Bidaia eta mendi agentzientzat, aurtengo udak ez du zerikusirik izango aurreko biekin. Pandemiak eragindako kalteak gogor astindu zituen; baina, aurtengorako, agentzien arduradunak hasiak dira gauzak beste modu batera ikusten. Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Alpeetan, Karakorumen eta Himalaian, besteak beste, hainbat eta hainbat mendizale izango dira udan. Horiek horrela, hainbat bidaia eta ibilaldi prestatu dituzte agentziek.
JUAN VALLEJO Basque Mountaineko arduraduna
«Mendirako gogozdago jendea»
Lau mendi gidariz osatutako agentzia da Basque Mountain Guides. Gasteizen sortu zen, orain dela sei urte, eta, besteak beste, hartan dihardute lanean Juan Vallejo alpinista eta mendi gidari ezagunak (Gasteiz, 1970) eta Ibai Rico alpinista eta glaziologoak (Gasteiz, 1980). Esperientzia handia dute, eta mota guztietako bidaiak eta espedizioak antolatzen dituzte. Baina, denen artean, aipagarriak dira Alpeetara egiten dituzten irteerak. Ia urte osoan ibiltzen dira inguru horretan, eta, udan ere, hura izango dute kanpaleku nagusietako bat. Egingo dituzten bidaien artean, Mont Blanc (Alpeak, 4.807 metro), Monte Rosa (Alpeak, 4.634 metro) eta Cervino (Alpeak, 4.478 metro) mendietara egindakoak dira mendizaleen artean arrakastarik handiena dutenak. Ekainaren 15ean hasi ziren, eta hiru hilabetez ibiliko dira Alpeetako hiru mendi nagusietan gidari lanak egiten. «Garai honetan, Alpeetara joan nahi dutenak berandu samar dabiltza. Baimen gehienak beteta daude. Baina oraindik ere lekuren bat badago irteera hauetarako», azaldu du Vallejok.
Azken bi urteetako geldialdi ia behartuaren ostean, Vallejok nabaritu du aldaketa. «Asko antzeman dugu herrialdeen arteko mugak ireki eta maskara kendu izana. Azken bi urte hauek oso arraroak izan dira, baina, gaur-gaurkoz, eta udarako, lan asko daukagu. Jende asko ari da deika, eta gauzak egiteko irrika nabari da jendearengan. Nahiz eta enpresa txikia izan, antolatu ditugun ia bidaia guztiak beteta dauzkagu, gehienbat uztailekoak eta abuztukoak».
Ez dira geldirik egotekoak Vallejo eta agentziako beste kideak. Urte hasierarako ere, martxan jarri dute Aconcaguara (Andeak, 6.921 metro) igotzeko espedizioa. Gainera, urte osoan egiten dituzten eskaladako ikastaroak ere baliatuko dituzte jendea prestatzeko. «Oso harrera ona dute ikastaro horiek. Hastapeneko, arrokako eta ertzetako ikastaroak izaten dira gehienbat. Enpresa txikia izanik, onena zera da: jendeak aukeratzen duela zer egin nahi duen. Haiek aukeratutakora moldatzen saiatzen gara. Talde txikiak izaten dira gehienak, eta askoz ere errazagoa da horrela lan egitea», azpimarratu du Vallejok.
Informazio gehiago:basquemountainguides.com edo [email protected]
ESTHER GONZALEZ Perdidokoen Goi Ibilbidearen antolatzailea
«Jendeak eskatzen duenari erantzutensaiatu gara»
Bujarueloko (Aragoi, Espainia) aterpetxeko zaindaria da Esther Gonzalez (Murtzia, Espainia, 1974). Mendirako duen zaletasunak eraman zuen Perdidokoen Goi Ibilbidea (100 kilometro eta +7.000 metro) martxan jartzera. 2012an izan zen. 24 urterekin joan zen Pirinioetara, eta, geroztik, bizileku bilakatu zuen. Proiektua martxan jartzeko, Euskal Herrira jo zuen, eta bi sokalagun izan ditu harekin geroztik; Ternua arropa enpresa eta Alberto Iñurrategi alpinista. Gaur egun, Iñurrategi da, hain zuzen ere, Pirinioetako zeharkaldi horien enbaxadorea. «Orduan oso modan zegoen Carros de Focen [Lleida, Herrialde Katalanak] adibidea, eta gure asmoa ere argia zen: mendizaleak Aran bailarara erakartzea, eta zeharkaldi batean Monte Perdido [Aragoi, Espainia, 3.355 metro], Vignemaleko mendigunea eta Frantziako Pirinioak gurutzatzea», nabarmendu du Gonzalezek. Oso ondo funtzionatu zuen egitasmoak, eta, geroztik, urtero, hainbat eta hainbat mendizale elkartzen dituzte inguru horretan zeharkaldia egiteko.
Baina ez zen lehen asmo horrekin bakarrik gelditu Gonzalez. Bederatzi urte geroago, eta pandemiaren erdian, Cadi-Moixeroko (Herrialde Katalanak) parke naturalean ibilaldi gehiago antolatu zituen. Ingurua ezagutzeko lau aukera eskaintzen dituzte. Hala, zazpi, bost, lau eta hiru eguneko ibilbideak egin daitezke. Zazpi egunekoa (88 kilometro) aukeratzen dutenek inguruko bost mendi nagusiak zeharkatuko dituzte: La Tosa (2.536 metro), Comabona (2.547 metro), Gosolans (2.426 metro), Cabirolera (2.684 metro) eta Pedraforca (2.506 metro).
Aurtengo denboraldirako, eta, COVID-19aren egoerak hobera egiten zuela ikusita, maiatzean beste ibilbide bat aurkeztu zuten; Molieres-Besiberris (Herrialde Katalanak), Vielha herritik abiatuta. 86 kilometro ditu ibilbideak, eta 8.000 metrotik gorako desnibel positiboa. Aran ibarreko hiru mendi nagusiak igarotzen dira: Molieres (3.010 metro), Besiberri Sud (3.024 metro) eta Punta Alta (3.019 metro). «Sei etapatan banatutako ibilbide zirkular bat da. eta sei aterpetxetan lo egiteko aukera eskaintzen da: Riu Nere hotela, Artiga de Lin, Conangles, Caldes de Boi, Ventosa i Calvell eta Restanca», azpimarratudu Gonzalezek. Bi aukera daude ibilaldi hori egiteko: autogidatuta eta gida batekin. Ibilbide osoa egin nahi ez duenarentzat, beste bi aukeraere badaude: Moliereseko Tourra eta Besiberrien Tourra. Lau egunean egiteko ibilaldiak dira, eta, horiek ere, norberak aukeratu bezala edo gidariarekin egin daitezke. Hala, mendizaleak askatasun handiagoa dauka.
Gogotsu dago Gonzalez udarako. «Nabari da jendea oso gogotsu dagoela. Bi urtez, aterpetxearenedukieraren erdia bakarrik bete ahal izan dugu, pandemiarengatik. Orain, berriz, eskaintza izugarri igo da. Urtarriletik, gelditu gabe gabiltza, eta, esaterako, Perdidokoen Goi Ibilbidea zeharkaldirako, arazoak izaten ari gara jende guztiari aterpea lortzeko». Aurten estreinatuko duten Molieres-Besiberris ibilbideaz ere hitz onak besterik ez ditu. «Molieres-Besiberris zeharkaldirako, jada ehun mendizale baino gehiago ditugu izena emanda. Oso datu onak dira estreinako aldia izateko».
Informazioa gehiago: laaltaruta.com eta [email protected]
FELIPE URIARTE Mendiak eta Herriak-eko arduraduna
«Euskal Herria, Alpeak eta Himalaia izango ditugu beheko kanpaleku udan»
Azken bi urteetan Urmuga egitasmoan murgilduta ibili ondoren, Urmugaren Ur tanta egitasmoa abiatu dute Felipe Uriartealpinista beteranoak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1944) eta hainbat lagunek aurtengo udarako. Mendizaletasuna, mendi ibilaldiak eta musika uztartuko dituen txangoa izango da, eta uztailaren 22tik 24ra egingo dute. Pasai Donibanen (Gipuzkoa) hasi, eta, lehen gaua Erentzineko lurmuturraren inguruan igaro ondoren, bigarren egunean Hondarribira (Gipuzkoa) iritsiko dira. Hondartzan edo kaian lo egingo dute, eta, azken etapan, Biriatutik Azkainera (Lapurdi) joango dira, Larhun mendia (Nafarroa, 905 metro) zeharkatuta. Baina, lehen aipatu bezala, musikak ere lekua izango du, eta, besteak beste, Et Incarnatus orkestra eta Donostiako Orfeoiaren kontzertuak ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. «Oso egitasmo polita izango da, eta mendizale guztiak gonbidatuta daude», azaldu du Uriartek. Baina ez da Euskal Herrira mugatuko Mendiak eta Herriak agentziaren eskaintza. Europako mendietarako eta Alpeetarako bidaiak ere antolatu dituzte. Zermatteko goi mendietako zeharkaldia (Suitza) da aipagarrienetakoa. La Vanoiseko parke naturala (Frantzia), Cervino mendia eta Eslovenia ezagutzeko aukerak ere eskainiko ditu 1976an sortu zen agentzia horrek. Uriartek aurreratu duenez, oraindik ere badago lekua bidaia horietan izena eman ahal izateko.
Udako espedizio handietako bat jadanik martxan dute atzotik: Broad Peakera doana (Karakorum, Pakistan, 8.051 metro), hain zuzen ere. Hiru mendizale daude hartan, eta ia bi hilabete pasatuko dituzte Karakorumeko mendilerroan; gainera, Ekuadorreko beste bi alpinista ere izango dituzte bidelagun. Bestalde, Karakorumeko espedizio horrek jarraipena izango du urrian, Himalaian. Bi espedizio antolatzen ari dira, eta Julen Reketa eta Josema Casimiro alpinista beteranoak izango dituzte bidelagun mendizaleek. Gokyotik abiatu eta Kala Patthar igaro ondoren, Imja Tse mendia (Nepal, Himalaia, 6.189 metro) igotzea izango du helburu espedizioak.
Uriarteren agentziak ere nabaritu du azken bi urteetan izandako geldialdia. «2020ko jarduera ezerezean gelditu zen. 2021ean ere, oso jarduera gutxi egin genituen, baina, aurten, ia %60ko jardueran gabiltza. Badirudi gauzak aldatzen hasiak direla pixkanaka-pixkanaka, eta hobera doazela. Jendea mugitzen ari da, eta gu ere oso gogotsu gaude mendi jarduerekin jarraitzeko. Oso aurreikuspen ona daukagu hurrengo hilabeteetarako».
Informazio gehiago: mendiaketaherriak.eus
Mendia
Eskaintza areagotu da
Mendi bidaiak eskaintzen dituzten agentziak buru-belarri ari dira lanean aurtengo udarako. COVID-19aren murrizketak alde batera utzita, mendizaleak gogoz daude berriro ere kanpora joan eta beste toki batzuetako mendiak eta ibilbideak ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu