Ehunmilietan urtero izan ohi dira lehen esperientziak hauspotuta berriro aritzen direnak, baita distantzia luzean estreinakoz aritzen direnak ere. Askorentzat mugarri izan ohi dira ehun miliak. Baina denek esperientzia dute ezaugarri komun.
ELENA CALVILLOMendi korrikalaria
«Hogeita hamar orduren inguruan ibili nahiko nuke»
Ehunmilien festan emakumezko ezagunik baldin badago, Elena Calvillo da (Beasain, Gipuzkoa, 1970). Bosgarrenez ariko da lasterketa nagusian, Ehunmilietan. Bigarren izan da proban lehiatu den aurreko lau aldietan. Goierriko Bi Handietan parte hartutako bi alditan ere, 2015ean eta 2016an, bigarren eta hirugarren sailkatu zen, hurrenez hurren.
Buru-belarri ibili da azken hilabeteetan Ehunmiliak prestatzen. «Prestaketa ondo eraman dut. Martxo hasieran Ultra Bandoleros proba egin nuen [Cadiz, Espainia, 160 kilometro]. Hilabetez atseden hartu ondoren, apirilean berriro entrenatzen hasi nintzen. Astean zehar errepidean ibili naiz korrika, eta, asteburuan, berriz, mendian entrenamendu luzea egin dut». Ultra lasterketa bakarrean lehiatu arren, Irurtzungo, Altsasuko (Nafarroa), Azkoitiko, Villabona-Amasako eta Beasaingo (Gipuzkoa) mendi martxa luzeetan hartu du parte.
Ilusioari eusten dio oraindik ere hainbat urtez mendi lasterketetako euskal selekzioan aritutako korrikalariak. «Oraindik ere horrelako erronka bat egiteko gai izateak ilusioa eta indarra ematen dizkit. Nire maila eman nahiko nuke. Beste urteetan, 30 orduren inguruan ibili izan naiz, eta horretan saiatuko naiz aurten ere».
Esperientzia handia du, eta badaki hainbeste ordutako lasterketetan zein diren kontutan eduki beharrekoak. «Fisikoki, ondo prestatuta egotea, zeure burua ezagutzea, ideiak buruan argi edukitzea, mentalki positibo eta indartsu izatea, eta sufritzen edo momentu zailei aurre egiteko gai izatea».
Kirolari petoa da Calvillo, eta, nahiz eta ez duen helburu zehatzik behar kirola egiteko, urtean zehar asmo batzuk jartzea gustatzen zaio; gehienbat «motibazioari eusteko eta ez lasaitzeko». Berehala erantzun du Goierri bailarako jendearentzat, eta Beasain herriarentzat Ehunmiliak probak zer esan nahi duen galdetuta. «Asteburu handia da herrian, festa bat. Emozioak pil-pilean egoten dira, urduritasuna, poza, lagunak, zoriontasuna, emozioa, nekea... Oso polita da».
KEPA LARRUZEAMendi korrikalaria
«Niretzat Ehunmilietan parte hartzea motibazioa da»
Lehen ekitaldian ez ezik, beste guztietan ere hartu du parte Kepa Larruzeak Ehunmilietan (Zornotza, Bizkaia, 1952). Hirutan amaitu du Ehunmiliak lasterketa, Beste bitan, berriz, bertan behera geratu zen proba, eguraldiagatik. «Bertan behera utzitako bi urteetan ere amaituta bezala eman zidaten. Etxean bost elastiko ditut», aldarrikatu du, umoretsu. Aurten, berriz, Goierriko Bi Handietan hartuko du parte. Ez da lasterketak bereziki prestatu zalea. «Iraupen luzeko mendi martxen zirkuituan hartzen dut parte asteburuetan. Astean zehar, berriz, egun batean mendi buelta bat egiten dut, eta, beste egun batean gimnasiora joaten naiz, indar lanak egitera». Zortzi mendi martxatan hartu du parte aurtengo denboraldian, tartean, Gasteizko Hamar Mendien lasterketan (62 kilometro, +2.848 metro).
Azken bi urteetan etenaldia izan eta gero, aurtengorako oso gogotsu dago. «Poz handia ematen dit berriro ere Beasainen egoteak. Bertan dagoen giroa izugarria da, eta, nahiz eta nik jada 70 urte ditudan, oraindik ere pozez egiten dut korri lasterketa».
Argi du helburua: «Amaitzea gustatuko litzaidake. Ondoren, bertako lagun guztiak agurtzea gustatuko litzaidake, bai boluntarioak, baita ikusleak ere». Ultratrailek ematen duten xarma berezia da Larruzearentzat ere. «Norberaren borroka da, eta ziur nik askoz ilusio handiagoa izaten dudala proba hauek amaitzean, irabazleak baino».
Harentzat, «motibazioa» da Ehunmilietan parte hartzea. Urte osoan kirola egiteko «indarra» ematen dio, eta, ahalik eta ondoena prestatzeko ere balio izaten dio. «Badakit oso lasterketa gogorra dela, eta amaitzea bera ez dela gutxi. Baina ilusio hori ez dit inork kenduko».
IRENE GENBEMendi korrikalaria
«Lasterketan erritmo ona lortzen ahaleginduko naiz»
Estreinako aldiz izango da Ehunmilietako irteeran Irene Genbe (Iruñea, 1982). Distantzia luzean ibiltzen ohituta dagoen arren, lehenbizikoz egingo dio aurre ehun miliako distantziari. «Beti izan dut oso argi egunen batean horrelako distantzia luze batean parte hartu behar banuen etxe inguruko lasterketa honetan izango zela».
Aitortu duenez, hasieran ez zuen aurtengo ekitaldian parte hartzeko asmorik, baina, bi lagunek konbentzitu ondoren, izena ematea erabaki zuen. «Taldean atera behar genuen; hirurak batera. Baina beste biak lesionatu egin dira, eta, azkenean, ni bakarrik aterako naiz».
Martxoan hasi zen entrenatzen Ehunmiliak proba prestatzeko, eta, tartean, zortzi lasterketa luze ere egin ditu oso denbora gutxian; tartean, 187 kilometro osatu zituen Herrialde Katalanetan jokatutako lasterketa berezi batean. Halere, betiko zalantzekin jarriko da irteera puntuan. «Zerbaiti beldur baldin badiot, gauza ezezagunei diei beldur: nire indarrak hainbeste denboran eta hain luzaroan kudeatzen jakiteari, ez pasatzeari, motz ez geratzeari... Horiek dira nire beldurrak lasterketa honetara begira».
Zein estrategia eramango duen galdetuta, «erritmo on bat lortzen» ahaleginduko dela azpimarratu du. «Horri ematen dizkiot buelta gehien. Erritmo erosoa lortu eta erritmo horri eusteko gai izan nahiko nuke. Ondo jatea eta edatea ere ezinbestekoa da hain lasterketa luzean. Baditut dagoeneko distantzia hau korritu duten hainbat lagun, zehazki, karrera hau, eta oso aholku onak eman dizkidate. Denak motxilan eramango ditut».
Lehen aldia izanik, «amaitzea» du helburu. Badaki asko sufritu beharko duela, baina prestakuntza lagun, helmuga zeharkatzearekin amesten du. «Berdin dio denborak, baina helmuga zeharkatzea dut lehentasuna. Oso lehiakorra naiz, eta hasiera-hasieratik nire onena emateko borrokatuko naiz».
Ehunmiliak
Esperientzia dute lagun
Bi urteko etenaren ostean, asteburuan jokatuko da Ehunmilien 11. aldia; Beasainen hasi eta bukatuko da. 1.500 korrikalari baino gehiago ariko dira Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketetan. Ilusioa da nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu