Iraupen eskiatzailea

Irati Cuadrado Noain: «Espainiako selekzioan gaur egun ez dago neskarik»

Eskiatzaile nafarrak denboraldi bikaina osatu du: Marxa Beret, Espainiako Txapelketa (esprint modalitatean eta distantzia luzean) eta Espainiako biatloi txapelketa irabazi ditu Irrintziko kideak. Hala ere, ez diote Espainiako selekziorako aterik ireki.

Irati Cuadrado eskiatzailea
Irati Cuadrado, Bereteko pistetan, aurtengo Espainiako txapelketetan. JULEN JUARISTI
ramon olasagasti
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Erizaintza ikasten ari da Irati Cuadrado Noain (Burlata, Nafarroa, 2001), Nafarroako Unibertsitate Publikoan, hirugarren mailan. Bokaziozkoa du erizaintza, oso gustukoa duela dio, eta beste horrenbeste esan liteke ipar eskiari buruz. Profesionalen pareko entrenamendu saioak egiten ditu, eta onartzen du «ordu kopuru eta dedikazio aldetik profesionalek adina» ematen diola bere kirolari: «Baina nik ez dut neure burua eskiatzaile profesionaltzat hartzen. Oso gustuko dudalako egiten dut, gainerakoan ez nuke egingo». Horren erakusle da denboraldia amaituta ere, Aste Santuko egunetan, Somporteko eski estazioan jarraitzen zuela eskiatzen. Ipar eskia esaten dio berak, ondotxo baitaki herrialde nordikoetatik heldu dela kirol hau guregana.

Txikitan beste kirol batzuk egiten zituen, besteak beste gimnastika artistikoa eta igeriketa sinkronizatua, baina gimnastika artistikoan ukondoa apurtu zuen Lehen Hezkuntzako 5. mailan zegoela, eta orduan hasi zen ipar eskian. «Lagun batzuek ikastaro baterako izena eman zuten, eta nik haiekin. Lehen bi urteetan Uharte Ski taldearekin egin nituen ikastaroak, eta hurrengo urtean jada Irrintzirekin hasi nintzen, 12 bat urterekin, jada serioago».

Amak sarritan gogorarazi dio lehenengo lasterketa hura. «Pentsatzen zuen galdu egin nintzela, ez bainintzen iristen. Urte batzuk geroago bilatu nituen proba haren sailkapenak, eta lehenengotik 20 minutura iritsi nintzen. Baina, hala ere, gustatu zitzaidan esperientzia». Eta gogor saiatzen jarraitu zuen. Hasiera haietan, Cynthia Martinez eta Haritz Garjon Irrintziko eski taldearen sortzaileetako bi izan zituen irakasle, Cynthia batez ere. «Haiekin hasi ginen, eta gehienetan haiekin joaten ginen asteburu-pasa. Gure adineko oso talde polita osatu genuen, oso ondo pasatzen genuen elkarrekin, eta ipar eskiak katigatu egin ninduen. Pixkanaka, teknika eta hauspoa hartuz joan nintzen, eta azkenean emaitzak ere etorri ziren. Baina, hasiera hartan, helburua lagunartean ondo pasatzea zen».

Aurten 10 urte bete ditu Irrintzi taldearen eskiko atalak, gero eta haur eta gazte gehiago dabil; harrobi gehien duten taldeetako bat da. Nolanahi ere, Irati hasi zen garaian bezala, Irrintziren helburua ez da inoiz izan emaitzak lortzea, «haurrak, gazteak eta helduak ipar eskia egitera animatzea eta ondo pasatzea baizik».

«Irrintzin, gure adineko oso talde polita osatu genuen, oso ondo pasatzen genuen elkarrekin, eta ipar eskiak katigatu egin ninduen. Hasiera hartan, helburua lagunartean ondo pasatzea zen»

Bigarren Hezkuntza bukatu ondoren, Aragoiko Federazioak kudeatzen duen CETDI zentroan (Neguko Kiroletako Teknifikazioan Espezializatutako Zentroa) hasi ziren Lander Martin (Beorburu, Nafarroa, 2001) eta biak. Adin berekoak dira Cuadrado eta Martin, Irrintzikoak biak, eta txikitatik elkarrekin joan dira ipar eskian goranzko urratsak egiten. Hala, Batxilergoko lehen mailako bigarren hiruhilekoa (neguko hilabeteak) eta Batxilergoko bigarren maila osoa Jakan (Aragoi, Espainia) egin zituzten ikasten, goizez elurretan entrenatzen eta arratsaldez eskolak ematen. «CDTIn beste urrats bat egin nuen, eta lasterketetan aurrerago geratzen hasi nintzen, baina beti bazen norbait ni baino hobea. Baliabide eta aukera gehiago genuen CETDIn, baina Irrintziren loturari beti eutsi genion».

Lander Martin eta Irati Cuadrado iraupen eskiatzaileak
Lander Martin eta Irati Cuadrado Candanchuko pistetan, tiro eremuaren zuzengunean.

CETDI teknifikazio zentro horretan zeudela, denboraldia hasi aurretik kontzentrazio bat egiten zuten Norvegian, eta Beitosprinten proba ikusteko parada izaten zuten. «Munduko Kopako eskiatzaile onenek parte hartzen dute proba horretan, eta guretzat esperientzia oso ona zen denboraldiari ekiteko eta ikasteko». Hor jabetzen ziren ipar eskiaren sehaska izan diren herrialdeetan nolakoa den eskiatzaileen maila eta nolako pasioz bizi duten kirol hau.

Berak ere pasio beraz bizi du; horrek arintzen dizkio entrenamenduetako eta bidaietako nekeak, eta horrek ekarri dizkio emaitzak eta garaipenak. Gogoan du aurrenetako bat. Nafarroako txapelketa batzuetan izan zen, Larra-Belaguan: «Larunbateko proban Irati Puigdefabregas nagusitu zitzaidan; beti nire aurretik izaten zen Irati. Larunbatean segundo eskas batera geratu nintzen, eta horrek amorru puntu bat eman zidan, eta igandeko proban irabazi egin nion. Horixe izan zen, nik uste, lortu nuen lehen garaipena». Geroztik asko lortu ditu. Hainbatetan izan da Espainiako txapeldun, roller skian, esprint modalitatean... 2023-24ko denboraldian, berriz, Espainiako lau txapelketa irabazi ditu: esprintekoa Bereten, distantzia luzekoa estilo klasikoan eta librean, eta biatloikoa.

Denboraldi aparta

2023-24ko elur sasoia abiatzeko, Lander Martin eta biak Livignora (Italia) joan ziren azaroan, eta «oso motibatuta» etorri ziren handik, lehiatzeko eta entrenatzeko gogoz. «Elurra, ordea, oso berandu iritsi zen, eta ez da erraza izan motibazioari eustea. Elurraren faltan, roller ski asko egin genuen neguko aste horietan. Beste urte batzuetan, roller skia abenduan uzten dugu, eta aurten kasik otsailera arte ibili gara».

Otsailean etorri zen, hain zuzen, hain kutuna duen Marxa Beret, ipar eskiko probarik entzutetsuenetakoa. Txikitatik parte hartu izan du Marxa Bereten, distantzia nagusian hiru aldiz: lehen parte hartzean hirugarren izan zen; iaz, bigarren; eta aurten, azkenik, garaile izan da. Azken itzulira arte Marta Cester eta biak orpoz orpo ibili ziren, baina, azken itzuli horretan erritmoa pixka bat bizitu, eta ia minutu bateko aldeaz garaile helmugaratu zen Cuadrado. «Banuen gogoa Marxa Beret irabazteko. Ipar eskian erreferentzia da, asko gustatzen zait proba, eta hori zen denboraldiko helburuetako bat», nabarmendu du. Teknika klasikoan egiten da Bereteko proba, eta, bi teknikak gustuko baditu ere, agian gehiago gustatzen zaio klasikoa. «Argizariekin ez da beti asmatzen, baina, asmatzen duzunean eta ondo zoazenean, teknika klasikoa oso polita da. Marxa Bereten asmatu egin nuen argizariekin: eskiak ondo zihoazen».

Imanol Rojo eta Irati Cuadrado 2024ko Marxa Beret probako irabazleak
Imanol Rojo eta Irati Cuadrado txapeldun izan dira aurten Marxa Bereten eta Espainiako Txapelketetan. RFEDI

Martxoaren 10ean, Candanchuko pistetan (Espainian tiro eremua duen bakarretakoa) Biatloiko Espainiako Txapelketa ere irabazi zuen Irrintzikoak. Iaz hasi zen biatloian lehiatzen, beste pizgarri bat izateko eta proba gehiagotan lehiatu ahal izateko. «Biatloian, arazoa da tiro eremua ireki behar dizutela, eta ez da nahi beste aukera izaten entrenatzeko. Gainerakoan, iraupen eskian baino ezuste eta gorabehera gehiago egon daitezke, tiroekin asmatzen duzun ala ez. Horrek erakargarri egiten du kirol hau, ez baita nahikoa sasoian egotea eta ondo eskiatzea; tiroarekin ere asmatu egin behar da».

Martxoaren 23-24ko asteburuan, berriz, Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketetan bi tituluak eskuratu zituen Cuadradok, teknika librekoa eta klasikokoa, eta denboraldia biribildu zuen. Emaitza bikain horiek, ordea, ez dira nahikoa Espainiako selekziorako ateak zabaltzeko eta era horretara nazioarteko probetan lehiatzeko. 2020-21eko eta 2021-22ko denboraldietan Espainiako selekzioko jarraipen taldean egon zen, eta aurreko denboraldian ere probaren baterako deitu zuten, baina selekzioan egon, ez da inoiz egon. Galdera berez sortzen da: nola liteke Espainiako txapelduna Espainiako selekzioan ez egotea? «Askok esan didate, bai. Gaur egun ez dago neskarik selekzioan: hiru mutil baino ez daude. Bestalde, ematen du ni baino jende gazteagoaren aldeko apustua egiten ari direla». Aurten 23 urte beteko ditu Cuadradok, eta nabarmena da urtez urte gora egiten ari dela, baina... Ezpaltsua, are mingarria ere gerta daiteke gaia: iraupen eskiko Espainiako selekzioan ez neskarik egotea, kontuan izanda Iberdrolaren Emakumea eta Kirola programak babesten dituela neguko kirolak.

«Kirolari guztioi gustatuko litzaiguke Olinpiar Jokoetara joatea, baina oso zaila da, are gehiago gure egoeran. Nik entrenatzen jarraituko dut, eta etorri beharrekoa etorriko da, baina ez dut helburutzat hartzen Olinpiar Jokoetara iristea».

Cuadradok Migel Indurain fundazioaren diru laguntza jasotzen du. Mundo Nordico etxeak laguntzen dio materialarekin, eta Irrintzi Ski taldearen laguntza ere badu; izugarri eskertzen du babes hori, baina badaki, noski, Euskal Herrian kirol hau txikia dela eta zaila dela hartatik bizitzea. Gauzak horrela, oinak lurrean ditu Irrintziko eskiatzaileak, eta, adibidez, 2026ko Neguko Olinpiar Jokoetan egoteko ametsik ez du egiten. «Kirolari guztioi gustatuko litzaiguke, baina oso zaila da hara joatea, are gehiago gure egoeran. Nik entrenatzen jarraituko dut, eta etorri beharrekoa etorriko da, baina ez dut helburutzat hartzen Olinpiar Jokoetara iristea».

Halako goranahi eta urruneko ametsik gabe, datorren denboraldian ere aurtengo bide beretik jarraitu nahi du. «Gozatzen», Irrintziko talde giroarekin, lagunartearekin eta ipar eskiarekin gozatzen. «Datorren denboraldian, Neguko Universiada egingo da Turinen (Italia), eta gustatuko litzaidake hara joatea. Aurrekoan Lander Martin eta biok joatekoak ginen, baina COVIDagatik ez ziren egin, eta oraingo honetan gustatuko litzaidake. Eta, hortik aparte, Euskal Herriko eta Espainiako lasterketetan ahalik eta hobekien aritzea, hori izango da helburua».

MOTZEAN

Erreferente bat?
Munduko Kopako probak asko ikusten ditut telebistan, eta mundu mailan Jessie Diggins estatubatuarra esango nuke, baina baita Cynthia Martinez ere. Cynthia nire entrenatzailea izan da, eta orain elkarrekin entrenatzen gara. Ama da, lanean ari da, eta entrenatzen eta lehiatzen aritzen da; bera ere erreferentetzat daukat. Cynthiak erakutsi zidan eskiatzen.

Irati Cuadrado eskiatzailea, bizkarrez
Cynhya Martinez eta Irati Cuadrado (bizkarrez) aurtengo Espainiako txapelketetan. RFEDI

Iraupeneko eskiatzaile bat?
Jessie Diggins bera.

Gogoan daukazun lasterketa bat?
Lehenengo Marxa Beret, agian. Hirugarren geratu nintzen urte hartan. Marta Cester irabazlea azkar samar aurreratu zen, eta atzetik errusiar bat eta biok elkarrekin joan ginen lasterketa osoan; azken 10 metroetan, esprintatu eta irabazi egin zuen, eta geroztik hortxe daukat oroitzapenean lasterketa hori.

Lortutako garaipen guztietatik bereiziko zenukeen bat?
Aurtengo Marxa Beret.

Iraupen eskiko pista bat?
Mundukoen artean, Norvegiako Beitostolen aipatuko nuke, oso ederra baita. Eta hemengoen artean, Larra-Belagua eta Somport.

Sareetan asko erreparatzen diozun kirolari bat?
Ipar eskiko askori jarraitzen diet: Jessie Diggins bera, Frida Karlsson... Baita biatloikoei ere, Tiril Eckhoff norvegiarrari adibidez (jada erretiratu da), eta beste askori.

Beste kirol bat?
Asko gustatzen zait txirrindularitza. Ipar eskiaren osagarria da, lagunekin joan ahal zara hitz egiten...

Gustuko jakia?
Pizza, adibidez.

Edaria?
Ura.

Musika talde edo bakarlari bat?
Berri Txarrak.

Oporretarako leku bat?
Londresen egon berri naiz; gustatuko litzaidake Amsterdam ezagutzea...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.