ikusi baino ez dago. Natura ere modan dago, eta mendi lasterketek bi osagaiok dituzte. Prestaketa ez da beste kirol batzuetan bezain zorrotza; erritmo eta erloju morrontzarik ez dago. Giroa aparta izaten da, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.