Esperientzia berrien bila

Martxoaren lehen asteburuan lehen Ternua Experience egitasmoa egin zen Aran ibarreko Salardu (Lleida, Herrialde Katalanak) herrian. Bertaratu ziren ia 90 mendizaleek hainbat ikastaro eta jarduera egin zituzten, goi mailako gidarien eskutik.

Ternua Experience topaketak
Eñaut Izagirre glaziologoa, erraketen irteeran izena eman zutenei azalpenak ematen. ADRI MARTINEZ
Unai Ugartemendia.
2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

Alpinismoa, mendiko eskia, erraketak, segurtasunari buruzko ikastaro eta tailerrak... hainbat jarduera eta ikastaro egiteko aukera izan zen martxoaren 2-3ko asteburuan Salardu herrian. Izena eman zutenek irakasle apartak izan zituzten: besteak beste, Alberto Iñurrategi eta Edurne Pasaban alpinistak, Iraitz Ezkergain, Aitzol Doyhartzabal eta Mirian Marco mendi gidariak, eta Eñaut Izagirre glaziologoa. Jarduerez harago, tailerrek eta hitzaldiek ere garrantzi handia izan zuten.

Lehen esperientziak enbaxadore bat behar bazuen, eta horrek Edurne Pasaban (Tolosa, Gipuzkoa, 1974) alpinista behar zuen. «Orain bi urte inguru deitu ninduen Alberto Iñurrategik egitasmoaren berri emateko. Hasieratik oso ideia ona iruditu zitzaidan mendia, jarduerak eta hitzaldiak batuko zituen topaketa bat egitea, eta Aran ibarra leku paregabea izan zitekeela pentsatu genuen hasieratik. Bertako agintariak lan handia egiten ari dira mendizaletasuna jendearengana hurbiltzeko, eta erreferente bilakatu dadin. Baqueira-Bereteko eskiko pista ezagunez gain, bertan jarduera gehiago egiteko aukera ere aldarrikatu nahi dute. Lan paregabea egiten ari dira».

Ternua Experience topaketak
Edurne Pasaban, mendiko eskiko irteeran. ADRI MARTINEZ

Pasaban bera izan zen asteburuan batetik bestera gehien mugitu zena. Bertaratu zen jende guztiari ongietorria egiteaz gain, ingurua gutxik bezala ezagututa, antolakuntzaren arduradunetako bat izan zen asteburu guztian. «Esku zabalik hartu zuten ideia bertakoek, eta behar izan dugun laguntza guztia eskaini digute lehen aldi hau aurrera ateratzeko. Horretarako, eta emandako laguntza eskertzeko, bertako eskola txikiak ere inplikatu nahi izan ditugu. Hala, klima aldaketaren eraginez etorkizunean glaziarrek jasan dezaketen aldaketaren berri jakiteko aukera izan zuten. Esperientzia ona izan zen haientzat».

Pasabanek aipatu bezala, Aran ibarreko umeekin ekin zioten ostiralean asteburu osoko egitarauari bertara lanera joanak ziren mendigoizale eta antolatzaileek. Luxuzko gidaria izan zuten ia goiz guztian bertaratu ziren 40 ikasleek: Eñaut Izagirre glaziologo eta gidaria (Elgoibar, Gipuzkoa, 1990). Azken urteetan Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan denak, glaziarren aldaketez eta mendiko arriskuez hitz egin zien batez ere, eta ikasleei zalantza guztiak argitu zizkien. «Paisaia, geologia eta geografia fisikoa oso modu dibulgatzaile batean lantzeko aukera izan dut Naut-Araneko ikasleekin. Neguan ia egunero ikusten dute elurra, eta klima aldaketaren eta glaziarren inguruko hitzalditxo bat izan nuen haiekin. Oso gustura egon ziren, eta oso jantziak zeudela ikusi nuen». Horrez gain, ikasleek segurtasun ikastaro bat ere egin zuten bertako segurtasun agentzia batekin. Horretarako, elur jausi baten aurrean lana nola egin behar den erakutsi zieten, arvaren eta zundaren laguntzarekin.

Arratsaldearen amaieran, mendiko zinema saioa izan zen: Carlos Llerandi asturiarraren Pala Sarrahéra, eta Oriol Baro eta Bru Buson alpinisten Saraghrar Espedizioa ikus-entzunezkoak ikusi ahal izan zirenEuskal Herritik, Herrialde Katalanetatik, eta Espainiako hainbat tokitatik bertaratu ziren mendizaleen gozagarri. Larunbatean, aldiz, hainbat urtetan Al Filo de lo imposible programa ezagunaren zuzendari izan zen Sebastian Alvaro izan zen protagonistetako bat Everest 1924 dokumentalarekin.

Mendiko jardueren gosez

Bertaratu ziren mendizale guztien pizgarririk handiena, berriz, ikastaroak izan ziren. Larunbaterako eta iganderako aurreikusita zeuden ikastaroen artean, alpinismoak, mendiko eskiak, eta erraketek piztu zuten arretarik handiena. Mendiko eskiaren arloan aritu ziren mendi gidarietako hiru izan ziren Aitzol Doyharzabal (Ibarra, Gipuzkoa, 1982), Iraitz Ezkergain (Tolosa, Gipuzkoa, 1978) edo Miriam Marco (Bartzelona, 1980). Doyharzabalek bigarren mailako eski ikastaroa eman zion sei pertsonako talde bati: «Lehen egunean, eskiatzen ibili ginen Tuca de la Llanca mendiaren inguruan (Pirinioak, Herrialde katalanak, 2.659 metro). Batik bat, irteerak nola prestatzen diren, eskiekin nola trazatu behar den bai igotzean eta baita jaistean ere, nondik joatea komeni den, erabakiak nola hartzen diren, edo eguraldia zein aldakorra izan daitekeen azaldu nien». Azken urteetan mendi gidariak hartzen ari diren indarraren erakusleiho ere izan zen Salarduko asteburua. Mendizale askok lehen aldiz ikusi zuen haien lanaren garrantzia.

Ternua Experience topaketak
Miriam Marco mendi gidaria eta Emakume Alpinisten Espainiako Taldeko burua, hitzaldietako batean. ADRI MARTINEZ

Maila bereko jendearekin ibili zen Miriam Marco mendi gidari katalana ere. Goi mendietako mendi gidari izateaz gain, emakumeen alpinismoko Espainiako selekzioko hautatzailea ere bada Marco. «Oso gustagarria izan da eman dugun ikastaroa. Elurraren egoera bikaina izan dugu, eta gauza asko egiteko aukera eman digu, nahiz eta ez dugun gailurrik zapaltzeko aukerarik izan». Horrelako egitasmoak aurrera ateratzeko ahalegina ere goraipatu nahi izan zuen katalanak, eta esker oneko hitzak baino ez zituen izan antolatzaileekiko «Pirinioetan horrelako erronka bat falta zela iruditzen zait. Jendea mendiko jardueretara biltzeko asmoz Ternuak egin duen ahalegina txalotzekoa izan da. Mendia bere osotasunean maite duen jendea elkartzea oso ederra izan da, eta etorkizunean horrelako ekintza gehiago egin beharko genituzke». Arrasateko arropa markaren ikurretako bat den Marco bera izan zen larunbat arratsaldeko hitzaldietako protagonistetako bat. Espainiako alpinismoko selekzioa aurkezteko aukera izan zuen, eta, taldea aurkezteaz gain, iazko urtarrilean Patagonian hil zen Amaia Agirre alpinista eta selekziokide urnietarrari esker oneko hitzak eskaini zizkion hitzaldia amaitzean. «Mendian gauden une bakoitzean dugu buruan Agirre».

Segurtasuna ororen gainetik

Iraitz Ezkergain tolosarra ere gustura zegoen asteburuaren amaieran. Hainbat urtetan Ternua Lagun taldean diharduen mendi gidariak ere ekitaldiaz gozatzeko aukera paregabea izan zuen. Mendiko eskiak azken urteetan izan duen bilakaera kontuan hartuta, hainbat eta hainbat izan ziren ikastaro hauetan izena eman zutenak. «Mendiko eskiaren lehen hastapenak erakutsi nizkien hasteko. Lehen egunean, galdera asko egin zizkidaten, eta lana asko aurreztu zidaten. Orientazioa, elur motak eta teknika izan ziren hizketagai nagusiak. Bigarren egunean, berriz, aktibitateari eman genion garrantzi handiagoa. Elur-jausi arriskuen maila oso handia zen, eta kontzentrazio handia izatea eskatzen zuen egoerak». Urteak daramatza Ezkergainek mendi gidari  lanean, eta, esaterako, astebete barru Norvegiara bidean jartzekoa da zazpi astetarako. Mendiak izan ditzakeen egoera aldaketak ere izan ziren hizpide gidarien artean, eta igandeko saioan, Ezkergainek berak eta Marcok, bi taldeak uztartzeko aukera izan zuten. «Elur jausien arriskua hain handia izanda, bi gidarien artean erabaki behar izan genuen ibilbidea. Bien artean adostu genuen nondik irten behar genuen, eta horrelakoetan mendi gidari batekin joateak dituen onurak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten». Ez zuen lehen aldia tolosarrak horrelako esperientzia batean parte hartzen zuena halere. Lehiaz harago horrelako ekintzak antolatzeaz ere aritu da hizketan. «Lehen aldia izateko, aipatzekoa da horrelako esperientzia batean 90 mendizale inguru elkartzea. Lehiaz harago hainbat eta hainbat aktibitate egin daitezkeela erakusten du honek».

Ternua Experience topaketak.
Aitzol Doyharzabal mendiko eskiko irteera gidatzen. ADRI MARTINEZ

Eñaut Izagirrek glaziologoak ere argi utzi zien larunbatean bere taldekoei mendiak sor ditzakeen zailtasunak elur jausien maila handia denean. Erraketak jantzita ibili ziren goiz guztian inguruan bildu zitzaizkionak. Horretarako, elurraren egoera ezagutzeko ia sei orduko ikastaro trinkoa eskaini zien.«Mendira atera aurretik garrantzitsua izaten da zer eguraldi egingo duen jakitea, edo elurraren baldintzak zein diren jakitea. Gaur egun mugikorrerako ditugun aplikazioak ondo etortzen dira horretarako».

Asteburuko beste protagonistetako bat Alberto Iñurrategi izan zen. Orain dela urte asko, Felix anaia zenarekin batera bere kirol ibilbideari ekin zionean, Arrasateko arropa markaren babesa izan du beti osatu izan dituen espedizio guztietan. Gaur egun, haiekin ari da lanean. Bera izan da egitasmoaren arduradun nagusietako bat, eta hasieratik argi zituen helburuak aretxabaletarrak. «Mendiaz gozatzen duen komunitate horri praktika seguru eta arduratsu bat eskaintzea zen lehen helburua. Hau da, Ternuako lagunen esperientzia eta hurbiltasuna haien eskura jartzen saiatu gara. Uste baino jende gehiago elkartu da, eta, azkenean, beste lagun batzuekin osatu behar izan dugu lantaldea».

Ternua Experience topaketak
Zunda eta Arvarekin elur jausietako praktikak egiten asteburuko ikastaroetako batean. ADRI MARTINEZ

Asteburua amaituta, balorazioen ordua iritsi zen antolatzaileentzat, eta, horretarako, bertan egon den jendearen iritzia ezinbestekoa izan da. Etorkizunean errepikatuko den galdetuta, Iñurrategi apustuaren aldeko azaldu da. «Horixe izango da xedea, alegia, jarraipena ematea. Ez dakigu oraindik beti data berberetan osatuko genukeen, baina errepikatzea izango da helburua». Etorkizunean beste modalitate batzuk gehitu daitezkeen galdetzean, alpinistak ez du erantzuna saihesten. «Beste aukera gehiagorako aukera eskaintzen du Aran ibarrak, eta ez dugu ezer baztertzen».

Pasabani berari ere eskatu diote hiru egunetako balantzea egiteko, eta, Iñurrategiren antzera, ez du zalantzarik egin. «Horrelako asteburu bat antolatzeko garaian, beti sortzen dira zalantzak; zer harrera izango duen ekitaldiak, jendea apuntatuko den ala ez… Zortez, jarduera guztietarako jendeak izena eman zuen, eta oso pozik gaude azken emaitzarekin»,aitortu du Pasabanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.