Eskiek Kontxa hartu zutenekoa

1985eko elurte gogoangarrian, gaur 40 urte, iraupen eskiko «proba historikoa» egin zen Donostian. Ehundik gora lagun atera ziren, jende ezaguna tartean: Urko abeslaria, Martxelo Otamendi... Angel Ortiz izan zen irabazle, eta Peio Ruiz Cabestany, bigarren.

ramon olasagasti
2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Gutxitan, gero eta gutxiagotan, jaisten da elurra itsasoraino, eta, malo-malo, hondartzan pausatzen. Donostian, harea beixa zuriz estaltzen den bakan horietan, goizean goiz hor izaten da Peio Ruiz Cabestany (Donostia, 1962), iraupen eskiak hartuta Kontxan irristatzen. «Orduan, bai, esan liteke benetan elurra egin duela», dio Cabestanyk txantxetan. Eta aldi bakan horietan, marko konparaezinean, estanpa ezohikoa eskaintzen du eskiatzaileak. Normalean, baina, etorri orduko lurmentzen da elurra kostaldean. 1985eko urtarrilean, orain 40 urte, ez zen halakorik gertatu, ordea: urtarrilaren 7an elurra hasi, eta bi aste osoz zuri-beltzezkoa izan zen Euskal Herri berdea. Tenperaturak zero azpitik amildu ziren hainbat egunez, baita kostaldean ere, eta, hotz horren ondorioz, iraun egin zuen elurrak.

Belen Eguskiza mendiko eskiatzaile aitzindaria (Donostia, 1954) Neouvielleko mendigunean eskiatzen ibili zen 1985eko Gabonetako oporraldian, eta etxerako bidea hartzear zela jakin zuen Euskal Herrira zetorren elur denboralearen berri. «Potok [Gorrotxategi, bikotekidea] esan zuen: ‘ba, ez da hainbesterako izango: pixka bat jaitsiko gara eta euria izango da’. Bai zera: Donostiaraino elurretan etorri ginen gure 4L zaharrean. Haiek bai elurretarako autoak; katerik jarri gabe iritsi ginen Donostiaraino». Oporren osteko lehen lanegunean, eskiatzen joan zen Eguskiza Errenteriako Markola eskolara, han baitzen irakasle. «Jende gutxi heldu ginen, hiruzpalau lankide. Autobusik ez zebilen, eta goiz hartan bertan erabaki zuten eskolak bertan behera uztea. Goiz hartan bertan Bianditzera igo nintzen eskiekin. Hurrengo egunetan berealdiko gozatua hartu genuen. Lezotik Jaizkibelen gora eta behera, Bianditzera, Aiako Harrira...».

Angel Ortiz (Tolosa, 1956) eta lagunak ere egunero ibili ziren eskiatzen 1985eko ilbeltz zuri hartan. «Batean eskiekin joan ginen Tolosatik Donostiara, eta buelta trenean, Suitzan bezala. Hurrengo egunean, Herniora; hurrengoan Uzturrera. Kostako Itzulia ere egin genuen Josu [Iztueta], Dina [Bilbao] eta hirurok, eskiekin errepidetik: Tolosa, Errezil, Azpeitia, Zumaia, Zarautz eta buelta Andazarratetik. Elurtuta zegoen dena».

PEIO RUIZ CABESTANY ETA ANGEL ORTIZ

Peio Ruiz Cabestany eta Angel Ortiz, 1985eko eskiekin Haizearen Orraziaren inguruetan. Haien bizkarrean, duela 40 urte egindako ibilbidea. ANDONI CANELLADA / FOKU

«Jende askok ez zuen kirol hau ezagutu ere egiten, baina ehundik gora lagun elkartu ginen, eta ikuskizuna sekulakoa izan zen»

ANGEL ORTIZEskiatzailea

Igeldo bera ere eski alpinoko estazio kozkor bat bihurtu zen: 31 pezetaren truke funikularrean igo eta eskiekin errepidean behera jaitsi ziren hainbat eskizale egun haietan. Pako Lusarreta (Hazparne, 1927 – Donostia, 1987) Tximist espedizioko historikoa izandakoa, esaterako, aurreko elurteren batean ere ibilia zen Igeldon gora eta behera eskiekin, «eta 1985eko hartan ere hainbatetan igo eta jaitsi zen Juanjo semearekin», oroitu du Eguskizak.

1985eko urtarrilaren 14an, astelehenez, Herri Irratiko hainbat kazetari elur denboralearen gordintasunari buruz ari ziren hizketan erredakzioan, eta bateren batek, erdi txantxetan, ideia zoroa bota zuen: «Zergatik ez dugu Kontxan iraupen eskiko lasterketa bat antolatzen?». Eguerdirako zabaldu zuten mezua uhinetatik, eta, egun batetik bestera, elur erauntsia nola, azkar batean zabaldu zen deialdia zaleen artean. Biharamunean, urtarrilaren 15ean, arratsaldeko 15:30ean, eskiatzaile ugari elkartu ziren Donostiako Club Nautikoaren parean, ehundik gora. Ikusleak ere trumilka ibili ziren Kontxa eta Ondarreta osoan zehar. «Historikoa da hau», bota zuen Ramon Labaien alkateak, eskuak igurtziz, hotzagatik bezainbeste ekitaldiak izan zuen arrakastagatik.

Josean Larrañaga Urko abesalaria, 1985eko urtarrilean, iraupen eskiko Kontxako proban

Josean Larrañaga 'Urko' abeslaria, Kontxako proban

«Botetako bat puskatu egin zitzaidan, eta behatzak airean eta jelatuta nituela iritsi nintzen. Baina bukatu nuen. Esperientzia zoragarria izan zen»

JOSEAN LARRAÑAGA 'URKO'Abeslaria

Ortiz eta Ruiz Cabestany

Historikoa izan zen egun hura eskiatzaileentzat ere: elurrak itsasoan irautea, eskiek Kontxa hartzea... Alderdi Ederren abiatu, Haizearen Orraziraino joan, eta buelta: bost kilometro osatu behar zituzten partaideek. Han ziren, aurreneko lerroan, Angel Ortiz eta Peio Ruiz Cabestany. Aralarrera bidean, eskiatzera doazela, mila bider berritu izan dituzte Kontxako proba hartako pasadizoak, eta oraingoan ere berehala ekin diote elkarri zipoka: «1985ean, otsailaren 2an izan ziren Euskadiko Sei Orduak. Ni hura prestatzen aritu nintzen buru-belarri, eta ez nuen batere eskiatu. Horregatik irabazi zidan honek. Bestela...», bota du txirrindulari ohiak, Angel seinalatuz.

Angel Ortizek 17 minutu eta 33 segundoan osatu zuen proba. Cabestanyk 54 segundo gehiago behar izan zituen, eta, handik hiru hilabetera, Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen bizikleta gainean. Iñaki Hernandez ibartarra izan zen hirugarren, eta Josu Iztueta eta Jesus Ortiz, laugarren eta bosgarren, biak eskutik. Dina Bilbao izan zen lehen emakumea, hamalaugarren. Proba bukatu zuten 112 eskiatzaileetatik 23 emakumeak izan ziren, bostetik bat. Kirol gutxitan gertatuko zen halakorik duela 40 urte.

Txantxari txantxa, Cabestanyk 40 urte egin du atzera: «Nik utzita neukan iraupen eskia. Eskian lehiatzen ibili nintzen garaian, estilo klasikoa besterik ez zen existitzen, arrastoan eskiatzen genuen denok. Nik utzi osteko hiru-lau urteetan agertu zen skating-eko teknika, eta bera skating egiten atera zen. ‘Baina zer ari da hau?’ pentsatu nuen nire artean. Hiru gauza izan ziren: ni Euskadiko Sei Orduetarako entrenatzen ari nintzela, berak skating-ean egin zuela eta nik teknika klasikoan jarraitzen nuela». Angel Ortizek eten du txirrindulariaren jarioa: «Onartu minutu bat atera nizula, eta ez jarri hainbeste aitzakia». Bien arteko solasak Kontxako probaren abiada hartu du:

– Cabestany: Eta hiru: ni baino askoz biziagoa izan zen eta tranpa egin zuen. Antiguako tunelera iristean, biok batera gindoazen».
– Ortiz: Biok batera? Bai zera!
– Cabestany: Ni nindoan aurretik.
– Ortiz: Gezurra.
– Cabestany: Tunelean, gelditu eta eskiak kendu nituen, han elurrik ez zegoelako, eta berak, kan, kan, kan, eskiak jarrita gurutzatu zuen tunela.
– Ortiz: Berrikusi pelikulak. Herri Irratikoek filmatu egin zuten, eta tunelera iristerako minutu erdi aurretik nindoan.
– Cabestany: Berrikusi, berrikusi pelikula. Eta bueltan jada eskiak jarrita pasa nintzen ni ere tuneletik.
– Ortiz: Minutu eta piko atera nizun, ezta?
– Cabestany: 54 segundo.

«Lasterketa hartako sailkapena hartu, eta Netflixeko telesail bat egin daiteke hainbat partaidek geroztik egindako ibilbidearekin»

PEIO RUIZ CABESTANYTxirrindulari ohia

Aspaldiko lagunak dira biak, «neguko maitaleak gara batez ere», dio Cabestanyk. «Pentsa, nik 18 urte eta berak 12-13 zituela ezagutu genuen elkar, Kontxako proba hura baino hamar urte lehenago», oroitu du Ortizek. «Donostiako Club Vasco de Camping elkarteko hainbat gazteri ikastaro bat eman genien Belaguan, eta neska eta mutil kozkor haien artean zegoen Peio. Ondorengo urteetan hainbat aldiz joan ginen Jura mendigunera (Frantzia) elkarrekin, eskiatzera». Eta Kontxako hartatik hona, Aralar edo Urbasa elurtuta daudenean, bakanak dira eskiatzera ez doazen egunak. Elkarrekin, askotan eta askotan.

Kontxako hura historikotzat dute biek, hein handi batean kirol «ezezagun» baten erakusleiho bihurtu zelako Donostiako marko konparaezina. «Jende askok ez zuen kirol hau ezagutu ere egiten, baina ehundik gora lagun elkartu ginen, eta ikuskizuna sekulakoa izan zen», nabarmendu dute. Bilbo aldeko talde txiki bat, Errenteriako Urdaburu taldeko jendea, Eibarkoak, Irungoak, Vasco de Campingekoak (Donostia), Goierrikoren bat eta, batez ere, Tolosako jendea; ehundik gora elkartu ziren Kontxako proban. «Lasterketa hartako sailkapena hartu, eta Netflixeko telesail bat egin daiteke hainbat partaidek geroztik egindako ibilbidearekin», adierazi du Cabestanyk.

Urko, Martxelo Otamendi...

Partaideen artean zen, esaterako, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia. «Nik, garai hartan, pistako eskia zerbait bai, baina iraupen eskia ez nuen sekula egin. Bezperan norbaitek eskiak utzi, eta Zazpi Bidetako buelta egin nuen hemen, Tolosaldean. Egun berean jakin genuen Kontxako probaren berri. Ni euskaltegian nenbilen orduan, eta han joan ginen Mikel Uzkudun lankidea eta biok. Gazteak ginen, eta eskiatzaile trebeez gain, izaeraz halako ausardia genuen beste hainbat ere animatu ginen. Oso polita izan zen». Garaiko egunkarietako sailkapenen arabera, 24. postuan helmugaratu zen Otamendi, baina berak zalantza handiak ditu: «Beti pentsatu izan dut sailkapen hori gaizki dagoela. Uzkudunek ezetz dio, seguruenera horrela izango dela, baina ni konbentzituta nago ez nintzela hain aurrean. Garai hartan hauspoa banuen, baina bigarren aldia nuen iraupen eskien gainean, eta ez dut uste hain aurrean sartu nintzenik. Tira, berdin dio, historiarako horrela geratuko da».

Belen Eguskiza eskiatzailea
Belen Eguskiza, duela 40 urte Kontxako proban emandako dominarekin, aurreko astean, hego haize epelarekin.

«Guk pentsatzen genuen ludikoagoa izango zela, jai moduko bat, baina bai zera: abiatu ginen eta azkena ipurdi gizena»

BELEN EGUSKIZAEskiatzailea

Kontxako lasterketaren egunean, mendiko eskiekin Adarrara igo ziren Belen Eguskiza eta Poto Gorrotxategi, eta gero Potoren amaren etxera joan ziren bazkaltzera, Hernanira. «Gogoratzen naiz babarrun platerkada ederra jan genuela. Amak esan zuen: hotz honekin zeozer beroa jan beharra dago. Eta arratsaldean Kontxako lasterketara joan ginen. Egia esan, guk pentsatzen genuen ludikoagoa izango zela, jai moduko bat, baina bai zera: abiatu ginen eta azkena ipurdi gizena. Han hasi ziren batzuk ziztuan, eta denok atzetik. Egia esan, harrituta geratu nintzen, egun batetik bestera halako jendetza bildu izanarekin eta ikuskizunarekin».

Partaideen artean zen Josean Larrañaga Urko abeslaria ere (Donostia, 1948). Iraupen eskian dezente ibili zen gaztetan Urko, modalitate horretako euskal-nafar selekzioa deitzen zioten hartan ere ibili zen, eta hainbat aldiz joan zen Espainiako txapelketetara, Angel Ortizekin berarekin, besteak beste. «Ordurako hasita nengoen musikaren munduan ere, rock&rolla egiten, Donostiako Los Corsarios taldean. Hala, lanean, musikan eta eskiatzen ibili nintzen, hiruretan, 23-24 urte bete arte. Gero musikaren bidea hartu nuen, eta, badakizu, gaua eta kirola ez dira bateragarriak».

Hala ere, 1985eko hartan, Kontxi Recio emazteak Herri Irratiaren deialdiaren berri eman zionean, inolako zalantzarik egin gabe joan ziren biak Alderdi Ederrera. «Aspaldi samar ibili gabe nengoen, entrenatu gabe, eta luzea egin zitzaidan. Antiguako tunelean, ni Haizearen Orrazirantz nindoala, Angel Ortiz jada bueltan zetorren, ziztuan. Botetako bat puskatu egin zitzaidan, eta behatzak airean eta jelatuta nituela iritsi nintzen. Baina bukatu nuen. Esperientzia zoragarria izan zen: jende asko elkartu ginen, hangoak eta hemengoak, batzuk jada gerri-bueltan toles batzuekin. Historikoa izan zen hura».

MARTXELO OTAMENDI
Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia.

«Gazteak ginen, eta eskiatzaile trebeez gain, izaeraz halako ausardia genuen beste hainbat ere animatu ginen. Oso polita izan zen»

MARTXELO OTAMENDIBERRIAko zuzendari ohia

Geroztik, Donostian elurra egin izan duen aldi bakan horietako batean elkartu izan dira Urko eta Pello Ruiz Cabestany Kontxan eskiatzen, baina 1985ekoa bezalakorik ez du Urkok gehiago ikusi. «Normalean, etorri orduko joan da elurra, eta azkenean hondar gainean eskiatzen bukatu izan dugu. Azken urteotako bilakaerarekin, nekez errepikatuko da halakorik».

Elurte haren «oroitzapen zoragarria» dauka Eguskizak ere. Egunotan aurkitu ditu etxeko trastelekuan Kontxako proba hartan eman zioten domina eta erabili zituen eskiak. «Elurtea hasi eta astebete pasatxora, elurra urtzen hasi zen, eta saiatu ginen Saioa mendi aldera joaten, baina errepideak itxita zeuden artean, eta bueltan, berriro hasi zuen elurra. Hurrengo aste osoan eskola itxita egon zen berriro, eta atzera eta aurrera ibili ginen berriz. Errepikaezina izan zen guretzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.