Eskaladaren euskal mugarriak

Kirol eskalada 1980ko hamarkadan hasi zen lehen urratsak egiten Euskal Herrian, eta, geroztik, ikusgarria izan da bilakaera. Horren lekuko dira Euskal Herriko hormetan zabaldutako erreferentziazko hainbat eta hainbat bide, kirol honen historiaren gordailu eta egiazko mugarriak.

2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Dagoeneko hiruzpalau hamarkada dira kirol eskalada lehen urratsak egiten hasi zela, eta egun, gehien praktikatzen den eskalada modalitatea da. Baina, zer da zehazki kirol eskalada? Eta, noiztik praktikatzen da kirol eskalada?

 

Eskalada mota horren hastapenak eskalada klasikotik eratorri ziren, bideen igotzea libreki eta inongo laguntza artifizialik gabe eskalatzen saiatzen hasi zirenean, eta hortik datorkio bere kirol izaera, hain zuzen. Hasiera batean, alpinistek horma eta bide laburrak erabiltzen zituzten entrenatzeko, ondoren mendi handiak igotzeko behar zuten trebetasuna lantzeko eta hura pareta handietan erabiltzeko. Hain zuzen, hemendik datorkie kirol eskalada praktikatzen diren guneei eskalada eskola izena. Urteak aurrera joan ahala, leku horiek berariazko eskalada garatu dute, bertako bideak eskalatzaile askoren helburu propio eta kirol jardun bilakatuz. Eskalada jarduera mota horretan, helburua zailtasun tekniko eta fisikoa izan ohi da, eta ezaugarrietako bat arrisku-maila baxua da, beste eskalada espezialitate batzuekin alderatuz. Paretak ez dira oso garaiak izaten, eta aurretik berariaz prestaturiko bideetan eskalatu ohi da, gehienetan, 10-40 metro artekoak.

Patxi Usobiaga 'Bizi euskaraz' bidean (8c+), Etxaurin (Nafarroa). Bistaz eginiko munduko lehenengo 8c+ bidea izan zen. Zigor Arteaga

Kirol eskaladan, segurtasuna bermatzeko aurretik paretan ezartzen diren sistema mekaniko edo kimikoak erabiltzen dira, eta horrek aldez aurretik lan handia dakar hormak eskalatzaileentzako erabilgarri izan arte. Lan hori guztia gehienetan musu truk egin ohi da, eta, askotan, ekipatzaileek eginiko lana oharkabean geratzen da. Lerro hauen asmoa da keinua egitea eskalada eskoletan hainbat eta hainbat lan egin duten ekipatzaileei, egindako lana eskertzeko asmoz.

Ekipatzaileen lan aitzindaria

Euskal Herrian, jakina da mendiko jarduerekiko lotura handia dagoela, eta kirol horren garapena ez da lotura horretatik at geratu: esan daiteke kirol eskaladan ere erreferentzia izatera iritsi dela. Euskal Herrian kirol eskaladak zale asko izan ditu, eta zenbait eskalatzaile eta eskalada bide eredu izan dira bai estatu mailan, bai nazioarte mailan. Bertsolariek plazak eta pilotariek frontoiak behar dituzten moduan, eskalatzaileek eskalada eskolak eta bideak behar dituzte abilezia garatu eta markak hausteko, eta, Euskal Herrian, esan daiteke goi mailako frontoiak ditugula. Gure herriko kirol eskaladaren bilakaeran ezinbestekoa izan da zenbait ekipatzaile aitzindariren lana, goi mailako bideak eta eskalada eskolak garatu baitituzte, Etxaurin (Nafarroa), Gaubean (Araba), Baltzolan (Bizkaia) eta Araotzen (Gipuzkoa), esaterako. Lan eskerga horrek aukera eman die eskalatzaileei etxean bertan oso bide gogorrak eta erreferentziazkoak egiteko, kirol eskaladaren bilakaeran eta historian aztarna uzteko modua eskainiz. Horren adibide, munduko markak haustea lortu izan dituzten eskalatzaile batzuk aipa daitezke: Patxi Arozena, Josune Bereziartu, Patxi Usobiaga edo Iker Pou, besteak beste.

Ekaitz Maiz 'Begi puntuan' bidean (9a), Etxaurin (Nafarroa). Jon Juarez

Historia handiko kirol eskalada bideak Euskal Herrian

Euskal Herriko eskaladek kirol eskaladaren garapenean utzi duten aztarnaren erakusgarri, erreferentzia izan diren bide batzuen zerrenda da hau. Ez da erraza izan artikulurako bideen aukeraketa egitea, atzera begira jarrita, hainbat bide eta istorio agertu baitira. Guztiak zerrendatzea ezinezkoa denez, beharrezkoa izan da lehentasunak ezartzea. Ondorioz, barkamena eskatu beharra dago egindako zerrendan eskalatzaileren batek bideren bat gehitu dezakeelako, edo, aukeraturiko batzuen ordez, beste batzuk izendatzea nahiago izango lukeelako. Bideen hautaketa, zailtasunetik haratago, izandako oihartzun edota utzitako arrastoan oinarritua izan da. Ezaugarriak ezaugarri, aipatuko diren bideek eta eskalada eskolak Euskal Herriko erreferentzia izan dira, bai bertako eta bai kanpoko eskalatzaileoi zenbait aukera eskainiz.

8. zailtasun mailako aurreneko bideak

Arestian esan bezala, 1980ko hamarkadan kirol eskalada bere lehenengo urratsak egiten hasi zen. Bideak ekipatzeko modu eta teknika berriak erabiltzen hasi ziren, eta horrek aldaketa handia ekarri zuen: eskalatzaileek zailtasun handiko mugimenduak egin zitzaketen, segurtasuna bermatuta baitzegoen. Aurrerapauso handia izan zen; garai hartako eskalatzaileak zailtasunean jauzi bat egin eta 8. mailako bideak egiten hasi ziren:

Ioritz Gonzalez Lertxundi 'Txabetatarrak' bidean (8b), Araotzen (Gipuzkoa). Iosu Viejo

La brocha y el vampiro: Euskal Herriko lehenengo 8a mailako bidea eta estatuko bigarrena. 1987. urtean Patxi Arozena eskalatzaile mitikoak ekipatu eta kateatu zuen.

Un verano sin sol: Bide hori bistaz (lehenengo saiakeran eta ezagutu gabe) eginiko estatuko lehenengo 8a. Rikar Otegik Etxaurin ekipaturiko bidea Arozenak erdietsi zuen 1987. urtean.

Conan Dax Libarian:8a mailakoa, Araotzen kokatua. Maila horretako lehenengoa eskola honetan, eta zailtasuneko erreferentzia bihurtu zen. Arozenak ekipatu eta egin zuen lehenengo igoera.

Apaloosa:8a mailakoa, hura ere Araotzen. Arozenak igo zuen lehen aldiz. Bide berezia eta aurrerakoia bere garaian, urak sorturiko zutabe batetik baitoa.

Si yo fuera catalán y viviera en Cataluña:Koldo Baionak ekipaturiko bidea da, Etxaurin. Espainiako Estatuan bistaz eginiko lehenengo 8a+ zailtasuneko bidea eta munduko laugarrena, Arozenaren eskutik, 1991. urtean.

8. zailtasun mailaren finkatzea

1990eko hamarkadaren bukaeran Euskal Herriko zenbait eskalatzailek 8. mailako zenbait bide zituzten eginak, eta zailtasunean aurrerakada nabarmena eman zuten. Bereziki aipatzekoa da hamarkada horren bukaeran eta hurrengoaren hasieran eskalatzaileen artean zegoen giro berezia, motibazio eta eskalada berriak egiteko grina eskalada eskoletan sumatzen zelarik. Euskal Herriko eskalatzaile askok 8c mailako bideak ere egin zituzten, orduko zailtasun mailara iritsita. Esan daiteke gaur egun dauden eskola eta bide asko garai hartan ereindako haziaren uzta direla. Hona hemen erreferentziazko bide batzuk:

Josean Mulas 'Matxinada' bidean (8a), Araotzen (Gipuzkoa). Egoitz Unamuno 'Wyskas'

Fetutxini:Convento eskolan dago, 8b+ mailako emakumezkoen estatuko lehenengo bidea izan zen. Josune Bereziartuk kateatu zuen 1997. urtean. Iñaki Marko eta Iker Arroitajauregik ekipatu zuten.

Panoramix:8b+/8c mailakoa, Araotzen kokatua. Korea sektorean ireki zen lehenengo bidea; zailtasunaren ikuspegia guztiz aldatu zuen. Manu Beriainek ekipatu zuen, eta eskalatzaile askorentzat erreferentzia izan zen, eroriko handia duten bideak eskalatzea posible zela ikusaraziz. Otegik igo zuen lehen aldiz.

Mala vida:Euskal Herriko lehenengo 8c mailako bidea, Markok ekipatua. Araotzen dago, eta hau ere bide guztiz aurrerakoia; garai hartako sabaietan eskalatzea posible zela erakutsi zuen. Lehenengo igoera Otegik egin zuen.

Honky Tonky: Emakumezko batek munduan egin duen lehenengo 8c mailako bidea da. Bereziartuk egin zuen, eta, hala, mundu mailako erreferente bihurtu zen. Araotzen dago, eta, gainera, Bereziartuk eta Otegik ekipatu zuten.

Patxi Arozena 'White Zombie' bidean (8c) Baltzolan (Bizkaia). Oscar Aizpuru

White Zombie:Munduan bistaz egin zen lehenengo 8c mailako bidea. Yuji Hirayama japoniarrak egin zuen 2004. urtean. Baltzolan dago, eta Fernando Martinezek ekipatu zuen. Aipatu beharra dago bide hau Arozenak hiru saiakeretan egina zuela, garai hartan maila horretako igoera azkarrenetakoa mundu mailan.

Guenga:Baltzolan dagoen bidea, Iker Arroitajauregik ekipatua. Gure lurraldean egin zen 8c+ mailako lehenengo bidea da, eta Iker Pouk igo zuen lehen aldiz, 1998. urtean.

Honky Mix:Emakumezko batek munduan egin duen lehenengo 8c+ mailako bidea. Bereziartuk egin zuen 2000. urtean, berriro ere mundu mailako zailtasun errekorra ezarriz. Araotzen dago, eta hura ere Bereziartuk eta Otegik ekipatu zuten. Egindako balentria honek mundu guztian oihartzuna izan zuen.

Bizi euskaraz:Munduan bistaz egin zen lehenengo 8c+ mailako bidea da. Patxi Usobiagak lortu zuen mundu mailako zailtasun muga ezartzea, 2007. urtean. Etxaurin dago bide hau, eta Ekaitz Maiz etxauriarraren maisulana da. Euska herritar batek ekipatua eta beste batek egina da. Duen izen esanguratsua kirol honen historiarako aztarna gisa geratu da.

Iker Pou 'Celedón' bidean (9a+), Ilarduian (Araba). Victor Montilla

9. zailtasun mailako aurreneko bideak

Esan daiteke Euskal Herrian dagoen 9a mailako bideen proportzioa oso handia dela, bai eta maila horretara iritsi diren eskalatzaile kopurua ere. Kontuan izan behar da ez daudela munduan leku asko goi mailako hainbeste bide dituztenak. Hala ere, aipatu beharra dago arlo horretan Espainiako Estatuko leku jakin batzuk erreferentzia direla Euskal Herrikoekin batera: Katalunia, esaterako. Hona hemen erreferentzia diren bideetako batzuk:

Mendeku:Eginon dago. Iker Pou eskalatzaile ezagunak ekipatu eta egin zuen lehenengoz, 2003. urtean; erreferentzia bihurtu zen.

Begi puntuan: Etxaurin dago bidea; Maizek ekipatua eta Usobiagak egina lehenengo aldiz, 2006an. Geroago, 2007an Maizek berak ere egitea lortu zuen. Besteak beste, Iker Pou, Iban Larrion eta Gorka Karapetok lortu dute bide hau egitea.

Il domani: Usobiagak ekipaturiko bide hau Baltzolan dago, eta hark lortu zuen lehenengo igoera 2003. urtean. Bide honen igoera aipagarriena Adam Ondra eskalatzaile ezagunak egin zuen, bistaz eginez, 2014. urtean Usobiagaren konpainian. Estilo horretan munduan egin den hirugarren bidea izan zen, eta sona handia izan zuen.

Rikar Otegi 'Iñi ameriketan' bidean (9a+), Baltzolan (Bizkaia). Josune Bereziartu

Psikoterapia:Markok ekipaturiko bide hau Gaubean dago, eta Usobiagak igo zuen lehen aldiz, 2004. urtean.

Iñi ameriketan: Baltzolan dago, eta Iñigo Basterrak ekipatu zuen, 1995ean. Lehenengo igoera Otegik egin zuen, 2002. urtean. Lehenengo igoera egin ostean, Otegik proposatu zuen 9a gogor gisa, baina historian zehar bidea errepikatu duten eskalatzaile gutxiek adierazi dute 9a+ maila izan dezakeela.

Celedón:bide hau Iker Pouren artelana da, eta Ilarduian (Araba) dago. Iker Pouk berak egin zuen lehenengo igoera, 2012an, eta orduan 9a+ zailtasuna zuela proposatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.