2020ko otsailaren 2a ez du berehalakoan ahaztuko Jonatan Garciak (Barakaldo, Bizkaia, 1985). Alex Txikonen espedizioko kide zen ordu arte. Ama Dablam (6.812 metro, Nepal, Himalaia)igo ondoren, Everesteko (8.848 metro, Nepal, Himalaia) oinarrizko kanpalekura iritsiak ziren. Khumbuko harana zeharkatzeko hornitze lanetan hasi orduko, ordea, hamabi metroko pitzadura batetik amildu zen. Erorikoaren ondorioz izandako zauriak tarteko, etxera bueltatu behar izan zuen. Jada Benasqueko (Aragoi, Espainia) bere etxean dago, lasaiago. Zauriek eta kolpeek bainoago, espedizioan ez jarraitzeko hartu behar izan zuen erabakiak ematen dio min orain. Ez du baztertzen berriro ere itzultzea.
Zer moduz zaude erorikoa izan eta gero?
Ondo, eta azkar osatzeko gogoz. Berriro ere eskalatzera ateratzeko irrikaz nago. Egiten ari den eguraldiarekin, ezinegonak hartuta nago. Etxean egoteak komeni baino gehiago pentsatzera eramaten nau, eta agian horregatik ari naiz gehien sufritzen.
Zerk arduratzen zaitu gehien izandako kolpeetatik?
Oinetan ditudan bi behatz lodien izozketek. Bigarren graduko izozketak dira. Espero dut hilabete batean usteldua dudan azken geruza erortzea, eta berria ateratzea. Apurtutako bi saihetsak bere onera itzultzeko, berriz, denbora behar dut. Bakarrik itzultzen dira bere onera. Beraz, pazientzia kontua izango da.
Nondik sortu zitzaizun Txikonen espedizioan joateko aukera?
Berak eskaini zidan aukera; lehenik, Antartikakora joateko; eta, ondoren, Ama Dablam eta Everestekora. Bietara joateko ez neukan dirurik, beraz, Himalaiakoari heldu nion. Baina argi esan nion hasieratik finantzaketa lortu beharrean nintzela. Gogoa eta entrenamendua itzelak ziren, baina garrantzitsuena dirua lortzea zen. Zorionez, lortzeko aukera izan nuen.
Sorpresaz harrapatu al zintuen Txikonen deiak?
Ez eta bai. Iaz ere eskaini zidan berarekin K2ra joatea [8.611 metro, Karakorum, Himalaia]. Ni irailaren 27an Manasluren gailurrera igo nintzen [8.156 metro, Nepal, Himalaia], eta handik gutxira deitu zidan. Felix Criado ere joatekoa zela, eta ea ni ere animatzen nintzen esan zidan. Egia da inoiz ez nuela Txikonekin eskalatu, baina beti izan dugu harreman handia. Bere asmoen berri ematen zidan aldiro, eta nik nireak ere kontatzen nizkion. Batera ibili gabeak ginen arren, ez ninduen ezustean harrapatu haren deiak. Elkarrekin zerbait egiteko gogoa genuen biek.
Azkenean, ordea, ez zenuen proposamena onartu. Zer dela eta?
Zenbat diru behar zen aipatu zidanean, oso zaila ikusi nuen. Denbora gutxi zen Himalaian izana nintzela. Egia da finantzaketalortzen saiatu nintzela, baina ez zen posible izan.
Aurtengo espedizioa bikain hasi zenuten, ezta?
Bai, Txikonekin azkar konektatu nuen, eta talde bikaina ginen. Hotz handia izan genuen hasieratik, eta haizeak ere oso gogor jo zigun. Urtarrilaren 25ean Ama Dablameko gailurrera iristea lortu genuen. Bost eguneko borroka izan zen. Lehen eguna oinarrizko eta lehen kanpalekuan pasatu genuen. Ondoren, egunero kanpaleku bat irabaziz joan ginen, gailurrera iritsi ginen arte. Oso giro onean ibili ginen.
Ama Dablametik zerk harritu zaitu?
Zein zaila den igotzea, eta hara iristea zenbat kostatzen den! Beti gustatu izan zaidan mendia da, baina inoiz ez nuen bide arruntetik eta urtaro egokienetan joateko aukerarik izan. Beti pentsatu izan dut saiatu behar nuela. Egoera normal batean izan balitz, ziurrenik ez nintzen joango, oinarrizko kanpalekuan jende andana elkartzen delako. Hori da gaur egun zortzimilakoetatik gutxien gustatzen zaidana. Baina neguan egiteko aukera sortu zitzaidanean, ez nuen pentsatu ere egin. Neguan joateak arrisku bikoitza dauka, gauzak askoz gehiago zaindu behar direlako. Baina asko gustatu zait.
Zortzimilako guztiak udaberrian edo udazkenean igo dituzu. Zein dira neguarekiko nabaritu dituzun aldaketa handienak?
Tenperatura aldaketaeta haizearen indarra, zalantzarik gabe. Udaberrian izana nintzen Annapurnan [8.091 metro, Nepal, Himalaia] Alberto Zerainekin. Ondoren, beste bi aldiz ere bai, udaberrian eta udazkenean, baina ez du zerikusirik. Katmandun bertan jada nabaritzen zen izugarrizko aldaketa. Udaberrian eta udazkenean joan izan naizen guztietan, hegazkinetik jaitsi orduko bero sargoria nabaritu izan dut, eta bertako usaina ere oso adierazgarria izaten da. Oraingoan, berriz, hotza. Katmandun igaro genuen egun eta erdian, gauean jada ohean nabari zen hotza.
Ama Dablamen gailurrera iritsieta gero, azkar batean gerturatu zineten Everesteko oinarrizko kanpalekura. Handik egindako lehen irteeretako batean, istripua izan zenuen. Nola izan zen?
Everesteko oinarrizko kanpalekuan geunden. Ez nuen ezagutzen bidea, eta lo egiteko lekuetan hotz handia egiten zuen arren, izugarri gustatu zitzaidan. Zero azpitik hamabost graduko tenperaturak ere izaten genituen goizean. Oinarrizko kanpalekuan bi egun generamatzan. Mendira abiatu aurretik, Puya izeneko festa egin genuen, bertako ohituretako bat delako. Berandu xamar zen, baina hura egin ondoren, Alexi begiratu eta zera aipatu nion: «Abiatuko gara?». Ezbaian egon ginen une batez, baina abiatzea erabaki genuen. Lan pixka bat aurreratzea zen asmoa. Eskailera batzuk jarri eta bidea aldatzeko nahia azaldu zidan Txikonek. Eskailerak jartzen ari ginela, pitzadura batera erori nintzen.
Duzuen esperientzia eta bertako arriskuak kontuan hartuta, zu erortzea arduragabekeria bat izan zela esan daiteke?
Ez, ez, ezta gutxiagorik ere. Egun guztia mendian ibilita, beti izaten dira arriskuak. Baina oraingo honetan ezin dugu esan zuhur ibili izan ez ginenik. Baina, hotzean pentsatzen jarrita, esan dezaket zorte handia izan dudala. Askotan pentsatu nahi izaten da zorte txarra izaten dela, baina behin han egonda, eta bertako arriskuak zein diren ikusita, aingeru baten laguntza izan dudala sinisten dut. Gauzak ondo egin genituen, baina ezin da ukatu arrisku handiak daudela. Berriz ere etxeratu, indartu eta berriro ere itzultzeko beste aukera bat dudala esango nuke. Zer gertatu zitekeen jakinda, ez zen ezer gertatu. Ez zaio buelta gehiagorik eman behar. Argi dago joaten ez denariez zaiola pasatuko.
Egun batzuk badira istripua gertatu zela, baina oraindik ere sustoa inork ez dizu kentzen, ezta? Alde horretatik nola zaude?
Inoiz ez nuen horrelakorik izan. Egia da eskalatzen harriren bat erori izan zaidala; badakit zer den oin batean min hartzea eta hanka blokeatzea, edo izotz puska batek sudurra jo eta zauri bat egitea. Baina erorikorik ez nuen inoiz izan. Egia esan, dena oso azkar pasatu zen. Ez nuen denbora askorik izan beste ezertan pentsatzeko, gehienbat une oro dagoelako arriskuren bat. Aldiro arriskuak ekiditen ibili beharreko lekua da Khumbuko eremu hori. Eroriko arrunta izan zen, eta, zortez, aurretik jarrita zeuden soka finkoek nire pisuari eutsi zioten. Gainera, banekien lagunek muturrerainoko ahalegina egingo zutela ni handik ateratzeko.
Inongo momentutan ez zenuen bizia arriskuan ikusi?
Ez, ez. Jabetzen nintzen nora erori nintzen, eta banekien ondoan zein zeuden. Hori konpontzeko aukera bakarra, lasai egotea zen. Banekien goian Txikon zegoela, eta bere denbora beharko zuela.
Behin zulotik aterata, eta lesioak kontuan hartuta, pentsatu al zenuen espedizioan jarraitzeko aukeran?
Bai, zulotik atera nindutenean, neure kabuz itzuli nintzen kanpalekura, eta orduan buelta asko ematen hasi nintzen buruari, baita afaltzeko orduan ere. Ohera sartu nintzen arte, ez nuen etxera itzultzean pentsatzen. Buruan itzulika zebiltzan deabrua eta aingerua, eta jada ez nekien zein zen ona eta zein txarra [barrezka]. Hala ere, banekien nola nengoen, eta horrelakoetan hori izaten da garrantzitsuena. Beste mendiren batean balitz, eta egin beharreko lana hain gogorra ez balitz, ez dakit nola erantzungo nuen, baina Everestez ari gara, oxigenorik gabe, neguan...Konturatu nintzen ezinezkoa izango zela, eta gainera kontuan hartuta bertako hotza eta izaten ari ginen haizea, lesioek beste ondorio okerragoak izango zituzten. Ez zuen merezi izozketengatik anputazio bat izatea. Lasai nago, dena den, badakidalako ahal dudan guztia egin dudala. Atzera itzultzen jakitea oso garrantzitsua da.
Zenuten giro ona kontuan hartuta, espedizio kideez agurtzea gogorra egin al zitzaizun?
Bai, oso. Egun asko izan ziren elkarrekin; izugarrizko espedizioa izan da. Gaur egun ditudan lagunik onenak mendikoak dira. Gauza asko konpartitzen dira. Gauza politak bai, baina ez horren onak ere asko. Batek txakalaldi bat duenean, ondoan izaten da bestea laguntzeko, eta hurrengo egunean alderantziz gerta daiteke.
Zer iruditu zaizu neguko espedizio bateko gauzarik gogorrena?
Arlo psikologikoa, zalantzarik gabe. Egunero eskasia izugarria dago han. Dena izoztu egiten da, ura, hortzetako pasta... Bertan egon ezean, ezin da sinetsi. Zortzimilakoetan hasi nintzenean gauzek harritzen ninduten, konturatu nintzen zazpimilakoak baino zerbait gehiago zirela, baina neguan joatearena ezin da ezerekin alderatu. Ez gara altueraz ari, gizakiaren gainetik dagoen zerbaitez ari gara.
Berriro ere neguan itzultzeko gogorik gelditu zaizu?
Bai, zalantzarik gabe. Sentsazioak oso onak izan dira, baina arantza batekin itzuli naiz, hori argi daukat. Pozik nago espedizioarekin, eta espedizio kideekin ere bai. Haietako edonorekin itzuliko nintzen edozein lekutara. Berriro ere ez banintz itzuliko, ez luke ezerk zentzurik izango.
Zer nabarmenduko zenuke Txikonez?
Iruditu zait oso era zuzenean lan egiten duela. Konpromiso handiko espedizioa zen, baina nabarmenduko nuke oso talde ona elkartu duela. Beti lanerako prest dago, gehitzeko prest. Lan ikaragarria egiten du, ikusi besterik ez dago azken bederatzi urte hauetan neguko espedizioetan egin dituenak. Beti etxera itzultzea lortu du, eta horrek asko esan nahi du. Lanak ez balitu ondo egingo, ziurrenik ez zen gure artean izango.
Batzuek diote Txikonek eta zuk talde polita osa zenezaketela etorkizunean. Zer diozu?
Bai, noski. Antzekotasun batzuk baditugu, baina egia da inoiz ez genuela batera eskalatu. Nik beti erreparatu izan diet Txikonen espedizioei. Askotan pentsatzen nuen: «Nik uste alu honekin konektatu egingo nukeela, ondo moldatuko ginela» [barrezka]. Antzekotasun asko ditugu, eta mendiko filosofia ere nahiko antzekoa dugu. Estutzeko garaian ere leku antzekoetara iristen gara... Esperientzia handia du, eta harengandik gauza asko ikas daitezke. Berriz joateko aukera izango banu, ez nuke pentsatu ere egingo. Sokaldi polita osa dezakegu Txikonek eta nik etorkizunean.
Jonatan Garcia. Alpinista
«Etorkizunean soka talde polita osa dezakegu Txikonek eta biok»
Alex Txikonen azken espedizioa utzi behar izan zuen Garciak, hamabi metroko pitzadura batetik erori eta gero. Osatzen ari da, eta espedizioan ikasitako guztia nabarmendu du, baita izan duten giro ona ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu