Eskaladako krokisen aztarnategia

‘Harri, orri, arkatz’ erakusketa inauguratu dute Bilboko Berreginen Museoko aztarnategian, Mendi Film jaialdiaren atarian: krokisei buruz munduan inoiz egin den erakusketarik handiena. Proiektu berean argitaratutako liburuak ere harrera beroa izan du.

'Harri, orri, arkatz', eskaladako krokisei buruzko erakusketa
Eremu geografikoen arabera atondu dituzte krokisak eta panelak. ELI AZURMENDI
ramon olasagasti
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Mariaren Bihotzaren plazak, Bilboko espazio publiko librerik handienetako batek, benetako altxor bat gordetzen du bere azpian. Hitz horiexekin nabarmentzen du Bilboko Berreginen Museoaren webguneak bere erraietan gordetzen duen Mariaren Bihotza plazako aztarnategia. Egiaz, altxor bat baita lekua. Zoriaren mirariz, aparkaleku bat egiteko obrak egiten ari zirela, harri-bloke zahar batzuk azaleratu ziren duela urte gutxi: XV. mendeko frantziskotarren komentuko aurriak ziren. Berehala gelditu zituzten obrak, eta komentuaren aztarnak berreskuratzen hasi ziren. Aztarnategi horixe da Bilboko Berreginen Museoko altxorra, eta kokagune berezi horretan beste altxor bat dago atzodanik: Harri, orri, arkatz, eskaladako krokis artistikoen erakusketa.

'Harri, orri, arkatz' erakusketa
Inaugurazio ekitaldia, atzo, Bilboko Berreginen Museoko aztarnategian. MENDI FILM

Proiektuaren hasieratik Eli Azurmendi, Rafa Elorza eta Juancar Sanz Donostiako Club Vasco de Campingeko kideak aritu dira lanean buru-belarri, eta haiek izan dira erakusketaren komisarioak ere. Azurmendi margolaria da ogibidez, eta bere ibilbidean margolan asko egin du musikari, bidaiari eta azken boladan eskalatzaileekin elkarlanean. Elorza eskalatzailea eta mendizalea da, eta gustuko du marraztea, «are gehiago mendiarekin lotura duten gaiak badira».

HARRI, ORRI AR-KATZ erakusketaren aurkezpen bideoa.

Sanz ere eskalatzailea da, eta oso krokis landuak egiten ditu ordenagailuz. Hirurak eskuz esku, hiruko sokaldian, aritu dira atontzen eskaladako krokisaren inguruan inoiz egin den erakusketarik handiena. Eta haien sokara bildu dira proiektu honetan mundu osoko zenbait eskalatzaile eta artista: besteak beste, Armand Ballart, Phillipe Barthez, François Carrafancq, Rolo Garibotti, Jean eta Pierre Ravier, Christian Ravier, Jeremy Collins, Chema Agustin, Angel Lopez Cintero, Clay Wadman, Julio Villar, Timmy O’Neill, Eric Sloan, Rhiannon Klee Williams, Craig Muderlak, Oscar Maso...

Harri, Orri, Arkatz, eskaladako krokisei buruzko erakusketa.
Beira arasetan, gailurretako liburuak, Andres Espinosaren eskuizkribuak, eta halakoak jaso dituzte. ELI AZURMENDI

Club Vasco de Camping elkartearekin batera, Mendi Film jaialdia izan da egitasmoaren beste oinarrietako bat, eta erakusketa ere jaialdiaren atarian inauguratu da. Atzoko aurkezpenean, Sorkunde Aiarza Bilbao Bizkaia Museoak erakundeko koordinatzaileak egin zien ongietorria bertaratu zirenei, eta ondoren, Jabi Baraiazarrak, Mendi Filmeko zuzendariak, hartu zuen hitza, proiektuaren balio artistikoa eta historikoa azpimarratzeko eta Azurmendiren, Sanzen eta Elorzaren «lan handia» eskertzeko.

Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Leixuri Arrizabalaga (Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua), Begoña de Ibarra (Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia), Koldo Bilbao (BBK Fundazioa), Nerea Lupardo (Euskalduna jauregiko zuzendari nagusia) eta Zigor Egia (Euskal Mendi Federazioko presidentea). Eta artista, eskalatzaile eta ilustratzaile ezagun ugari, hala nola Jesus Mari Lazkano, Christian Ravier, Jodi Pfefferkorn, Simon Elias, Olivier Marquet, Julio Villar, Sergi Ricart, Santi Yañiz, Juanjo San Sebastian, Jose Carlos Tamayo eta Kepa Lizarraga.

 

Harri, Orri, Arkatz erakusketa
Janire Etxabe (Dimegaz) dantzari bertikalaren performancea atzoko ekitaldian. MENDI FILM

Janire Etxabek dantza bertikaleko ikuskizuna eskaini zuen eta harri eta zur utzi zituen ekitaldira bildutakoak, eta, ondoren, erakusketaren komisarioek bisita gidatua eskaini zuten. Guztira, hamahiru paneletan antolatu dituzte krokisak. Lehenbizikoan, eskaladako krokisaren sorrerari buruzkoak jaso dituzte, eta ondorengoetan, geografikoki bildu dituzte krokisak: Txindoki eta Euskal mendiak, Pirinioak, Naranjo eta Europako mendiak, Riglos, Montserrat eta Mediterraneoko mendiak, Sistema Zentrala, Alpeak, Yosemite, Patagonia, Himalaia eta mendikate handiak, eta beste mendiak...

Andres Espinosaren eskuizkribuak...

Krokisen panelez gain, ordea, beste hainbat altxor ere aurkituko ditu bisitariak aztarnategian. Orotara bederatzi beira arasa atondu dituzte, eta, horietan ondo babestuta, adibidez, Andres Espinosa alpinista handiak 1929an Alpeetan eskuz idatzitako zazpi koadernotxo daude. «Mont Blanceko igoerako krokis bat dago erakusketan, eta hori egin aurretik idatzitako oharren koadernoak dira. EMMOA fundazioak utzita eskuratu ditugu», jakinarazi du Azurmendik. Beste beira arasa batean gidaliburu zaharrak, gailurretako liburuak, bildu dituzte. Adibidez, Juan Mari Ansa mendizalek Ipizteko Iruatxeta Bekoa gailurrean aurkitutako metalezko kutxatxoa eta haren barnean zegoen liburua. Alde horretatik, EMMOAren eta Pyrenaicaren laguntza eta ekarpena eskertu nahi izan dute erakusketaren komisarioek.

Harri, Orri, Arkatz, eskaladako krokisei buruzko erakusketa
Rafa Elorza, 1974ko Tximist espedizioaren Everesteko maketarekin. ELI AZURMENDI

Bestelako pieza bereziak ere badira: 1974ko Tximist espediziorako propio egin zuten Everesteko maketa erraldoia adibidez, Lluis Hortala katalanak ikatz-ziriz eginiko Montserrateko bi metroko krokis batzuk, Bizkaiko mendien beste maketa erraldoi bat, 150 metro koadro ingurukoa...

Erakusketa gaurtik urtarrilaren 7ra izango da zabalik Berreginen Museoko aztarnategian. Mendi film jaialdian, abenduaren 9an, 12:00etan, aurkeztuko dute erakusketa. Han izango dira Rhiannon Klee, Armand Ballart, Chema Agustin, Eli Azurmendi, Rafa Elorza eta Juancar Sanz. Hilaren 10ean, berriz, bisita gidatu bat lotua dute, eta gehiago ere egingo dituzte seguruenera.

Liburua... eta orain dokumentala

Harri, orri, arkatz eskaladako krokis artistikoei buruzko egitasmo handiaren bigarren mugarria da erakusketa. Hasiera batean, erakusketa bat egitea zen asmoa, erakusketa soilik, baina bateko eta besteko krokisak jaso ahala, egitasmoa handituz joan zen, eta berehala jabetu ziren han liburu bat ere bazegoela. Liburua urriaren hondarrean argitaratu zen, eta azaroan zehar heldu da finantzaketa kolektibo bidez egitasmoa babestu duten ehunka babesle eta kolaboratzaileren eskuetara. Liburua izan da, beraz, lehen mugarria. Harrigarria da lana, hitzaren zentzu osoan: «Egia esan, oso harrera beroa izan du, eta gu ere oso pozik gaude emaitzarekin. Esango nuke gauzatu dugula buruan geneukana. Batzuek ezustekoa hartu dute, zerbait xumeagoa espero zutelako, eta eskuetan hartu dutenean askok esan dute: jo, zer liburu puska. Gure ideia hori zen: irakurriz ez ezik, ikusiz ere gozatzeko liburu bat egitea», adierazi dute Elorzak eta Azurmendik.

Harri, orri, arkatz erakusketa
Proiektuaren hiru bultzatzaileak eta erakusketaren komisarioak: Juancar Sanz, Rafa Elorza eta Eli Azurmendi. MENDI FILM

Orain, erakusketa izango da bigarren mugarria, eta, ibilian-ibilian, bideak uste zuten baino urrunago eraman dituenez, izango da hirugarrena ere: dokumentala. «Liburuarekin gertatu zitzaigun gauza bera gertatu zaigu: zer material ona, zenbat jendek lagundu gaituen, zer material interesgarria... Ba, orain, liburuaren eta erakusketaren ondoren, gauza bera etorri zaigu burura: hemen dokumental bat dago. Jabi Baraiazarrarekin hitz egin genuen, ideia oso ona iruditu zitzaion, eta Jon Herranzekin hasita gaude lanean. Berak egingo du dokumentala. Proiektu honen prozesu osoa kontatuko du elkarrizketen bidez, eta dagoeneko hasi da filmatzen zenbait gauza».

Erakusketaren fitxa

Antolatzailea.
Club Vasco de Camping elkartea (Donostia) eta BBK Bilboko Mendi Film zinemaldia.

 

Kolaboratzaileak.
Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Bizkaia Museoak, Bilboko Udala.

 

Komisarioak.
Eli Azurmendi, Juancar Sanz, Rafa Elorza (Expocroquis).

 

Non.
Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian, Bilbon (San Frantzisko, 14).

 

Datak.
2023ko azaroaren 24tik 2024ko urtarrilaren 7ra.

 

Ordutegia.
Asteartetik larunbatera: 10:00-13:00 eta 16:00-19:00 / igande eta jaiegunak: 10:00-14:00 (abenduak 24-25-31 eta urtarrilak 1-6, itxita).

 

Sarrera.
3 euro pertsonako (1,5 euro pertsonako, hamarretik gorako taldeetan); ostegunetan doan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.