Mendi lasterketak

Espainiako txapelketa denak Euskal Herrira

Euskal Selekzioko Oier Ariznabarretak eta Ainhoa Sanzek irabazi dituzte mendi lasterketen Espainiako txapelketak, eta selekzioak taldekakoak

Euskal Selekzioa. Taldekideak, podiumean. NAGORE GORROTXATEGI.
Unai Ugartemendia.
Otañes
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Lautik lau. Euskal selekzioko korrikalariek Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan jokoan jarritako lau tituluak irabazi zituzten herenegun Otañesen (Kantabria, Espainia). Iaz ere hala egin zuten Borriolen (Castello, Herrialde Katalanak). Emaitza errepikatu dute, baina beste korrikalari batzuek: gizonezkoetan, Oier Ariznabarretak irabazi du aurten (iaz Aritz Egeak) eta emakumeetan, berriz, Ainhoa Sanzek (iaz Sandra Sevillanok).

Lasterketa irabazteko hautagai nagusia zen Oier Ariznabarreta, nahiz eta lasterketaren gogortasunak iragarpenak zailtzen zituen. 34 kilometroko luzera eta 2.300 metroko desnibel positiboa. Ariznabarretak, ohi duen bezala, denak banakako ilaran jarri zituen irteera eman orduko. Aurkari gogorrak zituen parez pare, tartean Zaid Ait Malek, Pablo Villalobos, Antonio Martinez edo Walter Becerra, eskarmentu handiko korrikalariak guztiak.

Ariznabarretak lehen igoeratik bertatik agerian utzi zuen korrika asko egin beharko zutela hari irabazteko. Bi minutuko aldea zuen jada seigarren kilometroko igoeran. Kilometroak aurrera joan ahala, eta ibilbidearen arabera, abantailak gora eta behera egin zuen, azken igoerara arte. 21. kilometroko Ventoso mendia (735 metro) igaro eta gero, nahiko erabakita utzi zuen lasterketa.

Handik aurrera, abantaila kudeatuz, irribarretsu iritsi zen helmugara. Bi ordu, 54 minutu eta hamabost segundo behar izan zituen irabazteko. Atzetik, hurrenez hurren, Antonio Martinez (2.54.44) eta Walter Becerra (2.55.03) izan zituen. Aipatzekoak dira Euskal Selekzioko gainerako kideek lortutako postuak. Ariznabarretaz gain, lehen hamarren artean sailkatu ziren Ander Iñarra (4.) eta Asier Larruzea (7.) ere.

Ainhoa Sanzen erakustaldia

Inor gutxik ezagutzen zuen irteeran. Hala ere, mendi lasterketetan ibiltzen diren hedabideetan haren izena hizki larriz idatzia zuten aste guztian zehar. Iaz mendi lasterketetan hasi zenetik, gorakada izugarria egin du Ainhoa Sanz urretxuarrak, eta igandean ere erakutsi zuen, ondo bidean, azken urteetan Euskal Herriak eman duen korrikalaririk onena izan daitekeela.

Lasterketa hasi orduko, bere lasterketa egitera atera zen. Bazekien aukerak izango zituela, eta itxaron besterik ez zuen egin behar izan. Aurkari gogorrak zituen, Azahara Garcia de los Salmones espainiarra batez ere. Garaipen sorta handia pilatua du Garciak.

Otañeskoa ere irabazi nahi zuen. Oso azkar abiatu zen, Sanz atzean utzita. 17. kilometrotik aurrera, ordea, Sanzek atzean utzi zuen Garcia. Aldapak luzeagoak ziren neurrian, handitu egin zen aldea, eta helmugan ia bederatzi minutukoa izan zen, alde nabarmena Garciaren mailako korrikalari batekin eta horrelako lasterketa batean. Sanzek hiru ordu, 22 minutu eta 30 segundo behar izan zituen Espainiako txapeldun izateko. Podiumean, Azahara Garcia (3.31.05) eta Esther Casajuana (3.33.31) izan zituen ondoan. Maite Maiora izan zen Euskal Selekzioko hurrengo emakumea, laugarren.

Taldeka ere, garaile

Bakarkako probez gain, taldekako biak ere irabazi zituen Euskal Selekzioak: gizonena eta emakumeena. Gizonetan, Ariznabarretak, Iñarrak, Larruzeak eta Beñat Katarainek lortutako puntuekin irabazi zuten, andaluziarren eta asturiarren aurretik; emakumeetan, Sanzek, Maiorak, Laida Elizegik eta Amaia Amantegik lortu zituzten garaipenaren puntuak.

Eneko Aliende hautatzailea pozik zegoen lortutako uztarekin: «Emaitza ikaragarria izan da. Uste dut taldeka korrika egiten duen selekzio bakarra garela, eta emaitza ikusi besterik ez dago. Korrikalariek taldekako emaitzari eman dioten garrantzia nabarmena da, benetan eskertzeko modukoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.