Iker Madoz. Alpinista

«Estilo arina eta mendi ez hain garaiak baina teknikoak ditut gustuko»

Mendia du afizio eta ikasgai, eta mendia izan nahi du ofizio. Eskalatzera joaten da ahal duen guztietan. Euskal Herriko alpinismoaren harrobiko harribitxietako bat da. Bide propioa egiten eta aurkitzen ari da.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Lekunberri
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Hotz egiten du Lekunberrin (Nafarroa), Nepaldik bueltatu berritan, ordea, Iker Madozek (Iruñea, 1993) ez du hotz arrasto handirik. Oso gaztea da Euskal Herriko goi mailako alpinisten ondoan, baina askok diote etorkizuneko alpinista eta eskalatzailea izango dela. Bide horretan murgilduta dago buru-belarri.

Nondik datorkizu mendizaletasuna?

Etxetik. Gurasoak betidanik ibili dira mendian, aita gehienbat: goi mendietan, eskiatzen, eskalatzen... Aitarekin hasi nintzen; hasieran, Etxauri aldean. 13 edo 14 urterekin hasi nintzen serioago eskalatzen.

Eskaladan denetik probatutakoa zara.

Bai. Aurrena, Etxaurin kirol eskalada; gero, horma; eta, azkenean, izotz eskalada. Hasi berritan aitak esaten zidan ez ninduela eramango izotzera, baina, ikusi zuenean eskalatzeko irrikaz nintzela, eramaten hasi zen.

Txapelketarik jokatu al duzu noizbait?

Behin parte hartu nuen Espainiako Txapelketa batean, baina ez dut maila onik kirol eskaladan. 8a zailtasuna egin izan dut bi edo hirutan, niretzat nahikoa. Maila pixka bat hartu nuenean, beste gauza batzuk probatzen hasi nintzen. Orain, berriz, ahal badut haitzetara joaten naiz.

Mendi eskiko Altitoy ere egin zenuen orain dela urte batzuk.

Mendian eskiatzen ere aitarekin hasi nintzen, 14 urterekin. Betitik eskiatzen genuen pistetan. 2012an, aitaren Iruñeko lagun batekin, Fermin Ilarregirekin, joan nintzen Altitoyra. Antxon Bandresen oroimenezkoa ere egin nuen. Geroztik ez naiz itzuli lasterketetara. Gainera, izotzean eskalatzen hasi nintzenetik, nahiago dut asteburuak eskalatzeko baliatu.

Ez omen duzu astebururik barkatzen. Egia al da?

Saiatzen naiz ez barkatzen. Arrokan eskalatzeko beti dago aukera, baina izotzean eskalatzeko aukera gutxi izaten ditugu, eta baliatu behar izaten dira.

Mendira beti eskalatzeko asmoarekin joaten al zara gaur egun?

Ez, ez, batzuetan oinez ere ibiltzen naiz. Oso gustuko dut bi edo hiru eguneko ibilaldiak egitea, toki berriak ezagutzea, lagunekin eta familiarekin denbora pasatzea...

Lagunek diote eskalada baino ez duzula buruan.

Agian. Hobetuz zoazen neurrian, gusturago ibiltzen zara zeure buruarekin. Hala ere, askotan pentsatzen dut hainbeste denbora eskalatzen pasatuta beste gauza batzuk ere galtzen ari naizela.

Sentsazio hori askotan izan al duzu? Alegia, gaztaroko gauza asko galtzearena.

Bai. Lagunek gutxi ikusten naute Iruñe aldean. Huescan [Espainia] ikasten pasatu ditudan urteetan oso gutxitan etorri naiz etxera. Baina bizitzak horrelako gauzak ditu, bakoitzak jakin behar du unean unekoa aukeratzen, eta egia da inoiz ez naizela joan derrigortuta eskalatzera. Duela bi aste, esaterako, Nepaldik etxera itzuli naiz, ondo ez nengoelako. Ez nuen burua horretan, eta lasai itzuli naiz. Mendian gauzak egiten saiatzeko burua lasai eduki behar da, buruhausterik gabe.

Lagunek zer esaten dizute?

Etxean nagoenean, «noizko hurrengo bidaia?». Ez daude ohituta ni Iruñean ikustera.

Aurten egun asko igaro dituzu etxetik kanpo.

Pentsatzen jarrita, asko: lehenik, Alaskan hiru aste, Perun bost; gero, Alpeetan beste hiru bat edo; Pirinioetan ere hainbat egun; gero, Durangon ikasten... Urte erdia ez nuen urruti izango!

Heziketa fisikoan lizentziaduna zara iaztik. Argi izan al zenuen betidanik?

Ez. Lehenik, ingeniaritza ikasketak egiten hasi nintzen, baina urtebete iraun nuen. Konturatu nintzen ez nuela gustuko, eta hurrengo irailean hasi nintzen heziketa fisikoko ikasketekin. Huescan egin nituen ikasketak.

Gaur egun, berriz, goi mendietako gidari izateko ikasketetan zabiltza, Kirolenen, Durangon.

Aurten dut lehen urtea, eta oraindik luzerako doa. Lau urteko ikasketak dira. Nire asmoa goi mendietako gidari izatea da urte batzuetan. Horrekin batera, irakasle izateko masterra ere egin nahiko nuke, norberak ez baitaki azkenean non amaituko duen.

Alberto Iñurrategik esan du etorkizuneko alpinista zarela. Zuk zer iritzi duzu?

Uf, ez dakit zer esan. Beti asko estimatu izan dut Alberto. Niretzat maila goreneko alpinista bat da, eta beti gauza onak kontatu izan dizkidate Albertoz. Ez nuke esango idolo bat izan denik, baina antzeko zerbait. Asko eskertzen diot. Oso pertsona umilak iruditu zaizkit beti, bai Alberto, bai Mikel Zabalza, eta baita Juan Vallejo ere.

Zuk ispilurik izan al duzu mendian?

Asko izan ditut. Txikitan aita nuen, baina, orokorrean, mendira joaten hasi nintzen jendea izan dut beti ispilu. Etxekoekin geratzen naiz, lagunak izateaz gain asko inspiratu izan nautelako: esaterako, Mikel Zabalza, Unai Mendia, Manu Cordoba...

Zein alpinismo mota duzu gustukoen?

Orain arte egiten saiatu naizena, estilo arina, mendi ez hain garaiak, baina teknikoagoak. Azkenean, uste dut noizbait zortzimilakoren batera igotzen ere saiatuko naizela, baina ez zortzimilako bat igotzeagatik, baizik eta garaiera horietan nola moldatzen naizen ikusteko. Oraintxe bertan ez daukat inongo premiarik horrelako garaierako mendirik igotzeko. Orain egon berri naiz Nepalen, eta, berriro ere itzultzen banaiz, ziur haran berera joango naizela, edo seimilako mendiren batera eta bide teknikoagoen bila. Azken urteetan ikusitakoari jarraitu nahi diot.

Sei mila metroko mendiak probatu dituzu dagoeneko, baina nola sentitu zara?

Ondo. Ez naiz oso azkar girora egokitzen den horietakoa, ezta buruko min handiekin ibiltzen dena ere. Ez dut asko sufritu beharrik izan. Oso esperientzia gutxi izan dut oraingoz garaierarekin.

2015etik Espainiako alpinismo prestakuntza taldean egon zara. Zer nolako esperientzia izan da?

Oso esperientzia aberasgarria. Asko ikasten da, ez bakarrik mendiaz, baizik eta pertsonez ere. Urtean bost edo sei irteera egiten genituen, eta ondokoarekin nola konpondu ikasten da, eta besteen motibazioak ere zenbateraino lagundu dezakeen partekatzen ikasten da. Zabalzak sekulako lan ona egiten du.

Zein zen haren helburua hiru urte horietan?

Alpinismoko ekintza ezberdinak egitea eta ahulxeago geunden arloetan prestakuntza jasotzea. Hiru urtean 15-18 irteera egin ditugu, Pirinioetan eta Alpeetan batez ere. Bizitakoa garrantzitsua izan da, eta edonor animatuko nuke taldean sartzen saiatzera, orain egingo baitituzte probak.

Askok goraipatu dute, Harri Dantza izeneko bidea, Marboreko dorrean egin zenuen igoera, Unai Mendiarekin eta Albert Salvadorekin. Nondik sortu zen ideia?

Unairen ideia bat zen. Seguru finkorik gabeko bideak ireki nahi izan ditugu, baina askotan ez da posible izaten. Ez da berdina bide batean taladroarekin edo gabe sartzea. Paraboltak etxean utziz geroz, babesteko arrokaren ezaugarriekin moldatu behar zara, iltzeak, friendak, fisureroak eta abar sartuz, konpromiso handia bereganatuz, beti ez delako nahi duzun tokian babesteko aukera izango.

Denali (Alaska, AEB, 6.190 metro) mendian ere ibili zara aurten. Zein asmorekin joan zinen hara?

Bide arruntetik girora egokitzea eta igoera bat egitea Directa Checa bidetik. Bide arruntetik igo ginen, baina bigarren asmoan eguraldiak ez zigun batere lagundu.

Asko sufritu al zenuen?

Gehien sufritu dudan espedizioa izan da. Ez dakit garaieragatik izan den. Esaten dutenez, benetako garaiera baino gehiago sentitzen da bertan, eta agian horregatik izan zen. Gailurrerako azken egunean, neke handia sentitzen nuen. Garaiera batera arte zama guztia leran eraman genuen, eta horretan ere nekatu nintzen. Ikusten duzunez, ez dut nahiko gihar [barreak].

Gaztetan beldurra zer den jakitea zaila da. Hala ere, askotan pasatu al duzu beldurra?

Denok dauzkagu geure beldurrak, nahiz eta gazteagoak izan. Nik ere, noizbehinka. Batez ere burua beste toki batean daukazula eskalatzen zabiltzanean. Okerrago ibiltzen zara, psikologikoki ez zaude egon beharreko tokian, eta orduan hobe da jaistea eta beste egun baterako uztea. Eskalatzeak, mendian batez ere, lotura dauka bakoitzak bere beldurrei aurre egiteko gaitasunarekin, horiei aurre egiteko eta gora jarraitzeko ahalmenarekin.

Zer da beldurra zuretzat?

Bizitzan ilusiorik ez izatea, bakarrik sentitzea, eta min hartzea.

Uztailean Jirishanca mendia (Peru, 6.126 metro) igotzen saiatu zinen, Tambo, churros y amigos bidetik, Marc Toralles eta Roger Cararachekin. Hamalau urte ziren inor saiatzen ez zela. Izugarrizko esperientzia izan omen da.

Sekulako ilusioa egin zigun. Pena da gailurrera igo gabe itzuli behar izan genuela. Aspaldiko asmoa zen Jirishanca eskalatzea, Unai Mendiak hari buruz hitz egin zigunetik. Ni orain dela bost urte izan nintzen han, baina orduan oso esperientzia gutxi nuen. Aurten oso eguraldi ona izan genuen, baina eguraldia aldatu zen, eta behera itzuli behar izan genuen.

Amorrua eman al dizu gailurrera ez igotzeak?

Pixka bat bai. Hala ere, oso pozik gaude, berriro ere bidea errepikatu dugulako. Beste kontu bat izango litzateke bidearen erdian itzuli behar izatea. Orain, behintzat, zerbait ekarri dugu etxera.

Oraindik posible da gaztea izanda ere espedizioak egitea?

Bai, baina horretarako dirua behar da. Nik ez dakit jendeak espedizio handiak egiteko, adibidez, Alex Txikonek egiten dituenaren antzekoak, nondik pilatzen duen dirua, baina guk egiten ditugun tamainakoak egiteko oraindik ere atera daiteke. Babesleen laguntza asko eskertzen da, eta, alde horretatik, ez daukat inongo kexarik.

Babesleek emaitzak eskatzen al dizkizute?

Ez, ez. Azken urte hauetan Ternuaren laguntza jaso dut. Gogoan dut azken irteera baino lehenago haiekin egoteko aukera izan nuela, eta argi utzi zidaten: ez jarri zeure burua arriskuan; gaizki ikusten bazara, atzera egin, eta kito!

Hemendik urte batzuetara, ikusten al duzu zeure burua espedizio handi batean?

Oraingoz ez naiz pentsatzen ere jarri. Urteak aurrera doazen neurrian, ez dakit zer gertatuko den, baina orain, behintzat, ez.

Eta joateko gonbidapen bat jasoko bazenu?

Hori beste gauza bat da [barreak]. Nork daki, denbora izango banu ondo prestatzeko, esperientzia gehiago hartzen badut...

Horregatik esan al zenuen behin garrantzitsuena denbora eta dirua izatea dela?

Horrela delako! Denbora asko baduzu baina dirurik ez, ez du ezertarako balio, eta, alderantziz, diru asko bai baina denborarik ez baduzu, horrek ere ez du ezertarako balio. Bien arteko oreka izaten da onena.

Orain, mendi gidari izateko ikasten ari zara. Menditik bizi al daiteke?

Bai, lagunak baditut menditik bizi direnak. Ez dira aberastuko, hori ziur, baina bizitzeko adina ematen du. Hala ere, bizitzan badira gauza asko diruagatik egiten ez direnak. Bezero bat mendira eraman eta berak bakarrik egin ez dezakeen gauza batean laguntzeak ilusio handia egiten du. Erantzukizun handia eskatzen du, baina merezi duela iruditzen zait.

Azken urteetan Mikel Zabalza alpinista ondoan izan duzu jarduera askotan, asko zor omen diozu.

Mendian nola ibili behar den eta mendia nola ulertu behar den irakatsi dit Mikelek. Lagunak errespetatzen, mendiaren balioak zein diren...Mikelek ez du mendia kirol gisa bizitzen, baizik eta bizitzaren irakaspen gisara erabiltzen du. Horrelako gauzetan maisua da Zabalza. Egiten duen lana oso ona da, eta transmititzen duen ilusioa, berriz, aparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.