Azeri zaharrak biak. Irabazleak. Bi izen handi Hiru Handien (100 kilometro, +5.126 metro) bi urtetik behingo palmaresean: Iokin Garai eta Leire Martinez. Biek ala biek denboraldi bikaina egin dute aurten ere. Sorpresarik ez, beraz. Biak zeuden irabazteko faboritoen artean.
Aurreko bi urteetako irabazleak falta ziren irteeran: ez zuten parte hartu ez Javi Dominguezek, ezta Silvia Triguerosek ere. Faboritoen zerrendan, berriz, irabazleez gain, honako hauek zeuden: gizonetan, Mikel eta Pedro Etxeberria anaiak, Zigor Iturrieta eta Carlos Garcia; emakumeetan, Elena Calvillo, Aitziber Osinalde eta Izaskun Zubizarreta. Irabazleetan ez, baina sorpresak izan ziren podiumeko hirugarren koskan: Ander Gerrikaetxebarria eta Arantzazu Perez de Arenaza. Lasterketa bikaina egin zuten biek.
Gizonen lasterketako gakoa Anbotoko tontorraizan zen. Ordura arte. Garairen abiadura eta eskarmentuak irabazi zioten Gerrikaetxebarriari. Probako markatik urrun, baina denbora ona egin zuen Garaik: 11 ordu, 18 minutu eta 25 segundo. Mikel Etxeberria izan zen bigarren (11.33.38). Azken kilometroetan aurreratu zuen Gerrikaetxebarria (11.34.26).
Leire Martinezek lasterketa lasai hasi zuen, baina Otxandion lehen postuan jarri eta gero, abantaila areagotuz joan zen. 13 ordu 31 minutu eta 38 segundoko denbora egin zuen. Arantzazu Perez de Arenaza izan zen bigarren, atzetik aurrerako lasterketa eginez (13.44.39), eta Aitziber Osinalde hirugarren (14.05.28).
Esperientzia garaile
Iokin Garaik eta Leire Martinezek irabazi dute Hiru Handiak. Ander Gerrikaetxebarria eta Arantzazu Perez de Arenaza izan dira sorpresak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu