Bere kirol ibilbidean oztopo asko gainditu behar izan ditu Imanol Rojo eskiatzaileak (Tolosa, Gipuzkoa, 1990). Esaterako, 2022-2023ko denboraldiaren amaieran, Espainiako selekzioko egituratik kanpo utzi zuten, emaitzek erakutsi arren onena zela oraindik ere. Ondorioz, Basque Team, Kirolgi eta beste babesle batzuen babesari eta gurasoen laguntza logistikoari esker, «hutsetik hasi» eta bere egitura propioa sortu behar izan zuen Munduko Kopako probetan lehiatzeko.
Denboraldi oso ona egin zuen 2023-2024ko neguan, eta aurtengoa mimo eta gogo biziz prestatu, Trond Nystad entrenatzaile norvegiarrarekin batera. Horren erakusgarri, handia egin zuen irailean, neguko denboraldiaren atarian: roller eskiko munduko txapelketa irabazi zuen Val di Fiemmeko (Italia) Alpe Cermis estazioan. Bide onetik zihoan dena, eta «oso itxaropentsu» zeuden elurretako denboraldiari begira. «Inoiz ez bezala nengoen, oso gorputzaldi ona eduki nuen uda osoan, eta udazkenean ere oso ondo nabari nuen neure burua, baina, eskiak jarri eta elurretan lehiatzen hastearekin bat, lehenengo lasterketetan, nabaritu nuen gorputza ez zebilela ondo».
Abenduren 28tik urtarrilaren 5era, oso maitea duen proba bateko —Tour de Ski lehiako— lehen egunetan parte hartu zuen, baina ikusita gorputzak ez zuela behar bezala erantzuten, lehia utzi zuen azkenean. Denboraldiari ekin aurreko ilusioa «dezepzio» bihurtu zela onartu du Rojok. Egin zizkioten lehen odol analisietan ez zioten ezer aurkitu, baina sumatzen zuen bazela zerbait. «Ez genekien zergatik izan zitekeen. Hasieran pentsatzen genuen eskiengatik izan zitekeela, gero elikaduragatik... Gogorra izan zen hura kudeatzea». Etxera itzultzea eta azterketa sakonagoak egitea erabaki zuen urtarrilaren hasieran, eta Basque Teamen eginiko analisi sakonei esker ohartu ziren birus bat pasatu berria zuela eta mononukleosia zuela.
«Ez genekien zergatik izan zitekeen. Hasieran pentsatzen genuen eskiengatik izan zitekeela, gero elikaduragatik... Gogorra izan zen hura kudeatzea»
IMANOL ROJOEskiatzailea
«Sekulako kolpea» izan zen Rojorentzat. «Ezagutzen nituen gaixotasun hori izana zuten batzuk, eta ez da erraza indarberritzea. Halakoetan, medikuek agintzen dizute erabat gelditzeko eta atseden hartzeko tarte batean, eta gero pixkanaka hasteko». Orduan atseden hartzeak, ordea, denboraldi osoa pikutara bidaltzeko arriskua zekarren; areago, bazitekeen modurik ez izatea datorren urtean Cortina d'Ampezzoko Olinpiar Jokoetan aritzeko baldin eta aurten ez bazuen punturik biltzen. «Hori dela eta, hasieratik esan nuen arriskatu egin nahi nuela, Trondheimeko [Norvegia] Munduko Txapelketara ahalik eta hobekien iristeko».
Hilabete inguru egin zuen Bereteko pistetan entrenatzen, etxean, Vielhan (Katalunia) bizi baita azken hamar urteotan. Bakarkako saio luzeak egiten zituen egunero, mononukleosiaren aurkako lehian. Eta, pixkanaka-pixkanaka, gero eta hobeto nabari zuen bere burua. Halaxe zegoela erakutsi zuten aste batzuen buruan eginiko analisiek ere. Urtarrilaren amaieran La Vattayko estazioan (Frantziako Alpeak) astebeteko egonaldia egin ondoren, erabaki zuen otsailean Munduko Kopako bi proba egitea: otsailaren 1ean eta 2an Cognen (Italia), eta otsailaren 15-16an Falunen (Suedia). Cognen, 10 kilometroko proban parte hartu zuen. «Banekien ez nengoela sasoi betean, baina lasterketetako erritmoa hartzen hasi nahi nuen gutxinaka. Ez nuen neure burua bete-betean sumatzen, baina lasterketen dinamika horretan sartu nintzen behintzat».

Eskandinaviara jo zuen gero, eta Sjusjoen-eko (Norvegia) pistetan aritu zen entrenatzen, Faluneko (Suedia) probaren aurretik. «Falunen sentipen dezente hobeak izan nituen; oraindik ez nengoen bete-betean, baina hobeto bai. Ondo ikusi nuen neure burua, batez ere skating-eko 20 kilometroko lasterketan. Beraz, Trondheimeko Munduko Txapelketari begira, atseden hartzea eta bete-betean iristea besterik ez zen falta».
Trondheimeko txapelketak
Otsailaren 26tik martxoaren 9ra egin ziren Iraupen Eskiko Munduko Txapelketak Trondheimen (Norvegia), eta Imanol Rojok hiru lehiatan parte hartu zuen: 20 kilometroko eskiatloian –10 kilometro estilo klasikoan eta beste 10 skating-ean–, 10 kilometrokoan, eta 50 kilometrokoan. «Eskiatloiko lehen proban, ez nintzen erabat ondo aritu klasikoan, argizariekin arazo batzuk izan bainituen, baina, gero, skating-ean, bai, hobeto aritu nintzen, eta 50. izan nintzen. Oso puntu gutxi nituenez, atze-atzetik abiatu behar izan nuen, eta zaila egin zitzaidan aurrera joatea, baina nabaritzen nuen gorputzaldi hobea nuela». Bigarren proban, 10 kilometroko klasikoan, eskiatloiko emaitza hobetzea lortu zuen, nahiz eta distantzia laburrak ez oso gogoko izan. «Proba horretan, aurreneko dortsalarekin atera nintzen, baina ez zen mesederako izan, elurra ari zuenez aurrekoei egokitu baitzitzaigun pista zabaltzea. Nolanahi ere, helburua bete nuen, eta pozik eta itxaropentsu nengoen 50 kilometroko lasterketarako».
«Munduko Txapelketetan lortu ditudan emaitza onenetan hirugarrena da, eta, ikusita denboraldia nola joan den orain arte, pozik egoteko modukoa da»
IMANOL ROJOEskiatzailea
Trondheimeko libreko 50 kilometroko proba aspalditik zuen begiz joa Rojok, kutuna baitu distantzia luzeko lasterketa hori. Puntu gutxi zituenez gero, atzean ateratzea egokitu zitzaion berriro ere. Hori dela eta, «bete-betean» hastea erabaki zuen, leku ona hartzeko, nahiz eta indar dezente xahutu behar izan horretarako. «Lehen bi kilometroetan aurreneko 35en artean sartzea lortu nuen, eta hor eutsi nion lasterketa osoan, 25. eta 35. postuen artean. Pena izan zen bigarren itzulian erortzea, galdu egin bainuen multzo hori. Gero kosta egin zitzaidan berriro haiekin bat egitea, baina lortu nuen, eta, azkenean, 30. postuan bukatu. Munduko Txapelketetan lortu ditudan emaitza onenetan hirugarrena da, eta, ikusita denboraldia nola joan den orain arte, pozik egoteko modukoa da». Emaitzek erakutsi zioten asmatu zuela mononukleosiaren aurkako borrokan atsedenik hartu gabe jarraituta.
Gorputzaldi on horri eutsiz, asteburu honetan Munduko Kopako azken proban lehiatuko da Rojo, Finlandiako Lahti herrian, eta hor ere 50 kilometroko lasterketan ariko da. «Ahalik eta posturik onena lortzen saiatzea, denboraldi hasieran egin ezin izan nuena orain egitea eta puntuak batzen jarraitzea da asmoa. Espero dut Munduko Txapelketan lortutako emaitza on horrek Olinpiar Jokoetarako atea zabaltzea».