Lasterketaz lasterketa dabil Imanol Rojo iraupen eskiatzailea azken hilabeteetan (Tolosa, Gipuzkoa, 1990). Iazko denboraldiaren ondoren, Espainiako selekziotik kanporatu zuen federazioak. Baina eskiatzen jarraitu du. Babesle berriekin eta Basque Team laguntzaile duela, denboraldi bikaina osatzen ari da. Asteburuan Munduko Kopan lehiatuko da berriro ere. Gozatzen ari da.
Bederatzi egunean zazpi lasterketa korritu eta gero, nola amaitu zenuen Eski Tourra?
Oso ondo amaitu nuen. Ez nintzen batere ondo hasi, baina egunetik egunera hobeto sumatzen nuen neure burua. Sailkapenean gora joan, eta, beti bezala, azken lasterketa bikain atera zitzaidan. Lasterketa nekagarriak dira, eta egunero sasoi onean egon beharra dago aurrean izateko; bestela, denbora asko galtzeko arriskua areagotu egiten da. Hutsegiteak oso garesti ordaintzen dira lasterketa horretan.
Zure gaitasunetara ondo egokitzen da lasterketa hori, ezta?
Baietz esango nuke. Egun askoan lehiatzen gara, eta, jendea nekatzen hasten denean, nik hor jarraitzen dut oraindik. Gaur egun, dudan esperientziagatik, ibilbide aproposa da nire ezaugarrietarako. Pentsa, lehen egunean 101 eskiatzaile ginen irteera puntuan, eta azken egunean 53 eskiatzailek baino ez genuen zeharkatu helmuga. Egun asko dira, eta, azkenerako, denetik pasatzen da: batzuk gaixotu egiten dira, beste batzuek etapa gutxiago jokatzen dituzte… Eski Tourra kanporatze proba baten antzekoa da.
Egun batetik bestera indarberritzeko prozesua nola izaten da?
Elikaduraren aldetik, ahalik eta ondoen indarberritzen saiatzen naiz, eta fisioarekin saio bat eta luzaketak ere egin behar izaten ditut egunero. Oso ordu gutxi izaten ditugu atseden hartzeko, baina halako lasterketa batean oso garrantzitsua da.
Toblachen (Italia) jokatutako lehen hiru etapetan kostata ibili zinen. Zer dela eta?
Banekien hasieran pixka bat kostatuko zitzaidala. Asko entrenatu nintzen aurretik, eta nire asmoa zen azken egunetara indartsu iristea. Lehen eguneko esprinta nahiko normala izan zen, baina, bigarren egunean, arazoak izan genituen eskiekin eta argizariarekin. Asko sufritu nuen. Nahi baino okerrago ibili nintzen. Hirugarren egunean, lehen bi egunetako denboren araberakoa zen irteera, eta nahiz eta izugarrizko lasterketa egin, aurretik galduta neukan denborarengatik oso atzean atera behar izan nuen. Hirugarren egunean egindako lanarekin oso gustura amaitu nuen. Azken egun horretan jada 54. postuan amaitu nuen. Sailkapenean gora egin nuen ia egunero.
Hurrengo bi lasterketak Davosen (Suitza) jokatu zenituzten. Zer moduz?
Lehen eguneko esprinta espero baino askoz hobeto atera zitzaidan. Ez nuen denbora askorik galdu. Bigarren egunean, esprinteko denboren arabera irten ginen, eta, hor, nire mailarik onenera gerturatzen hasi nintzen. Bi egunetan oso erregular ibili nintzen. Oso pozik amaitu nuen Suitzako egonaldia. Azken bi etapetarako motibazioz gainezka nengoen.
Atseden egunean zer egin zenuen?
Hurrengo egunetan erabiliko genituen eskiak probatzera joan ginen lehenbizi. Horretarako, zirkuitua ikustera joan, eta entrenatzeko baliatu genuen. Ordubeteko entrenamendua izan zen, baina, hori bai, oso erritmo geldoan. Hura amaitzean, galdutako indarrak berreskuratzeko eta atseden hartzeko aprobetxatu genuen eguna.
Atseden egunaren ondoren, berriro ere Italian zeundeten, Vall di Fiemmen, azken bi etapak jokatzeko prest.
Bai, biak ere oso gogorrak izan ziren! Lehen egunean, denbora asko igaro nuen multzoaren lehen postuetan, eta asko gozatu. Amaieran pixka bat alde egin ziguten faboritoek, baina inoiz baino gertuago egon nintzen haiengandik. Haiengandik 25 segundora amaitu nuen lasterketa. Oso-oso pozik amaitu nuen eguna.
Tour guztiko etaparik gogorrena azken egunean jokatu zenuten, Cavalesen.
Alpe Cermis alpinoko pista bat da, eta ibilbidean zehar izugarrizko hormak daude! 59. dortsalarekin irten nintzen arren, igoera guztian jendea aurreratzen aritu nintzen, eta amaieran hemeretzigarren iritsi nintzen, aurrekoarekin esprintean.
Azken eguneko ibilbidea ez da edonorentzat egina, ezta?
Ez, oso-oso gogorra da! Hasteko, bi kilometro eta erdiko itzuli bat ematen zaio estadioari. Alpinoko pista hartzen duen arte, nahiko ibilbide laua da. Oso atzean ateraz gero, oso zaila izaten da azken igoera baino lehenago jendea aurreratzen hastea. Azken igoera 33. tokian hasi nuen, eta, gutxinaka, jendea aurreratuz joan nintzen. Beste italiar batekin mokoka egin nuen igoera gehiena, eta argi nuen helburua: lehen hamabostetan sartzea. Azkenean, zazpi segundorengatik, hemeretzigarren amaitu nuen.
Inoiz jokatu duzun etaparik gogorrena dela esango zenuke?
Fisikoki, agian bai. Badira lasterketa luzeagoak, 50 kilometrokoak, esaterako. Horiek ere oso gogorrak eta astunak dira. Egia da lasterketa 30 minutu ingurukoa dela, baina aurretik sei etapa jokatuta iristen gara, eta horrek gogorrago egiten du.
Aipatu bezala, azken bi etapetan ibili zinen gusturen. Esperientziak laguntzen du horrelakoetan?
Azarotik Davosen ibili naiz entrenatzen, eta askotan ibilia nintzen hango pistetan barrena. Horrez gain, beste hainbatetan lehiatutakoa naiz Munduko Kopako probetan, eta esperientzia hartuta neukan azken urteetan. Esperientziak esaten zidan laugarren egunetik aurrera hobeto ibiliko nintzela, eta halaxe izan zen. Konfiantza nuen horrela izango zela. Azken bi egunetan erakutsi nuen aurrean ibiltzeko gai nintzela.
Aurtengo helburuetako bat zen Eski Tourrean ondo aritzea?
Helburuetako bat zen, bai. Ez da erraza egunero ondo aritzea, baina banekien indarrak ondo neurtu behar nituela. Azken egunetan, ni ere nekatzen hasita nengoen, baina sumatzen nuen giharrak ondo nituela. Prestakuntza ondo joan dela esateko moduan nago.
«Ez da erraza egunero ondo aritzea, baina banekien indarrak ondo neurtu nituela. Azken egunetan ni ere nekatzen hasita nengoen, baina sumatzen nuen giharrak ondo nituela»
2023-2024ko denboraldia aldaketa askorekin hasi zenuen; materiala, taldea, eskien prestatzaileak… Zer moduz zaude?
Aldaketen urtea da hau, bai. Norvegiako Madhus etxeko eskiak erabiltzen hasi naiz, eta eskien prestatzaileak ere berriak dira. Bi italiar izan ditut laguntzen egun hauetan. Oso-oso pozik nago materialarekin. Lehen urtea izateko, emaitza oso onak dira, eta ez nuen halakorik espero. Oso harreman ona dut marka berriarekin, eta egunero atzetik izan ditut, galdezka ea gustura nengoen, edo aldaketaren bat egin nahi nuen. Aurreko hamabost urteetan izan ez dudan arreta eman didate. Espero ez nuenean iritsi ziren laguntzarik handienak, eta Basque Teamek eta Gipuzkoa Kirolak-ek eman didaten babesa eskertu nahiko nuke batez ere. Haiek gabe ezingo nuke denboraldia aurrera atera.
Espainiako selekziotik kanporatua izan eta gero, amorru pixka batekin ari al zara lehiatzen?
Ez, ezta gutxiagorik ere. Nigatik ari naiz lehiatzen, eta asko gozatzen ari naizela esateko moduan nago. Arraroa da, halere, Espainiako onena izanda Espainiako selekzioan ez egotea. Egoera ez dut ulertzen. Munduko Kopako proba batean hemeretzigarren izan, eta laguntzarik ez izatea. Egoerak barregarria ere badirudi, baina nik ezin dezaket ezer egin.
Irailean bazirudien zure azken urtea izango zela. Orain zer duzu buruan?
Oraindik ez dakit ziur zer egingo dudan. Udan argi ikusten nuen nire azken urtea izango zela. Ikusten nuen oso zaila izango zela proiektu hau aurrera ateratzea, baina lortu nuen azkenean. Dena den, orain ez dakit zer egingo dudan hurrengo urteetan. Ez dakit zer gertatuko den, eta ez dakit federazioak ere zer erabaki hartuko duen. Lehenik denboraldia amaitu behar dut, eta ondoren izango dut hausnartzeko denbora. Zalantzaz josita nago.
2025eko Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera irabazi duzu.
Munduko Kopa bateko proba batean lehen 30en artean sailkatuz gero irabazten da aukera hori. Orain oso urruti ikusten dut 2025a.
«Oso gustura nago. Batere presiorik gabe ari naiz lehiatzen, eta beste modu batera antolatu dugu proiektu hau. Iruditzen zait asmatzen ari garela»
Aurtengo denboraldian gurasoak izan dituzu ondoan. Zer ekartzen dizu haien berotasunak eta gertutasunak?
Denboraldi hau arraroa da, baina oso gustura nago. Azken bi hilabeteak Davosen pasatu ditut, gurasoekin, eta handik mugitu gara asteburuetan lasterketetara joateko. Tolosako etxean bageunde bezala sentitu gara, baina kanpoan. Haiek ere eskiatzeko baliatu dute denbora asko. Batere presiorik gabe ari naiz lehiatzen, eta beste modu batera antolatu dugu proiektu hau. Iruditzen zait asmatzen ari garela. Oraindik Munduko Kopako bi lasterketa gelditzen zaizkit jokatzeko, Alemanian eta Suitzan. Azkenik, eta, amaitzeko, Marxa Beret [Baqueira Beret, Lleida, Herrialde Katalanak] jokatuko dut otsailaren 4an. Gozatzen jarraitu nahi dugu oraindik.
Datorren urtean proiektuarekin segitzeko moduan zaude?
Ikusi egin behar da [barrezka]. Ez dut ezer baztertzen orain. Agian urtebete luza dezakegu, edo bi urte. Denboraldia amaitzean ikusiko dugu zer laguntza dudan, aurten ondoan izan ditudanak jarraitu nahi duten, eta oraindik ere proiektuarekin sinesten duten.
Aurtengo emaitzak ikusita, jarraitzeko aukerarik ikusten duzu?
Hasieran esan zidaten hurrengo Olinpiar Jokoetara arte lagunduko nindutela, baina azken erabakia nirea izango da. Ikusi behar dut ea merezi duen. Oraindik ere oso motibatuta nago emaitzak hobetzeko.