Antton Zabala (Hernani, 1988) erraz nagusitu zen Euskadiko txapelketan, larunbatean. Sailkapeneko eta finaleko bideak egin zituen, eta superfinalean bere lagun Luisitori gailendu zitzaion.
Txapeldun bilakatu zinen joan den larunbatean. Zer dakar horrek zuretzat?
Euskal Herriko eskalatzaile batek txapelketaren alorrean erdiets dezakeen lorpenik handiena dela iruditzen zait, eta horrek oso harro sentiarazten nau. Oso pozik nago, gazte-gaztetatik amestu dut horrekin, eta esan dezaket nire bizitzako helburuetako bat bete dudala. Aurretik, lau aldiz lortu dut txapela janztea gazteen hiru mailatan, baina nagusietan irabaztea berezia izan da. Eskalatzen eman ditudan urte guztietan jasotako esperientziak balio izan du.
Nolakoa izan zen txapelketaren eguna?
Txapelketaren aurreko astean zeuden izen emateen kopurua ikusita, txapelketa bertan behera gelditzeko gutxi falta izan zen, baina, azkenean, espero baino eskalatzaile gehiago elkartu ginen. Guztira, 50 edo 60 inguru izango ginen. Goizetik nahikoa jende bildu zen txapelketa ikustera, eta esango nuke oro har jardunaldi dinamiko bat izan zela. Txapelketetan ohikoa izaten denaz bestera, iruditzen zait ez zela egon aspertzeko aukerarik. Arratsaldeko finaletan, giroa paregabea izan zen.
Nola sentitu zinen bideak eskalatzean?
Goizeko saioa beti izaten da gorabeheratsuagoa. Bideekin lehen hartu-emana izaten da, eta urduritasunak nabaritu egiten dira. Sailkapeneko bidean, behar baino tentsio handiagoarekin eskalatu nuen. Arratsaldean, ordea, solteago aritu nintzen. Rokodromo inguruan sortu zen giroaz jabetuta, gogo biziz atera nintzen eskalatzera, eta asko gozatu nuen.
Superfinal bat ere jokatu zenuen, Luis Alfonso Felix lagunarekin batera. Ordurako, ordea, bazenekien txapela zurea zela, Luisitok ez baitu EMFko lizentziarik.
Finaleko biderako urduritasun gehienak kanporatu banituen ere, txapeldun izateko nituen aukerak ikusita bazebilkidan tripan tentsio pixka bat. Hori bukatu eta txapeldun nintzela jabetu nintzenean, superfinala beste opari bat baino ez zen izan. Luisitoren aurka buruz buru lehiatzeko aukera asko gozatu nuen; oso maila handiko eskalatzailea da, eta miresmen eta errespetu handia diot.
Luisito ere gailendu zenuen, bada, azken superfinalean. Nola baloratzen duzu hori?
Horixe baloratzen dudala. Aurretik esan bezala, errespetu handia diodan eskalatzaile bat da. Hainbeste urtean eskaladaren munduan egin dituen gauzak ikusita, ilusio handia egin zidan horrelako eskalatzaile bati helduleku baten aldearengatik bada ere irabazteak.
Nolako prestakuntza egin duzu txapelketarako?
Aurten ez zaizkit gauzak nahi nuen bezala atera. Lesioak eta beste arrazoi batzuk tarteko, ez dut nahi beste eskalatu, eta txapelketara begira hilabete izan dut prestatzeko. Arrokan eskalatzen soilik prestatu naiz; ez dut rokodromoan batere eskalatu. Indarra eta erresistantzia lortzeko intentzioarekin aritu naiz eskalatzen. Azken astean zentratu nintzen, batez ere, txapelketarako prestakizun zehatzagoa egiten.
Gorka Karapeto azpeitiarrak bost aldiz jarraian lortu zuen txapela janztea. Marka gainditzeko asmorik al duzu?
Gorka Karapetoren gisako eskalatzaileak ez dira asko izan Euskal Herrian. Patxi Usobiaga izan zen munduan indartsuen aritu zena, baina, Euskal Herriko txapelketetan, Karapeto erreferentzia bat izan da. Benetan zaila ikusten dut horrelako marka bat gainditzea, baina ez dut ezetzik esango. Oraindik 24urte besterik ez dut, eta bide luzea daukat egiteko. Txapelketatan gustura aritzen naiz, eta datozenetan parte hartzeko gogotsu nabil.
Azken txapelketa hori erreferentziatzat hartuta, ikusten al duzu etorkizunean txapela kentzeko aukerarik duen lehiakiderik?
Bai, noski. Eskalatzaile oso onak egon ziren azken txapelketan, arroketan nik baina zailtasun handiagoko bideak kateatu dituztenak. Akaso, txapelketetan nik gaztetatik dudan esperientzia falta zaie. Txapelketatan ez da nahikoa izaten fisikoki indartsuen egotea; benetan eman dezakezun guztia emateko, jendaurrean uzkurtu beharrean hazi egin behar duzu, eta urduritasunak kontrolatzen jakin. Jende askok esaten dit txapelketetan zakur zaharra izateaz gainera plaza gizona ere banaizela, jendaurrean hazi egiten naizelako.
Nori eskaini nahi diozu garaipena?
Hernaniko eta Errenteriako gazte auzipetuei eskaintzen diet garaipena, garai zail hauetan: Ezeiza, Aitzol, Ekhi, Guito, Egoitz, Eskizo, Antza eta Lujan. Umiltasun handiz eta bihotz-bihotzetik, animo guztiak haientzat.
Zure lagun Mikel Ziarrusta zen ordura arteko txapelduna. Nola sentitu duzu haren hutsunea?
Txikitatik ezagutzen nuen Ziarrusta, eta une asko pasatu ditugu elkarrekin. Euskal Selekzioarekin hamaika txapelketatara joan gara, eta arroketan ere pasarte asko eman ditugu elkarrekin. Hutsune handia utzi du euskal eskalatzaileon artean. Pena da hain mutil gaztea egun batetik bestera galdu izana. Oraindik asko kostatzen zait sinistea berriro ere ez dugula ikusiko txapelketetan eta arroketan gora eta behera.
Orain arteko euskal txapeldunek oso maila altuko bideak zituzten kateatuta, bederatzigarren mailakoak. Zuk ere kateatu dituzu bide oso zailak, baina, oraindik ez duzu bederatzigarren mailara jauzi egin. Noiz jasoko dugu albiste hori?
Maila horretako bide bat kateatzeko, buru-belarri bideratu behar dituzu indar guztiak, eta ni, oraingoz, ez naiz horretara jarri. Egiteko gauza gehiegi dauzkat buruan. Uste dut aukera izango nukeela benetan helburu horri zuzenduko banizkio nire esfortzu guztiak, baina, azken urteetan eskaladako esparru guztiak uztartzen ibili naiz, batean zentratu gabe. Modalitate guztiak ditut gustuko: boulderra, kirol eskalada, pareta luzeak, bide berriak zabaltzea, txapelketak... Iritsiko da garaia bederatzigarren mailako bide batean buru-belarri jartzeko, baina, oraingoz, ez da hori nire intentzioa.
Euskadiko txapelketarekin ematen duzu bukatutzat lehiaketen denboraldia?
Niretzat ekitaldi garrantzitsuenak direnak pasatuak dira. Hala ere, azaroan euskadiko boulder txapelketa dago, eta parte hartzeko asmoa daukat. Beste helburu bat eramango dut horretara: dudan guztia ematea eta gozatzea. Boulderreko txapelketak ere oso gustuko ditut.
Mendia. Antton Zabala. Euskadiko 2012ko eskalada txapelduna
«Esan dezaket bete dudala nire bizitzako helburuetako bat»
Hainbat aldiz eraman du Antton Zabala eskalatzaile hernaniarrak txapela etxera gazteen mailan. Larunbatean, nagusien mailan irabazi zuen aurrenekoz. Euskadiko boulder txapelketan ere parte hartuko du, azaroaren 10ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu