Eskalada bera, urratsez urrats

Frailea haitzaren eskaladak 50 metro ditu, hiru luze, eta gehienez ere III+ zailtasuna, baina kirol honen iturrietatik edan daiteke bertan.

Frailea haitza
Frailea haitzaren gailurra. XABIER MUJIKA
Xabier Mujika.
2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

Frailea haitzeko lehen argazkia nerabezaroan ikusi nuen, Miguel Anguloren La montaña vasca liburuan hain zuzen ere. Argazkiaren oina irakurri eta Fraileburu irakurtzearekin batera, zera pentsatu nuen: «Itzela izango litzateke egunen batean mendi hori igotzea». Gerora deskubritu nituen Juan San Martinen artikulua eta krokisa, eta horrek areago hauspotu zuen gogoa.

Halaxe, 2018ko azaroan, hantxe ginen Asier eta biok, Urduñako mendateko aparkalekuan, asmoa betetzeko prest. Eskaladako material guztia hartu, motxiletan sartu, eta haizearen eraginez uzkurturik, Txarlazora doan pista hartu genuen. Pista utzi eta Tertangatik datorren bidearekin bat eginez, Burgostik Arabara eta haize babesera pasatu ginenean, Frailea haitza bere osotasunean agertu zitzaigun. Zaila da horrelako ikusmirak sortarazten duen zirraratik ihes egitea, horma bertikalek osatutako aldarean makurturik.

Pago zahar baten ondotik pasatu eta zelai aldapatsu bat zeharkatu ondoren, Frailea haitzaren mendebaldeko lepora jo genuen. II. mailako zailtasuneko harkaitz plakatxo inklinatu bat eskalatu ostean iritsi ginen lepora. Han, Asier zoruan bi paraboltez osatutako bilgunera lotu zenean, eskalatzeari ekin nion.

Lehenengo luzea, 13 metro (III)

Lehenengo luzeak fraidearen bizkarrezurrari jarraitzen dio, ornoz orno. Luzea, lepotik 8 metro ingurura harkaitzean sartutako iltze oker, herdoildu eta bakarti batek baino ez du babesten. Haize babesa bilatuz, lehenengo metroetan ertzaren ezkerrera pasa eta metroak pixkanaka eskalatuz hasi nintzen hormatxo bertikal batekin topo egin arte (II). Arrail batean friend bat sendo trabatuz, eskuinera jo eta ertzetik eskalatzen jarraitu nuen. Halaxe, hormatxoaren gaineko erlaitzera igo eta iltze zaharrera iritsi nintzen (III). Iltzetik gorako bigarren hormatxo bertikala ertzetik eskalatuz jarraitu nuen (III), haizeak edozein momentuan hormatik botako ninduen beldurrez. Tentsio unea izan zen, harkaitzak, grabitateak eta haizearen aurkako borrokak sortutako urduritasunaren eraginez. Bigarren luzeko tximiniaren azpiko bilgunean lotu arte ez nintzen lasaitu.

Bigarren luzea, 25 metro (III+)

Asier tximiniaren barnera sartu  zen, eta oinak non jarri ongi begiratuz, kontu handiz gora egiten joan zen, harik eta bilgunetik 23 metro ingurura dagoen erlaitz erosora iritsi eta hango iltze zaharrean lotu arte (III+). Erlaitzetik gora metro pare bat eskalatu, eta harkaitz batzuek osatutako arrail batean friend bat trabatu ondoren, bigarren bilgunera arte doan zelai inklinatura igo zen (III). Fraidearen kapa osatzen duen zelaia hasierako metroetan tentea da, nahiz eta metroak irabazi ahala inklinazioa galduz doan. Haizeak etengabe orraztutako belar luzeei tira eginez, metroak pixkanaka irabazi zituen, bilgunera iritsi arte.

Hirugarren luzea, 12 metro (II+)

Luzea bilgunetik eskuinera oinez metro batzuk eginez hasten da, eta Frailea haitzaren gailurraren atarikoak eta gailurrak osatzen duten lepo estura iristen da. Eskaladaren azken metroak II+ zailtasuneko harkaitz plaka inklinatu bat eskalatuz egiten dira. Bilgunea atzean utzi eta fraidearen burugainak osatzen duen lautadatxora iritsi nintzenean, alderik alde zeharkatu, eta, postontzitik gertu kokaturiko harkaitz batean sartutako paraboltean, azken bilgunea prestatu nuen. Gailurrean egon ginen une laburrari ahalik eta zuku handiena atera nahi izan genion, Sopeñari berari gertatu bezala, Tertangako bidetik gora zihoazen mendizale batzuen begiradapean. A zer-nolako meritua Sopeñarena!

Jaitsiera bi rappelen bidez egin genuen, bigarren rappela lepora iristen den II. mailako zailtasuneko plakatxo inklinatuaren oinera arte luzatuz. Askok pentsatuko dute 50 metro eskalatzeko ordu eta erdiko bidaiak ez duela merezi, baina mendi honetako metro bakoitzean Euskal Herriko eskaladaren lehen urratsen historia bizitzeko aukera dago. Batzuetan, aurrera egin aurretik gelditu eta jatorriaren iturritik edan behar da egiten dugun horri zentzua emateko.

Fraile Haitza, eskalada
Fraile Haitzaren lehen eskaladaren krokisa.

FITXA TEKNIKOA

  • Luzera. 50 metro. 
  • Luze kopurua. Hiru luze; guztiak bakarrean eskalatu daitezke.
  • Nork irekia. Angel Sopeña, 1924ko martxoaren 16an.
  • Zailtasuna. III+
  • Ura. Urduña edo Tertanga herrietan hartu daiteke.
  • Hurbilketa. Urduñako mendateko aparkalekutik ipar-mendebaldeko noranzkoan doan pista nabarmenari jarraitu behar zaio 3,2 kilometro. Pista utzi eta horren eskuinean (ibilbidearen noranzkoan), arantzadun alanbrez osatutako hesia zeharkatzeko aukera ematen duen ate birakaritik pasatu, eta Tertanga herritik datorren bidearekin bat egiten da. Metro batzuk bidean behera egin, 30-35º inguruko malda duen zelaia zeharkatu, eta Frailea haitzaren mendebaldeko lepora iristen da. Lepora iristeko II. mailako zailtasuna duen hormatxo inklinatu bat eskalatu behar da.
  • Jaitsiera: Gailurretik lepora 40 metroko rappel bat eginez jaisten da. Hala ere, tartean bi bilgune daudenez, rappel motzagoak ere egin daitezke.
  • Materiala. Bidean jarritako materiala urria da: iltze bakarra lehen luzean, bi iltze bigarrenean, eta iltzerik ez azkenekoan. Bilgune guztiak, berriz, uztaidun paraboltez osatuak daude. 30 metroko bi soka, luzera ezberdinetako 6 zinta express, bilguneak muntatzeko zinta-uztai bana eta friend joko bat nahikoa izan daitezke.
  • Oharra. Irailaren 1 arte eskalada debekatua dago Frailea haitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.