Mendi duatloilaria

Maite Urteaga: «Errespetu handia izan diot beti Mendi Duatloien Zirkuituari»

Errepideko txirrindularitzako egungo Gipuzkoako txapelduna da Urteaga, eta aurten egin du urratsa Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitura. Bigarren izan da amaitu dituen bi probetan. Kateatu egin da zirkuituarekin.

Maite Urteaga mendi duatloilaria
ANDONI CANELLADA / FOKU
Unai Ugartemendia.
Zumaia
2024ko urriaren 30a
05:05
Entzun

Eskolak amaituta iritsi da jaioterrira Maite Urteaga mendi duatloilaria (Zumaia, Gipuzkoa, 2000). Bertan da hitzordua. Amasan (Gipuzkoako) jokatutako proban lesionatu egin zen, eta, ondorioz, ezin izan da aritu Euskal Herriko Txapelketan, baina irribarretsu dago. Orain arte jokatutako probei buruz hitz egiteko gogoz dago. Kirola barruan darama.

Nor da Maite Urteaga?

24 urte dituen neska zumaiarra. Umetatik egin izan ditut zenbait kirol, baina inoiz ez nintzen erabat aritu ez korrika, ez bizikletan. Eskubaloian jokatu nuen 19 urte egin nituen arte. Ordurako hasia nintzen errepidean korrika irteten aitarekin, eta gustatu egiten zitzaidan. Mendian ere jendea korrika zebilela ikusten hasi nintzen, eta hura ere probatzea erabaki nuen. Gustatu egin zitzaidan, eta, geroztik, errepidean askoz ere gutxiago ibili naiz. Korrika hasi eta urtebetera, eskubaloia uztea erabaki nuen.

Bizikletan ere urte gutxi daramatzazu.

Bai, 2021ean hasi nintzen. Orduan ezagutu nuen nire gaur egungo bikotekidea, eta, hura ere bizikletan ibiltzen zenez, probatzeko esaten zidan. Errepideko bizikletarekin ekin nion, eta iaz, jada, Zarauzko Eulen taldearekin hasi nintzen.

Mendirako zaletasuna etxetik datorkizu?

Etxean beti izan dira oso kirolariak, gehienbat aita. Oraindik ere ia egunero egiten du kirola, eta sasoi betean jarraitzen du! Betidanik egin izan ditugu mendi bueltak, eta oporrak ere beti Pirinioetan izaten ziren.

Mendi duatloien mundua noiz eta nola ezagutu zenuen?

Orain dela bi urte bikotekako bi proba jokatu nituen, Adunan [Gipuzkoa] eta Beasainen [Gipuzkoa]. Nik korrikako sektorea egin nuen bietan. Iaz, bikotekideak zirkuituaren azken bi probak jokatu zituen, eta ikustera joan nintzen. Haiei begira nengoela, neure buruari esaten nion: «Errepideko bizikletarekin ibiltzen banaiz, zergatik ezmendikoarekin?». Aurten, garajean nuen mendiko bizikleta atera, eta izena ematea erabaki nuen azken momentuan. Mendian batere ibili gabe nengoen, baina oraindik eusten nion errepideko denboraldian lortutako sasoiari. Probaren bezperan, ibilbidea ikustera joan nintzen, eta asko gustatu zitzaidan. Ondo egin nezakeela iruditu zitzaidan, eta izena ematea erabaki nuen Durangoko [Bizkaia] proban. Oso gustura amaitu nuen.

Lehen proba hartan Enara Oronoz izan zenuen bakarrik aurretik, azken urteetan zirkuitua nagusitasunez irabazi duen mendi duatloilaria.

Oso gustura ibili nintzen. Irail erdialdean amaitu nuen bizikletako denboraldia, eta korrika ere oso gutxi ibilita nengoen. Banekien bizikletan ondo ibiliko nintzela, baina korrikako sektorerako zalantzak nituen. Korrikako lehen zatia Enara Oronozekin batera amaitzen nuela ikusi nuenean, pozak txoratzen jarri nintzen. Azkenean dena bikain atera zen. Ez nuen espero hain ondo ibiltzea.

Zein estrategiarekin atera zinen?

Irati Larrañaga mendi korrikalaria ere bertan zegoen, eta aurretik ezagutzen nuen. Mendiko lasterketetan aurretik izaten dut normalean, eta hari jarraitzea zen nire asmoa. Nire erritmoa markatzen hasi nintzen, eta, Larrañaga pasatu eta gutxira, Oronoz ere oso gertu ikusi nuen. Orduan konturatu nintzen ondo nindoala. Niretzat ere sorpresa handia izan zen hain aurrean ikustea. Handik aurrera atzekoek ez harrapatzea zen helburu nagusia.

Amaieran, Oronoz oso gertu izan zenuen.

Bai. Bizikletan ere oso gertu izan nuen une oro. Aldapan gora harrapatu egiten nuen, baina aldapan behera aldea ateratzen zidan. Teknika asko falta zait mendiko bizikletarekin! Bizikletako sektorea ere oso gustura amaitu nuen, eta helmugan 35 segundoren tartearekin helmugaratu ginen. Ez nuen espero bigarren amaitzea, inondik inora ere. Podiumera igotzea ere oso zail ikusten nuen. Nire lehen proba zen, eta gozatzea zen helburu bakarra. Asebeteta amaitu nuen.

Denboraldia hasterako zirkuitu osoan lehiatzeko asmoa zenuen?

Ez, ez! Durangoko proba bakarrik jokatu nahi nuen hasiera batean. Banekien ibilbide nahiko erraza zela, eta jende asko animatuko zela parte hartzera. Errespetu handia izan diot beti Mendi Duatloien Zirkuituari. Emakume gutxik parte hartu izan dute, baina, aldi berean, maila ona egon izan da. Azkena gelditzeko beldurra nagusi da emakumeen artean, eta ni ere horren beldur nintzen. Lehen lasterketa jokatu eta gero, neure buruari erakutsi nion badudala aurrean ibiltzeko nahiko maila. Hura ikusita, Kanpezuko [Araba] bigarren proba jokatzea erabaki nuen.

Hura beste kontu bat izan zen, ezta?

Bai, zaplazteko handia jaso nuen han! Bizikletako sektorea oso teknikoa zen, eta ikaragarri sufritu nuen. Xenda asko zegoen ibilbidean, eta zeharo blokeatuta ibili nintzen. Aldapan beherako eremuetan bizikleta eskuetan nuela jaitsi nintzen korrika. Hiru sektore izan genituen:  korrika, bizikleta eta amaitzeko berriro ere korrika. Lehen sektorean bi minutu ateratzen nizkion Nekane Praderari, baina, bizikletako bigarren sektorean, berak zortzi atera zizkidan. Azken sektorean jada ezin izan nion denbora jan. Moralki kolpe handia hartu nuen. Proba batetik bestera ibilbideak asko aldatzen dira, eta aldaketa handiak gerta daitezke. Zalantza handiak sartu zitzaizkidan Kanpezukoa egin eta gero. Konturatu nintzen gelditzen ziren probetan horrelako bizikletako ibilbideak baziren asko sufrituko nuela. Halere, erabaki nuen jokatu nahi nituen lasterketen ibilbideak ikustera joango nintzela aurretik. Halaxe egin nuen hirugarren probarako. Villabonara [Gipuzkoa] joan nintzen. Ikusi eta gero erabaki nuen parte hartzea. Ez nuen zorterik izan proba hartan.

Lesio bategatik erretiratu egin behar izan zenuen Amasako proban.

Bai. Lehen sektorean, korrikakoan, orkatila bihurritu nuen. Lehen postuan nindoala, oso jaitsiera lasaian, lurrera erori nintzen. Bizikletako zatira ere ez nintzen iritsi, eta hantxe amaitu ziren nire lanak. Orain, aste pare bateko atsedenaldi behartua tokatuko zait.

Horren erruz ez zara Euskal Herriko Txapelketan izan. Pena duzu?

Bai, handia. Niretzat oso ibilbide aproposa zen Aiakoa [Gipuzkoa]. Bizikletako igoera guztiak errepidean ziren, eta jaitsierak ez zuten teknika handirik eskatzen. Fisioterapeutak ez joateko aholkatu zidan, eta, gainera, azaroan hasiko dut berriro ere errepideko bizikletarekin denboraldiaurrea.

Zein helburu zenituen aurtengo?

Ondo sailkatzea zen asmoa, lehen postutik gertu egotea. Orain arte jokatutako probekin oso gustura gelditu naiz, eta oso esperientzia ona izaten ari da. Hasiera batean, gelditzen diren bi probak jokatuko ditut, Ibarrakoa [Gipuzkoa] eta Adunakoa [Gipuzkoa]. Zirkuitua amaituta, errepideko denboraldian jarriko dut arreta.

Mendi duatloiekin kateatuta gelditu zara?

Lotzen duen kirola da! Parte hartzaile gutxi izaten da, baina oso giro polita sumatu dut. Zazpi edo zortzi astez jarraian lehiatzen da, eta ia denek jokatzen dute zirkuitu osoa. Familia giroa ikusten da probetan. Errepideko duatloiekin alderatuta, askoz ere herrikoiagoak iruditzen zaizkit mendi duatloiak.

«Familia giroa ikusten da probetan. Errepideko duatloiekin alderatuta, askoz ere herrikoiagoak iruditzen zaizkit mendi duatloiak»

Sekreturik badu mendi duatloiak?

Aurrean ibiltzeko bi kiroletan oso ondo ibiltzea eskatzen duen diziplina da mendi duatloiena. Bi modalitateak gustuko izatea eskatzen du, eta hori ez da hain ohikoa. Normalean, batean ondo moldatzen dena bestean ez hainbeste. Mendi bizikletako probetan ere oso emakume gutxi ikusten da, eta mendi duatloiak ere ez dira salbuespena. Biak bateragarriak iruditzen zaizkit, baina ohituta egon behar duzu egunero kirola egitera.

Zein dira zure indarguneak?

Korrikako sektorea, batez ere. Mendiko bizikletarekin ere ez naiz gaizki moldatzen, baina ibilbideek asko baldintzatzen naute. Nire lehen urtea da, eta Durangoko lehen lasterketan konturatu nintzen lehiakorra izan naitekeela. Durangoko lasterketaren hurrengo egunean Zumaiako Mendiko Flysch lasterketa jokatu behar nuen, eta horren beldur ere banintzen. Nire harrigarri, lehen postuan amaitu nuen lasterketa. Hasieran atzean hasi nintzen arren, gutxinaka jendea aurreratuz joan nintzen, eta orduan ohartu nintzen ondo indarberritu nintzela bezperatik.

«Korrikako sektorea da nire indargunea, batez ere. Mendiko bizikletarekin ere ez naiz gaizki moldatzen, baina ibilbideek asko baldintzatzen naute»

Zer duzu hobetzeko mendi duatloietan?

Bizikletako teknika. Halere, ez dut denbora askorik izan azken asteetan entrenatzeko. Mendian bizikletarekin ibiltzera ohituta dagoenari ez zaio askorik axola ibilbidea, baina, aipatu bezala, ni asko baldintzatzen naute. Ohituta nago errepideko bizikletan ibiltzen, baina mendiko bizikleta beste kontu bat da. Ibilbide guztiak ez dira egokiak pertsona ororentzat.

Errepideko bizikletarekin alderatuta, askoz ere emakume gutxiago ikusten da mendi duatloietan. Zergatik?

Bi arrazoirengatik dela esango nuke. Iruditzen zait maila handia dagoela, eta, hasiberria bazara, asko kostatzen da. Bestalde, azkena amaitzearen beldurra ere badago. Orain dela bi urte erreleboka aritu nintzen proba batean, eta azken-bigarren postuan amaitu genuen. Niri ez zitzaidan iruditu batere mantso ibili ginenik, baina… Lasterketaren une batean, gure atzetik zihoazen batzuek erretiratzea erabaki zuten ez zutelako azkenak amaitu nahi. Lotsa ematen zien!

MOTZEAN

  • Mendi duatloian egin duzun lagunik onena? Ez dut denbora askorik izan oraindik, baina bi aipatuko ditut: Nekane Pradera eta Gaizka Iruretagoiena. 
  • Lasterketa bat? Durangoko Mendi Duatloia.
  • Egiteko duzun bat? Aiako Mendi Duatloia.
  • Bizikleta edo korrika? Korrika.
  • Kirolari bat? Tadej Pogacar txirrindularia.
  • Sareetan jarraitzen duzun kirolari bat? Usoa Ostolaza txirrindularia.
  • Beste kirol bat? Eskubaloia.
  • Jateko? Makarroiak.
  • Edateko? Garagardoa.
  • Musika talde bat? Berri Txarrak.
  • Abesti bat?Maravillas, [Berri Txarrak]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.