Etiketa berdea gorpuzten ari da

Larunbatean Durangon bildu ziren lasterketa etikoen aldeko egitasmoarekin bat egin duten hainbat proba eta kirolari. Dagoeneko 35 dira probak, eta «interesa gero eta handiagoa da».

Etiketa Berdea ekimenaren aurkezpena
Egitasmoarekin bat egin duten probetako hainbat antolatzaile eta kirolari aurreko larunbatean Durangon. ETIKETA BERDEA
ramon olasagasti
2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Etiketa eta etika hitzak gertu daude. Berdea da ingurumenari lotzen zaion kolorea. Etiketa Berdea, «elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako lasterketen aldeko konpromisoa da». Hala nabarmentzen da proiektuaren webgunean. Mendiko probetan denboraren joanean nagusitu den kirol ikuspegi soilaren gainetik, ingurumenaren babesa, berdintasuna, ikuspegi etikoa, elkartasuna, kirol legea, aniztasuna, errespetua... muin-muinean dituen ekinbidea da. Eta dagoeneko hainbat proba batu dira egitasmora. Irailean, BERRIAk proiektuaren berri eman zuenean, dozena bat ziren. Bi hilabeteren buruan, 35 dira dagoeneko, «eta egunetik egunera gero eta proba gehiago dira interesa dutenak, galdezka datozenak», nabarmendu du Gotzon Idirinek, egitasmoaren bultzatzaileetako batek. Iragan larunbatean elkartu ziren lehenengoz proba horien antolatzaileak Durangon (Bizkaia), Etiketa Berdea jendaurrean aurkeztu eta lehen batzarra egiteko.

Durangora bildutakoen artean, ekinaldiarekin bat egin duten proben antolatzaileak eta kirolariak bildu ziren, besteak beste, Nahia Quincoces, Jokin Lizeaga, Oihana Azkorbebeitia, Ander Iñarra, Hassan Ait Chau, Asier Larruzea, Zigor Iturrieta... Batzuk korrikalari eta antolatzaile dira, aldi berean: Hassan, adibidez, Villabona-Zizurkilgo Trikuharri lasterketaren antolakuntzan dago, eta Iñarra Lezo-Jaizkibel, proban. «Guztiek azpimarratu zuten asmoaren beharrezkotasuna eta ekimenaren atzean sumatzen den indarra», adierazi du Idirinek.

Etiketaren bultzatzaileen artean, gizartean, mendiko proben antolatzaileen artean, kirolarien artean, sumatzen den kezkaren adierazle da hain tarte laburrean egitasmoak hartu duen gorputza eta jaso duen bultzada. «Proiektua herritik sortu da. Gurea proiektu askea da, independentea, eta batu diren lasterketak berak izango dira erabakiak hartuko dituztenak. Nolanahi ere, federazioekin errespetuzko harreman zuzena izan nahi dugu, eta ekimen autonomoa izan arren, elkarlanerako ateak zabalik ditugu. Katalunian, adibidez, sortu zen jasangarritasun aldetik jardunbide egokien halako ekimen edo kode bat, eta Kataluniako Federazioak berak ere erabiltzen du. Guk, nolabait, ingurumena babesteko jardunbideez gain, ikuspegi etikoa, elkarbizitza eta berdintasuna aintzat hartzeko puntuak ere gehitu ditugu», azaldu du Idirinek.

«Proiektua herritik sortu da. Gurea proiektu askea da, independentea, eta batu diren lasterketak berak izango dira erabakiak hartuko dituztenak». GOTZON IDIRINEgitasmoaren bultzatzaileetako bat

Ingurumenaren aldetik, proba hauei begira administrazioetan irizpide bateraturik ez dagoela diote etiketaren bultzatzaileek. Parke natural bakoitzak bere Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) dauka, Euskadin eta Nafarroan irizpideak desberdinak dira, eta batetik bestera aldatu egiten dira araubideak. «Bitxia da: EKZP horietan mugatuta edo debekatuta daude hainbat jarduera eta ekintza, baina mendiko lasterketak baimenduta daude. Hor garbi ikusten da egin diren analisiak eta hausnarketak irizpide ekonomikoetan oinarrituta egin direla, eta, gure ustez, ingurumenari eman beharko litzaioke lehentasuna».

Halabeharrez, lasterketa txikiak dira etiketa berdera bildutakoak, baldintza nagusietako bat horixe baita: naturagune babestuetatik edo ekologikoki zaurgarriak diren inguruneetatik igarotzen diren probetan, partaide kopurua 500era mugatzea. Hala ere, lasterketa handiago batzuk ere batu dira egitasmora, Gran Maraton de Montañas de Benasque, esaterako. «Lasterketa handia da, baina Benasqueko [Aragoi, Espainia] beste bi lasterketen aldean, askoz txikiagoa, eta beraiek ere prest daude konpromisoa hartzeko. Berdin Moixeroko [Katalunia] trailekoak ere. Hala, Herrialde Katalanetako lasterketen taldetxo bat sortu da Etiketa berdearen barruan, eta hasi dira hango beste proba etiko batzuekin harremanetan jartzen», azaldu du Idirinek.

Euskal Herrikoen artean, mendiko lasterketak ez ezik, oinezko martxa pare bat ere batu dira Etiketa Berdera (Ibarrurikoa eta Ereñokoa), baita mendiko eskiko lehen proba ere: Bandres-Karolo Memoriala. Batzarraz geroztik, Aiaraldeko (Araba) beste bost mendiko lasterketa batu dira proiektura.

Berme batzordea

Durangoko batzarrean hitz egindako gaien artean, bertaratuek beharrezkotzat jo zuten berme batzorde bat sortzea. «Zurikeriaren kontua askotan atera da gure artean; hau da, modagatik-edo etiketa berdearekin bat egin nahi izatea, honetan benetan sinetsi gabe. Guk ez dugu komisario etikorik, azken batean fedea dugu jendearen borondate onean, baina garrantzitsua da gutxieneko batzuk bermatzea, eta horretarako beharrezkoa izan daiteke halako batzorde bat sortzea».

Batzarrean izan ziren ekarpenen artean, Jokin Lizeaga korrikalariak interesgarritzat jo zuen galdeketa bat egitea partaideei, ikuspegi etikotik eta jasangarritasunaren aldetik zer hobekuntza egin daitezkeen jasotzeko. «Ontzat jo genuen guztiok, eta etiketa berdea duten probetan, galdetegi hori bideratuko diegu lehiakideei, izan daitezkeen ekarpenak jasotzeko».

Etiketa berdea izateko baldintzak eta betebeharrak ekimenaren dekalogoan zehaztuta daude. Batzuk oinarrizkoak dira, «lerro gorriak», nahitaez bete beharrekoak, eta beste batzuk gomendioak, jasangarritasunaren, berdintasunaren eta etikaren bidean ahal dela betetzekoak. Txikitik hasi da ekinbidea oinez, eta jomuga ez da hurbil-hurbil ere sumatzen, baina ibilian-ibilian badoa bidea egiten; gainera, hau ez da kronoaren aurkako lehia; ingurumenaren eta lasterketa etikoen aldeko mugimendua baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.