Esperientzia izango dute lagun

Mendiko hamar mila korrikalari inguru ariko dira datorren astean Mont Blanceko ultratrailaren inguruko probetan. Hainbat euskal herritarrek hartuko dute parte

Mendi korrikalari batzuk, maldan behera, Mont Blancen inguruan MONT BLANCEKO ULTRATRAILA.
Unai Ugartemendia.
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Mendi lasterketen artean bat nabarmentzen bada, hori Chamonixen (Frantzia) jokatzen den Mont Blanceko ultratraila da (UTMB). Datorren astean jokatuko dituzte haren egitaraua osatzen duten zortzi lasterketak. Ultratraila da nagusia: irailaren 1ean hasiko da. 2.300 korrikalari ariko dira ibilbide oso gogorrean: 171 kilometro luze da, eta 9.963 metroko desnibel positiboa du.

Gizonezkoetan, korrikalari bikainak lehiatuko dira, baina badira zenbait hutsune nabarmen: ez dira ariko Kilian Jornet katalana, eta Francois D'Haene eta Xavier Thevenard frantziarrak, besteak beste. Haien faltan, hauek dira hautagai nagusiak: Jim Walsmley estatubatuarra, Tom Evans ingelesa eta Petter Engdahl suediarra —iaz, Mont Blanceko CCC lasterketa irabazi zuen—. Pau Capell katalana eta Ludovic Pommeret frantziarra ere aurrean ibil daitezke. Biek irabazi dute proba: Pommeretek, 2016an, eta, Capellek, 2019an. Euskal Herriko korrikalarien artean Javi Dominguez gasteiztarra nabarmentzen da.

Emakumezkoetan, ordea, faborito argia dago: Courtney Dauwalter estatubatuarra. Hura da nagusi ultradistantzian, eta bitan irabazi du Chamonixen: 2019an eta 2021ean. Baina ez zaio aurkaririk faltako. Hainbat korrikalari saiatuko dira hura ezustean harrapatzen: Ruth Croft zeelandaberritarra, Katharina Hartmuth alemaniarra, Martina Valmassoi italiarra, eta estreinakoz ultratrail batean parte hartuko duen bat, Blandine L'Hirondel frantziarra, besteak beste. Maite Maiora nabarmentzen da euskal herritarren artean. Mendaroarra hirugarren sailkatu zen 2019an.

JAVI DOMINGUEZ
Mendiko korrikalaria
«Gorputza bere onera itzuli zait Hardrock proban aritu eta gero»

UTMBko korrikalaririk ezagunenetakoa izango da Javi Dominguez (Gasteiz, 1974): zazpigarren aldiz ariko da; hirugarren izan zen 2013an, estreinakoan, eta bosgarren 2016an. Aurten, berriz, hirugarren sailkatu da uztailean AEBetan jokatutako Hardrock ehun milien lasterketan. «Ez da denbora asko pasatu lasterketa horretan aritu nintzenetik, baina badirudi iaz izan zela. Gorputza bere onena itzuli zait».

Mont Blanc inguruetan lehiatzeko «gogotsu» dago. «Beste urtebetez izango naiz Chamonixen. Dagoeneko neurria hartua diot lasterketari. Asko gustatzen zait, urtero maila handia egoten baita». Hardrocken hirugarren sailkatu bazen ere, ez du bere burua lehen hamarretan sailkatzeko moduan ikusten. «Urte askoan nire helburua lehen hamarretan sailkatzea izan da, baina urtetik urtera gero eta zailagoa da. Gaur egun dudan mailarekin, ia ezinezkoa dela esango nuke». Halere, ez du ezer baztertu, eta 23 orduren inguruan amaitzea gustatuko litzaioke. Ilusioa pizten dio probak. «Oraindik ere lehen aldi haietan izaten nuen ilusio berberarekin joaten naiz Chamonixera, eta hurrengo urteetan ere itzultzea espero dut».

Kirolaz eta Mont Blanceko lasterketaz oraindik asko gozatzen du Dominguezek, eta nahiz eta gero eta zailagoa den parte hartzea, argi dauka oraindik ez duela erretiroan pentsatzen. «Neure buruak laguntzen didan bitartean, hemen egotea gustatuko litzaidake. Mendiko lasterketen Frantziako Tourra da UTMB».

MAITE MAIORA
Mendiko korrikalaria
«2021eko arantza atera nahi dut. Utzi izana ez diot barkatu neure buruari»

Maite Maiora (Mendaro, Gipuzkoa, 1983) hirugarren aldiz ariko da lasterketa nagusian. 2019an lehiatu zen estreinakoz, eta ezustean hirugarren izan zen. 2021ean itzuli zen berriro, baina ez zuen amaitu. Ez du oroitzapen ona ordukoaz. «Nire kirol ibilbidean egin dudan hutsik handiena izan zen lasterketa hori uztea. Neure buruari oraindik ere barkatu ez diodan zerbait da. Arantza atera nahi dut aurten».

Maiorak ez daki, lan kontuengatik, urtero Chamonixen egoteko aukera izango duen edo ez. Aurten, lehiatuko denez, «gogo eta mimo handiz» prestatu du. «Urte guztia daramat lasterketa hau prestatzen, eta entrenamendu guztiak eta lasterketa guztiak Chamonixera begira antolatu ditut».

Hala ere, lana izan zuen dortsala lortzeko. Ez zuen zozketan parte hartu behar izan, baina hainbat lasterketatan puntuak pilatu behar izan zituen sailkatzeko. Hiru lasterketa jokatu behar izan ditu: aurrenekoa, Austrian (110 kilometro), eta laugarren sailkatu zen; ondoren, Frantzian, Trail des Chevaliers proban (175 kilometro), eta irabazi egin zuen. Hori eginda ziurtatu zuen Mont Blanceko proba nagusian parte hartzea. «Lasaitu ederra» hartu zuela esan du. Amaitzeko, uztailean, Herrialde Katalanetan aritu zen, Aran ibarrako lasterketan (110 kilometro); laugarren izan zen.

Urte guztiko lana izan da mendaroarrarentzat aurtengoa ere, eta, berak ere, lasterkari gehienen antzera, badaki zein den gakoa. «Horrelako lasterketetan zailena parte hartzea da. Aurtengoan ere ez dut batere erraza izan; arazo fisikoak izan ditut zurda batean». Ez dago lasterketa irabazteko faboritoen artean, baina ez du aitzakiarik jarri nahi. «Sasoiko nago, baina oraindik ere guztiz osatzeko nago lesio txiki hauetatik. Ziur nago parte hartuko dudala, eta ez da gutxi».

Bere kirol ibilbide guztian egin duen bezala, mendiko korrikalari mendaroarra ez da ezer gordetzera aterako, eta helmugara iristeko asmo guztiarekin korrituko du aurtengoan ere, bete-betean. «Buruz, oso argi daukat helburua helmugara iristea dela. Podiumean egotearekin amestea izaten da betiko leloa, baina daramadan urtearekin oso zaila ikusten dut hori lortzea. Lasterketarekin gozatu nahi dut. Ez nuke gehiegi sufritu nahi».

ARITZ EGEA
Mendiko korrikalaria
«Gustura ari naiz,baina ez naiz sentitzen sekula baino hobeto»

Denboraldi gazi-gozoa egokitzen ari zaio Aritz Egeari (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Azken urteetan ultradistantzian lehiatzen ari da gehienbat, eta aurtengoan ere lasterketa gutxi jokatuta iritsiko da Chamonixera. CCC lasterketan hartuko du parte, irailaren 1ean: ehun kilometro luze da, eta 6.156 metroko desnibel positiboa du.

Egeak bikain ekin zion urteari. Lehenbizi, Euskadiko txapeldun izan zen, eta, gero, Espainiakoa, Kanaria uharteetan (Espainia)jokatutako Reventon El Paso70 kilometroko proban. Garaipen horren bidez, gainera, Austriako Munduko Txapelketarako sailkatu zen.

Baina lehen lasterketetako sentipen onek gutxi iraun zioten. «Domusa Teknik lasterketan [Azpeitian jokatutako 65 kilometroko proba, 3.700 metroko desnibelekoa], bero kolpe handia izan nuen. Handik astebetera, nahiz eta oraindik nekatuta egon, Zegama-Aizkorrin aritu nintzen. Ordura arte, nahiko ondo sentitu nintzen, baina, geroztik, ez naiz batere ondo sentitzen ari».

Hilabete gogorrak izan ziren maiatza eta ekaina. Arazoa zein zen ondo jakin gabe, erremedioaren bila hasi behar izan zuen. «Oraindik ere ez dakit ongi zergatik den; agian, alergia izan daiteke. Horretarako, pilulak hartzen hasi nintzen, eta apur bat egin nuen hobera. Oraindik alergologoarengana joan behar dut, baina onera doa». Tartean, Munduko Txapelketa jokatu zuen, eta han ere ez zen gustura aritu. «Ondo nindoan lehen postuetan, baina, halako batean, hankak zeharo gogortuta sentitzen hasi nintzen, eta izugarrizko miseriak pasatu nituen helmugara iritsi arte. Geroztik, ez diot erabat bueltarik eman egoerari».

Egunerokoan ere zailtasunak izan ditu azkenaldian. «Entrenatzen bakarrik ez, bestela ere, oso nekatuta sentitzen nintzen une oro». Buruz ere «oso ukituta» egon dela azpimarratu du; horrenbeste, ezen, une batean, denboraldia bertan behera uztekotan egon baitzen. «Motibazioa erabat galdu nuen korrika jarraitzeko. Zalantza askorekin ibili naiz etorkizunari begira».

Azken asteetan, aldiz, eta motibazioa berriro bidelagun izanda, gogotsu ari da. «Gustura ari naiz entrenatzen, baina ez naiz sentitzen sekula baino hobeto. Entrenamenduak ondo ari naiz aurrera ateratzen, eta, batez ere, asko ari naiz gozatzen udaz familiarekin. Deskonektatzeko ondo etorri zait uda».

Chamonixen ariko den hirugarren aldia da, baina ez du berezikiestutu nahi bere burua. Azken urteetan esperientzia asko pilatu du ultradistantzian, eta CCC lasterketa ere ondo ezagutzen du dagoeneko. «Lehen aldi hartan, 50. kilometroan etxerako bidea hartu behar izan nuen. Iaz, aldiz, bederatzigarren amaitu nuen, eta gustura aritu nintzen. Ez dakit nola joango den aurtengoa».

Hala ere, argi du lasterketan «gozatzea» ezinbestekoa izango dela. Urretxuarrak oraindik ere ez daki ehun kilometroko bere azkeneko lasterketa izango ote duen. «Zalantza handiak ditut. Ez dakit benetan merezi duen hainbesteko sakrifizioa egitea. Askotan pentsatzen dut horrelako lasterketak loteria hutsa direla. Asko inbertitu behar da, eta, askotan, urdaileko arazo bat edo erorketa txiki bat nahikoa da dena pikutara joateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.