Jabier Baraizarra.
«Balantzea oso ona da, jendearen fideltasunagatik»Herenegun bukatu zen jaialdia, urte osoko lanaren emaitza, eta gustura dago Jabier Baraiazarra zuzendaria.
Zer-nolako balorazioa egiten duzu?
Oso balantze baikorra egin dugu aurtengoaz, ikusleen kopuruagatik, berriro ere goia jo baitugu, baina batez ere jendearen aldetik lortu dugun fideltasunagatik. Harreman dotorea izan dugu mendiko komunitatearekin, eta garrantzitsuena izan da mendiko jendeaz haratago iritsi garela.
Lehen urteetan gehienbat mendizaleak joaten ziren filmak ikustera. Orain beste ikusleria bat erakartzea ere lortu duzue?
Bai, hala da. Gure helburuetako bat hori izan da. Azken urteetan gaien zerrenda asko zabalduda, eta horrek beste ikusleria mota bat erakartzea lortu du. Hori oso garrantzitsua da, bai mendia eta bai natura gizarte osoari erakusteko aukera ematen duelako.
Azken urteetan Mendi Filmek neurri handia hartu du. Hurrengo urteetarako sasoiko dago?
Horrela jarraitzen badu, gustura egoteko moduan izango gara. Gure asmoa nazioartean zabaltzea da. Sendo dago, egonkortuta dago. Bilbo eta Euskal Herria ezagunak dira jaialdiarengatik, eta hori oso garrantzitsua da. Mendiaren eskutik euskal kultura mundura zabaltzea izango da hurrengo urteetarako erronkarik handiena.
Filmak aukeratzea ez da izango lan erraza, eta askotan huts egiteko beldurra ere hor izaten da. Aurten asmatu duzuela uste al duzu?
Nik uste dut inoizko mailarik handiena izan dugula. Hori gauza askorengatik izan daiteke: filmen maila handiagatik, ekoizleen mailagatik... Esan dezakegu gaur egungo film onentsuenak izan ditugula gureak, eta guk horren aldeko apustua egiten jarraituko dugu.
Aurtengo protagonistetako bat Chris Bonnington alpinista izan da. Gustura ibili al da Euskal Herrian?
Haren hitzak errepikatuko ditut: «Maiteminduta noa Euskal Herriarekin eta Mendi Filmekin». Jaialdi askotan ibilitakoa da, eta, hark esan duenez, asko gozatu du jendearen berotasunarekin eta gertutasunarekin.
Euskal Herriko ekoizleek ere beren lekua izan dute.
Poz handienetariko bat azken larunbatean izan genuen: bi euskal filmen emanaldia eta 11:00etan zinema aretoa beteta; hori ikustea ikaragarria izan zen. Kanpoko jende asko zegoen, eta txundituta atera ziren.
Jon Herranz.
«Alvarezek aukera bat merezi zuela uste genuen»Jon Herranz (Getxo, Bizkaia, 1980) zuzendari eta argazkilaria aurtengo protagonistetako bat izan da. Herranzena da aurtengo irudi nagusia. 2011n hasi zen, eta zortzigarren lana du Mar Alvarez no logo film laburra.
Nola sortu zen film laburra?
Guk sortu genuen Mar Alvarez eskalatzailearekin zerbait egiteko aukera. Alvarezek grabatutako bideo bat ikusi genuen Interneten, Era Vella igo zuenekoa. 9a zailtasuneko bere lehen bidea zen, eta munduko bosgarren emakumea izan zen 9a bat eskalatzen. 25 minutuko bideo bat zen; lurretik abiatu eta bukatu arte egin zuen bidea. Lankide batekin komentatu nuen, eta konturatu ginen Marrek izango zuela gehiago grabatzeko. Ez zen kalitate oneko bideoa, babeslerik ez zuelako. Halako zailtasuna zuen bidea egin zuen emakumeak ez zuen babeslerik!
Alvarezekin identifikatuta sentitu zineten.
Bai. Gu ere antzeko bide batetik gatoz. Guk ere hutsetik hasi behar izan dugu, eta segituan aurkitu genituen antzekotasunak. Orduan pentsatu genuen Alvarezek ere aukera bat merezi zuela. Bazuela zerbait kontatzeko.
Nolakoa izan zen grabazioa?
Oso erraza eta atsegina izan zen. Mar bere bikotekidearekin bizi da Estadillan, Aragoin. Bitxikeria bat dauka Marrek: haitzean, udan bakarrik eskalatzen du; ez du gogoko neguan egitea, ez du batere gozatzen hotzarekin. Horrela, otsailean bere etxera joan ginen, entrenamenduak grabatzeko asmoz. Geroago, eguraldia hobea hasi zenean, Lleidako Perles herrira joan ginen, bertan baitzuen 9a zailtasuneko bigarren proiektua: Esclatamasters. Egin zuen, bere bigarrena zen. Gaur egun hiru ere baditu.
Zortzi minutuko film laburra da. Nahikoa?
Gu pozik gaude. Film laburrak oso harrera ona izan du beste jaialdietan, jendeari asko gustatzen ari zaio. Bestalde, beste bi zati txiki ere egin genituen Interneterako, eta 200.000 bisita baino gehiago izan zituzten. Badirudi Marrek zerbait interesgarria bazuela kontatzeko. Gainera, lan horien ostean babesleak ere lortzeko aukera izan du. Badirudi helburuak bete ditugula.
Alberto Iñurrategirekin, Juan Vallejorekin eta Mikel Zabalzarekin ikusi zintugun azken espedizioan. Orain, berriz, Mar Alvarezekin. Lan egiteko modua oso ezberdina da.
Ezberdintasunak oso handiak dira. Hiru alpinistekin igarotako bi hilabeteak ikaragarriak izan ziren. Alde batetik, espedizioak aukera eman zidan niretzat ezezaguna zen herrialde bat ezagutzeko. Aurretik nituen zalantzak azkar batean argitu zizkidaten pakistandarrek. Oso harrera ona egin ziguten. Espedizioaren esperientzia, Baltoron egindako trekkingak, beheko kanpalekuan igarotako hilabetea... Une gogorrak ere igaro nituen, baina berriro ere errepikatuko nuke dudarik gabe. Espediziokideak ere bikain portatu ziren nirekin. Asko lagundu zidaten, nahiz eta aurretik ez genuen elkar ezagutzen. Gauza asko ikasi nituen haiengandik, eta talde indartsu bat osatzea lortu genuen. Inoiz ahaztuko ez dudan esperientzia izan zen. Marrekin, ordea, historia osatzea izan zen zailena. Bost edo sei egun igaro genituen, etxean jaten genuen, lo furgonetan... Borroka gogorrena nire lankidearekin izan nuen, ordenagailuaren aurrean [barreak].
Zer esan nahi du film laburra Bilbon estreinatzeak?
Bilbora, etxera, ate nagusitik sartzea bezalakoa da. Mendi Film Festivalean hiru urte daramatzat, baina oraindik ez naiz ohitzen. Aurten, gainera, Mendi Filmeko argazki nagusia nirea izan da, beraz, pentsa! Namuss Film osatzen dugunok esker oneko hitzak besterik ez dugu antolatzaileentzat. Gainera, beste zuzendari, kirolari eta mendiko jendearekin elkartzeko aukera paregabea izaten da gauza berriak ikasteko. Ikaragarrizko lana egiten ari dira Bilbon, eta guk asko eskertzen dugu.
Mendiarekin loturiko beste proiekturik ba al duzu?
Badugu zerbait esku artean, baina oraindik zehazteke. Pirinioetan kokatu dugu asmoa, etxetik gertu, baina ezin dut gehiagorik esan. Asko motibatzen nauen proiektu bat da.
Iker Elorrieta.
«Hasierako ideia etengabe aldatu dugu»Kritika bikainak jaso ditu, eta filmaren gaiak zeresana sortu du Bilboko Mendi Film jaialdian: Baltistan eta emakumeak. Iker Elorrietak (Bilbo, 1977) publizitatean eta proiektu komertzialetan lan egiten du batez ere, baina aurrerantzean ez dio biderik itxi nahi bide berriari.
Baltistanen, emakumeen egoeraz hitz egiten duzu I Forgot Myself Somewhere filmean. Ideia zurea izan da ala proposaturikoa?
Baltistan fundazioak proposatutako ideia bat izan zen. Proiektu solidario bat da, eta emakumeek Baltistanen bizi duten egoeraren berri ematen dugun.
Hasiera batean, beste ideia batekin joan zineten Pakistanera, ezta?
Bidaia hasi genuenean, hasierako ideia beste bat zen, zeharo ezberdina, gainera. Baina ideia aldatuz joan zen, eta eraldatuz joan gara, behin muntatzen hasi ginenean.
Zenbat eguneko bidaia izan zen?
Egia esan, bitxikeria asko ditut kontatzeko. Bidaiak 25 egun iraun zuen, baina grabatu beharreko haranean sei besterik ez genituen igaro.
Aipatu, bada, bitxikeriaren bat.
Bai, asko. Bat kontatzearren, elkarrizketatu nuen emakumearekin gertatu zitzaidana: hotel batean egin genuen hitzordua, eta logela batean dena prestatu genuenean; hoteleko jabeek sekulako istilua sortu zuten emakume bakarra bi gizonekin ikusi zutelako gela berean. Ondorioz, elkarrizketa lekuz aldatu behar izan genuen. Beraiek zerbait ikusteko aukera izan zuten arte ez ziguten hasten utzi.
Atzerritar batek egun gutxian jendearen konfiantza lortzea ez da erraza izango, ezta?
Nahiko zaila da. Pixkana-pixkana egin beharreko lana izaten da. Dena erakutsi behar izaten zaie, eta geure asmoa ona zela ikusi zuten. Azkenean euren konfiantza lortu genuela esan dezakegu.
Egindako lanarekin gustura gelditu al zara?
Niretzat, proiektu hau hurrena etorriko denaren aurrerapen bat besterik ez da izan. Bestea haranean egin nahi dudan istorio baten gaia izango da. Horretarako banekien haraneko jendearen konfiantza lortu behar nuela, eta lan honekin lortu izana espero dut.
Baltistan fundazioaren lana ere aipatzekoa da lurralde horretan.
Lan handia egiten ari dira. Guri ere ikaragarri lagundu digute, eta gauzak errazago egiteko aukera izan dugu.
Bilbon ez ezik, beste nonbait ere ikusteko aukera izango al dugu?
Aste honetan Donostian, Tabakaleran, ikusteko aukera izango da.
Beste proiekturik jorratzen ari al zara?
Proiektu pertsonalak egiten ari naiz oraintxe bertan, eta lehen film luzea 2017an kaleratuko dut.
Mikel Sarasola.
«Gertatzen dena kontatzen dugu, galbaherik gabe»Gaztea da, baina ez hasiberria abenturei buruzko film laburretan eta filmetan Mikel Sarasola (Donostia, 1987). Denek ura dute oinarri. Kayakzale amorratua da, eta bi film aurkeztu ditu Bilbon: Humla eta Kurssuaq, la exploración del Rio Grande. Lehenak Nepaleko ibai luzeena du gai nagusi; bigarrenak, Groenlandia.
Zer da Humla?
Film luze motz bat da, 37 minutukoa, iaz Nepalen egin genuen espedizio baten ingurukoa. Humla Karnali ibaia jaitsi genuen, Nepalgo ibairik luze eta emaritsuena, oraindik inork egin ez zuen modu batean, gainera: lurretik iritsi ginen bertaraino. Hamabi egun behar izan genituen, zamaketariek lagunduta. Kirol erronka erakargarria zen guretzat, kayaka dugulako pasio, eta gauza zail eta politenak jaitsi nahi ditugu, ahal izanez gero urruneko lurralde interesgarrietan. Erdi Arora joan ginela sentitu genuen, luxu guztietatik urrun. Hori erakusten du filmak. Gertatzen dena kontatzen dugu, den moduan, galbaherik gabe. Ikusleak gurekin bidaiatzen duela sentitu dezala nahi dugu.
Bestea, berriz, kontrakoa da.
Kurssuaq, la exploración del Rio Grande guztiz bestelakoa da. Esplorazioan zentratzen da, eta nola sentitzen dugun guk abenturaren dei hori. Film labur bat da, bost minutukoa besterik ez, baina ondo erakusten du bertan topatutakoa.
Zuzendari eta protagonista, gainera. Nolatan?
Oso ulergarria da. Filmen bidez gure abenturetan bizitakoa erakutsi nahi dugu, eta abenturaren esentzia puruena errespetatu nahi badugu, ezin dugu inor eraman, guk izan behar dugu filmatzen dugunak, gertatutakoa den moduan kontatu ahal izateko. Gainera, beti izan dut gustuko filmak muntatzea, horrela nik erabakitzen baitut istorioa nola kontatu. Espedizioan barneratu aurretik beti dut garbi nola kontatu nahi ditudan gauzak; baina behin abenturan murgilduta, gauzak espero ez bezala ateratzen dira beti, eta egoerara azkar egokitzea tokatzen zaigu; inprobisazioa oso garrantzitsua da.
Lagunen arteko espedizioak izan dira biak ere. Gustura gelditu al zarete orokorrean?
Bai, oso gustura. Niretzat ezinbestekoa da horrelako abentura batera lagunekin joatea. Ondo ezagutzen den talde batek beti hobeto egingo dielako aurre egoera gogorrenei, eta garrantzitsua baita bakoitzak nola erreakzionatuko duen jakitea eta aurreikustea. Giro ona ezinbestekoa da horrenbeste egun bakarrik zaudenean, egoera oso gogorretan, estres eta neke handiko uneetan. Ezin zara horrelako bidaia batean murgildu giroa nolakoa izango den zalantzarekin, espedizio osoa pikutara bidal dezake.
Kurssuak-ekin zerbait luzeagoa prestatzeko asmorik bai?
Bai, hau aurrerapen bat besterik ez da. Sekulako proiektua izan zen hura, eta ekarri dugun materiala oso ona da. Gauza handi bat muntatzeko adina material daukagu. Ea orain muntatzen asmatzen dudan eta 2017an gauza txukun bat aurkez dezakedan.