Mendietxek ateak zabaldu dituen honetan, askoren galdera izango da: eta euskal mendizaletasunaren museoa, zertan da? 2022ko azaroan, oraintxe bi urte, halaxe iragarri zuen museo hori egia bihurtzeko gorputz-arima lanean ari den EMMOA Fundazioak: «Gauzatzear dago hamar urtez baino gehiagoz amesturiko proiektua: euskal mendizaletasunari haren historia gordeko eta zabalduko duen museoa eskaintzekoa, alegia». Izan ere, 2022ko azaroaren 23an, Tolosako Udalak, Olatz Peon alkatea (EAJ) buru zela, Udalbatza osoak –EH Bilduko Andu Martinez de Rituerto eta PSOEko Joxemari Villanueva ordezkari zirela–, adostasun osoz, akordio historikoa izenpetu zuen EMMOArekin eta bi mendi federazioekin, Tolosako Arkaute izeneko txaletaren erabilera lagatzeko, eta museoa han aterpetzeko.
Ikusi gehiago
Akordioan zehaztutakoaren arabera, Tolosako Udalak arduratu behar zuen eraikinaren barrualdea birgaitzeaz, horretarako beharrezkoak ziren baliabideak jarrita. Eta EMMOAk, berriz, museoaren kudeaketaz arduratu behar zuen. Asmoa zen lan horiek 2024. urtearen erdialdera bukatzea, EMFren mendeurreneko ekitaldiekin bat etorriz. Joan da ia 2024a, baina egitasmoa ez da gauzatu oraindik. Hari mutur askoko korapiloa da, konpromiso horiek indarrean dira oraindik, baina eraikinaren babes arkitektonikoa dela eta, hasierako proiektua nabarmen garestitu da, eta Tolosako Udalak jakitera eman duenez, berak bakarrik ez du gihar nahikorik izatez nazionala den proiektu bati aurre egiteko, herriko bestelako proiektuak baldintzatu gabe. Horregatik, uneotan, ez atzera ez aurrera dago Tolosako egitasmoa.
Eta bitarte honetan, Alex Txikonek bere Mendietxea zabaldu du. Mendiko pieza historikoz osatutako museo eder bat. Mendietxe ez da, ordea, euskal mendizaletasunaren museoa. Mendietxen ez daude Andres Espinosa aitzindariak Alpeetako eta Himalaiako bizipenen berri emanez bere eskuz idatzitako zazpi liburuxkak; Mendietxen ez dago Antxon Bandres Azkueren argazki bilduma historikoa (gerra baino lehenagoko 850 argazkiz osatua); ez dago Anjel Sopeñak, duela mende bat justu, Fraileburuko lehen euskal eskalada historikoan erabili zuen burnizko iltzea; ez dago Everesteko gailurrean Pasang Tenbak astindu zuen ikurrina, edo Martin Zabaletak 1980ko maiatzaren 14 hartan erabili zuen lumazko jaka, edo tontorretik jaso zuen poloniarren arrosarioa, Aita Santuak bedeinkatua. Mendietxen ez dago Edurne Pasabanek K-2ko gailurrean jantzita zeraman lumazko buzoa, edota Patxi Berriok eta Ramon Ortizek, 1969an Naranjoko mendebaleko horman, neguko lehen igoera osatu zutenean, amildu baino lehen jarri zuten azken egurrezko takoa, edota 1979ko Dhaulagiriko nafar espedizioaren oxigeno botila... Adibide gutxi batzuk aipatzearren.
Ondare hori osatzen duten pieza guztiak, balio historiko handiko ehunka eta ehunka objektu, bost mila liburu eta beste horrenbeste antzinako argazki, hainbat eta hainbat mendizale historikok eta haien senideek dohaintzan eman eta EMMOAko kideek inurri lanean bildutakoak, biltegi batean daude, egunen batean ikusgai izateko esperantzan. Historia, ordea, ezin da biltegi batean hautsa hartzen egon; interesa izan dezaketen guztien eskura egon behar du, euskal mendizaletasunaren museoa bisitatuko duten biharko mendizale gaztetxoen begi harrituetan bizigai bilakatzeko. Hori baita museo ororen zentzua: historiaren hautsa bizigai bilakatzea. Izan Uzturreren magalean, izan Izarraitzen altzoan.
«Ez al du merezi euskal mendizaletasunak bere lekutxoa, apala eta soila bada ere, Himalaia mugagabean?», galdetu zuen Andres Espinosak 1931. urtean Kangchenjungara abiatu eta Daarlelingeko (India) garaiko agintari britainiarrek baimenik eman ez ziotenean. Espinosaren galderaren sokan, beste baten oihartzuna ere sortzen da: ez al du merezi, behingoz, euskal mendizaletasunak museo bat, txikia eta soila bada ere, historia eta ondare mugagabe hori guztia aterpetzeko?